Eibarko lehelengo euskal jaixa, 1965
Eibarko lehelengo euskal jaixa 1965. urtian antolatu zan, Arrate Kulturalaren eskutik. Enekok sasoiko egunkari bateko kronika zoragarrixa laga zeskuan kulturaleko webgunian.
Frankismoaren urte ilunetan, euskal munduakin zerikusixa zeukan edozein ekimen antolatzia lan gogorra eta zaila zan. Imajinaziñua eta lan haundixari eskerrak, baina, Kulturaleko lagunak euskal jai haundixak antolatu zittuen Eibarren.
Lehelengo urtietako antolakuntzan nere gurasuak ibili ziran, eta eureri esker 1965-1970 bittarteko euskal jaixen pelikulak jaso dittut. Pelikulok nere aitxitxa Antonio Sarasuak grabau zittuan, Super 8 formatuan. Horri esker, garbi ikusten da sekulako jaialdixak antolatu zirala sasoi haretan, eta gehixenbat, orduko eibartarrak gaurkuak baino parte-hartzailiaguak zirana. Zenbat jente kale-ertzetan! Zenbat jente antolakuntzan! Zenbat dantzari eta txistulari!
Sei urtiotako pelikulak Euskal jaia Eibarren atalian ipini dittut. Igotako kopixen kalidadia ez da oso altua, baina orijinalak nahiko ondo ikusten dira. Grabaziño orijinalak nahi badoduz, edo informaziñoren bat gehittu bazeinke, gustora jasoko neuke zure barri.
Muestrarako, 1965eko ediziñua.
Pelikula guztiak hamen:
Euskal jaia Eibarren 1965-1970
Harridura perpausak
Atzo lagun batekin berbetan, eta entonaziñuan kontua aittatu genduan. Zelako garrantzixa dakan entonaziño egokixak berba eitteko orduan, eta zelan aldatu dan azken urtiotan.
Eibarko Euskara liburutik zati bat hartu dot (eta pixkat moldatu). Politta da, nik uste:
------
Harridura perpausak
Hiztunak baditu harridura-perpausak sortzeko formulak edo markatzaile bereziak (erakusleak, galdetzaileak, ba- , gero, baiña, ona, barren, behintzat...), harridura hori indartzeko balio dutenak, baina Eibarren bereziki intonazioa azpimarratzen da, normalean perpausaren azkenengo silaba indartzen delako.
Geró partikularekin indartuta
Gaiztua zara, geró!
Oin ez dago... Jentia, hori baiño, oin listuagua da, geró!
Baiñá partikularekin indartuta
Harek gu baiño zahartxuaguak zittuan baiñá!
Agure zahar guztiak han. Andrekin baiñá!
Guk zenbat perretxiko ekarri dogun! Zenbat, baiñá!
Ona adjektiboarekin indartuta
Ta beste baten, hori be txarragua zan ha, gerra ostekue zan ha, dios! Ha zan oná!
Ja-ta sartu etsa gaintxua aittak... ta betiko moduan oratu ta ekarri. Ha zan oná!
Hasi zuan jan ta jan, ta esan najetsan: "Zuk jaten dozu oná!"
Barren lokailua erabilita
Gizonak gara, barrén! Ez garala diferentiak!
Han juaten zanak ezer be: berrogei duro kobratzen zittuan, barrén!
Behintzat lokailuarekin indartuta
Basarrixetan ta bai, behintzát, e!
Ene! Hor ezin neike nik sartu, behintzát! Pentsau bez!
Ba partikularekin indartuta
Ez jakiñat bá!
Kauen diez! Oillagorrakin dagok bá!
Galdetzaileekin indartuta
Ba, ikusi eizu zelakó aldia dagon batetik bestera!
Eibarrek zelakó kanbixua emon daben!
Zenbat gaztaña egoten zan! Holako lokalak bi! Esajerau barik hori, e!
Erakuslea aurretik jarrita
Jesus...! Jo-ta danak
Haura zuan txalokiá! Ene! Zapatak etxian! Ha zuan pozá! Ha zuan pozá!
Ordena arrunta aldatuta
Azkarra gizoná!
Bai ba, zuek koruan eta profesionalak zarie eta etarako ez dozue premixuá!
Sentidu ez jok, ba, ein usaiñá!
Karo! Entzungo ez zan, bá!
Jatorra, jatorra mutillá!
