Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / François Bayrou biarnotarra Parisen

François Bayrou biarnotarra Parisen

amat 2007/02/25 13:22

Nik badiot Nafarroako Parlamentuaren lehendakaria izan daitekeela hurrengo Frantziako presidenta... irakurleak pentsatuko du burutik ote nagoen. Baina, harrigarri iruditu arren, gertagarri ere bada. Aukera François Bayrou biarnotarrak du. Bai. Ségolène Royal sozialistaren eta Nicolas Sarkozy eskuindarraren arteko lehiari “hirugarren bidea” sortu zaio. François Bayrouren eskaintzari “ekonomia soziala” deritza eta, ezkerrak bete ez dituen promesez aspertutako funtzionariak, irakasleak eta intelektualak, batetik, eta eskuinarengandik ezer itxaro ez duten enpresari txikiak, dendariak eta autonomoak, bestetik, UDFren (Union pour la Democratie Française) buruzagiaren zaleak gehitzen ari dira (%16).

Bayrou Bordèresen (657 biztanle) jaioa da. Sortzez nekazaria, bera ei da behiak jezten dakien politikari frantses bakarra eta, gauzak zelan sakon eta seguru egin azaltzeko, traktorea eredutzat duen bakana. Letra klasikoetan graduatua, literatura du gustuko eta Nafarroako eta Frantziako Enrike IV.aren (Joana Albretekoaren semea) historia argitaratua. Okzitaniar hizkuntzaren zale, zuberotarren ustez zeharo “frantximenta” bada ere.

Kristaudemokrazian hezia, sozialdemokrazia liberalean murgildu da geroztik, Bigarren Mundu-Gerraren ondoren Alemaniaren susperraldia erakarri zuen ildotik. Laburbilduz, krisialditik irteteko Hezkuntzan eta Ikerkuntzan inbertitu behar omen da, gastu publikoa murriztu eta astean 35 ordu baino gehiago lan egin.

Bayrou Pabeko Nafar Parlamentuaren (Conseil Général des Pyrénées Atlantiques) lehendakari izana da (1982), Frantziako Hezkuntza Ministro (1993-1997), Europako Alderdi Demokrataren sortzaile eta lehendakari --Francesco Rutelli italiarrarekin batera--, eta euskal politika oso ondo ezagutzen du. Orain Frantziako nagusia izatea baino ez zaio falta berak biziki maite duen Enrike IV.aren koroaz jabetzeko. Lehen txandan Ségolène Royal (%26) gaindituko balu, inork ez du zalantzan bigarrenean Nicolas Sarkozyri irabaziko liokeenik (%36).

etiketak: Artikuluak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: