Artxiboa 2011
- Abendua (16)
- Azaroa (12)
- Urria (15)
- Iraila (15)
- Abuztua (16)
- Uztaila (16)
- Ekaina (17)
- Maiatza (16)
- Apirila (22)
- Martxoa (16)
- Otsaila (19)
- Urtarrila (21)
Debako "errixoa" munduaren ardatz zenekoa
Orain lauzpabost mende, Debatik Altzolara bitarteko 12,75 kilometroetan barrena, zazpi dorretxe zeuden, zortzi loja, sei ontziola, beste sei kargaleku, zazpi errota, lau burdinola, bi errenteria (zerga-etxe) eta bederatzi eliza. Sekulako azpiegitura, Debako "errixoa" munduaren ardatz zenekoa.
Onerako zein txarrerako (denetariko iritziak daude-eta), A-8 autobidea egitearekin batera Deba herria errepide nagusietatik kanpo geratu zen orain berrogei urte inguru. Hala ere, segurutik, historian zehar Debak izan duen “errepiderik” garrantzitsuena ibaia izan da. Hain zuzen, XVI. XVII. eta XVIII. mendeetan zehar, Debatik Altzolara bitarteko dozena bat kilometrotan barrena indarrean zegoen industria eta merkataritza azpiegitura Bizkaiko Golkoko lehiakorrenetakoa zen. Batere zalantza izpirik gabe Deba “errixoak” inoiz izan duen azpiegiturarik handiena.
Gaur egun lekuz kanpo dirudien arren, Deba ibaia izan zen ia hiru mendetan zehar Flandria eta Gaztelaren arteko merkataritzaren (artilea, larrua, garia…) ardatzik nagusienetakoa; Terranovarako ataririk garrantzitsuenetakoa (balearen nahiz bakailoaren arrantza eta industria eratorria); Debarroko burdinolek behar zuten Bizkaiko (Somorrostro) mearen sarrera, eta Debarro beretik Europara bidali ohi ziren bertako ekoizpenen (Arrasateko altzairua zein Eibarko armagintza) irteera. Donostia-Pasaialdetik Gasteiz-Gaztelako lautadarantzako salerospena ere Debatik pasatu izaten zen, errazago, azkarrago eta merkeagoa baitzen Donostia-Deba-Altzola urez eta Altzola-Bergara-Gasteiz, kaminoz, Tolosa-Segura-San Adrian mendirik mendi bidezidorrez mandotan baino.
Hau guztiau eta gehiago bildu dute Jose Antonio Azpiazu eta Javier Elorza historialariek, Patxi Aldabaldetreku zenaren omenez Debako Ostolaza Kultura Elkarteak eragin bekaz argitaratutako “Deba, villa de vocación marinera y mercantil (Siglos XV-XVII” delakoan.
Bilduma interesgarria, bene-benetan, bizpahiru gehigarri soil ezarriez gero askoz ere baliagarriagoa gerta zitekeen arren. Liburuak hamaika datu xume, hainbat xehetasun zehatz eta edozenbat zertzelada nabarmen elkartu ditu bai, baina, behar bada, nago ez ote zaion zabalkunde-puntturen bat falta. Prologo luzexeagoz eta ez duen epilogoaz aitaren baten konpondu zitekeen falta, hain zuzen ere.
Maaspeko lojak XVI. mendetik dirau ibai ertzean
Agirre jauregia. XVI. mendeko dorretxe gainean XVII.ean eraikia, Maaspen bertan
Nazio bakarreko estatu bila
Urteak daramatzagu errepikatzen nazio-estatuak ez duela etorkizunik. Hau da, XIX. mendean nagusitutako egiturak ez duela XXI.ean barrena balio izango.
Ez dago, ordea, batere garbi zergatik nahi dugun euskal nazio-estatua lortu, XXI.ean balio izango ez duen XIX. mendeko egitura zaharkitua besterik ez bada.
Zenbaitek berehala esango du ez gero bazterrak nahasteko, ez direla-eta gauza berdinak. Alegia Espainia zein Frantzia, esaterako, euren baitan nazio bat baino gehiago biltzen dituzten estatuak direla eta, osterantzean, zorioneko euskal estatua nazio bakarrekoa izango litzatekeela.
