Nahiago CO2, nuklearra baino
Europako Batasunak ingurugiroaz hartutako erabakiek zera frogatzen dute, Europaren ustez gainditu beharreko arriskurik handiena CO2ren isurketa dela eta, ondorioz, edozerk balio duela karbono dioxido isuri horiek murrizteko, energia berriztagarria nahiz nuklearra izan.
Europako Batasuna seguru dago azken 150 urteotako iraultza industrialak negutegi efektua erakarri duela eta ez du nahi gure planetaren batez besteko tenperatura bi gradu baino gehiago igo dadin. Zentzu honetan, helburua bat besterik ez da: 2020 urterako CO2ren isuriak %20 murriztu (1990ekiko).
Helburu hau lortzeko, bi dira, besteak beste, adostutako erabakiak. Batetik, 2020 urterako energia-kontsumoaren %20 iturri berriztagarrien lepo lortu beharra eta, bestetik, nuklearra ere --energia berriztagarrien pareko-- CO2 isuriak gutxitzeko baliagarritzat jo izana.
Boteila erdi betea ala erdi hutsa ote? Ekologista sutsuen ustez, azken erabaki hau Kyotoko protokoloaren ostean hartutako konpromisorik garrantzitsuena ei da. Atomikoen iritziz, berriz, azkenean onetsi omen da energia nuklearraren onura, onartzen zaio Frantziari orain arteko estrategia nuklearra eta, gutxi bailitzan, energia nuklearrari buruzko eztabaida suspertzea hitzartu da.
Naizen ezjakin honek ez dio Europako Batasun osoak aho batez hartutako erabakiari hautsik harrotuko, baina Kyotoko protokoloa bete ezinaren atzekaldean lobby nuklearrak ote zeuden susmatzen zutenek zalantza gutxiago izango dute, orain, post-Kyoto europar honen erabakien ondotik. CO2 isurien aitzakiaz indar nuklearraren ziria sartuko digute azkenean baina, hori bai, klima-aldaketatik (?) salbatu nahi gaituztenen bedeinkazio eta guzti.
Anton Uriarte klimatologo donostiarra datorkit burura. Bai, badakit, Uriarte doktorea ez dela Al Gore saltzailea, ez dagoela modan eta doktrina ofizialaren aurrean heretiko samarra dela. Baina, berak esan bezala nahiago dut seme-alabei mundu beroagoa utzi, uranio-biltegiak baino.