Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Bakeak egin

Bakeak egin

Amatiño 2011/12/25 20:00
Sortze beretik, ezker abertzaleak bere bizitza guztia darama nazio-eraikuntza adiskideekin soil-soilik egin nahian. Behingoz argitu beharko du bakea ez ezik, hitzetik hortzera aipatu ohi duen nazio-eraikuntza ere etsaiekin eta adiskide ez direnekin egin nahi ote duen.

Bakea “beranduegi” etorri izana salatu zuen Amaia Guridi Santi Oleagaren alargunak eta, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak John Lennonen Imagine jotzen zuen bitartean, orain hamar urteko irudi gogorrak bururatu zitzaizkidan. Baita Santiren omenez Haizearen Orrazian kazetariok egin genuen elkarretaratzea gogoratu ere.

Behar bada sekula ez da beranduegi bakeak egiteko baina erabat ulertzekoa da Santi Oleagaren alargunaren kexua. Izan ere, zenbat malur ez ote genuen saihestuko, ETArenak Francoren heriotzarekin (1975) batera amaitu izan balira, edo Kongresurako lehen (1977)  hauteskundeekin (zergatik orain bai eta orduan ez?), edo Gernikako Estatutuarekin (1979), edo Aralarren sorrerarekin (2000) edo… Zenbat aukera alferrik galduak gero!

Hain zuzen, non eta Espainiako Kongresuaren talaian, Iñaki Antiguedadek esan berri du: "La paz se hace con el enemigo, no con el amigo”. Segurutik arrazoi du Iñakik, bakea etsaiarekin egin behar baita eta ez adiskidearekin. Baina etsaiak hangoak baldin badira, zergatik ETAk gerra egin du hemen azken hogeita hamabost urteotan? Nik senide, adiskide, lankide, lagun edo ezagun izan nituen Aingeru Berazadi (1976), Augusto Unceta-barrenechea (1977), Jaime Arrese (1980), Sebastián Azpiri (1982), Patxi Zabaleta (1988), Fernando Buesa (2000), Joxe Mari Korta (2000), Santi Oleaga (2001) edo Iñaxio Uria (2008) etsaietakoak al ziren? Ni bezain etsaiak ote?

Dena den, bakeak egite aldera demagun, Iñaki Antiguedadek esan bezala bakea etsaiarekin egin behar dela, ez adiskidearekin. Bapo. Baina… bakea bakarrik? Hori al da ezker abertzalearen aurrerapausu guztia?

Sortze beretik, ezker abertzaleak bere bizitza guztia darama nazio-eraikuntza adiskideekin soil-soilik egin gurarik. Behingoz argitu beharko du  bakea ez ezik, hitzetik hortzera aipatu ohi duen nazio-eraikuntza ere etsaiekin eta adiskide ez direnekin egin nahi ote duen.

Hiru

Ni ezkondu osteko lehen Gabonetan (1969), gure amatxo zenak etxera etorri eta jaiotza hau egin zigun. Nire bilobarik nagusienak sumatu du, ordea, "astoa eta behia" falta izana. Datorren urtean astoa eta behia eta guztikoa.

Jaime
Jaime dio:
2011/12/26 21:25

Izan ere, nazio-eraikuntza lagunekin bakarrik zertzeak zail xamar dirudi. Horrela egingo balitz nola geratuko litzateke gure Zazpiak -Bat gaixo hori? Gehienez jota Bat, Gipuzkoa hain zuzen ere. Ikus dezagun nola osatzen den Euskalerria: Lagunak, etsaiak, axolagabeak, integratzen ez direnak, etorkinak etabar... gutxi gorabehera. Beste aldetik, denbora euskaldunen aurka ari da, martxa honetan jarraitzekotan etorkinek euren alderdi propioa egingo dute, Zornotzan zertxobait dakigu honi buruz. Dena dela, ez dut uste kanpotik etorri berrien botoa hemengo alderdi abertzaleetara bideratuko denik. Halaber, pentsatzen ari naiz ez ote zatekeen errazago izan nazio-eraikuntza eratzea Erakunde Armatua desagertu izan balitz amnistía osoa indarrean jarri zenean. Nere ustez, geroko borroka armatuak hemengo jende askoren sinpatia hoztu zuela alderdi españolisten mesedetan. Nik uste, ordezkaritza lortu duen ezker abertzaleko alderdi horrek zuzendu beharko luke gaurko Euskalerriaren egoeraz eta biztanleriaz duen ikusputua, ze, erraza da jendea berotzea baina askoz eraginkorrago eguneroko lan ixila eta konpromiso sakona. Gaizki esanak barkatu eta ongi esanak kontuan hartu. Izan untsa.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: