Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Beharrezkoa ez da nahiko

Beharrezkoa ez da nahiko

amat 2007/03/20 08:05

Bernardo Atxagak bere euskaltzain sarrera-ekitaldian esandako ideia bi aipatu nahi ditut. Bat: “Ideologia politikoa baino zerbait gehiago beharko da gure hizkuntza aurrera ateratzeko”. Eta bi: “Euskararen aldeko legeak ez dira nahiko izango, euskaldunok gure hizkuntza erababili nahi ez badugu”.

Honez gero norbaitek interpretatu nahi izan du ideologia kalterako baino ez dela eta euskarak ez duela bere aldeko legerik behar, baina ez dut uste, inondik ere, Atxagak hori esangura izan duenik. Nere iritziz, Atxagak diferentzia arrunt xinplea gogoratu nahi izan du: gauza bat dela “beharrezko” eta beste bat “nahiko”.

Diferentzia nabarmena. Izan ere, bakea ez da nahiko euskal gatazka konpontzeko baina, nahikoa ez izan arren, beharrezko bada.

Demokrazia ere ez da nahiko gizartearen arazoak adosteko, baina derrigorrezko denik ezin ukatu.

Elkar errespetatzea ere ez da segurutik nahiko izango, baina bai, ostera, ezinbesteko.

Eta, aldi berean, euskarak iraun dezan ideologia eta legeak beharrezko dira, jakina, baina ez dira, beste barik, nahiko.

Laburbilduz, ideologia, bakea, demokrazia, legeak eta errespetua beharrezko dira ezertan hasteko, baina ez dira, aldiz, nahiko. Horrez gainera, gero, bakoitzak bere onena eskaini behar du, alegia, ahalegindu, saiatu eta, eskakizun teorikoen gainetik, baita norberak praktikan jarri ere.

Portzierto, entzule, ze moduz zure praktika bakegintzan, demokrazian, errespetuan edo euskalgintzan? Egin gero Atxagari jaramon: Inori inorenak eskatzea ondo dago baina, zein da guzti honetan zure, nere, gure aportazioa?

etiketak: Artikuluak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: