Artxiboa Otsaila 2007
Sedukzioa
Berria egunkariaren arduradunak izan ziren aurrenak esaten Euskararen normalizazioan laguntzeko modurik onena erakargarri idaztea zela. Eta guztioi ondo iruditu zitzaigun.
Orain hamabost egun inguru Josu Jon Imazek esan zuen gurea konpontzeko euskaldunok erakargarri izan beharko genukeela eta, euskaldun gehienoi ondo iruditu arren, euren burua superborrokalaritzat dutenek esan zuten horrelako jarrera morrontzaren adierazle baino ez dela.
Baina aurreko igandean, berriz, Arnaldo Otegik zera esan du, hitzez hitz, Bartzelonan: Queremos cambiar un tablero de confrontación por un tablero de seducción. Bapo, bapo...
Euskaldunok --gizonezkook batez ere-- denbora gehiegi daramagu erakargarri izan nahi gabe. Erakargarri izateko lotsaz edo, erakargarri izatea nolabaiteko ahulezia balitz moduan. Euskaldun jatorra, benetakoa, peto-petoa izateko, traketsak, baldarrak, zakarrak... edo astakilo samarrak izan beharko bagenu bezela. Sedukzioa, inorena izatekotan, emakumeena baino ez balitz moduan.
Hona non esaten diguten orain, ostera, euskal gizartea normaltzeko behingoz, denok ere, erakargarri izaten ahalegindu beharko dugula.
Bai, euskaldun erakargarriak lanean, lagunartean, etxean, ohean... eta behin gustua hartuez gero, zergatik ez kulturgintzan, nazioarteko merkatuetan eta aldarrikapen politikoetan?
Honez gero ez du inork pentsatuko gure kale-istiluak erakargarriak direnik ez da? Ba al dago gure artean inor gatazka erakargarritzat jotzen duenik? Gelditzen al da norbait, benetan uste duenik, euskal gizartea erakargarri izan gabe inoiz normalduko denik?
Eta ez gero konfunditu. Inor sedukzitu nahia norberarengandik hasten da. Ez besteengandik.
François Bayrou biarnotarra Parisen
Nik badiot Nafarroako Parlamentuaren lehendakaria izan daitekeela hurrengo Frantziako presidenta... irakurleak pentsatuko du burutik ote nagoen. Baina, harrigarri iruditu arren, gertagarri ere bada. Aukera François Bayrou biarnotarrak du. Bai. Ségolène Royal sozialistaren eta Nicolas Sarkozy eskuindarraren arteko lehiari hirugarren bidea sortu zaio. François Bayrouren eskaintzari ekonomia soziala deritza eta, ezkerrak bete ez dituen promesez aspertutako funtzionariak, irakasleak eta intelektualak, batetik, eta eskuinarengandik ezer itxaro ez duten enpresari txikiak, dendariak eta autonomoak, bestetik, UDFren (Union pour la Democratie Française) buruzagiaren zaleak gehitzen ari dira (%16).
Bayrou Bordèresen (657 biztanle) jaioa da. Sortzez nekazaria, bera ei da behiak jezten dakien politikari frantses bakarra eta, gauzak zelan sakon eta seguru egin azaltzeko, traktorea eredutzat duen bakana. Letra klasikoetan graduatua, literatura du gustuko eta Nafarroako eta Frantziako Enrike IV.aren (Joana Albretekoaren semea) historia argitaratua. Okzitaniar hizkuntzaren zale, zuberotarren ustez zeharo frantximenta bada ere.
Kristaudemokrazian hezia, sozialdemokrazia liberalean murgildu da geroztik, Bigarren Mundu-Gerraren ondoren Alemaniaren susperraldia erakarri zuen ildotik. Laburbilduz, krisialditik irteteko Hezkuntzan eta Ikerkuntzan inbertitu behar omen da, gastu publikoa murriztu eta astean 35 ordu baino gehiago lan egin.
Bayrou Pabeko Nafar Parlamentuaren (Conseil Général des Pyrénées Atlantiques) lehendakari izana da (1982), Frantziako Hezkuntza Ministro (1993-1997), Europako Alderdi Demokrataren sortzaile eta lehendakari --Francesco Rutelli italiarrarekin batera--, eta euskal politika oso ondo ezagutzen du. Orain Frantziako nagusia izatea baino ez zaio falta berak biziki maite duen Enrike IV.aren koroaz jabetzeko. Lehen txandan Ségolène Royal (%26) gaindituko balu, inork ez du zalantzan bigarrenean Nicolas Sarkozyri irabaziko liokeenik (%36).