Indartu nahi dena errepikatuta
Ikusgarri! Ikusgarri! Sardaua zelan eitten zan ta ikasi najuan ofiziua, ikasí!
Baiña zenbat perretxiko ekartzen genduan baiña!
Beste partikula batzuk erabiliz
Joño! Ikusi ez baneu, ez neban sinistuko!
Enee! Ene, ene! Gerrateko ipuiñek... eskasak die e! Eskasak!
Bueno...! Jesus, Maria ta Jose! Guk, bueno...!
Ene demoniuak! Bost oillagor gaur? Hamen usuak pasatzen ta...!?
Beinke! Han be horixe eitten eben, e?
Kontxo! Gabon zaharretan eingo juau.
Hegaztadian letxe!
Txikittatik ezagutu arren, berandu konturau nitzan esakera horren jatorrixaz. Esanguria bai, esanguria garbi nekan; ume-umetan ikasi neban nere aittak zeozer "hegaztadian letxe" eskatzen zebanian, bizkor egin bihar jakola kaso!
>> hegaztadian letxe · ziztu bizian; pitando, a toda leche.
"Jasoik hori! Hegaztadian letxe!"
Erderazko "a toda leche" horrekin antzekotasunen bat badaka be, jatorrixa ez da hori, jakiña, "hegan lez" baizik; hau da, "como volando".
Antzerakua da hegaztara baten esakeria.
>> hegaztara · vuelo; forma de volar.
oharra: Egixa esan, ez dakit benetan zelan idatzi bihar dan. Nik "hegaztadian letxe" esaten dot, baina "hegaztadan letxe" edo "hegaztadia letxe" izan biharko litzake? Eibarko hiztegi elektronikuan "hegaztadia letxe" sartu zan. Egixan esan, ez dakit.
Piano zoragarrixa!
Nere aitxitxa Antoniok askotan esaten zestan, "gerria gauza txarro dok, mutil!". Ez zeban gerrako gauza larregirik kontatzen, baina bai, frentia Eibarrera heldu zanian, etxia hustu bihar, eta gauza bi bakarrik gorde zittuala: pianua eta erretratuak. Beran famelixako argazki guztiak hartu, bere pianuan barruan ezkutau, eta Bilboko lagun batzuen etxian ezkutau zittuan gerria amaittu arte.
Eskerrak!, beran etxia holaxen geldittu zalako:
Erretratuan, nere aitta zana eta bere amama Gregoria Gisasola, 1941 inguruan. Errebal kalian dagoz, gerriak erretako euren etxiaren hondarren gaiñian jarritta.
Gerrako kontuak eta nere aitxitxan pianuaren ibilerak beste egun baterako lagako dittut, baiña esan deidan, berari eskerrak millaka erretrato dakaguzela familixan, eta hori moduko altxorrik nekez topau leikiala iñun. Kaja zaharrak zabaltzen ditturazen bakoitxian pentsatzen dot hori, eta eskerrak emoten detsaraz aitxitxari eta piano zoragarrixari.
Txolot > txolota
Kafe orduan barriketan.
- ba, txolota hartu ta... - batak
- zer? - bestiak
- antosiña! - hirugarrenak
- anto zer? - lehelenguak
Batzuetan harrittu eitten naiz, batian eta bestian zer gitxi ezagutzen doguzen inguruko berbak.
Eibarren normal-normala da txolot berbia. Gaztiak be, esango neuke, kanpiñian juateko txolota eruaten dabela. Eibartik 10 minutura, baiña, Azkoittixan, antuxune daroie, eta jakin bez txolota zer dan. Eta alderantziz.
Eta zer da txolota edo antosiña? Hiztegixak ez datoz bat: "bacineta; cazo; recipiente pequeño..." hainbat adiera datoz. Gehixen errepikatzen dana: acetre (RAEren arabera, "Caldero pequeño con que se saca agua de las tinajas o pozos").
Nik neuk holaxen definiduko neuke:
>> txolot · ontzi txikixa, gehixenetan kertenduna eta metalezkua. Esate baterako, mendira eruaten diranak.
Mendiko itturrixetan be egoten dira batzuetan ontzitxo batzuk, ezta? Ba horixe. Azkoittiko euskerie liburuan be, begira zer adibide datorren: "Artu mendireko antuxune motxilikin batea".
oharra: euskera batuan txolet eta antoxin idatzi bihar ei dira (Euskaltzaindiak ez dau oindiok lehelengua onartu).
Tripi-trapuak eta Ugaratxuak
Nere lankide Zaloak berba barrixa erakutsi desta gaur: "tripi-trapua". Zaloan aitta ondarrutarra da; beran herriko euskeria erdi-ezkutauta daka Eibarren bizi danetik, baina Zaloaren txikixakin jolasian, etxeko euskeriak urtetzen detsa, eta hortxe agertu jako tripi-trapua.
>> tripi-trapu rana • igela, ugaratxua.
Azkenaldixan umien artian igela besterik ez da entzutzen, baina animalixa horrek badakaz, bai, beste makiñatxo bat izen.
- Eibarren ugaratxua esaten da, eta gure inguruko herri gehixenetan antzera (ugaratxo, ugarixo, ugazixo, ugarixoso...)
- Urola kostan, xakela (azkoittiarrei be xakelak deitzen detse).
- Oñatin txantxikua (bertakuen gaitxizena be horixe da).
- Naparruako inguru batzuetan negela.
"Irten dut" eta "Irten naiz"
Eibartarrak zerrendan agertutako zalantza/galdera batzuk hizpide hartuta, pare bat lerro idatzi dittut gai horren inguruan. Ni be aspaldi nabil kontu horri bueltaka: "Zergaittik da okerra irten dut esatia?"
Eibartarrak zerrendako galderia zan, ia nun/zelan erabiltzen diran "irten naiz/dut" eta "atera naiz".
Salbuespenak salbuespen, esango neuke hegoaldian hauxe dala egoera orokorra SALIR esateko (Iparraldekorik, idearik bez):
IRTEN vs. ATERA
ATERA (ataa, atra, etaa...)
- Gipuzkoa ekialde guztian (Donostialdea, Tolosaldea, Oarso...), eta Nafarroan (gitxienez, Sakanan, Baztanen, Ultzaman...).
IRTEN
- URTEN: Bizkaixan eta Deba Ibarreko herri batzuetan (Eibar barne)
- ERTEN: Urola-kostan, Bergaran, Elgoibarren...
- IRTEN: Goierrin, gehixenbat
IRTEN DUT ala IRTEN NAIZ?
IRTEN iragankorra da (edo izan da) bere eremu ixa guztian: Bizkaixan, Deba Ibarrian, Urola-kosta ixa guztian, eta Goierri sartaldian (Legazpi, Segura, Urretxu...). Horretara:
- urten dot
- erten det/dot
- irten det
Nik dakidala, "irten naiz" tankerakuak Beasain ingurukuak dira gehixenbat (Zarautz ingurua be sartu leike multzo horretan). Halan da be, horixe da Euskaltzaindiak onartutako joskera zuzen bakarra: "IRTEN NAIZ". "Irten dut" estilokuak okerrak ei dira.
Antzerakua da "igo dut/naiz" kasua; eta talde horretakua be bai (nahiz eta beste neurri baten) "jolastu dut/naiz", guretzat iragankorrak izan arren, Euskaltzaindiak ez dabelako onartzen joskera hori.
Ni euskaldun fededuna naiz, eta zintzo betetzen dittut Euskaltzaindiaren arauak, baina zalantza txiki bat be badakat: hiztun gehixenok "irten dut" badiñogu, zergaittik ez dabe, gitxienez, aukeran laga? Jardun aditzakin horixe egin dabe.
Egongo da arrazoi historiko/linguistiko sendoren bat horretarako, seguru (soziolinguistikorik ez dago eta).
Blogari barrixak ezagutu dittut
Sustatuk 5 urte bete dittu, eta atzo ekitaldi eder bat antolatziaz gaiñera, euskal blogarixen arteko sariketia be antolatu dau.
Orain dala pare bat urte euskal blogari guztiak ezagutzen giñan, eta erreza zan beste blogarixen gorabeherak jarraitzia. Gaur egun euskerazko 1000 blog baino gehixago dagoz, eta ezin danak ezagutu.
Sustatuko sariketiari esker, ezagutzen ez nittuan hainbat blog ezagutzeko aukeria euki dot, eta poztutzen naiz. Beste batzuen artian, honetxek aittatuko neukez:
- KomikiBloga (Andoni Salegi). Argazki blogetik harutzago, komiki blog batekin be ausartu dalako, eta zorrotz dabilelako.
