Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Kultura industrialik eza

Kultura industrialik eza

amat 2007/03/13 08:03

Nere herrian, ospitalea, zaharren egoitza eta fundizioa ehun metroren bueltan ezagutu izan ditut nik neuk azken berrogeita hamar urteotan. Ez dut esango soluziorik onena denik, baina bai, ostera, industria-giroan hazi eta hezitakook ez garela sekula tximinien kontra egon, gure eguneroko bizitzaren eta bizimoduaren parte izan direnez gero. Eibarren, Zumarragan edo Bilbo inguruan jaioak garenok beti maite izan ditugu tailerrak, fabrikak eta olak.

Nere uste apalez, Donostialdean indarrean jarri nahi diren zenbait proiekturen kontrako jokabideak –erraustegiak nahiz energia-zentralak izan— industria kulturarik ezaren fruitu dira neurri handi batean.

Era bitako kulturarik eza, gainera. Batetik, industriaren beraren aldeko atxikimendu urria, teoriaz behintzat euskal industriaren ospeaz harro sentitu arren, gero, praktikan, batere industriarik edota ahalik eta urrutien nahi izango bagenu bezala. Bai, baina ez behintzat nere auzoan.

Eta, bestetik, energiagintza industriatzat onartu nahi ez izana. Zenbaiti entzunez gero, badirudi industria... bizikletak, eskopetak, erremintak, txapelak edo papera egitea baino ez dela, hondakinak errausteak edo energia produzitzeak industriarekin zer ikusirik ez balu moduan.

Esanak esan, nik, aukeran, nahiago oraingo erraustegi edo ziklo-konbinatu zentral berriaren ondoan bizi, betidaniko fundizio edo papertegiaren aldamenean baino. Nere auzoko zaharrak dioen bezala... “Tximinixak? Tximinixak lehenguak, orainguak afariketakuak baino ez dittuk-eta”.

etiketak: Artikuluak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: