Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Eibartik

Aratuste

Asier Sarasua 2005/02/03 08:50

aratustiak carnavales. • Ald. aratostiak. Erab. JME-k Bergaran zaharrak bakarrik erabiltzen dabela diño; Eibarren arrunta da. Ik. eguen zuri, koko jantzi, koko txiki egun.

Domekan, frontoian jeneralian; astelehenian Kasinuan; martitzenian Rialtuan... Ta gu danian ibiltzen giñan. Hiruretan pixkat ibili, ta komeni jakun lekuan geldittu. Behin juan gintzonazen Kasinora, ta han Kasinuan soziua zonan Luisan anaia; harek organizauta bailia. Ta agure zahar guztiak han; ta guk etara gizonak dantzara! Ala! Ta zaharrenetan etaratzen juan giñan, e? Akordatzen jatan neri; Villavella etara najonan nik. Ta dantzan zelan eitten jonan...! Neuk baiño hobeto eitten jonan dantzan harek! Agure zaharrak! Bueno, agure zaharra ez, baiña gure onduan zaharrak, bertako Kasinoko soziuak. (...) Ta gero, mahaixa erdixan, ta dana pastela! E? Ha zonan sakia, e? Ha zonan sakia ein pasteleri! Orduantxe kendu karetak haretxek jateko! Hor dakaguz erretratuak. Hara! Hi hauxe haiz ta hau Luisa; hau Teresa ta hau neu. Euki be ez dittun eingo igual honek? Badakanaz? (Luziana Larreategi, 1912-2003).

Eibarko Hiztegi Etnografikoa

Koko jantzi

Asier Sarasua 2005/02/03 08:45

koko jantzi disfrazar(se). • Ald. koko-moko jantzi. Ik. Eguen Zuri

Karnabal aurreko astian, eguenian, Eguen Zuri izeten zan. Ta orduan ume txikixak jantzi (...). Jentiak biharra eitten eban, baiña gurasuei gustatzen jakuen umiak jaztia basarrittar, ta antxiñako andra zaharren zerekin. Ta tanboliña arratsalde guztian joten egoten zan, ta dantzan. Sobre todo andrak, ezta? Euren umiekin pozik haintxe! Ta Karnabal egunian, umiak igual-igual jazten ziran, Eguen Zuriko moruan. Ta orduantxe pintturak eta... Koko jantzitta, haixe izaten zan koko jaztia. Aratustiak izaten da domekia, astelehena ta martitzena. Ta eguaztena izaten zan Hauts-eguna. Handik garizuma guztian ez zan dantzarik egoten (Timoteo Zubiate, 1887-1987).

koko-txiki egun viernes flaco.

Eibarko Hiztegi Etnografikotik

Eguen zuri

Asier Sarasua 2005/02/03 08:40

Gaur eguen zuri, koko jazteko eguna. Hasi dira Aratustiak!

Eguen Zuri Jueves Gordo. • Ik. aratustiak, koko jantzi, koko-txiki eguna.
Eguen Zuri egunian koko jantzi eitten giñan. Ene...! Erropia, zeozer, erropa diferentia! Ba, orduan ez zan frakarik eruaten ta frakia-edo. Ta gero, arpegixa pinttau ikatzakin! Honen tiok, baten, neri lustria eiñ zestan. Zapateri eitten jakue ba? Ta zeguan euzki bat... Ta jo-ta arpegi guztia erre! Eukiko nittun nik hamar urte edo... Baiña dotore e! Ha eguna jai hartu, gero arratsaldian jantzi, ta etxerik etxe ibiltzen giñan. Gero dirua emoten zeskuen.

Eibarko Hiztegi Etnografikoa

Katalangua baserria

Asier Sarasua 2005/01/31 15:05
Katalangua baserria Urki eta Txonta bitartean zegoen. 1970. urte inguruan bota zuten, autopista egiteko. Gutxi gorabehera Bolingua baserri gainean zegoen, Arane gainean.

Katalangua. Izen berezia baserri batentzat. Nik neuk teoria bat daukat; berezi samarra, beharbada, baina guztiz zentzuzkoa, nire ustez, daukagun dokumentazio historikoari jaramon egiten badiogu.

1750. urtera arte makina bat aldiz agertzen da Eibarren Loidi toponimoa (Loidi, Loidi Etxebarri, Loidi-erreka, Loidiko iturria...). 1741eko udal erroldan, esate baterako, Loidi Etxebarri baserrian Joseph izeneko katalan bat bizi zela agertzen zaigu. Ondorioa ateratzea ez da gatxa: Loidi baserriak bere izena galdu eta Katalangua izena hartu zuen, Eibarko baserritar katalan bakarraren omenez. Ondoren, inguruak ere antzera, eta Loidi inguru guztia Katalangua bihurtu zen.

Gaur egun inork ez daki Loidi zer den, eta Katalangua bakarrik ezagutzen du.

Goiko argazkia 1968 ingurukoa da eta Errekatxu-Bolingua aldetik dago aterata. Eloisa Narbaizak laga dit; Katalanguan bertan jaiotakoa da Eloisa. Irudian, Katalangua baserria eta bere lurrak; gorago Katalangua goikua izeneko etxeak.

Eskerrik asko Eloisa.

Javier Agirresarobe eibartarrarentzat Goya saria

Asier Sarasua 2005/01/31 12:43

Atzo gauean banatu ziren Espainiako Zinema Akademiaren 2004ko sariak. Sarituen artean eibartar bat: Javier Agirresarobe argazkilaria.