Zuzenbide Estatua
Gero eta beldur gehiago ematen didate Estado-de-Derecho behin eta berriz aipatzen dutenek. Zuzenbide Estatua aipatzeak konfiantza eragin beharko luke baina, zenbaiti entzunez gero, badirudi mendeku bila ari direla, Zuzenbide Estatua inkisizioa balitz moduan. Edo umeei esaten zitzaien bezala: Ondo portatzen ez bazara Zuzenbide Estatuari deituko diogu, zakuan sartu eta eraman zaitzan.
Baina, adarra jotzeari utzi eta hitzegin dezagun serio samar. Zenbaitek konponbide guztien maratilatzat jotzen duten Zuzenbide Estatuak ez ditu, besterik gabe, demokrazia eta askatasuna bermatzen. Esate baterako, Francoren diktadura, Mussoliniren faxismoa edo Hitlerren nazismoa ere euren Zuzenbide Estatuaren jabe izan ziren.
Espainiakoa, Zuzenbide Estatua baino zertxobait gehiago da gaur egun. Alderdi Popularrak eta eskuineko epaileek ahaztu nahi badute ere, Espainia, Zuzenbide Estatu sozial eta demokratikoa da, Konstituzioaren testuak hitzez hitz dioenez.
Nik ez nuen 1978an Espainiako Konstituzioaren alde botorik eman, horretarako aukera eta adina izan arren. Baina nik orduan Konstituzio hura nahikotzat onartu ez nuelako hain zuzen, ez dut orain, ia hogeita hamar urte geroago, inork gehiago murriztu dezan nahi.
Espainiar Zuzenbide Estatua ez da segurutik edozenbatek gura genukeen bezain ona baina, hala ere, indarrean dago eta, bere eskasian, euskal hiritarroi errotik komeni zaizkigun hiru abiapuntu biltzen ditu: Foruen burujabetzaren memoria, euskal eskubide historikoak eta Hegoaldeko lau lurraldeak legez elkartzeko bidea. Eta oinarrizko aukera hauek ez dira gero artalak gure gaurko egoera honetan.
Sabino Arana, XIX mendeko publizista
Auskalo Sabino Arana ideologo ona izan ote zen, eta batek daki, gaur bizi balitz, politikara dedikatuko ote litzatekeen, baina zalantzarik ez Arana izan zela bere garaiko publizistarik onenetakoa eta, gaur egun ere, marketing-enpresa arrakastatsua jartzeko ez lukeela arazorik izango.
Alderdikeriak utzita, ezin uka gaur egun Euskal Herrian gogoan dugun politikorik ezagunena Sabino Arana dela. Izan ere, mikrofono eta guzti kalera galdezka irtenez gero, jendea gauza izango ote litzateke Aranaz aparte XIX. mendeko beste politikoren baten izenik aipatzeko?
Aranak ez zituen bihotzak, sentimenduak eta zirrarak soilik suspertu. Horrez gainera euskal merkatuan sinbologia osoa abian jartzeko gai izan zen. Batetik, izena jarri zion nazio politikoari, Euskadi. Bestetik, ikurrina eta ereserkia ezarri zizkion. Eta, gutxi bailitzan, sekula euskal abertzaletasunak izan duen lelo komertzialik ezagunena diseinatu zuen: Euskotarren aberria, Euskadi da.
Are gehiago, herri-sinbologian ezezik, gizabanakoaren semiologian ere sekulako aportazio irakunkorrak egin zituen Aranak, berak asmatu eta ehun urte geroago indarrean jarraitzen duen izendegia kasu. Eta ez bere jarraitzailerik sutsuenen artean soilik, baita etsairik amorratuenen artean ere. Joseba, Gotzone, Iñaki, Mikel eta Edurne izenak ez dira jeltzaleen artean bakarrik aurkitzen, baita Ermuko Foroaren partaideen artean ere.
Aurreko astean EAJk aurkeztu zuen e-batzokia (www.batzokia.com), 1894an Sabino Aranak zabaldu zuen Euzkeldun batzokijaren berrikuntza baino ez da. Orain ez da harrigarria Internet sareaz baliatzea, baina ez zen inondik ere normala XIX. mendean batzoki-sarea zirkulazioan jartzea. Horretarako publizista-puntua behar da.
Ehun urte geroago badira hainbat jeltzale marketing-aren etsai direnak, gauza horiek kanpotik datozen ospelkeriak direlakoan. Horrela pentsatzen dutenak jeltzaleak izango dira baina ez, behintzat, Aranazale petoak.
Ordenaren garrantzia
Eskolan irakatsi ziguten faktoreen ordenak ez duela azken produktua aldatzen. Egia esan, bi gehi hiru edo hiru gehi bi... berdin-berdin da, emaitza ez da batere aldatzen. Baina hau ez da lege unibertsala. Lege honek balio du matematiketan baina ez, esaterako, gastronomian. Sukaldean oso garrantzitsua da faktoreen ordena eta beste horrenbeste politikan ere.
Hain zuzen, une honetan faktoreen ordena dugu eztabaida politikoaren ardatz. Gehienok bat gatoz elkarrizketa, bakea eta akordioa aldarrikatzerako orduan, baina ez gatoz bat, ostera, hiru kontzeptu hauen ordena erabakitzerakoan.
Zenbaiten ustez, gatazka konpontzeko ordenak honela izan behar du: Akordioa... elkarrizketa... bakea. Hau da, lehenik akordioa zer behar dugun aurretik jakiteko, gero alderdien artean zelan eztabaidatu eta, ondorioz, bakea berez-berez etorriko omen da.
Beste hainbaten ustez, berriz, arazoa benetan konponduko bada, ordenak beste honela izan behar du: Bakea... elkarrizketa... akordioa. Hau da, lehenengo indarkeria baztertu, gero alderdien eztabaida politikoa bideratu eta, atzenean, guztion arteko akordioa erabaki.
Zehatz-mehatz esanda, Batasunak nahi duen ordena hauxe da: Akordioa-elkarrizketa-bakea. Eta PP izan ezik, gainerako alderdi guztiek nahiago duten ordena, aldiz, beste hau: Bakea-elkarrizketa-akordioa.
Badira erdigunean omen dauden hainbat lagun ordenak ez duela garrantzirik esaten dutenak, kontu horiek huskeriak baino ez direla. Bapo, baina orduan, ordena huskeria baldin bada... zergatik apuntatzen dira ordena batera eta ez bestera?
Lehen euskarazko prentsaurrekoa
Euskaltzaindiak argitara eman du "Euskararen sustatzea. Euskaltzaindiaren adierazpenak (1976-2006)" deritzon liburuxka, azken 30 urteotan euskal akademiak erakundeei egindako adierazpenak bilduz. Guztira 32 adierazpen dira eta, aurrena, 1976ko Euskaltzaindiaren beraren onartze dekretoa.
Bai, 1976ko otsailaren 25ean, Juan Carlos erregek sinatutako dekretuaren arabera, euskararen akademia legeztatu zen; Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa lan-eremutzat finkatu; izenez Euskaltzaindia Euskeraren Erret Akademia bataiatu eta barne arautegia onartu. Hurrengo egunetan Euskaltzaindiak, ur-bitsetan, dekretu haren berri emateko prentsaurrekoa eskaini zuen Durangon.
Orain gezurra dirudien arren, ofizialtasuna iragartzeko Euskaltzaindiak emandako prentsaurreko hura gaztelaniaz izan zen. Ez, jakina, euskaltzainek euskaraz ez zekitelako. Bai, ostera, orduko prentsaurreko denak gaztelaniaz izaten zirelako, komunikazio-hizkuntza gaztelania baino ez zelako eta kazetariak, euskal komunikabideetan ari ginen lau katu edo izan ezik, erdaldun hutsak zirelako. Hain zuzen, Durangokoan bildu ginen kazetarien artean Joxe Ramon Beloki (Herri Irratia) eta ni neu (Z. Argia) baino ez ginen euskaldunak.
Esan bezala, euskaltzainek aurkezpena gaztelaniaz egin eta kazetarien galderei ere gaztelaniaz erantzun ondoren, prentsaurrekoa amaitu aurretik besoa jaso eta lotsatuta, urduri asko, ausartu nintzen: "Barkatu... euskeraz galdetzerik badago?" Isilunea, tentsioa, betozko ilunak, marmarra... hartara ohituta ez zeuden kazetarien artean, baina hitz bi baino ez mahaiburuko euskaltzainaren ahotan: "Bai, jakina". Eta horrela, besterik gabe, hasi zen nik azken 43 urteotan ezagutu izan dudan lehen euskarazko prentsaurrekoa.
Auskalo gero zelakoa ote den euskararen gaurregungo egoera. Baina aurrerantzean urratu beharrekoak ukatzeke, komenigarri da gogoan hartzea herenegun edo atzo ezezik, bart iluntzean ere non ginen. Perspektibak balio du lorpenak baloratzeko.
Apocalypto
Tuteratik Getxora bitarteko hamabosten bat hiritako zine-karteldegietan, egunotan dugu Apocalypto filmea, Mel Gibsonek Yucataneko maia herriari buruz egindakoa.
Auskalo arrakasta berezirik izango ote duen ala ez gure artean, baina filmeak badu, aldez aurretik, publiko euskalduna interesatzeko arrazoi berezia, pelikula maien hizkuntzaz ekoiztua baitago, batere bikoizketa barik, jatorrizko bertsioaz zabalduko da-eta mundu guztian zehar.
Zer ez ote genukeen gero guk ordainduko, Mel Gibsonek euskaldunen gainean filmeren bat egin zezan euskaraz... jentillen ipuinez, Orreagako guduaz edo balearen arrantzaz¡ Baina, seguru gero, eginak egin, ondoren ez litzaigukeela batere gustatuko, Mel Gibsonek bere bertsio komertziala azalduko bailuke eta ez guk nahi izango genukeen bezain benetalaria eta epikoa.
Dena den, Apocalypto kristoren filmea da, ikaragarri gordina, benetan odoltsua, sarri begiak itxiarazteko bestekoa, baina, funtsean, abentura-filmea baino ez da.
Maia herriaren kulturaz, zibilizazioaz edo historiaz jabetu gura duenak hobe du etxean geratu irakurtzen. Baina ordu bi luzez sekulako paisaiaz, erritmoaz eta tentsioaz bere burua entretenitu eta emozionatu nahi duenak ostera, badu nora joan eta zer ikusi.
Ez. Apocalypto ez da maiek ikusi dezaten egindako filmea, maiak ez garen beste guztiok ikusi dezagun burututako asmakizuna baino. Euskaldunok onartuko al genuke guri buruz egindako filmerik, guk geuk ezik, gainerako mundu guztiak gustura ikusi lezakeena? Ba... ez, uste dut ezetz. Baina gu, onerako nahiz txarrerako, beti izan gara traszendental samarrak.
Ermuko Foroa Justizia Jauregian
Komunikabide guztiek eskaini ziguten aurreko astean Ibarretxe lehendakaria Bilboko Justizia Jauregira joan zeneko sekuentzia. Ikusi genuen, bai, Lehendakaria bere emaztearekin heltzen, bertan ziren sailburuak eta erakunde-ordezkariak agurtzen eta, eskailerak igo ondoren, sartzen ate nagusitik, non bere zain zeuden Justizia Jauregiko goi mailako agintari bi: Juan Luis Ibarra eta Ana Belén Iracheta.
Geroago heldu ziren Ermuko Foroaren ordezkariak eta euren abokatua, soinean zeramatzaten ikur, espainiar bandera eta gainerako parafernalia guztiarekin, jendea oihuka ari zitzaien bitartean beraiek nazis erantzuten zutelarik. Zenbaitek esango du hura zirko samarra izan zela; beste zenbaitek, berriz, probokazio-hutsa besterik ez, eta bada esango duenik Ermuko Foroko jendea horrelakoa dela eta kitto.
Baina ez da egia. Ermuko Foroaren eragile guztiak ez dira horren zaratatsuak. Badira beste batzuk isilago, zuhurrago eta ezkutuago foro horren giroan lanean ari direnak, foro horren ingurukoak direnik ere esan gabe. Horietako bi Juan Luis Ibarra eta Ana Belén Iracheta. Lehena Euskadiko Justizia Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzi-aretoaren presidentea eta bestea Bizkaiko Lurralde Entzutegiaren presidentea. Ibarretxe lehendakaria Justizia Jauregiaren atarian hain gozo, eztitsu, atsegin eta otzan agurtu zuten agintariak, hain zuzen ere.
Segurutik Justiziak independientea behar du izan, segurutik Ermuko Foroak eskubide guztia du Ibarretxe auzitan sartu nahi izateko eta segurutik Ibarra eta Iracheta magistratuek eskubide guztia dute Ermuko Foroaren Kontseilu Editorialaren partaide izateko. Baina, eskubideak eskubide, edozein hiritarrek ere eskubide osoa du pentsatzeko agintaritzan dauden magistratuek hobe luketela horrelako presio-elkartearen taldekide ez izatea eta, hala ere partaide direnez gero, nekez pentsa dezakeela inork Lehendakariaren eta Ermuko Foroaren auzi-mauzian Bilboko Justizia Jauregia inpartziala izan daitekeenik.