AviList 2026 zerrenda: munduko hegaztien taxonomian etorri(ko) diren aldaketak
Urte askoan zehar, ornitologoek eta hegaztizaleek hainbat zerrenda taxonomiko ezberdin izan dituzte lehian (batez ere eBird/Clements, IOC World Bird List eta HBW/BirdLife). Historia apur bat egin genuen blog honetan bertan: Historia apur bat munduko hegaztien zerrenden inguruan (2025eko abuztuan). Horrek arazoak zekartzan, zerrenda bakoitzak irizpide ezberdinak baitzituen espezie bat onartzeko, eta ez zegoelako munduko hegazti guztien zerrenda ofizial eta bateraturik. Egoera hori konpontzeko, nazioarteko aditu nagusiek lantalde bat sortu zuten (Working Group Avian Checklists), 2024. urtearen amaierarako hiru zerrenda nagusiak bateratzeko ikerketa-fase nagusia amaitu zuten eta 2025eko ekainean argitaratu zen ofizialki AviList, mundu mailako zerrenda bateratua (v2025).
Zerrenda bateratu hori etengabe jarraitzen dute gainbegiratzen eta egokitzen, zientziaren aurkikuntza berrietara moldatzeko. AviList lantaldeak ez du oraindik aldaketa horien berri eman, baina eBird.org plataformak bai argitaratu du v2026 dokumentua, iazkoarekin alderatuta zenbait aldaketa dakartzana (ikusi hemen, 2026ko iraileko bertsioa, PDF). Ikusi behar ea AviList zerrenda ofizialean gauzatuko diren, oraindik proposamenak baitira, baina eBird-ek argitaratu baditu, zalantza gutxi laster erabat onartuko direla.
Hasteko: zer gertatu da eBird eta IOC zerrendekin 2026. urtean?
Horixe da lehenengo puntu garrantzitsua: nola daude une honetan, 2026. urtean, eBird eta IOC zerrenda klasikoak? Erabat onartu dute AviList zerrenda bateratua?
Ba, bai, halaxe ematen du, 2025eko egokitze-fasearen ostean, 2026an beste urrats bat eman dutela eta hemendik arrera AviList izango dela euren erreferentziazko zerrenda taxonomikoa.
-
eBird / Clements zerrenda: eBird-ek, Cornell Unibertsitatearen babesarekin, AviList onartu du bere zerrenda ofizial gisa. 2025-2026 prozesuan, Clements zerrendak bere ibilbide taxonomiko independenteari amaiera eman dio. Gaur egun, eBird, Merlin aplikazioa eta Cornell-eko Birds of the World plataformak AviList erabiltzen dute beren oinarri taxonomiko bakar bezala.
-
IOC World Bird List: Bide beretik, IOC-ek ere bere lan taxonomiko independentea bertan behera uztea erabaki du. Orain arte urtean bi aldiz argitaratzen zuten beren zerrenda, baina aurtengoa izango da euren azkenengo eguneraketa (v15.2) independentea (dagoeneko AviListen parekoa). IOC-eko batzordea AviList-en garapenean sartu da bete-betean.
Laburbilduz, 2026an jada ez dago eBird eta IOC zerrenden arteko gatazkarik. Munduko ornitologia-erakunde nagusiek bat egin dute AviList-en inguruan, kontserbazioarentzat, zientziarentzat eta hegaztizaleentzat hizkuntza taxonomiko bakarra eta bateratua sortuz. Eguneraketak (aurtengo split, lump eta izen aldaketak kasu) talde bateratu horretatik ateratzen dira orain, urtero.
2026ko aldaketen laburpen orokorra
Iazko jauzi handiaren ostean, aurtengo eguneraketak ez dira izango horren handiak mundu mailako taxonomia orokorrean. Hala ere, izango omen dira hainbat eta, euskaldunon kasuan, aintzat hartzekoren bat, gainera.
Hauxe eBird-ek egin duen aurrerapena:
- Zatiketak (Splits): Atalik handiena da, urtero bezala, eta 29 proposamen zerrendatu dituzte. Adibide pare bat jartzearren, hontz virginiarra (Bubo virginianus) 3 espezietan banatuko da: Bubo virginianus, B. nigrescens eta B. nacurutu. Edota kolibri erraldoia (Patagona gigas) bi espezietan: Patagona gigas (hegoaldeko populazioa) eta Patagona peruviana (iparraldekoa). Horrelako beste 27 kasu azaldu dira.
-
Bateratzeak (Lumps): 2026ko zerrenda berrian 4 bateratze proposatu ditu adituen lantaldeak. Nabarmentzekoak, esate baterako, Apus nipalensis espeziea Apus affinis (sorbeltz txikia) espeziearen barnean sartu izana, eta Tyto nigrobrunnea zein Tyto rosenbergii hontzak Tyto javanica espeziearen subespezie izatera igaro direla.
-
Espezie berriak: Zientziarako 2 espezie berri onartu dira aurten: Crypturellus resonans (Slaty-masked Tinamou) eta Ptilorrhoa urrissia (Hooded Jewel-babbler).
-
Izen zientifikoen aldaketak: bukatzeko, izen zientifikoetan gertatutako aldaketak daude, aurtengoan 43 aldaketa-proposamen zabaldu dira. Adibidez, txepetxen generoa den Troglodytes generoaren zati bat Nannus generora pasatzekoa.
3) Euskal Herriko espezieen ikuspegia: txantxangorria eta euli-txori grisa
Euskal Herriko hegaztiei dagokienez, aldaketek ez dute gurean dauden txorien estatusa edo izena zuzenean aldatuko, baina espezie horien definizio globala murriztu dute:
- Euli-txori grisa (Muscicapa striata): Gurean ezagutzen dugun euli-txoriak Muscicapa striata izaten jarraituko du. Hala ere, lehen espezie honen barruan zegoen Mediterraneoko (tartean Baleareetako) populazioa espezie independente gisa onartu da orain, Muscicapa tyrrhenica (euli-txori mediterraneoa) izenarekin. Ikerketa genetikoek erakutsi duten aldea eta kantuak dituen desberdintasun nabarmenak eragin dute banaketa hori. IOC erakundeak lehendik ere bazeukan aldaketa hau bere zerrendetan, baina eBirdek aurten onartu du.
-
Txantxangorria (Erithacus rubecula): Txantxangorriaren Erithacus generoa monotipikoa zen orain arte, hau da, genero horretan espezie bakarra zegoen, txantxangorri ezaguna. Hemendik aurrera, Kanariar Uharteetako populazioa bereizi egingo omen da, genetikoki desberdina izateaz gain, oso kantu eta dei bereizgarriak dituelako. Erithacus superbus (txantxangorri kanariarra) izango da espezie berria.
Beraz, Euskal Herriko ikuspuntutik, bi hegazti hauen kontzeptua "mugatu" egingo da (restricted concept), beren ahaide isolatuak espezie mailara igo direlako.
4) Emberiza generoaren iraultza
Beharbada hurrengo hilabeteetan egongo den aldaketa taxonomiko sakonenetako bat berdantzen Emberiza generoarena izan da. Ikerketa genetikoetan oinarrituta, genero hau lau genero berritan zatituko baita: Emberiza, Fringillaria, Schoeniclus, eta Melophus.
Euskal Herriko espezie gehienei ez lieke eragingo aldaketak (Emberiza generoan sartuta jarraitzen dute), baina hezeguneetan aurki dezakegun zingira-berdantza Schoeniclus schoeniclus izatera pasa da (orain arte Emberiza Schoeniclus). Era berean, Europa mendebaldean pasean edo neguan noizbehinka agertzen diren beste berdantza batzuek ere genero berria hartu dute; esaterako, Berdantza txikia Schoeniclus pusillus bihurtu da (lehen Emberiza pusilla), eta baso-berdantza Schoeniclus rusticus (lehen Emberiza rustica).
...............
* Hasieran esan bezala, hemen zerrendatu ditugun aldaketak oraindik proposamen egoeran daude, AviList berria argitaratzeko zain, baina eBird-ek argitaratu baditu eta 2026ko zerrenda berrian onartu baditu, ia-ia segurutzat jo dezakegu hurrengo AviList zerrendan ere agertuko direla.
