Hara Europa, lur hoberikan...
Erromako Itunak atzo bete zituen 50 urte. Bigarren Mundu Gerra amaitu berria zen, Alemania erabat suntsitua, Sobietar Batasunak gerra hotzean ziharduen, Espainia eta Portugal diktadurak ziren eta Europaren etorkizunak ez zuen txakur txikirik balio.
Zazpi urte lehenago (1950) Schumanek proposatu zuen gatazka eta liskar gehiago erakarri zitzaketen lehen gaiak (ikatza eta altzairua) gerra-irabazle eta galtzaileen artean kudeatzea. Zenbaitek besterik uste arren, proposamen hura ez zen erabaki ekonomikoa izan zeharo politikoa baino, etsaien arteko bakea segurtatzea zuen-eta helburu.
Geroztik, 6 estaturen eraginez sortu zen egitasmoak 27 biltzen ditu, 486 milioi biztanleren esparru politikoa eta moneta bereko merkatu elkartua osatzen. Ondorioz, Europa da historian zehar sekula gertatu den estatuen arteko prozesu bateratu eta baketsurik garrantzitsuena. Europa ez da inoiz orain bezain aberatsa, segurua eta demokratikoa izan.
Egia da zenbaitek (Britainia Handiak) ez diola inoiz Europari bokazio politikorik onartu nahi izan eta, egia ere bada, gerren eta diktaduren beldur ez diren belaunaldi berriek ez diotela garrantzirik ematen baina, Europa barruan daudenen artean kritikarik falta ez den artean, jakina da inork ez duela bertatik atera nahi eta oraindik kanpoan daudenak ate joka ari direla noiz sartuko zain.
Europaren Batasunak ez du bueltarik. Seguru ez dela oraindik egitasmo perfektoa, eta batek daki zer izango ote den 50 urte barru, baina garbi dagoena zera da: Europak iraungo du europar batasunak irauten duen neurrian eta ez dut uste batere eurozentrismo alua denik esatea, Europak biltzen dituela bere baitan, munduan beste edozeinek baino hobeto, ongizatearen, lehiakortasunaren eta elkartasunaren baloreak.
Erronka honi aurrerantzean eutsi izateko, Europak ardatz bi behar izango ditu: proiektua burubelarri defendituko duten liderrak eta aukeraz jabetuko diren herritarrak. Litekeena da biak ere falta izatea.