Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik / Mugarri historikoa euskal ornitologiarentzat: euskara mundu mailako zerrenda eta datu-base nagusian!

Mugarri historikoa euskal ornitologiarentzat: euskara mundu mailako zerrenda eta datu-base nagusian!

Asier Sarasua 2026/10/25 21:10
Munduko hegazti guztiak biltzen dituen zerrenda ofizialaren (AviList) 2026ko eguneraketa argitaratu berri da eta, harekin batera, munduko hegaztien datu-basea eta bilatzaile ere aurkeztu dute. Eta han, munduko hegaztiak euskaraz arakatzeko aukera egongo da hemendik aurrera! Ez dizuet ukatuko emozionatu egin naizela eta malkotxo bat ere irten zaidala. Zirrara, poza, euskara mundu mailako plataforma ornitologiko nagusian ikustean, munduko hizkuntza handien aldamenean. Azken urteotako lan isilaren sari gozoa ere bada, euskal txorizaleontzat mugarri historikoa.

AviList 2026 aurkeztu da, DB eta bilatzaile berriarekin

2025eko albiste ornitologiko nagusia izan zen AviList zerrenda aurkeztu zela: munduko  hegazti guztien zerrenda taxonomiko bakar eta bateratua. Albiste handia ornitologiaren historian. Txoriak.eus webgunean argitaratu genuen berria eta Eibartik blog honetan ere saiatu nintzen sintesi historiko txiki bat egiten hegaztien zerrenda eta izendegien inguruan.

AviList zerrenda urtero eguneratzen da eta duela pare bat aste aurreratu nizuen aurtengo zerrendan espero genituen aldaketa taxonomiko nagusiak. Eta azkenean aste honetan kaleratu du AviList-ek 2026ko eguneraketak biltzen dituen zerrenda berritua: AviList v2026.

Urteroko eguneraketa taxonomikoak interesgarriak dira horrelako kontuak atsegin ditugun frikiontzat, baina aurtengo benetako aldaketa da orain datu-base osoa jarri dutela online, bilatzaile eroso eta sendo batekin, eta bertan... euskarazko izenak agertzen direla!

Mundu mailako datu-base eta erreferentziako zerrenda bateratuan euskarazko txori-izenak agertzen zirela ikusi nuenean, daitort, sekulako emozioa sentitu nuen. 

Hemen probatu dezakezue: https://explore.avilist.org/

Nola heldu da euskara hara?

AviList proiektuan parte hartzen duen erakunde nagusia Cornell Unibertsitatea da, bere eBird plataformarekin batera. Eta euskal txorizaleak aspaldi ari gara lanean mundu mailako plataforma hori euskaraz izateko eta bertan erakusten diren txori-izenak euskaraz ere bilatu eta erabili ahal izateko (2023an munduko 12. hizkuntza izan zen euskara eBirden agertzen). Gainera, urtero eguneratzen ditugu euskarazko izendegiak, aldaketa taxonomikoetara egokitzeko eta euskarazko izenik ez duten espezieentzat proposamenak eginez. Hemen 2023an euskarazko izendegian izan ziren aldaketa nagusiak eta 2024ko eguneraketakoak, blog honetan bertan.

Komeni da gogoratzea Euskal Batzorde Ornitologikoaren baitan lantalde zabal bat ari garela 2020. urtetik munduko hegaztien euskarazko izen arrunten zerrendak eguneratzen eta osatzen.

AviList-eBird konexioari esker, orain euskarazko izendegi osoa (beste hainbat hizkuntzakoekin batera) AviList zerrendara gehitu da eta izenok datu-basearen bilatzailean agertzen dira. Erakunde horien sentsibilitatea ere aintzat hartzekoa da, ez baita ohikoa izaten horrelako nazioarteko egitasmo erraldoietan hizkuntza txikiei lekurik egitea.

Txorizaleontzat duen garrantziaz gain, euskararentzat duen izaera sinbolikoa ere ez zait txikia iruditzen, eguneraketa honek nazioarteko panorama zientifikoan jartzen duelako euskara, munduko hizkuntza handienen pare.

Azken batean, elkarlanaren emaitza. Euskal txorizaleon arteko elkarlana eta nazioarteko erakundeen artekoa. Eta elkarlanak onurak besterik ez dakartza. 

AviList 2026: aldaketa taxonomiko nagusiak

Joan zen astean aurreratu genituen aurtengo aldaketa taxonomiko nagusiak, ez ditut hemen denak errepikatuko (eta PDF honetan eBird plataformak kaleratu zuen laburpena).

Urtero bezala, espezie berriak deskribatu dira, espezie batzuk zatitu egin dira (splits), beste batzuk bateratu (lumps) eta zerrenda taxonomiko guztia orraztu da (izen zientifikoak eta hurrenkera bera).

