Artxiboa Martxoa 2007
Europa dugu maite
Euskaldunok badakigu euskarak batzen gaituela eta uste dugu Euskaltzaindia dela zazpi lurraldeok elkartzen dituen erakunde bakarra. Baina, Euskaltzaindiaz gainera, bada beste erakunde bat Euskal Herri guztia biltzen duena: Europako Batasuna.
Zenbaitek besterik uste arren, Euskal Herrian beti izan da nagusi europarzaletasuna, bai behintzat orain 90 urteko abertzaleek Suitzako Nazioen Biltzarrean parte hartu zutenetik.
Geroztik, 1933ko Aberri Egunaren leloa Europa izan zen; Europaren alde egin zuen gerra aurreko euskal gobernuak, eta azken 50 urteotako itun europar guztien alde agertu izan dira beti gure alderdirik handienak, Erroma, Maastricht, Amsterdam nahiz Niza izan. Eta, ez ahaztu gero, europar konstituzioaren erreferendumean ere, baiezkoa atera zela irabazle Hegoaldean zein Iparraldean.
Jakinekoa da euskal abertzaletasunaren eskizofrenia. Batetik, nahiago du europarra izan, espainiarra edo frantsesa baino, baina, aldi berean, ez du sumatzen aurrez aurre duen Europa hori nahikoa denik.
Jarrera bi dira nagusi europarzaleon artean. Batetik, beraiek nahi duten Europa lortu arte muzin egingo diotenak. Eta, bestetik, oraingo Europa gustukoa ez denez, etengabe barrutik aldatu nahi dutenak.
Ni Euskal Herri guztia bere magalean biltzen duen Europaren alde nago, gure mugak hautsi dituen Europaren alde, peseta eta frankoa baztertu dituen Europaren alde. Eta, gurago nukeen Europa lortzeko, uste dut oztopoak ez daudela Bruselan edo Strasburgon, Parisen eta Madrilen baizik.
Europa maitasuna bezalakoa da. Atzo baino gehiago baina bihar baino gutxiago.
Hara Europa, lur hoberikan...
Erromako Itunak atzo bete zituen 50 urte. Bigarren Mundu Gerra amaitu berria zen, Alemania erabat suntsitua, Sobietar Batasunak gerra hotzean ziharduen, Espainia eta Portugal diktadurak ziren eta Europaren etorkizunak ez zuen txakur txikirik balio.
Zazpi urte lehenago (1950) Schumanek proposatu zuen gatazka eta liskar gehiago erakarri zitzaketen lehen gaiak (ikatza eta altzairua) gerra-irabazle eta galtzaileen artean kudeatzea. Zenbaitek besterik uste arren, proposamen hura ez zen erabaki ekonomikoa izan zeharo politikoa baino, etsaien arteko bakea segurtatzea zuen-eta helburu.
Geroztik, 6 estaturen eraginez sortu zen egitasmoak 27 biltzen ditu, 486 milioi biztanleren esparru politikoa eta moneta bereko merkatu elkartua osatzen. Ondorioz, Europa da historian zehar sekula gertatu den estatuen arteko prozesu bateratu eta baketsurik garrantzitsuena. Europa ez da inoiz orain bezain aberatsa, segurua eta demokratikoa izan.
Egia da zenbaitek (Britainia Handiak) ez diola inoiz Europari bokazio politikorik onartu nahi izan eta, egia ere bada, gerren eta diktaduren beldur ez diren belaunaldi berriek ez diotela garrantzirik ematen baina, Europa barruan daudenen artean kritikarik falta ez den artean, jakina da inork ez duela bertatik atera nahi eta oraindik kanpoan daudenak ate joka ari direla noiz sartuko zain.
Europaren Batasunak ez du bueltarik. Seguru ez dela oraindik egitasmo perfektoa, eta batek daki zer izango ote den 50 urte barru, baina garbi dagoena zera da: Europak iraungo du europar batasunak irauten duen neurrian eta ez dut uste batere eurozentrismo alua denik esatea, Europak biltzen dituela bere baitan, munduan beste edozeinek baino hobeto, ongizatearen, lehiakortasunaren eta elkartasunaren baloreak.
Erronka honi aurrerantzean eutsi izateko, Europak ardatz bi behar izango ditu: proiektua burubelarri defendituko duten liderrak eta aukeraz jabetuko diren herritarrak. Litekeena da biak ere falta izatea.
Beharrezkoa ez da nahiko
Bernardo Atxagak bere euskaltzain sarrera-ekitaldian esandako ideia bi aipatu nahi ditut. Bat: Ideologia politikoa baino zerbait gehiago beharko da gure hizkuntza aurrera ateratzeko. Eta bi: Euskararen aldeko legeak ez dira nahiko izango, euskaldunok gure hizkuntza erababili nahi ez badugu.
Honez gero norbaitek interpretatu nahi izan du ideologia kalterako baino ez dela eta euskarak ez duela bere aldeko legerik behar, baina ez dut uste, inondik ere, Atxagak hori esangura izan duenik. Nere iritziz, Atxagak diferentzia arrunt xinplea gogoratu nahi izan du: gauza bat dela beharrezko eta beste bat nahiko.
Diferentzia nabarmena. Izan ere, bakea ez da nahiko euskal gatazka konpontzeko baina, nahikoa ez izan arren, beharrezko bada.
Demokrazia ere ez da nahiko gizartearen arazoak adosteko, baina derrigorrezko denik ezin ukatu.
Elkar errespetatzea ere ez da segurutik nahiko izango, baina bai, ostera, ezinbesteko.
Eta, aldi berean, euskarak iraun dezan ideologia eta legeak beharrezko dira, jakina, baina ez dira, beste barik, nahiko.
Laburbilduz, ideologia, bakea, demokrazia, legeak eta errespetua beharrezko dira ezertan hasteko, baina ez dira, aldiz, nahiko. Horrez gainera, gero, bakoitzak bere onena eskaini behar du, alegia, ahalegindu, saiatu eta, eskakizun teorikoen gainetik, baita norberak praktikan jarri ere.
Portzierto, entzule, ze moduz zure praktika bakegintzan, demokrazian, errespetuan edo euskalgintzan? Egin gero Atxagari jaramon: Inori inorenak eskatzea ondo dago baina, zein da guzti honetan zure, nere, gure aportazioa?
Andres Urdaneta kosmokrafoaren ildotik
Ana Agirre Industria sailburuak euskal enpresak bisitatzen diharduela Mexikon, hasi dira Ordizian Andres Urdaneta kosmografoaren bosgarren mendeurrena prestatzen. Urdaneta izan zen haize kontraalisioez eta Kuro Shivo korronteaz baliatuz Asia eta Amerikaren arteko biderik bizkorrena aurkitu zuena. Hau da, puntu biren arteko distantziarik motzena ez dela beti lerro zuzena frogatu zuena.
Euskaldunok sarri hitzegiten dugu gure modernitatea XIX. mendeko industriaroaz hasi izan balitz bezala, ordurarte denok nekazari eta arrantzale apal izan izan bagina moduan. Baina, Jose Antonio Azpiazu historilariaren hitzetan: El siglo XVI ha sido el más brillante de la historia vasca.
Euskal Herria osoak 400.000 biztanle baino ez zituen mende hartan, euskalduna zen peninsulako homo faberra, erremintarik eta armarik gehienak euskal lantegietan ekoizten ziren-eta. Herri honek ez zituen Elkano, Legazpi edo Urdanetaren pareko itsagizonik ustekabean eman, itsas-tradizioaren jabe zelako baino; eta garai hartako euskal eskribauak eta merkatariak ez ziren bat-batean sortu, gizarte alfabetatuaren fruitu baizik. Ez ahaztu gero, Etxepare, Leizarraga, Loiola, Xabier, Garibay, Lopez de Isasi edo Juan de Zumarraga ere mende berekoak direna.
Caro Barojak esana da Euskal Herriak garai emankorrak izan dituela kanpora begira jarri denean eta XVI. mendeko euskal gizartea mundura irekitako gizartea izan zen. Etxepareren euskara jalgi mundura ez da poesia hutsa, mundua deskubritzen ziharduen gizartearen aldarria baino. Aipatutako merkatari, esploratzaile, idazle eta misiolari gehienek zekizkiten laupabost hizkuntza eta, Patagoniatik Terranovaraino nahiz Nueva Vizcayatik (Mexiko) Txinaraino, munduan barrena murgildu ziren.
Ez gara askorik aldatu bostehun urteotan. Orain ere, gure enpresari, komertzial, idazle eta misiolariak dira gure ordezkaririk nabarmenenak, berriro ere Hego Amerika, Mexiko eta Txina tarteko. Iparragirrek arrazoi: eman ta zabal zazu munduan frutua.
Kultura industrialik eza
Nere herrian, ospitalea, zaharren egoitza eta fundizioa ehun metroren bueltan ezagutu izan ditut nik neuk azken berrogeita hamar urteotan. Ez dut esango soluziorik onena denik, baina bai, ostera, industria-giroan hazi eta hezitakook ez garela sekula tximinien kontra egon, gure eguneroko bizitzaren eta bizimoduaren parte izan direnez gero. Eibarren, Zumarragan edo Bilbo inguruan jaioak garenok beti maite izan ditugu tailerrak, fabrikak eta olak.
Nere uste apalez, Donostialdean indarrean jarri nahi diren zenbait proiekturen kontrako jokabideak erraustegiak nahiz energia-zentralak izan industria kulturarik ezaren fruitu dira neurri handi batean.
Era bitako kulturarik eza, gainera. Batetik, industriaren beraren aldeko atxikimendu urria, teoriaz behintzat euskal industriaren ospeaz harro sentitu arren, gero, praktikan, batere industriarik edota ahalik eta urrutien nahi izango bagenu bezala. Bai, baina ez behintzat nere auzoan.
Eta, bestetik, energiagintza industriatzat onartu nahi ez izana. Zenbaiti entzunez gero, badirudi industria... bizikletak, eskopetak, erremintak, txapelak edo papera egitea baino ez dela, hondakinak errausteak edo energia produzitzeak industriarekin zer ikusirik ez balu moduan.
Esanak esan, nik, aukeran, nahiago oraingo erraustegi edo ziklo-konbinatu zentral berriaren ondoan bizi, betidaniko fundizio edo papertegiaren aldamenean baino. Nere auzoko zaharrak dioen bezala... Tximinixak? Tximinixak lehenguak, orainguak afariketakuak baino ez dittuk-eta.
Nahiago CO2, nuklearra baino
Europako Batasunak ingurugiroaz hartutako erabakiek zera frogatzen dute, Europaren ustez gainditu beharreko arriskurik handiena CO2ren isurketa dela eta, ondorioz, edozerk balio duela karbono dioxido isuri horiek murrizteko, energia berriztagarria nahiz nuklearra izan.
Europako Batasuna seguru dago azken 150 urteotako iraultza industrialak negutegi efektua erakarri duela eta ez du nahi gure planetaren batez besteko tenperatura bi gradu baino gehiago igo dadin. Zentzu honetan, helburua bat besterik ez da: 2020 urterako CO2ren isuriak %20 murriztu (1990ekiko).
Helburu hau lortzeko, bi dira, besteak beste, adostutako erabakiak. Batetik, 2020 urterako energia-kontsumoaren %20 iturri berriztagarrien lepo lortu beharra eta, bestetik, nuklearra ere --energia berriztagarrien pareko-- CO2 isuriak gutxitzeko baliagarritzat jo izana.
Boteila erdi betea ala erdi hutsa ote? Ekologista sutsuen ustez, azken erabaki hau Kyotoko protokoloaren ostean hartutako konpromisorik garrantzitsuena ei da. Atomikoen iritziz, berriz, azkenean onetsi omen da energia nuklearraren onura, onartzen zaio Frantziari orain arteko estrategia nuklearra eta, gutxi bailitzan, energia nuklearrari buruzko eztabaida suspertzea hitzartu da.
Naizen ezjakin honek ez dio Europako Batasun osoak aho batez hartutako erabakiari hautsik harrotuko, baina Kyotoko protokoloa bete ezinaren atzekaldean lobby nuklearrak ote zeuden susmatzen zutenek zalantza gutxiago izango dute, orain, post-Kyoto europar honen erabakien ondotik. CO2 isurien aitzakiaz indar nuklearraren ziria sartuko digute azkenean baina, hori bai, klima-aldaketatik (?) salbatu nahi gaituztenen bedeinkazio eta guzti.
Anton Uriarte klimatologo donostiarra datorkit burura. Bai, badakit, Uriarte doktorea ez dela Al Gore saltzailea, ez dagoela modan eta doktrina ofizialaren aurrean heretiko samarra dela. Baina, berak esan bezala nahiago dut seme-alabei mundu beroagoa utzi, uranio-biltegiak baino.
Teilatu gainean
Iñaki de Juana presoaren Euskadiratzea dela-eta, ez da azken egunotan iritzi-miritzi eta esamesik falta izan. Baina aitzakia guztien gainetik eta arrazoi guztien azpitik, bada inork ez ikusi egin beharko ez lukeen jokaldia: Erabaki honekin Espainiako Gobernuak Batasunaren teilatu gainean jarri du pilota.
Bai. Jokaldi honen ostean, Madrilgo Gobernuak uste du bere aldetik egin beharrekoak egin dituela eta Batasunari dagokiola, orain, hurrengo fitxa mugitzea.
Eta mugitu beharreko fitxa, segurutik, bat besterik ez da: edo ETAk uzten ditu behin betiko armak edo Batasunak esaten du ez dagoela ETAren ildotik jarraitzeko prest. Barajasko atentatuaren ondotik ez du erdipurdiko suetenik balio. Zirt edo zart, arre ala ixo.
Partido Popularra edo izan ezik, gainerako alderdi guztiek hilabete bi daramatzate zelan edo halan Batasunari esaten, indarkeriarik gabeko bidera itzuli behar duela, beste ezertan hasi aurretik bakegintzari ekin behar diola, eta gero... gerokoak. Baina Batasunak kontrakoa egin du, alegia: bakeak egin beharrean proposamen politikoa egin du, nahiz eta proposamen politiko hori batere berria ez izan.
Bapo. Aukera bat da. Baina argi gera bedi, inork bere burua engainatu ez dezan: Behar bada, Iñaki de Juana ez dago Donostiako hospitalean Batasunak orain dela 30 urteko estatuturen bat proposatu dezan, ETAk behingoz armak utzi ditzan baizik.
Arazo bakar bateko elkarteak
Guggenheim museoak hamar urte beteko ditu aurten. Bilboren sinboloa da mundu guztian zehar. Baina ez zen herri-kontsultaz erabaki. Are gehiago, orduko giroa gogoratuez gero, herri-kontsultarik egin izan balitz ez genuke orain Guggenheim museorik izango. Honekin ez dut herri-kontsulten aurkako soflamarik egin nahi. Adierazi nahi dudan bakarra zera da, gizarte demokratiko eta erakundetuetan herri-kontsulta ez dela egitasmo publikoak erabakitzeko aukera bakarra, ez eta beti aproposena ere.
Euskal gizartearen hainbat sektoretan sarri aldarrikatzen da zenbait egitasmo erabakitzeko herri-kontsulta egin beharra. Aukera bat gehiago denik ezin ukatu. Baina erabat eztabaidagarria da, ordea, herri-kontsulta demokraziaren ikurrik gailenena denik edota gizarte osoaren arazoak konponzeko panazea denik.
Asmo edo ekintza bakarraren aldeko aldarriak oso populistak izan daitezke, baina jestio publikoaren ideiarik aurreratuenek garbi azaltzen dutenez, arazo bakar bateko elkarteek (energia, garraioak, erraustegia, kontsumitzaileen eskubideak edo senar dibortziatuen eskakizunak) euren interes partikularrak defenditzen amaitzeko arriskua dute, gizartearen interes orokorrari muzin eginez.
Zenbaitek besterik uste arren, interes orokorra ez da interes partikularren batuketa soila, interes guztien sintesi demokratikoa baino. Demokrazia ez da tokian tokiko kontsulta hutsa, hiritar guztien partaidetza, erabaki informatuen kalitatea, ebazpenen gardentasuna eta etorkizunera begira erantzunkizunak bermatzeko sistema baizik.
Polikagintza demoskopiaren emaitzen bilduma baino konplexuagoa da. Plaza publikoa ez da demokratikoa bakoitzak nahi duena egin ahal duelako, hiritarrek propio hautatutako herri-ordezkarien eztabaidagune delako baino, unean uneko modu, moda eta presio-taldeen eraginaren gainetik. Daniel Innerarity filosofoak esan bezala (El nuevo espacio público. 2006): Politikoek gaizki egiten dute, beraiek baino hobeto beste inork ezin duena egin.