- The Indezents (Mikel Alvarez). Sariketako irabazlia, zelan ez. Euskeria eta blogak ganberruak be izan leikiazela erakutsi dau. Euskal blogosferan bakarretakua.
- Bizipoz kutsakorra (Malen eibartarra). Blogarixak 18 urtetxo besterik ez; bere blogak zutoin senduak, baiña.
- Euskargazki (Ekaitz Santazilia). Hasi besterik ez da egin, baina nabarmentzekua da Euskeria eta euskal kulturia argazkixetan aurkezteko eitten diharduan ahalegiña.
Zarauzko txori izenak
Azken bi urteotan, Zarauzko udalak emandako beka bati esker, Zarauzko euskara eta ahozko ondarea jasotzen jardun dugu. Hainbat kontu eta pasadizo jaso ditugu, eta txori-izenak jasotzeko ere aprobetxatu dut aukera hori, lehenago Eibarren eta inguruan egin nuen antzera.
Beheko zerrendan bildu ditut Zarautzen batutakoak. Izen zientifikoaren ostean, Zarautzen jasotako izenak datoz, beltzez; ondoren, Orio (O), Zumaia (Z), Getaria (G) eta Aia (A) inguruan jasotakoak (desberdinak direnean). Zerrenda honetan, jakina, forma nagusiak azpimarratu ditut. Txori batzuen kasuan, inguruko herrietako izenak ere ezagunak dira Zarautzen, eta alderantziz.
Helbide finko honetan ere laga ditut, zerrenda osoa jaisteko aukerarekin: Txori izenak Zarautzen
Zarauzko txori izenak
Getaria, Zumaia, Orio eta Aiako zenbait izenekin batera
- Accipiter nissus: Kabiroi, Gabiroi, Kabidore, Kabirore // Gabilloi (O)
- Actitis hypoleucos: Kulixka txiki
- Aegithalos caudatus: Kaskabeltx buztanluxe
- Alauda arvensis: Txirripitto, Txirripito, Txirripirritxo // Kalandria (A)
- Alca torda: Potorra (mokomotz) // Joxebi (O), Pottorro (Z)
- Alcedo atthis: Martintxo, Martiñ arrantzale // Martin polit (O)
- Alectoris rufa: Eper
- Anas crecca: Zertzeta, Ahate txiki
- Anas plathyrrhynchos: Ahate
- Anser anser: Antzar
- Anthus sp.: Txiote, Siote, Larretxori // Arbitxori (O), Txiote (G), Zelaitxori (Z)
- Apus apus: Txirringillo, Txirringulo, Zirringillo, Txena beltz // Mitxigu (A), Mentsejo (O), Arrantxori (Z)
- Ardea cinerea: Koartza
- Athene noctua: Moxolo (txiki)
- Burhinus oedicnemus: Alka(ba)n gorri // Basoillo txiki (A), Brankoliñ (O), Pasandera (Z)
- Buteo buteo: Zapelaitz
- Calidris alba: Txilipota
- Caprimulgus europeus: Gautxori, gauiña (gutxi erabilia)
- Carduelis cannabina: Txoka
- Carduelis carduelis: Kardantxulo, Kardintxulo // Guardantxulo (O), Gardantxulo (Z)
- Carduelis chloris: Berdeloi, Berdoi // Arbitxori (A)
- Carduelis spinus: Tariñ
- Certhia brachydactyla: Okiltxori
- Cettia cetti: Errekatxindor
- Charadrius sp.: Txilipota
- Ciconia ciconia: Zigueña
- Cinclus cinclus: Urxoxo, errekaxoxo?
- Circus cyaneus: Saizuri
- Coccothraustes coccothraustes: Pintzanen giyoi
- Columba livia: Uso erdiko
- Columba oenas: Uso txiki, soloma
- Columba palumbus: Pag(o)uso, uso haundi
- Corvus corax: Bele
- Corvus corone: Bele
- Corvus monedula: Bele txiki
- Coturnix coturnix: Galeper
- Crex crex: Galeperren gilloi, Gilloi
- Cuculus canorus: Kuku
- Delichon urbica: Iñara txiki, Iñara ipurzuri, Txena txiki, Txena ipurzuri
- Dendrocopos minor: Napar-okil, Okil txiki
- Emberiza citrinella: Bordon
- Erithacus rubecula: Txantxa(n)gorri
- Falco peregrinus: Halkoi
- Falco tinnunculus: Kabiroi txiki, kabidore txiki
- Ficedula hypoleuca: Txinbo, Pikutxori
- Fratercula arctica: Eperramuxu // Getarian jasoa
- Fringilla coelebs: Pintzan // Pintxan (A), Pintxen (O), Pa(r)anda (Z)
- Fringilla montifringilla: Paseko pintzan
- Fulica atra: Hanka berde // Zumaian jasoa
- Gallinago gallinago: Istingor
- Gallinula chloropus: Uroillo
- Garrulus glandarius: Iskiaso, ixkiaso // Iskiñaso (A). Iskixu (Z)
- Gavia immer: Sakillo // Getarian jasoa
- Gavia stellata: Kaburuxo // Getarian jasoa
- Grus grus: Kurrillo
- Gyps fulvus: Putre
- Hankaluzeak (Limikolak): Kulixkak, Brankoliñak
- Hirundo rustica: Iña(r)a, Txena // Enara (A), Txena(r)a (G, Z), Txau/Txeu (Z), Ena (O)
- Hydrobates pelagicus: Billabarrika, Millabarrika
- Lanius collurio: Zaldubi, Txorihaundi?, Begihaundi?
- Larus cacchinans: Kayo handi, Kayar
- Larus fuscus: Kapabeltz
- Larus ridibundus: Kayo burubeltz, Kayo txiki // Txirriñ (Z)
- Limosa limosa: Kulixka txiki, Brankoliñ
- Loxia curvirostra: Mokoker
- Lullula arborea: Txirripitto, Txirripito
- Luscinia megarhynchos: Urretxindor
- Milvus milvus: Miru
- Morus bassana: Glope, Zanga // Getarian 'glope'; Orion
zanga
- Motacilla alba: Buztainka, Buxtainka
- Motacilla cinerea: Buztainka hori
- Muscicapa striata: Txinbo
- Numenius arquata: Maietz kulixka, Kulixka haundi
- Oenanthe oenanthe: Buztanzuri
- Parus sp.: Kaskabeltz
- Passer domesticus: Txolarre // Hormatxori (A), Mokomotz (A), Eletxori (G), Txorrotxoi (O), Patxizar (Z)
- Phalacrocorax carbo: Kabarroso, Gabarroso // Kormoroi (Z)
- Phoenicurus ochruros: Buztangorri
- Phylloscopus collybita: Txepetxuri, Moitu // Putta (A)
- Pica pica: Mika
- Picus viridis: Okil
- Prunella modularis: Sasitxori // Zumaian jasoa
- Puffinus puffinus: Gabai // Kabratxori (G), Arratxori (Z)
- Pyrrhocorax pyrrhocorax: Belatxinga
- Pyrrhula pyrrhula: Motatxori, Txonta // Pintxen erreal (O), Petxugorri (Z)
- Rallus aquaticus: Uroillo txiki
- Regulus ignicapillus: Piñu-txori, Txepetxuri
- Saxicola torquata: Otatxori // Txartxar (O), Istra (G, Z)
- Scolopax rusticola: Oillagor
- Serinus serinus: Txarraskala, Txirriskala, Arbitxori // Txirriskla (O)
- Sitta europaea: Okiltxori
- Stercorarius parasiticus: Kakax buztanluxe
- Stercorarius skua: Kakax // Kakajale (O, Z), Mariko(i) (O)
- Sterna hirundo: Txirriñ, Antxeta?
- Streptopelia turtur: Tortola
- Strix aluco: Hontz
- Sturnus vulgaris: Artxoxo, Napar-artxoxo // Naparxoxo (A), Larxoxo (O), Gazteluzozo (Z)
- Sylvia atricapilla: Txinbo, Pikotxori // Burubeltx (Z)
- Sylvia communis: Txinbo
- Tetrax tetrax: Alka(ba)n zuri // Basoillo (A, O), Ahate zuri (G, Z), Mendioillo (G. Z)
- Troglodytes troglodytes: Txepetx
- Turdus iliacus: Pasadako birigarro, Naparbidigarro
- Turdus merula: Xoxo
- Turdus philomelos: Bidi(g)arro, Biri(g)arro // Begiarro (Z)
- Turdus pilaris: Pasadako kaaztarro
- Turdus viscivorus: Kaaztarro, Kaxtarro
- Tyto alba: Hontz zuri
- Upupa epops: Argioillar
- Uria aalge: Potorra (mokoluze)
- Vanellus vanellus: Egabera
Eskerrak eman nahi dizkiot, egindako ekarpenengatik, Pello Izkeaga ornitologo zarauztarrari.