Bapo, baina benetan inork uste al du harako euskal estatuaren barruan nazio bakar bat baino ez litzatekeela izango?
Auskalo zeinek 0 - Tunisiak 2
Naturaren aurreiritzirik eza
Demagun, igarkizunetan hasi eta, norbaitek galdetzen dizula: Ezetz jakin Bizkaiko zein itsasbazterretan bizi diren elkarrekin lertxunak, ubarroiak, txilinportak, lepobeltzak, bili mokozabalak, basahateak, antzarrak, uroiloak eta beste hainbat ur-txori eta hegazti? Non esango zenuke?
Ez baldin badakizu, laguntze aldera ezarriko dizut leku berean ugaldu ohi direla inondik ere txori urtarrak ez diren beleak, txio arruntak, buztanikara zuriak, belatzak, zapelatzak eta karnabak edo kardantxiloak. Asmatzen?
Ez? Ba, horrez gainera, gogoan izan bertaraino hurreratu izaten direla sarri basurdeak, orkatzak eta azeriak… Eta, orain, asmatzen? Ezta oraingoan ere?
Nahiz asmatu ez, edonork sumatu dezake horrelako leku gutxi izan daitekeela Kantauri isurian eta, Bizkaian ari garenez, Urdaibai baino ezin dela izan. Baina ez, 2004tik hona Eusko Jaurlaritzaren aginduz urtero egin izaten den erroldaren arabera, hogeitaka espezietako animalia horiek guztiek (150 inguru ale) Barbadun ibaia eta Muskizko hondartzaren artean pasatu ohi dute negua, Petronorren findegi barruan alegia.
Nolatan ote? Ba, besteak beste, animaliek ez dutelako gizakiaren aurreiritzirik, ezta ikuspegi estetikorik ere. Animaliak ugari inguratzen dira, besteak beste, bertan bakea eta lasaitasuna aurkitzen dutelako, ur geza eta kutsadurarik eza, janaria eta gordelekua. Petronorren findegian hiru kilometro karratuko urmaelak daude, edozein larrialditan ur gezarik sekula falta ez dadin, eta hantxe igaro ohi dute negua lasai asko elkarrekin, findegiaren burdinazko hesi barruan, alga eta lezkadi artean arrain txiki jana egiten.
Urteroko errolda IKT (Nekazal Ikerketa eta Teknologia) elkarteak egiten du, Lanius Ornitologia Elkartearen laguntzaz, eta emaitzek zenbait aurreiritzi hausten dute. Esaterako, Petronorren findegiko lezkadiak Bizkaiko enara-babeslekurik handienak dira eta, Bizkaia osoan, kopetazuri finek findegiaren baitan baino ez dute habia jartzeko besteko leku aproposik aurkitzen. Euren aukera da, jakina, eta zerbaitegatik izango da.
Lertxun hauskara, Petronor findegiko urmaelean
Iazko uztailaren 30ean segurtasun kamerak hartutako argazkia. Hiru azeri eta orkatz bat elkarrekin, burdinazko hesi barruan
Bakeak egin
Sortze beretik, ezker abertzaleak bere bizitza guztia darama nazio-eraikuntza adiskideekin soil-soilik egin nahian. Behingoz argitu beharko du bakea ez ezik, hitzetik hortzera aipatu ohi duen nazio-eraikuntza ere etsaiekin eta adiskide ez direnekin egin nahi ote duen.
Bakea “beranduegi” etorri izana salatu zuen Amaia Guridi Santi Oleagaren alargunak eta, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak John Lennonen Imagine jotzen zuen bitartean, orain hamar urteko irudi gogorrak bururatu zitzaizkidan. Baita Santiren omenez Haizearen Orrazian kazetariok egin genuen elkarretaratzea gogoratu ere.
Behar bada sekula ez da beranduegi bakeak egiteko baina erabat ulertzekoa da Santi Oleagaren alargunaren kexua. Izan ere, zenbat malur ez ote genuen saihestuko, ETArenak Francoren heriotzarekin (1975) batera amaitu izan balira, edo Kongresurako lehen (1977) hauteskundeekin (zergatik orain bai eta orduan ez?), edo Gernikako Estatutuarekin (1979), edo Aralarren sorrerarekin (2000) edo… Zenbat aukera alferrik galduak gero!
Hain zuzen, non eta Espainiako Kongresuaren talaian, Iñaki Antiguedadek esan berri du: "La paz se hace con el enemigo, no con el amigo”. Segurutik arrazoi du Iñakik, bakea etsaiarekin egin behar baita eta ez adiskidearekin. Baina etsaiak hangoak baldin badira, zergatik ETAk gerra egin du hemen azken hogeita hamabost urteotan? Nik senide, adiskide, lankide, lagun edo ezagun izan nituen Aingeru Berazadi (1976), Augusto Unceta-barrenechea (1977), Jaime Arrese (1980), Sebastián Azpiri (1982), Patxi Zabaleta (1988), Fernando Buesa (2000), Joxe Mari Korta (2000), Santi Oleaga (2001) edo Iñaxio Uria (2008) etsaietakoak al ziren? Ni bezain etsaiak ote?
Dena den, bakeak egite aldera demagun, Iñaki Antiguedadek esan bezala bakea etsaiarekin egin behar dela, ez adiskidearekin. Bapo. Baina… bakea bakarrik? Hori al da ezker abertzalearen aurrerapausu guztia?
Sortze beretik, ezker abertzaleak bere bizitza guztia darama nazio-eraikuntza adiskideekin soil-soilik egin gurarik. Behingoz argitu beharko du bakea ez ezik, hitzetik hortzera aipatu ohi duen nazio-eraikuntza ere etsaiekin eta adiskide ez direnekin egin nahi ote duen.
Ni ezkondu osteko lehen Gabonetan (1969), gure amatxo zenak etxera etorri eta jaiotza hau egin zigun. Nire bilobarik nagusienak sumatu du, ordea, "astoa eta behia" falta izana. Datorren urtean astoa eta behia eta guztikoa.
"O mapeas o te mapean"
Jose Mari Esparzak ez du esaten baina bai, ostera, aditzera ematen, Euskal Herriaren mapa norberaren erara egokitu nahi duenak hobe duela lantzean behin hauteskundeak irabazi, etenik gabeko aldarrikapenetan denbora galtzen aritzea baino.
Benetan interesgarria Jose Mari Esparzak argitara emandako Mapas para una nación. Euskal Herria en la cartografía y en los testimonios históricos (Txalaparta, 2011). Interesgarriak oso argitaletxearen beraren zuzendariak jaso ahal izan dituen datu-pila eta mapa-sorta naroa. Eta zeharo adierazgarria azken 30 urteotan Nafarroan izan den giro-aldaketa. Ez, hainbati ez zaizkio batere gustatuko Esparzak bildutakoak.
Betidanik esan izan da, eta jakinekotzat jo, historia garaileek idatzi ohi dutela. Ez da, ordea, horren maiz entzun izaten kartografia ere irabazleen erabakia baino ez dela: “Mapear significa conocer, domesticar, someter, conquistar, controlar, contradecir el orden de la naturaleza" (Descifrando mapas. Beatriz Picolotto, 2004).
Edota, are nabarmenago salatuz: O mapeas o te mapean (Karl Offen, 2009). Honela baino ezin da ulertu ETBren eguraldi-maparen nondik norakoa. Izango al da munduan beste herri-telebistarik eguraldi-mapa hauteskundeen arabera aldatzen duenik?
Alegia, esan Jose Mari Esparzak ez du esaten baina bai, ostera, aditzera ematen, Euskal Herriaren mapa aldatu nahi duenak hobe lukeela lantzean behin hauteskundeak irabazi, etenbako aldarrikapenetan denbora galtzen jardutea baino.
Eta jakina gero, mapak egokitzeko ezezik, osterantzeko guztiak lortzeko ere biderik erabakigarriena hauteskundeak irabaztea dena. Bestelakoak esne-berbak besterik ez dira. Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan eta Kontxintxinan.
Euskal Herria... zein zaila dirudien gero erdaraz, euskaraz honen erraza den esangura.
