Ermuko Foroa Justizia Jauregian
Komunikabide guztiek eskaini ziguten aurreko astean Ibarretxe lehendakaria Bilboko Justizia Jauregira joan zeneko sekuentzia. Ikusi genuen, bai, Lehendakaria bere emaztearekin heltzen, bertan ziren sailburuak eta erakunde-ordezkariak agurtzen eta, eskailerak igo ondoren, sartzen ate nagusitik, non bere zain zeuden Justizia Jauregiko goi mailako agintari bi: Juan Luis Ibarra eta Ana Belén Iracheta.
Geroago heldu ziren Ermuko Foroaren ordezkariak eta euren abokatua, soinean zeramatzaten ikur, espainiar bandera eta gainerako parafernalia guztiarekin, jendea oihuka ari zitzaien bitartean beraiek nazis erantzuten zutelarik. Zenbaitek esango du hura zirko samarra izan zela; beste zenbaitek, berriz, probokazio-hutsa besterik ez, eta bada esango duenik Ermuko Foroko jendea horrelakoa dela eta kitto.
Baina ez da egia. Ermuko Foroaren eragile guztiak ez dira horren zaratatsuak. Badira beste batzuk isilago, zuhurrago eta ezkutuago foro horren giroan lanean ari direnak, foro horren ingurukoak direnik ere esan gabe. Horietako bi Juan Luis Ibarra eta Ana Belén Iracheta. Lehena Euskadiko Justizia Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzi-aretoaren presidentea eta bestea Bizkaiko Lurralde Entzutegiaren presidentea. Ibarretxe lehendakaria Justizia Jauregiaren atarian hain gozo, eztitsu, atsegin eta otzan agurtu zuten agintariak, hain zuzen ere.
Segurutik Justiziak independientea behar du izan, segurutik Ermuko Foroak eskubide guztia du Ibarretxe auzitan sartu nahi izateko eta segurutik Ibarra eta Iracheta magistratuek eskubide guztia dute Ermuko Foroaren Kontseilu Editorialaren partaide izateko. Baina, eskubideak eskubide, edozein hiritarrek ere eskubide osoa du pentsatzeko agintaritzan dauden magistratuek hobe luketela horrelako presio-elkartearen taldekide ez izatea eta, hala ere partaide direnez gero, nekez pentsa dezakeela inork Lehendakariaren eta Ermuko Foroaren auzi-mauzian Bilboko Justizia Jauregia inpartziala izan daitekeenik.