Euskaldunon ikuspegitik 3 aldaketa aipatu daitezke:

  • Euli-txori grisa (Muscicapa striata): Gurean ezagutzen dugun euli-txoriak Muscicapa striata izaten jarraituko du. Hala ere, lehen espezie honen barruan zegoen Mediterraneoko (tartean Baleareetako) populazioa espezie independente gisa onartu da orain, Muscicapa tyrrhenica (euli-txori mediterraneoa) izenarekin. 
  • Txantxangorria (Erithacus rubecula): Txantxangorriaren Erithacus generoa monotipikoa zen orain arte, hau da, genero horretan espezie bakarra zegoen, txantxangorri ezaguna. Kanariar Uharteetako populazioa orain bereizi egin da, genetikoki desberdina izateaz gain, oso kantu eta dei bereizgarriak dituelako. Erithacus superbus (txantxangorri kanariarra) izango da espezie berria.

  • Berdantzen aldaketa handia: Ikerketa genetikoek eraginda, orain arteko Emberiza generoa lau generotan banatu da. Gure hezeguneetan hain ohikoa den zingira-berdantza, esaterako, Schoeniclus schoeniclus izatera pasa da. Berdin beste hainbat, adibidez, berdantza txikia Schoeniclus pusillus bihurtu da eta baso-berdantza Schoeniclus rusticus.

Orain zer? Euskal Batzorde Ornitologikoaren erronka

Albiste handi hau pizgarria da euskarazko hegaztien izendegi estandarrarekin lanean ari garen txorizaleontzat. Egindako bidea ez da txikia izan, baina hemendik aurrera ere ez dugu izango aspertzeko aukerarik!

Europako hegaztien izendegia prest daukagu (1.000 izen inguru) eta Eusko Jaurlaritzako Terminologia Batzordearen behin betiko onarpenaren zain gaude. Ondoren Euskalterm Banku Terminologiko Publikora eramatea ere garrantzitsua litzateke, noski.

Munduko hegaztien zerrenda osatzeko urrats sendoak ere eman ditugu eta dagoeneko 2.500 espezie baino gehiagoren proposamenak ditugu, txosten terminologiko espezifikoekin. Landu ditugun azkenengo taldeak motmotak, pinguinoak, atalarrak eta karrakak izan dira, bakoitza dagokion txostenarekin. 

Gainera, Wikipediarekin ere ari gara elkarlanean. Wikipedia AviList-ekin dago lerrokatuta honezkero, gu bezala, eta horrek ahalbidetzen du munduko erreferentzia nagusienetakoa den Wikipedian euskarazko izena duten milaka txoriren fitxak prest izatea. Hori guztia posible izan da Euskal Wikilarien Elkartearen eta Galder Gonzalezen lanari esker, mila esker hemendik!

Txoriak.eus webgunean ere bilatzaile bat egokitu dugu kontsulta azkarrak egiteko.

Eta munduko hegaztien izendegia osatzeaz gain, urtero-urtero taxonomian gertatzen diren aldaketei ere erantzun beharko diegu, ikerlariek zehazten dituzten aldaketa taxokonimoek euskarazko izen arruntetan egokitzeko (aurten txantxangorriarekin edota zingira-berdantzarekin gertatu den bezala).

Laburbilduz, albiste garrantzitsua izan dela aste honetan ezagutu duguna, pozgarria bezain hunkigarria, eta lanean jarraitzeko pizgarri izugarria!

Segi dezagun!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

cc by sa 4.0 - ikonoa

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz

Azken erantzunak
Benetan interesgarria. Hartu dot txanda Amatiño, 2026/10/12 22:28
Ona! Bai, PER usain hori ez dago ahazterik! ;) ... Asier Sarasua, 2026/09/16 14:52
Antzinako kontua da, baiña ointxe ikusi dot. ... Jose Antonio Azpilicueta, 2026/09/16 09:53
Zuri, Arkaitz! Gurean aurten ez dira itzuli... ... Asier, 2026/07/23 22:06
Eskerrik asko informazioagatik, guri ere ... Arkaitz, 2026/07/23 10:14
hamazortzi Sainz arana, 2026/06/12 19:08
Ederra! Zorionak. Amatiño, 2026/03/10 21:51
Ño! Ahaztuta, ziharo! ;) Tira, 15 urte bakarrik ... Asier Sarasua, 2026/01/11 15:56
Egin juagu berba honen gaiñian, neuri be asko ... Oier G, 2026/01/11 10:14
Bai, hitzaldi ederra! Gustora egon giñan, eta ... Asier Sarasua, 2026/01/05 11:22