Harritu ere ez gara egiten honezkero, Javier Agirresarobek lehenago ere irabazita dituelako beste pare bat Goya sari. Bera da onena, ez dago dudarik.

Alejandro Amenabarren Mar Adentro filmean egindako lanarengatik jaso du aurtengoan Argazkilaritza onenaren saria.

Goya sariek badute bere webgunea, baina ez ahalegindu bertan sarituen informaziorik aurkitzen, oraindik nominatuen zerrenda besterik ez dutelako argitaratu.

Eitb24.com webgunean aurkitu dut zerrenda euskaraz.

Edadia zer dan, ezta?

Asier Sarasua 2005/01/26 22:10

Edadia zer dan, ezta? Oin dala sei edo zortzi urte, gaurkua modoko egualdixakin, txakurra eta erretatatzeko makiñia hartu, eta mendira juango nitzake antxitxiketan.

Gaur egun, berriz:

  • ez dakat txakurrik
  • orkatillia leher eginda dakat eta aldasgora ibiltzeko indarrik ez
  • etxe barriko kalefaziñua eta katxemir mantia epel-epelak dira.

Ezkirol bihurtzen egongo ete naiz?

Edurra teillatuan...

Asier Sarasua 2005/01/26 09:21

Edurra egin dabela gabian... bai horixe. Biharrera be justu-justuan heldu gara. Eibarren, behintzat, ederto bota dau.

Biharlekutik postal politta ikusten dogu, Gorosta-ballia zuriz jantzitta. Erralek bota desta amua, eta hainka egin bihar. Hamentxe erretratua.

Edurra Gorosta Ballen

Erretrato hobiak be etara izan doguz, baina Maitek txukunduko desku gaurkua be.

Beasaingo euskeria jasotzeko bekia

Asier Sarasua 2005/01/24 23:55

Beasaingo euskara eta ahozko ondarea Beasaingo udalak herriko berbetia eta ahozko ondaria batzeko bekia atara dau. Aurkeztutako proiektuak adar bi euki bihar dittue. Batetik Beasaingo euskeria jasotzia eta aztertzia (lexikua, sintaxixa, ezaugarri fonetiko eta morfosintaktikuak...), eta bestetik, alderdi etnografikua batzea.

Proposamenak aurkezteko epia 2005eko otsailaren 28ko eguardixan itxiko da, eta lana amaitzeko urtebete eukiko dau irabazliak.

Informaziño gehixago Badihardugu, euskara eta euskalkia webgunian, eta diptikua Beasaingo udalaren webgunian, pdf honetan:

Beasaingo euskara. Beka-deialdia

Maddik "no, no, no, no" esan desta

Asier Sarasua 2005/01/24 23:55

Gure Maddik 18 hilabete eskas dakaz, baina txaplata hutsa da. Ez jako larregi aitzen, baina ixildu be ez da eitten. Berba gitxi batzuk bakarrik dakiz, baina dana aitzen dau.

Orain arte, berba bi euki dittu maittien: amama eta ez. Edozein galdera egin, eta erantzuna beti da bardiña, ez. Edo berak esaten daben moduan, exx.

Hori juan zan astera arte. Juan zan astian NO ikasi dau, eta orain hori da beran berba faboritua. Edozein galdera egin, eta ez behin edo birrittan, saillian esaten dau, jo-ta-sua: "aita! No-no-no-no-no!!

Ainhoak barre eitten dau. Ni modoko euskotalibana, eta alabiak erderaz erantzun!

Neri be grazia eitten desta. Serixo-serixo ipintzen da Maddi; musturra simurtu, eta sekulako indarrakin erantzutzen dau: "NO".

Harritzen, edo bildurtzen, edo kezkatzen nauana da, euskera hutsian bizi dan 18 hilabeteko ume-mokuak, nunonun ikasi dabela erderazko zeozer, eta gainera euskeria baino komunikatibuagua pentsatzen jakola.

atzapar, atzamar, atzaparka, atximurka...

Asier Sarasua 2005/01/13 23:55

Asteburuan ondarrutar batekin berbetan, eta galdetu zestan ia Eibarren zelan esaten dan "pellizcar". Eta gero: "eta arañar"?

Nik bixentzat bakarra darabilt: atximurka. Toribiok "Atzaparka" be badakar.

Kontu horri tiraka, pare bat galdera bota dittut Eibartarrak posta-zerrendara. Hamentxe:

  • atzaparka erabiltzen dozue? "Katuak atzaparka ein desta"
  • atximurka ala atxumurka?
  • atzapar ala atzamar
  • eta atxapar?
  • eta biatz?
  • eta azazkal, atzazkal, atzoskol, atzamoskol...

Eta beste herri batzuetako aldaerarik?

Aurkezpena

Eibar, Euskalkiak, Natura, Etnografia

Asier Sarasua Aranberri

Eibar, 1969. Naturzalea txikitatik; txorizalea joan zen mendetik; euskaltzalea betidanik. Sasibiologoa eta sasifilologoa. Txoriak ez ezik, txori-izenak ere behatzen ditut han-hemen. Blogroll ibiltari bat ere banaiz.

..........................

Blog honetako testu original guztien lizentzia: Creative Commons by-sa.

Somerights20

..........................

Blog honetako gai nagusiak

Sarean

Asier Sarasua Aranberri Twitter

Asier Sarasua Aranberri Flickr

Asier Sarasua Aranberri Facebook

Liburu eta proiektuak
Lehen Hitza Euskaraz