Ordenaren garrantzia
Eskolan irakatsi ziguten faktoreen ordenak ez duela azken produktua aldatzen. Egia esan, bi gehi hiru edo hiru gehi bi... berdin-berdin da, emaitza ez da batere aldatzen. Baina hau ez da lege unibertsala. Lege honek balio du matematiketan baina ez, esaterako, gastronomian. Sukaldean oso garrantzitsua da faktoreen ordena eta beste horrenbeste politikan ere.
Hain zuzen, une honetan faktoreen ordena dugu eztabaida politikoaren ardatz. Gehienok bat gatoz elkarrizketa, bakea eta akordioa aldarrikatzerako orduan, baina ez gatoz bat, ostera, hiru kontzeptu hauen ordena erabakitzerakoan.
Zenbaiten ustez, gatazka konpontzeko ordenak honela izan behar du: Akordioa... elkarrizketa... bakea. Hau da, lehenik akordioa zer behar dugun aurretik jakiteko, gero alderdien artean zelan eztabaidatu eta, ondorioz, bakea berez-berez etorriko omen da.
Beste hainbaten ustez, berriz, arazoa benetan konponduko bada, ordenak beste honela izan behar du: Bakea... elkarrizketa... akordioa. Hau da, lehenengo indarkeria baztertu, gero alderdien eztabaida politikoa bideratu eta, atzenean, guztion arteko akordioa erabaki.
Zehatz-mehatz esanda, Batasunak nahi duen ordena hauxe da: Akordioa-elkarrizketa-bakea. Eta PP izan ezik, gainerako alderdi guztiek nahiago duten ordena, aldiz, beste hau: Bakea-elkarrizketa-akordioa.
Badira erdigunean omen dauden hainbat lagun ordenak ez duela garrantzirik esaten dutenak, kontu horiek huskeriak baino ez direla. Bapo, baina orduan, ordena huskeria baldin bada... zergatik apuntatzen dira ordena batera eta ez bestera?