Lekeittion "esan nau"
Josu Mendikutek atara zeban gaixa Eibartarrak zerrendan: Lekeition "esan nau" esaten ei da, eta ez "esan dosta" edo enparaurik. Kuriosua. Banekixan Oiartzun-Hondarribia inguruan holaxen zala, baina Lekeittioko kontua ez neban ezagutzen.
Han eta hamen begiratu eta kontu horren inguruko aipamen batzuk jaso dittut.
The basque dialect of Lekeitio
Lekeittiarrak zorte haundixa dauke herri hizkeren kontu honetan: euskal filologuen artian maixu dan J.I. Hualdek euren herriko euskeria aztertu zeban oin dala 10-15 urte.
Baina suerte txarra be badake: lana inglesez idatzi zeban, ez da bape-bape dibulgatibua, eta gaiñera nahiko ediziño kaskarra daka. Hauxe da: The basque dialect of Lekeitio. J.I. Hualde, G. Elordieta eta A. Elordieta (1994).
Eta hortxe dago, 124-125. orrialdietan, Josuk aittatutako kontua.
Laburtuz: Nor-Nori-Nork eta Nor-Nork nahastau eitten dittue Lekeittion, baina datibua lehelengo pertsonia danian bakarrik, ez bestietan. (hau da, emon nau; baiña emon dotzut).
Liburutik:
"The transitive auxiliary also possesses trivalent forms (ergative-absolutive-dative) in the present indicative. (...) It should be noted that, for the case where the indirect object is a first person singular or plural, there are no distict trivalent forms, but trivalent forms are used instead. (...) The loss of the original trivalent forms for first person indirect objects is characteristic of the Lekeitio variety, and it is not found in neighboring varieties such as Ondarroa. For second and third person indirect objects, on the other hand, the distinction has been preserved in Lekeitio."
Adibide batzuk be emoten dittue:
"ikusi nau" vs. "liburúa emon nau"
"ikusi saittut" vs. "liburúa emon dotzut"
Eta oin-oharretan:
(...) The (partial) merging between direct and indirect objects in verbal morphology and case marking is a phenomenon as solecism of the coast which is found in a number of coastal towns as far away as Hondarribia (...) and Saint Jean de Luz (...). "
Azken parrafo horretan ez dabiz oso zehatz Hualde eta Elordietatarrak. Zuazok azalpen zabalagua emoten dau.
Hedadura geografikua
Zuazoren "Euskalkiak gaur" (1998) artikulu ezagunian be aittatzen da kontu hori, zelan ez (214-215 orrialdietan). Egixa esan, ez dau nabarmentzen ezaugarri berezi modura, beste kontu batzuk azaltzen dittuan bittartian aittatzen dau, besterik ez (eta pixkat lekuz kanpo, Euskal Herri Hegoaldeko ezaugarrixen artian sailkatuta datorrelako):
"Lapurdi, Nafarroa Garaia eta Gipuzkoako hizkera batzuetan (...) Nor-Nori-Nork sailekoen ordez, Nor-Nork sailekoak erabiltzen dira. Horren lekuko, Oiartzungo hauek: pena ematen nau; kantatuko zattut; alkolak enau bate ongi itten (Fraile & Fraile, 1996:118). Lapurdiko eremu zabalean bete da bilakaera hau: Bidarte, Basusarri, Arrangoitze, Senpere eta Ainhoa bitartean, behinik behin, eta hauekin bat datoz Urdazubi eta Zugarramurdi (Irizar, 1997). Nafarroa Garaian eta Gipuzkoan ez da hain erabatekoa. Usurbil-Donostia-Hernani lerroan abiatu eta Bortziriak (Bera eta Etxalar), Doneztebe eta Bertizarana bitartean gertatzen da (Irizar, 1991-1 eta 1992). Bizkaiko herri baten ere -Lekeition-, behinik behin, bada (Hualde eta alii 1994: 125-126)."
Eta jakiña, Urko abeslarixan "Zibilak esan naute" be hortxe daukagu, beti goguan.