Omnia pervia
Igandero, 12etako meza ostean, Jesus Mari Zabaleta parrokoak bere ardurapeko eliza erakutsi ohi die bertaratzen diren guztiei. Segurutik IESU eliza da gaur egun Donostian bisitatu daitekeen arkitektura-lanik interesgarriena eta Zabaleta bera dugu gidaririk adituenetakoa. Ordubete luzeko bisita, bertatik bertara patxadaz eta xehetasun handiz, nahi beste galdera egiteko aukera eta guzti. Omnia pervia.
Rafael Moneoren eliza garaikide honen eraikuntza sortze beretik ezagutu eta jarraitu izan du Jesus Mari Zabaletak eta bere haur kuttuna bailitzan erakusten du eraz eta moldez, taxuz eta zentzuz, historiaz eta arkitekturaz, artez eta fedez, teologiaz eta pastoraltasunez.
Iesu eliza Moneo beraren heldutasunaren fruitu omen da, Donostiako arrazionalismoa zein Oteizaren oinordetza gogoan izan dituena, baina, zer nahi delarik, baita kristautasunari beste hainbat molde berriz so egiteko proposamena ere. Alegia, arrazoia eta emozioaren arteko sintesia, gurarien eta ahalen arteko zubigintza, senaren eta hautuaren oreka, irudimenaren eta zorroztasunaren balantza.
Zail gero barruti jantziagorik eta horren hornidura eskas eta biluz. Nekez, benetan, esparru gardenagorik hain argi urriz. Izan ere, besteak beste, eliza osoari dario Omnia pervia margoaren espiritua: dena da irekia, ez dago inon oztoporik, guztiak behar du igarobide eta zeharbide izan.
Auskalo Donostia polita ote den. Polita edo zatarra, beti ere garaiz kanpo eta berandu eraikia bai behintzat, XX.mendean (1899) amaitutako katedral neogotikoa lekuko. Ezin esan, ordea, Iesu eliza garaikidea ez denik.
Loiola ibarretako Iesu eliza donostiarra
Eliza-sabaiko gurutzea
Aldare nagusian, berriz, kulturaz teologiaz baino adigaitzagoa den erretaula
Elkartzen gaituena
“Elkartzen gaituena” aldarrikatzea ez da berria. Euskal abertzaletasunak urteak (omen) daramatza horren guran. Baina arazoa ez da berdin samarrak biltzea, berdinezak elkartzea baizik. Eta horretan ez dugu asmatu. Ahaleginik ere ez dugu egin. Ez dugu nahi izan.
Urtarrilaren 16an beteko dira ehun urte Mungian jaio zela Marcelo Gangoiti. Muskizko Somorrostro Irakas-guneak sortzailearen mendeurrena ospatuko du eta, urtero bezala, Gangoiti enpresa-sariak eskainiko. Baina nor izan zen?
Marcelo Gangoiti izan zen, Toribio Etxebarria, Jose Antonio Agirre, Carlos Santamaria eta Jose Maria Arizmendiarrietarekin batera, 1936eko gerra inguruan eta ostean euskal gizartean loratutako "pentsamendu pertsonalista" (Pensamiento personalista en Euskadi en torno a la guerra. Joxe Azurmendi, 1996) hezurmamitu zuten argi-mutiletakoa.
Nahiz jatorriz eta jardueraz berdinezak izan, bizi izan zuten giroa zitekeenik baketsuena ez izan arren, gizakiaren defentsa hartu zuten goiburutzat eta, alderdikerien gainetik, borondate oneko hiritarren arteko elkartasuna eragiten ahalegindu, beti ere elkartzen gaituena azpimarratuz eta bereiz gaitzakeena uxatuz.
“Elkartzen gaituena” aldarrikatzea ez da berria. Euskal abertzaletasunak urteak (omen) daramatza horren guran. Baina arazoa ez da berdin samarrak biltzea, berdinezak elkartzea baizik. Eta horretan ez dugu asmatu. Ahaleginik ere ez dugu egin. Ez dugu nahi izan.
Marcelo Gangoiti Urrutia Mungiako Uriarte baserrian jaio zen (1912.01.16) eta Deuston hil (1996.03.17), 84 urte zituela. Zazpi neba-arrebetatik hirugarrena. Abadea, gazteriaren prestakuntzaz zeharo arduratua, Somorrostroko Lanbide-Heziketa eskola sortu zuen 1947an.
Zinearen omenezko zinea
"The Artist" filma, mutua eta zuri-beltzean, zine-zinea da, zinearen beraren oroipenez josia, batere bikoizketarik behar ez duena eta, aurpegien adierazkortasuna azpimarratzeaz gainera, edozein pasarte, sekuentzia, egoera, giro edo klimax nabarmentzeko musikaren ahalak aldarrikatzen dituena.
Urtean pare bat aldiz zinera joan ohi den ikusentzuleak hobe du hurrengo egunetarako iragarritako “Intocable” pelikula aukeratu eta “The Artist” filmari ez ikusi egin, ezer gutxi esango baitio eta astun samarra irudituko. Baina zinearen magiaz gozatzera sarri edo tarteka-marteka joateaz gainera zinearen memoriaz jabetu nahi duenari ur-bitsetan eta hegaztadaren letxe igaroko zaizkio film honek dirauen 100 minutuak. Ausarta izan behar da gero 3D eta efektu bereziak satsaren pare indarrean dauden garai honetan, film zuribeltz eta mutua egiteko. Baina Michel Hazanavicius zuzendariak.egin egin du eta maisuki egin ere.
Zine mutua izatetik mintzatua izaterako pausua kontatzen digu zuzendari frantsesak, 1927 urte inguruan Hollywooden gertatua. George Valentin (Jean Dujardin) eta Peppy Miller (Bérénice Bejo) bikotearen historia erabat fikziozkoa da, jakina, baina ez horratik Greta Garbo izar distiratsuak eta Ramón Novarro latin-loverak benetan bizi izan zutenarendik urrutikoa. Greta Garbok eta Peppy Miller aktoresak zine mutua utzi eta eskakizun berrietara egokitzen asmatu zutenen eredu dira eta Ramón Novarro zein George Valentin, ordea, muga gainditzeko gauza izan ez zirenen adierazgarri.
Halaber, zer gerta ere, Hazanaviciusek filma ondo bukatu dadin nahi izan du eta George Valentinen eta Peppy Millerren arteko amaierak badu Gene Kelly eta Debbie Reynolds (Euritan dantzan) bikotearenarekin zer ikusirik. Ildo beretik, ez ditu hemen “The Artist” filmak zinearen omenezko gomutak agortzen. Nabarmenak, besteak beste, Orson Wellesen (Valentin senar-emazteen etxea) edo Charles Chaplinen (aldagelan) zinegintzari egindako keinuak. Eta, non ikusi genuen orain hurrengo eskailera-buru osoaren plano zoragarria?
Film honek Ikusentzuleen Saria merezi izan zuen Donostiako Zinemaldian eta Jean Dujardinek aktore onenari zegokiona, berriz, Canneskoan. Ondotik, hilabete barru erabakiko diren Urrezko Globoen zain eta gero… gerokoak.
Ezkerrean, Jean Dujardin eta Bérénice Bejo. Eskuinean, Ramón Novarro eta Greta Garbo
"The Artist" (2011) eta "Singing in the rain" (1952)
Kantari filosofoa
Hilaren 4an. Donostiako Kursaalean egin zitzaion omenaldira nindoala, semerik gaztenari galdetu nion Xabier Lete ezagutzen ote zuen. Eta zera erantzun zidan, galdera inozo samarregia egin izan banio bezala: “Aitaaa… kantari nahiko filosofoa, ezta?”. Kantari filosofoa… ez da definiziorik eskasena.
Ez dago Inazio Mujika Iraolaren Xabier Lete. (Auto) biografia bat (Alberdania, 2011) liburua irakurri baino nire semearen susmoa ulertzeko eta Xabier zenaren beraren filosofiaz jabetzeko. Testu-biltzaileak “biografia” deritzo bere ekarriari baina, behar bada, “saiakera” ere izan zitekeen edo, batek daki, baita “aitorpena” ere. Edozein modutan, zer nahi delarik ere, hitzaurrean Anjel Lertxundik ondo asko dioenez “Lete pertsonalki ezagutzeko ditxa izan duen irakurleak aise identifikatuko du hemen haren ahotsa”. Izan ere, begiak itxi, denboraren edo memoriaren mobiolari eragin, eta badirudi oraindik ere Xabier bera ari zaigula mintzo, bere doinu sendoaz, berezko jario neurtuaz, eszeptizismo puntuaz eta, beti ere, edonori entzuteko jarrera irekiaz.
Anduk argitu ere zera argitzen du, ezin hobeto, esaldi labur bezain mamitsuan: “Absoluzio bila dabil Lete, baina ez hain justu gure absoluzioarena. Bere kontzientziari ari zaio bere bizitzaren nolakoa aitortzen”. Izan ere, Xabierrek sekula bere buruari barkatu (nahi) izan ez zizkion bekatuak zituen, nonbait, eta saiatu arren asmatu ez duen gizon-tzat zuen bere burua.
Liburua errotik gomendagarria, ez Xabierren nondik norakoa eta pentsakera ezagutzeko soilik, baita bat-bateko ahozko jarduera ederraz gozatzeko ere. Auskalo zeintzuk ote diren ahozko literaturaren mugak edo marra gorriak baina Xabierren etorriak barruti horretan behar du egon.nahitaez.
Gatozen hasierara. Zalantzarik ez gero Xabierrek zeharo gustuko izango zukeela Kursaaleko ekitaldia, baina segurtasun berberaz ausartuko naiz esaten ez litzaiokeela piperrik ere gustatuko sasiaurkezleak, hobe beharrez edo, esandako hainbat eta hainbat.

Oskarbi taldea, Kursaalean, Xabier Leteren omenetan (2011.12.04)
Arantxa Urretabizkaiarekin eta Henrike Knörrekin batera
Eusko-akitaniar euroeskualdea
Euskadik eta Akitaniak elkarrekin osatzen dute atzodanik legezko euroeskualde berria. Beti ere onuragarri da auzokoekin indarrak bildu, egitasmo bateratuak sustatu eta elkarri lagundu. Hitzarmenak ez du segurutik gure arazo guztiak konponduko baina kalterik sumatzen dionak esan dezala.
Honetaz behintzat ezin esan bizkorregi jardun dugunik. Eta ez Patxi Lopez lehendakariak eta Alain Rousset presidenteak 2009an agindu baino ia urte eta erdi gehiago behar izan dutelako egitasmoa indarrean jartzeko, honezkero hirurogeitik gora direlako baizik Europan zehar elkar-lanean diharduten euroeskualdeak. Ez gara, ez, aurrenak. Honetaz ez, behinik behin.
Lehena Benelux (1948) izan zen eta bigarrena, berriz, Euregio (1958), 1976tik 1979ra bitarteko demokrazia-trantsitzioan gurean gogoan hartua eta aztertua izan zena. Geroztik euri dezente egin du Europan barrena eta euskal hiritarroi bestelako aterkitan joan zaizkigu urteak. Auskalo mugarteko herrialdeen ahalak suspertzeko balio izango duen formula ote den, baina Austrian soil-soilik hamar euroeskualde daude. Zer gerta ere, ez dugu gero uste izango austriarrak denbora eta dirua alferrik galtzeko daudenik.
Zenbaitek sumatuko du, bai, Nafarroa falta dela. Eta egia da, baina hori ez da Euskal Autonomia Erkidegoaren edo Akitaniaren nahieza, Nafarroarena berarena baino. Izan ere, Bidasoa inguruko eusko-akitaniar eskualde berri honek ez ditu Euskadi eta Akitania lotsarazten, Nafarroa baizik. Batek daki zer esango ote lukeen Joana Labritko nafar erreginak burua altxatuko balu…
Dena den, bakoitzari berea, ezin izango dugu gogoratzeke utzi Nafarroako Foru Erkidegoa tarteko dela mugaz gaineko beste hainbat euro-erakundetan, unibertsitate, industria zein garraio-esparrutan.


















