Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Kantari filosofoa

Kantari filosofoa

Amatiño 2011/12/15 20:00
Hilaren 4an. Donostiako Kursaalean egin zitzaion omenaldira nindoala, semerik gaztenari galdetu nion Xabier Lete ezagutzen ote zuen. Eta zera erantzun zidan, galdera inozo samarregia egin izan banio bezala: “Aitaaa… kantari nahiko filosofoa, ezta?”. Kantari filosofoa… ez da definiziorik eskasena.

Ez dago Inazio Mujika Iraolaren Xabier Lete. (Auto) biografia bat (Alberdania, 2011) liburua irakurri baino nire semearen susmoa ulertzeko eta Xabier zenaren beraren filosofiaz jabetzeko. Testu-biltzaileak “biografia” deritzo bere ekarriari baina, behar bada, “saiakera” ere izan zitekeen edo, batek daki, baita “aitorpena” ere. Edozein modutan, zer nahi delarik ere, hitzaurrean Anjel Lertxundik ondo asko dioenez “Lete pertsonalki ezagutzeko ditxa izan duen irakurleak aise identifikatuko du hemen haren ahotsa”. Izan ere, begiak itxi, denboraren edo memoriaren mobiolari eragin, eta badirudi oraindik ere Xabier bera ari zaigula mintzo, bere doinu sendoaz, berezko jario neurtuaz, eszeptizismo puntuaz eta, beti ere, edonori entzuteko jarrera irekiaz. 

Anduk argitu ere zera argitzen du, ezin hobeto, esaldi labur bezain mamitsuan: “Absoluzio bila dabil Lete, baina ez hain justu gure absoluzioarena. Bere kontzientziari ari zaio bere bizitzaren nolakoa aitortzen”. Izan ere, Xabierrek sekula bere buruari barkatu (nahi) izan ez zizkion bekatuak zituen, nonbait, eta saiatu arren asmatu ez duen gizon-tzat zuen bere burua.

Liburua errotik gomendagarria, ez Xabierren nondik norakoa eta pentsakera ezagutzeko soilik, baita bat-bateko ahozko jarduera ederraz gozatzeko ere. Auskalo zeintzuk ote diren ahozko literaturaren mugak edo marra gorriak baina Xabierren etorriak barruti horretan behar du egon.nahitaez.

Gatozen hasierara. Zalantzarik ez gero Xabierrek zeharo gustuko izango zukeela Kursaaleko ekitaldia, baina segurtasun berberaz ausartuko naiz esaten ez litzaiokeela piperrik ere gustatuko sasiaurkezleak, hobe beharrez edo, esandako hainbat eta hainbat.

 

Oskarbi Kursaalean 20111204

Oskarbi taldea, Kursaalean, Xabier Leteren omenetan (2011.12.04)

Urreta Knorr

Arantxa Urretabizkaiarekin eta Henrike Knörrekin batera

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: