Eusko-akitaniar euroeskualdea
Honetaz behintzat ezin esan bizkorregi jardun dugunik. Eta ez Patxi Lopez lehendakariak eta Alain Rousset presidenteak 2009an agindu baino ia urte eta erdi gehiago behar izan dutelako egitasmoa indarrean jartzeko, honezkero hirurogeitik gora direlako baizik Europan zehar elkar-lanean diharduten euroeskualdeak. Ez gara, ez, aurrenak. Honetaz ez, behinik behin.
Lehena Benelux (1948) izan zen eta bigarrena, berriz, Euregio (1958), 1976tik 1979ra bitarteko demokrazia-trantsitzioan gurean gogoan hartua eta aztertua izan zena. Geroztik euri dezente egin du Europan barrena eta euskal hiritarroi bestelako aterkitan joan zaizkigu urteak. Auskalo mugarteko herrialdeen ahalak suspertzeko balio izango duen formula ote den, baina Austrian soil-soilik hamar euroeskualde daude. Zer gerta ere, ez dugu gero uste izango austriarrak denbora eta dirua alferrik galtzeko daudenik.
Zenbaitek sumatuko du, bai, Nafarroa falta dela. Eta egia da, baina hori ez da Euskal Autonomia Erkidegoaren edo Akitaniaren nahieza, Nafarroarena berarena baino. Izan ere, Bidasoa inguruko eusko-akitaniar eskualde berri honek ez ditu Euskadi eta Akitania lotsarazten, Nafarroa baizik. Batek daki zer esango ote lukeen Joana Labritko nafar erreginak burua altxatuko balu…
Dena den, bakoitzari berea, ezin izango dugu gogoratzeke utzi Nafarroako Foru Erkidegoa tarteko dela mugaz gaineko beste hainbat euro-erakundetan, unibertsitate, industria zein garraio-esparrutan.