Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Omnia pervia

Omnia pervia

Amatiño 2011/12/21 23:00
Igandero, 12etako meza ostean, Jesus Mari Zabaleta parrokoak bere ardurapeko eliza erakutsi ohi die bertaratzen diren guztiei. Segurutik IESU eliza da gaur egun Donostian bisitatu daitekeen arkitektura-lanik interesgarriena eta Zabaleta bera dugu gidaririk adituenetakoa. Ordubete luzeko bisita, bertatik bertara patxadaz eta xehetasun handiz, nahi beste galdera egiteko aukera eta guzti. Omnia pervia.

Rafael Moneoren eliza garaikide honen eraikuntza sortze beretik ezagutu eta jarraitu izan du Jesus Mari Zabaletak eta bere haur kuttuna bailitzan erakusten du eraz eta moldez, taxuz eta zentzuz, historiaz eta arkitekturaz, artez eta fedez, teologiaz eta pastoraltasunez.

Iesu eliza Moneo beraren heldutasunaren fruitu omen da, Donostiako arrazionalismoa zein Oteizaren oinordetza gogoan izan dituena, baina, zer nahi delarik, baita kristautasunari beste hainbat molde berriz so egiteko proposamena ere.  Alegia, arrazoia eta emozioaren arteko sintesia, gurarien eta ahalen arteko zubigintza, senaren eta hautuaren oreka, irudimenaren eta zorroztasunaren balantza.

Zail gero barruti jantziagorik eta horren hornidura eskas eta biluz. Nekez, benetan, esparru gardenagorik hain argi urriz. Izan ere, besteak beste, eliza osoari dario Omnia pervia margoaren espiritua: dena da irekia, ez dago inon oztoporik, guztiak behar du igarobide eta zeharbide izan.

Auskalo Donostia polita ote den. Polita edo zatarra, beti ere garaiz kanpo eta berandu eraikia bai behintzat, XX.mendean (1899) amaitutako katedral neogotikoa lekuko. Ezin esan, ordea, Iesu eliza garaikidea ez denik.

Eliza kanpotik

Loiola ibarretako Iesu eliza donostiarra

gurutzea

Eliza-sabaiko gurutzea

Erretaula

Aldare nagusian, berriz, kulturaz teologiaz baino adigaitzagoa den erretaula

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: