Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / e-gorblog

e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)

Iritsi da!

e-gor 2008/01/02 23:15
OLPC proiektuaren XO ordenagailua etxean dugu jada

Duela gutxi OLPC proiektuari buruz idatzi nuen artikulu baten komentatu nuen nola eskatu nuen nire XO ordenagailua Give One Get One kanpainaren bidez (bi ordenagailu eramangarri ordaindu, bat norberarentzat eta bestea hirugarren munduko haur batentzat). Ba gaur iritsi da!

Irikitakoan, pena pixka bat hartu dut bateria kargatzeko biradera edo tiratzeko soka ez duela ikusita... Gero interneten begiratuta ikusi dut horrela abisatuta zeukatela, hori hirugarren munduko haurrentzakoetan soilik dagoela. Baina tira, berdin dio!

Bestela, lehen inpresioa ona izan da, egia esan dena espero nuen bezala izan da: txikia eta arina da, eramangarriak behar duen moduan; ez ditu beste sistema batzuk adina aplikazio, baina beharrik ere ez, eramangarri baten behar diren aplikazioak baditu, nahiz eta bertsio arinagoak izan, eta bestela web aplikazioak erabil daitezke; kamera, mikrofonoa eta wi-fi konexioa ditu; disko gogorrik edo CD/DVD irakurgailurik ez du, baina USB portuak horiek konektatzeko bai.

Gehien harritu nauena izan da hezkuntzarako eta ikasteko zein aplikazio onak dituen, eta elkarlanerako zein ondo prestatuta! Aplikazioak bai baina elkarlanerako aukera ezingo dute gure haurrek erabili, gelan edo inguruan beste inork ez baitu (nik dakidala behintzat;-)

Orain osagarriak lortu, jarri eta probatu behar ditut (entxufe estatubatuarrentzako egokigailua, wi-fi router-a, sagua...) eta gero askoz gehiago erabili eta probatu, ondoren blog honetan azterketa sakonago bat idazteko. Stay tuned!

Crash Comic 2007 Gasteizen, bihartik aurrera

e-gor 2007/12/19 23:05
Programa zabala, emakume komikigileak oinarri hartuta
Crash Comic 2007 Gasteizen, bihartik aurrera

Irudia: Atiza

Urtero bezala, Gasteizko Atiza elkarteak Crash Comic komiki-jaialdia antolatu du, hainbat erakusketa, jardunaldi eta besterekin. Aurtengo programa emakume komikigileen inguruan antolatuta dago.

Jarraian zerrendatuko ditut aurtengo edizioko ekitaldi nagusiak.

"Emakumezko egileak komikigintzan" jardunaldiak

Montehermoso Kulturunean izango dira, bi ekintza hauekin:

  • Elkarrizketa (abenduaren 21ean, 18:30ean): Chantal Montellier (elkarrizketatzailea: Antonio Altarriba)

"Emakume sortzaileak komikigintzan" erakusketa

Zuloa gunean izango da, abenduaren 20tik otsailaren 20ra. Inaugurazioa abenduaren 20an 20:00etan izango da.

Gaueko Crash Comic

Gaueko ekintza batzuk ere izango dira, Aldabe Gizarte Etxean:

  • Komiki-lehiaketaren erabakia (abenduaren 21ean, 22:00etan): Crash 07 Gazteentzako Komikien Lehiaketaren irabazleak jakinaraziko dituzte eta aurkeztutako komikiekin osatutako erakusketa inauguratu.
  • Komikia zuzenean (abenduaren 21ean, 23:00etan): Atiza Elkarteko komikigileen eskutik.

Bestelakoak

Beste hauek ere sartzen dituzte programan:

  • Komikiteka (abenduaren 20tik urtarrilaren 15era): Artium-eko liburutegian emakume komikigileekin lotutako hainbat argitalpen kontsultagai izango dira.
  • Komikien irakurketa sustatzeko kanpaina (abenduaren 20tik aurrera): Artium-eko komikitekan eta Zuloa liburudendan Rakel Alzatek egindako komikizaletasuna bultzatzeko kartela eskuratu ahal izango da.
  • 30 X 30 liburua: Zuloa liburudendan 30 X 30 - Gure komikiaren tamaina (1976-2006) liburua, iaz blog honetan komentatu genuena, eskuragai izango da.

(Eskerrik asko txibatazoagatik, Oihana!)

OLPC proiektuaren alde

e-gor 2007/12/10 15:55
Hirugarren munduko haurrentzako ordenagailu eramangarrien proiektuaren aurka argitaratutako artikuluei erantzuna
OLPC proiektuaren alde

Irudia: Wikipedia

Gara eta Gaur8 medioetako kolaboratzaile Iratxe Esnaola tematuta dabil OLPC (One Laptop Per Child) proiektuaren aurka, bi artikulu idatzi baititu berriki berau kritikatuz: bata Garan urriaren 30ean eta bestea Gaur8n azaroaren 30ean.

One Laptop Per Child proiektuak, izen bereko irabazi asmorik gabeko fundazioaren bidez, ordenagailu eramangarriak jarri nahi ditu hirugarren munduko haurren eskura, mundu garatu eta azpigaratuaren arteko eten digitala txikitu asmoz. Ekimen oso interesgarria, zinez txalogarria eta laguntzeko modukoa dela uste dut. Eta aipatutako kontrako artikuluak zehazgabetasunez, oinarririk gabeko zurrumurruez eta okerrez beteak daudenez, eta euren web guneetan erantzuteko aukerarik ematen ez dutenez, artikulu hau idaztea pentsatu dut OLPC proiektua jendeari azaltzeko eta jendearengan beraren aldeko jarrera bultzatzeko, baina datuetan eta frogatutako ekintzetan oinarrituz.

OLPC proiektua

MIT (Massachusetts Institute of Technology) prestigiotsuak eta bertako langile den Nicholas Negroponte informatikaren guru ezagunak bultzatutako ekimena da. Bere helburua hirugarren munduko haurren hezkuntzan IKTen bidez laguntzea da, horretarako euren eskuetan ordenagailu eramangarriak (eta, beraren bidez, Internet ere bai) jarriz. Ordenagailuen profesional eta zale naizen aldetik, ekimen honi zinez interesgarria deritzot. Bati baino gehiagori entzun edo irakurri diot herrialde azpigaratuetako haurrek, ordenagailuena baino, beste gauza batzuen behar handiagoa dutela, hala nola janaria, sendagaiak... Baina nire ustez horiek bezain garrantzitsua da haur horien hezkuntza, horren bidez lortu ahal izango baita, etorkizunean, herrialde horien garapen ekonomikoa eta ezberdintasunak murriztea. "El saber nos hará libres"!

Proiektuaren helburua lortzeko, ordenagailu eramangarri bat diseinatzeari ekin zioten, baina ordenagailu ekoizleek ohiko eramangarriak diseinatzerakoan kontuan izaten dituzten irizpideen arabera egin beharrean (azkarra, potentea, disko gogor handia, 3D grafikoetarako prestatuta...), beste irizpide batzuk izan zituzten kontuan. Herrialde pobreetako haurrek erabiltzeko moduko ordenagailua izan behar zen: arina, kontsumo txikikoa, erraz hausten ez dena, eguzki argitan ere pantaila ongi ikusiko dena... Eta hori guztia, gainera, prezio merkean. Asmoa zen hirugarren munduko gobernuek milioi bat unitateko lotetan eros zitzatela, eta kantitate horietan ekoitzita kostua 100 dolarrekoa izatea.

XO, zoragarria!

Diseinatu duten ordenagailua XO bataiatu dute, eta teknologiaren miraria da. Ni guztiz maiteminduta nauka. Begira zein ezaugarri dituen:

  • 1,5 kg pisatzen ditu.
  • 7,5 hazbeteko pantaila du, 1200x900 pixeleko erresoluziokoa. Baina ez da LCD edo TFT pantaila, tinta elektronikozkoa baizik. Pantaila mota honetan paperean inprimatuta balego bezala ikusten da, baita kanpoan eta eguzki argitan ere. Gainera, beste pantailek baino askoz gutxiago kontsumitzen du. Horrez gain, pantaila biratu daiteke eta tapa ixtean, liburu elektroniko baten gisan gelditzen da, teklaturik gabe eta soilik liburuan zehar mugitzeko geziekin.
  • Oso kontsumo txikia du. Ohiko eramangarriek 10W eta 45W artean kontsumitzen badute, XO-ak 2W besterik ez du behar erabilera normalean eta 0,3W eta 0,8W artean liburu elektroniko funtzionamenduan (funtzionamendu modu honetan dena itzaltzen da pantaila izan ezik, eta beste orri batera mugitzen garenean ordenagailua esnatu, egin beharrekoa egin eta berriz itzaltzen da, eta pizteko segundo hamarren bat besterik behar ez duenez, nabaritu ere ez da egiten). Kontsumo-maila horrekin, orduak edota egunak iraun ditzake bateria kargatu beharrik gabe. Baina gainera eguzki-plaka dauka etengabe kargatzen joateko. Eta hori nahikoa ez balitz, soka bati tiraka kargatu dezakegu, Zodiac bat bailitzan! Ikusten duzuenez, elektrizitaterik ere ez dagoen tokietan erabil daiteke. Eta entxufatuta bateria kargatzeko modu tradizionala ere badu, 2000-3000 karga onartzen dituen bateriarekin gainera, normalak baino 4-5 aldiz gehiago.
  • Internetera konektatzeko Wi-Fi erabiltzen du. Bi antena ditu, ordenagailuaren tapa irekitzeko derrigorrez altxa behar direnak, eta antenon bidez ohiko Wi-Fi txartelek baino irismen handiagoa du, 2,3 km-rainokoa oztoporik gabeko lautadan. Gainera, ekipoa itzalita egonda ere, Wi-Fi sistemak router gisan funtzionatzen du, konexio-puntutik urrutiegi dauden beste haurren ordenagailuei konexioa ahalbidetuz. 10 saltotara dagoen ordenagailu batek ere seinale oso ona izan dezake. Eta hori dena 0,8W kontsumituz, beste Wi-Fi konexioek 10W behar izaten dutenean!
  • Ordenagailuaren teklatua iragazgaitza da, eta ura edo lurra lasai bota dakioke, ez da barrura sartzen. Eta ez da beste ordenagailu eramangarriak bezain hauskorra, lurrera erorita ez da apurtzen.
  • Bideokamara, mikrofonoa, bozgorailuak eta 3 USB ataka ere baditu.
  • Linux sistema eragilea dauka, zehazki Fedora banaketaren bertsio murriztu bat, Sugar interfaze grafikoarekin. Ondoko softwarea dauka: Internet nabigatzailea, testu-prozesadorea, txat programa, VoIP programa, Python programazio-lengoaia, audio eta bideo erreproduzigailuak... Programa guztiek kolaborazio aukera ematen dute. Eta edozein programatan zaudela, nahikoa da tekla bat sakatzea bere Python iturburua ikusi edo aldatzeko (edo, zeozer hautsiz gero, dena lehen bezala uzteko).

Ez naiz ni XO-ari laudorioak abesten dizkion bakarra, nahi baduzue ikusi hemen eransten dizuedan The New York Times-ek egindako bideoa, edo irakurri Fox News-en artikulu hau .

Hala ere, dena ezin perfektua izan, eta baditu gauza batzuk ez daudenak hain ongi:

  • Biltegiratze-unitate gisa 1GB-eko flash memoria dauka, agian txikiegia izan daitekeena. Hala ere, beti konektatu diezaiokegu pendrive bat USB portuan edo on-line biltegiratze sistema bat erabili...
  • Ez dauka CD edo DVD irakurgailurik. Baina honetan ere kanpoko bat konektatu diezaiokegu USB portutik...
  • Software gutxi dauka, nahiz eta egunetik egunera Internetetik jaitsi daitezkeen aplikazio gero eta gehiago dauden XO-rako . Eta gainera, beti erabili ditzakegu web aplikazioak, eta gaur egun ia edozertarako daude aplikazioak web-ean... Baina horrez gain, beste edozein sistema eragile eta software instalatu dakiokeela diote euren wikian...
  • Kostuan ere ez dute lortu 100 dolarren helburua, etengabe igoaz joan da, batez ere dolarraren jaitsieragatik (Taiwanen fabrikatzen da-eta). Oraingoz 188 dolarretan dago kostua, baina eskari gero eta handiagoak izanez gero jaisten joango dela espero dute. Eta hala ere, beste edozeinek baino askoz merkeagoa izaten jarraitzen du!

Puntu negatibo eta guzti, hau bai dela benetako eramangarria! Berau ikusi eta gero, ikuspegia aldatzen zaizu. Nik jada ez dakit beste ekoizleak nola ez diren lotsatzen "eramangarri" deitzean saltzen dituzten mamotreto horiei: apur batez sorbaldatik eskegita eramanez gero klabikula fastidiatzen dizute, bateria segituan bukatzen da eta entxufe bila hasi behar duzu... Eta gainera hain garesti!

Gara eta Gaur8-ko artikuluak

Iratxe Esnaolak bi artikulu idatzi ditu berriki Garan eta Gaur8n OLPC proiektua kritikatuz eta ezbaian jarriz. Artikuluotan proiektu humanitario gisa sortutakoa helburu komertzialeko ekimen bihurtu dela salatzen da, 100 dolarretako hirugarren mundurako ordenagailuak 300 eurotan mundu guztirako salgai jarri dituztela esanez, beste hainbat puntu ilun eta esku beltz iradokitzeaz gain. Bertan esaten diren gauza asko oker daude eta beste askorekin ez nago batere ados, eta horiek banan-banan komentatuko ditut:

  • "...Hasiera batean "100 dolarreko ordenagailua" izenarekin jaio zen. Gero "OLPC" deitzea erabaki zuten ("One Laptop Per Child" edo "ordenagailu eramangarri bat haur bakoitzeko"). Eta, azkenean, "XO" izenarekin merkaturatu dute..." dio lehen artikuluak, eta ez da zuzena. Proiektuak hasieratik izan du OLPC izena, medioek eta jendeak deitu zioten 100 dolarreko ordenagailua, eta XO proiektu horrek banatuko duen lehen ordenagailu modeloaren izena da.
  • "...ordenagailu txiki, berde eta berezi bat jarriko dute salmentan mundu mailan...", "...izenarekin merkaturatu dute..." eta "...izango da erosgai..." dio lehen artikuluan, eta "...dagoeneko salgai dago..." bigarren artikuluan. Hau ez da zehatza. Proiektuaren helburuak hirugarren munduko haurrei ordenagailu eramangarriak helaraztea izaten jarraitzen du, gobernuei lote handitan salduz. Baina helburu hori finantzatzen laguntzeko hasieratik onartu dituzte laguntzak, eta euren web gunean hasieratik egon da edozein partikularrek hirugarren munduko haur bati ordenagailu bat (edo gehiago) finantzatzeko aukera. Orain martxan jarri dutena beste laguntzeko eredu bat da, Give one get one izenekoa, zeinaren bidez bi ordenagailuren kostua ordaintzeko aukera ematen dizuten, eta bat zuk jasotzen duzu eta beste bat herrialde azpigaratu bateko haur batek. Baina laguntzeko promozio kanpaina mugatu bat da, ez dituzte ordenagailuok salgai jarri.
  • "... jarriko dute salmentan mundu mailan..." dio lehen artikuluan, baina kanpaina Ameriketako Estatu Batuak eta Kanadarako soilik da. Eta hau ziur dakit, ni saiatu bainaiz egiten eta ez dit utzi...
  • "...300 euro inguru balioko dituen ordenagailu humanitario berde hauetako bi erosi..." dio lehen artikuluak eta "...dagoeneko salgai dago 300 bat eurotan..." bigarrenak. Hau ez da horrela. Ordenagailuaren prezioa 200 dolarretan zehaztu dute kanpainarako. Bi ordaindu behar dituzu, eta bidaltze-gastuak gehituta 423,95 dolar da guztira (289 euro inguru une honetan). Hau ere ziur dakit, egin baitut eskaera nire Boise konekxionaren bitartez (eskerrik asko Nere eta Chris!). Beraz, ez dira 300 euroko bi ordaindu behar inondik inora.
  • "...MIT erakundeak Luxemburgoko enpresa bat kontratatua du, zeinak ordenagailuen satelite bidezko kokapena kontrolatzen duen..." dio lehen artikuluan. MIT erakundeak hasieratik daukan kezka da ordenagailu hauek ez ote diren saldu edo lapurtuko, eta ez ote den gero horien inguruan merkatu beltz bat eratuko. Hori ekiditeko, horrelako kasuetan ordenagailuak blokeatuko dituen sistema bat daukate, eta hau ez da sekretuan gordetzen duten zerbait. Baina hori lortzeko ez da GPSrik behar... Eta XO-k ez dauka GPSrik; benetan izango balu, erraz frogatu ahal izango lukete zurrumurruen asmatzaileek...
  • "...XO ordenagailuak duen zerbitzari sistema baten bitartez, Wi-Fi bidezko sare-konexioa ahalbidetzen duen neurri berean, beste ekipoetako edukiak ikusi eta kontrola ditzakete..." dio lehen artikuluak. Hezkuntzarako pentsatuta daudenez, XO-k dituen tresna guztiak oso kolaboratiboak dira, eta gelakideek euren lagunek egindakoa ikusi eta osatu dezakete. Hori horrela da, ez da ezkutuko ezer, feature bat da, eta NY Times-eko bideoan ikusten da. Baina MITek edo Luxenburgoko enpresa horrek ere ikus dezaketela esatea, konspiranoikoegia iruditzen zait. Eta egia balitz, hau ere erraz frogatu ahal izango litzateke, komunikazioak aztertze hutsarekin...
  • "...Diotenez, Nicholas Negroponte zientzia informatikoetan guru edo aditua da. Baina John Negroponteren anaia, AEBetako inteligentzia zerbitzuen zuzendaria omen da..." dio lehen artikuluan. Hori zen, beraz! Tira, ez da serioa proiektuarekiko mesfidantza eta kritika guztiak ahaidetasun horretan oinarritzea...
  • "...software librea oinarri hartuta garatu bada ere, MITekoek sistema itxi eta bertan aldaketak egiteko aukera mugatu omen dute..." dio lehen artikuluak, eta ez da egia. Sistema software mugatuarekin dator, bai, eta ez dauzka beste distribuzioek adina erraztasun berria instalatzeko, egia da, baina instalatu daitezke gauza berriak (euren wikitik software gehigarria jaitsi daiteke) edo baita beste sistema eragile bat ere (wikian diote Debian-ekin hardware guztiak funtzionatuko duela). Eta nahi duenak software berria garatu dezake (ikusi wikiko garatzaileentzako informazioa) edo instalatuta dakarrena aldatu (NY Times-eko bideoan ikusten da aski dela tekla bat sakatzea iturburu-kodea ikusteko eta aldatzeko).

Ikusten duzuenez, oker gehienak lehenengo artikulukoak dira. Baina gainera berau zurrumurru, iritzi eta zehazgabetasunetan soilik oinarritzen da, inongo iturririk aipatu gabe. "Bada bestelakorik pentsatzen duenik ere", "badu alderdi ilunik", "badirudi zerbait ezkutatzen duela", "kutsu ekonomikoa hartu dionik ere bada", "diotenez", "webgune fidagarri bat baino gehiagotan irakur daitekeenaren arabera", "itxuraz", "zurrumurruek gehiago ere esaten dute"... Prentsa arrosa edo sentsazionalista dirudi gehiago, kazetaritza serioa baino!

Bigarren artikulua txukunagoa da, gehiago oinarritzen da datuetan eta datu horietako gehienak zuzenak dira, aipatu diren biak izan ezik (salgai eta 300 eurotan dagoela esatea). Bat nentorke bertan salatzen duenarekin, hainbat ordenagailu enpresa hirugarren mundua merkatu gisa ikusten hasi direla alegia, ez balu OLPC proiektua ere zaku berean sartuko...

Zurrumurruen jatorria

Egia da OLPC proiektuak aurkako zurrumurru eta eraso ugari izan dituela. Baina Iratxek jakin beharko luke, informatikaren mundua jarraitzen duen edozeinek dakien bezala, bigarren artikuluan aipatzen dituen moduko multinazionalek (Intel, Microsoft, ASUS...) zein taktika erabiltzen dituzten negozioa izorratu diezaiekeen edozeren aurka (Microsoft urteetan ari da Linux-en inguruan FUD-a, hau da, Fear, Uncertainty, Doubt, zabaltzen), eta imajinatu beharko luke nondik datozen eraso eta zurrumurruok.

Izan ere, enpresa handi askok dituzte interesak OLPC proiektuaren aurka: Intel -ek, XO-k AMD prozesagailua daramalako; Microsoft-ek, XO-k Linux sistema eragilea eta berea ez den ofimatika paketea daramalako; eta edozein portatil ekoizlek, ez soilik merkatu potentzial bat kentzen dietelako (nahiz eta OLPC etorri arte okurritu ere ez zitzaien egin hirugarren mundurako ordenagailu merkeak egitea), baita ipurdia agerian uzten dituelako ere (posible bada ordenagailu hain onak hain merke egitea, zertan hostia dabiltza guri beste ladrillo garesti horiek saltzen?).

Iratxek ez ditu bere informazio-iturriak aipatzen, beraz ezin zehatz kontrastatu berak dioena. Baina nik banuen hainbat eraso eta zurrumurruren berri, eta Internetera jo dut gehiagoren bila. Eta noski, ia guztiak enpresa interesatuetatik datoz: Intel contra el portátil de los 100 dólares, Gates contra el portátil de los 100 dólares, Intel y Microsoft, contra el proyecto OLPC, El proyecto OLPC, amenazado por una patente...

Aurkitu dudan serio hartzeko moduko kritika bakarrak Daniel Oliverak egindakoak dira, baina nahikoa funsgabeak direla esan daiteke, aski ongi errefusatu izan baitituzte toki askotan, ikusi Deustuko Unibertsitateko software libreari buruzko blog bikaineko artikulu hau.

Proiektuaren egungo egoera

Tamalez, OLPC proiektua ez doa eurek nahi bezain ongi. Batetik, ordenagailuaren kostua 100 dolar izatea nahi zuten, eta ez dute lortu. Bestetik, 2008 urtearen amaierarako 150 milioi ordenagailu banatzea espero zuten, 2005ean proiektua aurkeztean hainbat gobernuk agertutako aldeko asmoak ikusita, baina ez dira horretara inondik inora iritsiko, herrialde askok atzera egin baitute edo erosketa atzeratu baitute.

Momentuz, Peruk eta Uruguaik soilik erosi dute XO ordenagailua, eta erosteko asmoekin jarraitzen dute Argentina, Kanbodia, Costa Rica, Dominikar Errepublika, Egipto, Grezia, Libia, Nigeria, Pakistan, Ruanda eta Tunisiak.

Hau gertatzearen arrazoiak hainbat dira. Batzuk azken prezioa bikoiztu egin delako egin dute atzera. Tailandian estatu kolpearen ondoko gobernu berriak atzera bota zuen aurrekoaren erabakia. Beste batzuk multinazionalen ohiko taktiken erruz izan dira: batzuengan FUDak efektua izan du, beste batzuk kontraeskaintzak onartu dituzte eta beste batzuk pasiloetako jukutria eta eroskerien erruz erori dira, ziur.

Azken apologia

OLPC proiektuaren asmoei guztiz txalogarriak deritzet, eta uste dut argi geratu dela ez dagoela arrazoirik asmook benetakoak ez direla pentsatzeko. Pena da proiektuak bidean hainbeste eragozpen aurkitzea eta nahi bezain ongi ez joatea, eta horiei gainera Gara eta Gaur8ko artikuluak gehitzen bazaizkie... Nik, artikulu honen bidez, horiek egindako kaltea konpontzen saiatu nahi dut, nahiz eta ez diren konparagarriak Gararen eta blog honen audientzia eta influentzia. Irakurritakoarekin ados bazaude eta zuk ere OLPC proiektuari lagundu nahi badiozu, zabaldu mezua ahal duzun neurri eta moduan!

Eta gabon hauetarako opari egoki bakarra ez dira komikiak... Give one get one kanpaina urte amaiera arte dago indarrean. Nik egin dudan bezala, Estatu Batuetan lagunik baduzu, 300 euro baino gutxiagogatik kristoren ordenagailu eramangarria izan dezakezu (txikia, pisu gutxikoa, ekologikoa, kontsumo gutxikoa, erresistentea, WiFi konexioarekin, software librearekin...), beste ordenagailu bat hirugarren munduko haur bati oparitu, eta munduko eten digitala eta bestelako ezberdintasunak gainditzen lagundu. Bikain, ez? Ba zeren zain zaude? Animo!

Post Scriptum: Hau ez diot nik bakarrik. Masi Oka, Heroes telesail arrakastatsuan Hiro Nakamura-ren rola egiten duen aktorea, OLPC proiektuaren enbaxadore ofizialetako bat ere bada . Horrek esan nahi du proiektuaren alde hitz egiten duela ahal duenetan, telebistarako iragarki batzuk egingo dituela eta abar. Eta Masi Oka ez da edonor, aizu! Informatikaria da izatez, eta Industrial Light and Magic efektu berezien estudio famatuko I+G-ko Zuzendari Teknikoa da! Bere laguntzarekin, OLPC proiektua ongi aterako da. Hiro Nakamurak, bere denbora eta espazioa aldatzeko botereekin animatzailea eta mundua salbatu zituen bezala, laster denboran atzera bidaia egingo du eta proiektua okertzen joan den uneak aldatuko ditu, horrela munduaren etorkizuna berriz aldatuz, ziur! Baina lortzen badu, artikulu hau da ez da inoiz existitu izango...

Urte amaiera honetan, euskarazko komikien uzta oparo bezain ona

e-gor 2007/12/02 16:05
Badaukagu Olentzerori zer eskatu!

Getxoko Komiki Azoka, Durangoko Azoka eta Gabonak direla-eta, euskaraz argitaratzen diren komiki apurretatik gehienak urte bukaeran aurkezten dira. Eta aurtengo amaiera hau bereziki ona da gainera, bai kantitateari bai kalitateari dagokionez, hainbat sail ezagun bezain bikainen ale berriak atera baitira: Numenak, Saiak, De Rerum Natura, Gaston...

Sauré etxeak bi album berri atera ditu. Bata, Unai Busturia eta Julen Ribasen Numenak sail apartaren bigarren alea, Alaba. Lehenengo alea, Aita, blog honetan komentatu genuen duela urte bat. Bestea Martínez de Antoñana eta Mosqueraren Harri-pintatzaileak, Artearen historiak sailaren 1. alea.

Ikastolen Elkarteak argitaratzen duen Xabiroi aldizkaria ere beste bi nobedaderekin dator. Lehena, azken bi urteetan zehar aldizkariaren orrietan agertzen joan den Saiak istorioa, album formatuan eta oso edizio txukunean. Joxean Muñozen gidoia eta Juan Luis Landaren irudiak dituen istorio hau blog honetan aspalditik komentatzeko dudan Irati sail ederraren laugarren alea da. Bigarrena, aldizkariaren ale berezia da, ohikoez aparteko istorio labur eta egileekin: Unai Iturriaga eta Alex San Vicenteren Haur besoetakoa, Patxi Zubizarreta eta Pepe Farruqoren Tradizioa eta traizioa, Arantxa Iturbe eta Manu Ortegaren Ustekabeko oporrak, Asiskoren Desertorkina, Raquel Alzateren Burbuilak, Dani Fanoren Mundu modernoa XP4.2 eta Olatz Salaberriaren Zakurraren biolina! testua.

Elkar argitaletxearen eskutik, aldiz, Zaldieroa-k Berria egunkarian egunero ateratzen duen De rerum natura komiki-bandaren bigarren bilduma datorkigu, De rerum natura 2, Azken Antxoa, Euskal Taliban Jatorra, Mieltxo Plastilina Irakaslea, Gizon Jakintsua, La Pelota Basqua eta beste pertsonaia bitxiek osatutako eta jada askorentzat erreferente den unibertso berezi horren erakusgarria.

Eta amaitzeko, Bretainiako Yoran Embanner argitaletxeak komikiaren historian eragin nabarmena izan duen Franquin-en Gaston Lagaffe pertsonaiaren abenturen 10. albuma euskaraz ere atera du, duela gutxi Dabilenharria-k blog honetan kontatzen zigunez.

Ikusten duzuenez, nobedade sorta bikaina. Euskaraz azken urteotan ateratzen ari diren komiki-sailetatik gehien atsegin ditudan ia guztiak daude, Pololoak soilik falta da...

Durangoko Azokan izango duzue guztiak erosteko aukera, edo bestela Olentzerori eskatu!

Franquin-en "Gaston" euskaraz

Dabilenharria 2007/11/27 21:45
Dabilenharria kolaboratzaile inefableak idatzitako artikulua
Franquin-en "Gaston" euskaraz

Irudia: Franquin

Bretainiako Yoran Embanner argitaletxeak Franquin komikilariak sortutako Gaston Lagaffe pertsonaiaren abenturak euskaraz argitaratzeari ekin dio. Orain dela 50 urte Belgikan jaio zen komiki hau hainbat hizkuntzetara itzuli da: bretoiera, okzitaniera, alsaziera, waloniera...

Urriaren 30ean Berria egunkariak bere kontrazalean argitaralpen hau iragartzen zuen Gastonen ezaugarriak zerrendatuz. Azaroaren 18an, aldiz, Plaza atalean Franquin eta Gastoni buruzko informazio gehiago ematen dute, Hedoi Etxarte itzultzaileari elkarrizketa zabala egin eta komikigintza belgikarra eta Ibañezen lanari buruzko aipamen batzuk egiten dira. Diario de Noticias-en ere informazioa argitaratu dute.

Gastonengan umorea, irudimena, gizarte kritika, xamurtasuna... biltzen dira. Ez da pertsonai alper baten erretratua, bere eguneroko bizitzarekin nagia izateko eskubidea aldarrikatzen duen heroia baizik.

Franquinen lana ez da Gastonera mugatzen, Spirou eta Fantasio pertsonaien ardura hartu zuenean maila kreatibo gorenera heldu baitzen sail hori. Komikilari hau beste autoreekin elkarlanean aritzen zen maiz, eta gidoilari aparta izateaz gain erregistro anitzeko marrazkilaria izan zen: karikatura, errealismoa, kolorea eta itzal beltzen tartekatzea... Mugimendua adierazteko gaitasun handia zuen, soinu zein onomatopeiak honen zerbitzura jarrita. Idees Noires sailean umore beltza maisuki landu zezakeela frogatu zuen ere. Haur eta helduentzat marrazterakoan gizarte modernoaren ajeak salatu zituen: konpetitibitatea, burokrazia, kalte ekologikoak, boterearen gehiegikeriak...

Franquin

Gaston2
Irudia: Igor Leturia

Franquin 1924. urtean jaio zen Bruselaseko Ettelbeek auzunean (17 urte lehenago Herge jaio zen auzo berean). Dekorazio ikasketak egin ondoren 20 urterekin CBA marrazki bizidunen estudioan hasi zen lanean: bertan Peyo eta Morris marrazkilariak topatu zituen, eta azken honen bidez lehen marrazkiak (publizitaterako, gag batzuk...) eta komikiak argitaratu zizkioten. Jije komikilariarekin elkarlanean, komiki giroan buru belarri sartu zen.

Gerra garaian Dupuis argitaratzailearen Spirou aldizkariak traba ugari izan zituen nazien eskusartzea onartu ez zuelako. Garai horretan Rob-Velek sortutako Spirou eta Fantasio pertsonaien arduraduna Jije zen, baina sail hau uzteko gogoz zegoen, eta Franquineri Le tank abenturaz arduratzea proposatu zioten: hilabete gutxiren buruan, La Maison Préfabriquée istorioko 48 eta 49 binetetan marrazkilari aldaketa egingo da, eta Franquinek hartuko du sailaren gidaritza L'Héritage istoriotik aurrera.

1948an beste komikilariekin batera bere lanean eragin handia izango omen duen Ameriketarako bidaia egin zuen. Batetik Estatu Batuetan helduentzako komikigintza eta humore kritikoa, gordina, eta bestetik Mexikon kultura eta naturari buruzko kezka handituko zaio.

Eragin hauek Spirou eta Fantasioren abenturetan islatuko dira 50eko hamarkadan zehar. Bizpahiru orritako abentura motzetatik albumetan argitaratuko diren istorioetara pasatzean, unibertso propio bat eraikiko du: Champignac herriska eta Champignac kontea, zientzialari zintzoaren irudia. Beste pertsonai berezia komikietan ohikoa ez den emakume independente eta ausarta izango da, Secottine. Laster Marsupilamia agertuko da, hego-ameriketako ohianeko animali bitxia, eta heroientzat etsai zitalak sortuko ditu: la murene eta Zorglub. Gidoietan irudimenak ez du mugarik izango, eta zientziarekin lotutako asmakizunen marrazketan islatuko da hori ere: autoak, tresna hegalariak... Elkarlanean egiten dira Spirouren abenturak: komikilari batek gidoia, beste batek atzeko planoak, beste batek bigarren mailako pertsonaiak...

Spirou eta Fantasioren 7 album erditu ondoren, Franquin nekatuta sentitzen hasia zen, eta stress hori gainditzeko erabili zuen bideetako bat Gaston sortzea izan zela esango du.

Gaston Spirou aldizkarian bertan

Gaston 3
Irudia: Franquin

Adituek esango zuketen bezala, metakomikigintzaren adibide bat dugu hemen: 1957ko otsailaren 28ko Spirouren alean mutil lotsatu bat aldizkariaren egoitzan agertzen da: hitzik gabeko marrazki soila da, oinatz batzuez inguratuta. Hurrengo 3 asteetan berdin, baina pertsonaiak hasierako seriotasuna galdu eta etxean bezala sentitzen hasiko da, estetika eta jarrera informalagoa izango du. 4. astean Fantasiok harriduraz kartel baten bidez erredakziora agertu den pertsonai honen berri ematen digu, eta azkenik mutilak Spirourekin elkarrizketa surrealista edukiko du: bere izena Gaston da, norbaitek bertan lan egiteko aukera eman dio, baina ez daki zertara zehazki...

Handik aurrera bere jarrera pasiboa alde batera utzi eta bere izaeraren ezaugarriak agertuko dira astez aste: moto bat konpontzen erredakzioan, jolasean, akatsak eginez eta istripuak eraginez, lokuluxkan... "Lanik gabeko heroi" bezala izendatuko dute. Franquinek, Jidehem eta Delporteren laguntzaz, jolas bat bezala planteatzen du dena, irakurleekiko konplizitatea sortuz. Spirou eta Fantasioren Le voyageur du Mesozoique albumean ere bizikleta gidatzen agertuko da Gaston beste herritar bat balitz bezala, eta aldizkariko 1000. alean Spirouren 999 buru marraztuko ditu Franquinek: milagarrena suposatuko duzue norena den...

Bederatzi hilabeteren buruan Gastonek aldizkarian txoko propioa izatea lortuko du orrialde baten azpialdean Franquin-Jideheim sinadurapean. Bitartean Franquinek beste mugarri bat jarriko du Spirouren historian, Zorglub maltzurra.

1960an plazaratuko da Gastonen lehen albuma, baina ezohiko formatua erabili zutenez dendariek promoziorako alea zela pentsatu zuten eta salgai jarri beharrean oparitu egin zuten. Gaston berak ez zukeen hobeto egingo...

Berrogei urtez bizirik iraun zuen pertsonaiaren izaera aldatu ez zen arren, edukietan garapena handia izan zen. Gastonek lan egiten zuen Spirou aldizkariaren erredakzioa beste edozein bulegorekin homologatuz joan zen, lankide eta pertsonai berriak txertatuz: Prunelle jefea, Mesmaeker enpresaria, Jeanne andereñoaren xamurtasuna eta inozentzia... 1968an Spirouren abenturak beste marrazkilari baten esku geratu zirenean (Belgikan pertsonai asko ez dira autorearenak, editorialarenak baizik) Fantasio zintetatik desagertu zen. Gastonek parkimetroen aurkako gurutzada bat hasiko du, botereak herritarrengan duen eragina salatzeko beste modu bat. Kaioa, katua eta beste animaliek paper garrantzizkoa bete dute ere. Franquinen sinadurak "bizitza" hartuko du Gastonen orrietan, eta liburu bat betetzeko materiala bilduko da azkenean. 70. hamarkadatik aurrera lantalderik gabe egingo ditu Franquinek Gastonen abenturak.

Guztira 909 zinta eta 15 album "ofizial" argitaratuko dira, 1996ean azkena plazaratu zen arte: Franquinek hasierako marrazki batzuk birdiseinatu zituen, baita formatu ezberdinak merkaturatu ere...

Gaston 4
Irudia: Wikipedia

Franquin 1997 urtean zendu zen, 73 urterekin. Sari ugari jaso zituen bere ibilbidean, Angoulêmeko lehen azokako sari berezia eta Belgikako arte grafikoen saria barne. Tronbone Illustre, Tintin, Fluide Glacial... eta beste aldizkarietan marraztu zuen, eta pertsonai berriak sortu: Modeste et Pompon, Isabelle (gidoigintza lana), Idees noires saila, Marsupilamiaren abenturak... Pariseko zientziaren museoan bere munduari buruzko erakusketa antolatu zen 2005ean.

Eta orain Gaston euskaraz

Yoran Embanner argitaletxeak euskarazko 2000 ale plazaratu ditu. Gastonen 10. albumari dagozkio, hau da, 1968-1969 urteetako zintekin osatua dago. Edizioak txukunak dira, frantsesez edo gazteleraz argitaratuta daudenen formatu berekoa (hizkuntzak bereizteko banderatxo bat jartzen diote azalean...). Hedoi Etxarteri egindako elkarrizketan Gastonen hizkera berezia eta hitz jokoak euskaraz nola eman diren irakurri dezakegu. Pertsonaien izenak ematerako orduan Franquinek asmatutakoak errespetatzea erabaki du (bretoieraz eta bere garaian katalanez zein gazteleraz izenen tokiko bertsioak asmatu zituzten).

Nire ustez pena da lehendabiziko aletik hasi ez izana, pertsonaiaren jaiotza eta garapen kronologikoa ezagutzeko aukera galduko baitugu oraingoz, baina ziur nago arrazoi komertzialak daudela tartean: hasierakoak komikizale "amorratuek" soilik erosiko lituzkete, 50. hamarkadetako marrazketa ez litzateke segur aski gaur egungo erosle potentzial gehiengoen begietatik hain erraz sartuko.

Ez dakigu argitaletxeak bildumako beste ale batzuk plazaratzeko aukera izango ote duen (bretoieraz 14. alea 2006ko abenduan atera zen), baina orain garrantzizkoena 2000 ale horiek saltzea litzateke: lehenik liburu-dendetan ongi banatuaz, Getxo eta Durangoko azoketan presente egonez, eta liburutegiek beraien funtsetara gehituaz. Zaleok badugu haur eta helduei zer oparitu gabon hauetan, ez euskarazko komiki produkzioa sustatu behar delako soilik, horrela gure hizkuntzan kalitate handiko lanak irakurri ahal izatea bermatuko dugulako baizik.

Getxoko VI. Komiki eta Manga Azoka aste bukaera honetan

e-gor 2007/11/21 11:45
Ekitaldi eta ikusteko ugari ostiraletik igandera bitartean
Getxoko VI. Komiki eta Manga Azoka aste bukaera honetan

Irudia: Man

Aurtengo Getxoko komiki azoka berritasunez beterik datorkigu. Batetik, azaroan izango da, eta ez abenduan orain arte bezala. Bestetik, Areetako geltoki plazako ohiko komikiaren guneaz gain, mangaren gune berria egongo da Erromoko Santa Eugenia plazan. Azokari berari izena aldatu diote, orain Getxoko VI. Komiki eta Manga Azoka deitzen da. Hau guztiau mangak azken aldian gure artean eta mundu osoan bizi duen loraldiaren erakusgarri da.

Azaroaren 23tik 25era bitartean (ostiraletik igandera, beraz) izango da azoka. Argitaletxe, komiki-denda, fanzine eta abarren 91 standez gain (70 komikien gunean eta 21 mangaren gunean), beste ekitaldi ugari egongo da: erakusketak, nobedade aurkezpenak, hitzaldiak, mahai inguruak, egileen sinatzea, proiekzioak, tailerrak...

Sarrerak bi euro balio ditu. Ordutegia 11:00etatik 14:30etara eta 17:00etatik 21:00etara izango da. Jarraian duzue beste ekitaldien zerrenda eta egitaraua, informazio gehiagorako http://www.salondelcomicdegetxo.net.

Omenaldiak

Komiki-guneko erakusketak

  • TMEOren 20 urte
  • Xabiroi aldizkaria
  • El Balanzín fanzinea
  • Man, Manuel Carot Man komikigileari buruzkoa

Manga-guneko erakusketak

  • Estudio Kôsen

Erakusketak inguruetan

Proiekzioak

  • Aurrekontu txikiko zinearen erakusketa
  • Animazioko zinea
  • Komiki laburmetraiak
  • Laburmetraien entsalada

Mahai-inguruak

  • 20 años de TMEO
  • ¿Por qué mi madre conoce a Woody Allen pero no le suena Robert Crumb? La (im)popularidad del cómic y su relación con otros medios
  • Crítica y teoría del cómic. Estado actual del medio, el fenómeno blog, evolución del público
  • Global manga

Bestelakoak

  • Rol partidak (Imagina elkartearen eskutik)
  • Manga elkarteen lehiaketak (karaoke, bideojokoak, cosplay, pum it up)
  • Komiki tailerrak (bi maila)
  • Makillaje eta FX tailerrak
  • Manga komikiaren tailerra
  • El Balanzín doako aldizkaria (sarrera erositakoan)

Gonbidatutako egileak

  • Francisco Ibáñez
  • TMEOko egileak (Clara-Tanit Arqué, Ken Niimura, Angel de la Calle, Carlos Areces, M. A. Martín, Víctor Santos, Infame&Co. eta Jordi Bayarri)
  • Miguelanxo Prado
  • Eduardo Risso
  • Andy Riley
  • Manuel Carot Man
  • Alberto Vázquez
  • Santiago Valenzuela
  • Pepo Pérez
  • Manuel Bartual
  • Manel Fontdevila
  • Enrique V. Vegas
  • Carlos Vermut
  • Javier Olivares
  • Mark Buckingham
  • Farid Boudjellal

Komiki-guneko egitaraua

Ostirala, 2007ko azaroaren 23a

Goizez

  • 11:15: Azokaren hasiera
  • 11:15: Cortos de tebeo proiekzioa
  • 12:30: Aurrekontu txikiko zine erakustaldia - Planeta Atlon proiekzioa
  • 13:30: V de Vicioso proiekzioa

Arratsaldez

  • 17:05: Aurrekontu txikiko zine erakustaldia - Doctor Infierno proiekzioa
  • 17:30 - 19:00: Sinatze-txandak: Mauro Entrialgo, Santi Orúe, Ata (Astiberriren postuan)
  • 18:00: Ibáñezi eta TMEO aldiazkariari omenaldiak
  • 18:30: Sinatze-txandak: TMEOko egileak (Mauro Entrialgo, Furillo, Ata, Santi Orúe, Roger, Abarrots), Ibáñez (sinatze-gunean)
  • 18:45: Amigos de Jesús proiekzioa
  • 19:30 - 20:30: Sinatze-txandak: Alberto Vázquez, Clara-Tanit Arqué (Astiberriren postuan)
  • 20:30: Cortos de tebeo proiekzioa

Larunbata, 2007ko azaroaren 24a

Goizez

  • 11:05: Formatu anitzeko film laburren proiekzioa
  • 11:30: Andy Rileyrekin topaketa
  • 11:30: Nobedade-aurkezpena: Astiberri (Laureano Domínguez, Santiago Valenzuela, Alberto Vázquez)
  • 12:00: Sinatze-txandak: Dibbuks-eko Javier Olivares, Carlos Vermut (Pasaia-Pagotxaren postuan)
  • 12:30: Xabiroirekin topaketa (Dani Fano, Manu Ortega) eta Saiak albumaren eta urte amaierako zenbaki bereziaren aurkezpena
  • 12:30 - 14:00: Sinatze-txandak: Santiago Valenzuela, Pepo Pérez (Astiberriren postuan)
  • 13:00: Manekin topaketa
  • 13:00: Nobedade-aurkezpena: Glénat (Manel Fontdevila, Félix Sabaté)
  • 13:30: Sinatze-txandak: Eduardo Risso, Andy Riley
  • 14:00: Nobedade-aurkezpena : Dibbuks (Javier Olivares, Ricardo Esteban, Carlos Vermut)

Arratsaldez

  • 17:00: Sinatze-txandak: Man, Manel Fontdevila (Glénaten postuan)
  • 17:00: Sinatze-txandak: Jordi Bayarri (Aletaren postuan)
  • 17:00: Sinatze-txandak: Dibbuks (Pasaia-Pagotxaren postuan)
  • 17:05: Nobedade-aurkezpena: Aleta (Joseba Basalo, Jordi Bayarri)
  • 17:30: Nobedade-aurkezpena: La Cúpula (Farid Boudjellal, José María Berenguer, Montserrat Terrones)
  • 17:45: Mahai-ingurua: 20 años de TMEO (hizlariak: Mauro Entrialgo, Kini, Abarrots, Roger / moderatzailea: Borja Crespo)
  • 18:45: Miguelanxo Prado-rekin topaketa (moderatzailea: Angel de la Calle)
  • 18:30: Sinatze-txandak: TMEOko egileak (Mauro Entrialgo, Abarrots)
  • 19:00 - 20:30: Sinatze-txandak: Alberto Vázquez, Clara-Tanit Arqué, Andy Riley (Astiberriren postuan)
  • 19:30: Sinatze-txandak: Miguelanxo Prado, Man
  • 19:45: Mahai-ingurua: Por qué mi madre conoce a Woody Allen pero no le suena Robert Crumb? (La impopularidad del cómic y su relación con otros medios) (hizlariak: Carlos Areces, M. A. Martín, Nacho Vigalondo, Jesús Palacios / moderatzailea: Borja Crespo)

Igandea, 2007ko azaroaren 25a

Goizez

  • 11:05: Formatu anitzeko film laburren proiekzioa (flash, stop-motion...)
  • 12:00: Nobedade-aurkezpena: Dolmen (Jorge Iván Argiz, Enrique V. Vegas, Infame&Co.)
  • 12:00: Sinatze-txandak: Jordi Bayarri (Aletaren postuan)
  • 12:00 - 14:00: Sinatze-txandak: Manel Fontdevila (El Juevesen postuan)
  • 12:30: Sinatze-txandak: Man (Glénaten postuan)
  • 12:30: Eduardo Risso-rekin topaketa (moderatzaileak: Germán Menéndez, Jorge Iván Argiz)
  • 12:30 - 14:00: Sinatze-txandak: Alberto Vázquez, Clara-Tanit Arqué, Andy Riley (Astiberriren postuan)
  • 12:30: Sinatze-txandak: Miguelanxo Prado, Man
  • 13:15: Mahai-ingurua: Crítica y teoría del cómic. Estado actual del medio, el fenómeno blog, evolución del público (hizlariak: Pepo Pérez, Rubén Lardín, Carlos Vermut, Koldo Azpitarte / moderatzailea: Angel de la Calle)
  • 13:30: Sinatze-txandak: Eduardo Risso, Andy Riley

Arratsaldez

  • 17:05: Cortos de tebeo proiekzioa (QVMT, Impacto nupcial, Brideblood, Morralla, Cambiar el mundo, Avant Pétalos Grillados, La puerta de Sinclair, Las diabólicas aventuras de los 5)
  • 19:00 - 20:30: Sinatze-txandak: Raquel Alzate, Santiago Valenzuela, Pepo Pérez (Astiberriren postuan)
  • 19:30: Ensalada de cortometrajes proiekzioa (Regular, Estrábicos, El relevo, Banal, Equipajes, Midori, Limoncello, De formación: profesional, Traumalogía, Máquina)

Manga-guneko egitaraua

Ostirala, 2007ko azaroaren 23a

Goizez

  • 11:30: Friki Trivial-a (tailer gunean)

Arratsaldez

  • 17:15: Ekialdeko mahai-jokoen tailerra MaruGAME elkartearen eskutik: Go, Mahjongg, Hanafuda... (tailer gunean)
  • 17:15: Para Para tailerra (agertokian)
  • 18:30: Pas-eko Karaoke lehiaketa (agertokian)
  • 19:45: Aparteko eraso lehiaketa (agertokian)

Larunbata, 2007ko azaroaren 24a

Goizez

  • 11:15: Idazkera japoniarraren tailerra (Yuka Nishiwaki japonierazko irakaslearen eskutik)

Arratsaldez

  • Arratsalde osoan: komiki tailerra Ken Niimura-rekin (tailer gunean)
  • 19:00: Cosplay lehiaketa

Goizez eta arratsaldez

  • Pump It Up lehiaketako final nazionala (agertokian)
  • 11:30: Aurretiko txandak eta junior maila
  • 17:15: Finaleko txandak eta sari banaketa

Igandea, 2007ko azaroaren 25a

Goizez

  • 11:15: Borroka-arteen erakustaldia (agertokian)
  • 13:15: Mahai-ingurua: Global manga (agertokian). Hizlariak: Aurora García, Diana Fernández (Estudio Kosen), Ken Niimura

Arratsaldez

  • 17:15: Karaoke lehiaketa (agertokian)
  • 19:30: Sari banaketa (agertokian)

Goizez eta arratsaldez

  • Komiki tailerra Ken Niimura-rekin (tailer gunean)

Ubuntu instalatzen interneterako Euskaltel-en "prepago" konexioa duen ordenagailuan

e-gor 2007/11/17 17:36
Posible da, network-manager-pptp paketearekin

Alaitzen gurasoek ordenagailu oso zahar bat zuten Windows 98-rekin. Word-en testu batzuk idazteko, posta elektronikorako eta Interneten ibiltzeko erabiltzen zuten batez ere, baina argazki kamera digitala erosi zutenetik horiekin egiten diren ohiko gauzentzat ere erabili nahi zuten: argazkiak ordenagailura pasatu, biratu, sailkatu, ikusi, CD baten grabatu... Eta horretarako Windows 98 ez dago batere ongi prestatuta. Ez du argazkien aurrebistarik erakusten, ezin dira biratu... Gainera ACD See instalatzean errorea eman zuen, argazki kamerak berak zekarren softwarea ez zen oso txukuna, dena oso poliki zebilen...

Beraz, ordenagailu berria erosi zuten, eta nik instalatu behar nien. Sistema berri bat ibiltzen ikasi behar zutenez, XP edo Vista instalatu beharrean Ubuntu instalatzea erabaki nuen. Beti bezala, Ubuntuk instalazioa erraz eta azkar egin zuen. Inprimagailua eta eskanerra ongi detektatu zituen, argazki kamerarekin ere ongi zebilen...

Baina arazotxo bat zegoen: Euskaltel-en aurrez ordaindutako bonoak edo "prepago" motako konexioa erabiltzen zuten Internetera konektatzeko, eta hori ez zebilen... Interneten apur bat bilatuta, jakin nuen Euskaltel-eko Internet konexio mota horretarako VPN sare bat eratzen zela Windows zerbitzari batekin Microsoft-en PPTP protokoloa erabiliz, eta Linux-en horretarako network-manager-pptp paketea instalatu behar zela. Baina pakete hori ez dago Ubunturen CDan, eta nola instalatu Internetetik, Interneteko konexiorik gabe? Nire etxera eraman nuen ordenagailua eta nire konexioa erabiliz instalatu pakete hori. Ondoren, Euskaltel-i eskatu behar zaizkio host-aren helbidea (Bizkaian bi.despega.euskaltel.es izaten da, Gipuzkoan ss.despega.euskaltel.es), erabiltzaile izena eta pasahitza. Gero Network Manager-en (goian eskuinean agertzen den sarea maneiatzeko ikonotxoa) VPN-PPTP konexio berri bat sortu behar da datu horiek erabiliz, konpresio eta zifratzerik gabe. Eta kitto! Aurrerantzean, internetera konektatu nahi dugunean, ikonotxo horretatik bertatik konexioa hasi, eta amaitzean deskonektatu besterik ez da egin behar.

Azkenean, instalazioa ohiko Ubuntu instalazio bat baino apur bat gehixeago konplikatu zen, baina edozein Windows instalazio baino errazagoa izan zen hala ere. Eta erabiltzen ikasteko, aurrez ez bazaude Redmond-en sistemara ohituta, Windows bezain erraza da edo errazagoa da, Alaitzen gurasoak lekuko (eta zalantzarik gabe Vista baino askoz errazagoa!).

Edonola ere, PPTP-ri buruzko ingelesezko eta gaztelaniazko Wikipediako orrietan diotenez, protokoloa ez da segurua, hautsia izan da eta ez litzateke erabili beharko. Zertan dabil Euskaltel?

Informatikari komikizalearen ametsa...

e-gor 2007/11/04 21:40
"Komikiak eta Teknologia Berriak" jardunaldiak aste honetan Kanarietako Las Palmas-en

Álvaro Pons-en DDT blogean jakin dut (eta hobe jakin izan ez banu) Kanariar Uharteetako Las Palmas-en Jornadas del Cómic y las Nuevas Tecnologías izenburuko jardunaldiak antolatu dituztela aste honetarako... Zer gehiago behar du informatikari komikizale batek?

Harako bidaitxoa patrozinatuko didan babeslerik? Snif...

"Xabiroi" aldizkariaren 9. alea atera da

e-gor 2007/10/29 23:10
Bertan "Piztia otzanak" istorioa amaitzen da eta egile eta istorio berriak hasi
"Xabiroi" aldizkariaren 9. alea atera da

Irudia: Iñaki G. Holgado

Kalean da jada Ikastolen Elkartearen Xabiroi komiki-aldizkariaren 9. alea. 8.a atera zela ez nuen iragarri ez baitzidaten etxera bidali, eta hau ere ez zait horrela iritsi... Serie berriak promozionatzeko-edo, haur hezkuntzako haurrei ere banatu diete, eta hala etorri zait niri, Ximunek ekarrita. Badirudi 8. alean amaitu zirela Joxean Muñoz eta Juan Luis Landaren Saiak eta Dani Fanoren TeleAtoi serieak. Oraingo honetan, berriz, Harkaitz Cano eta Iñaki G. Holgadoren Piztia otzanak amaitzen da, eta istorio eta autore berriak hasi.

Dauden egile eta istorio berriak ondokoak dira: Mauro Entrialgoren Kasik berba barik, Loperen Behien Tarzan, Dani Fanoren 17. kaiko bluesa, Mikel Valverderen Andres errinozeroa eta Juan Luis Landaren Pailazo. Eta ohiko egile eta istorioek ere jarraitzen dute: Manu Ortegaren Haizea, Guaikaipuro eta Patxi Peláezen Auzomorro, Asisko Urmenetaren Horkonpost eta Olier eta Markoren Haratago. Eta elkarrizketan, Kike Amonarriz.

Eta laster, ale berezia eta Saiaken albuma...

Donostiako IV. Komiki Jardunaldiak

e-gor 2007/10/25 21:50
Urriaren 27tik azaroaren 24ra izango dira, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XVIII. Asteak antolatuta
Donostiako IV. Komiki Jardunaldiak

Irudia: Hideshi Hino / Victoria Francés / Iñaki G. Holgado

Aurten ere, urriaren 27tik azaroaren 3ra Donostian izango den Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XVIII. Astearen barruan Donostiako IV. Komiki Jardunaldiak antolatu dituzte, urriaren 27tik azaroaren 24ra izango direnak. Aurtengoan ere hiru erakusketa egongo dira: Hideshi Hino, Victoria Francés eta Euskadi fantastikoa III: Raquel Alzate eta Jose Angel Lopetegi. Baina ez hori soilik: animazioko tailerrak, euskal komikigintzaren prentsaurrekoa, eta gehiago.

Hideshi Hino beldurrezko manga-egileari buruzko erakusketa Okendo Kultur Etxean izango da, eta Victoria Francés galiziar komiki gotikoen egileari buruzkoa Príncipe zinemetan eta Vito 021 galerian izango da.

Euskadi fantastikoa III: Raquel Alzate eta Jose Angel Lopetegi izeneko erakusketa Ernest Lluch Kultur Etxean izango da (zeinaren zuzendari Mikel Iturria Eibar.org blog komunitateko kidea den; bide batez, mila esker berriz ere informazio eta laguntzagatik Iturri! ;-), euskal egile ezagunenetako biri buruz. Raquel Alzate barakaldoarren lanik ezagunena Cruz del sur komikia da, Luis Durán-en gidoia duena eta zeinagatik 2005ean Bartzelonako komiki azokako egile berriaren saria eman ziotena, eta horrez gain Toti Martinez de Lezearen Mitologika saila ilustratu du. Joxean Lopetegi Lopek Ipurbeltz aldizkarian hasi zuen bere ibilbide oparoa (Kipe gogoratzen?), eta geroztik Gabai, Pirata eta beste hainbat komiki egin ditu, eta animazioa ere asko (Karramarro uhartea, Flanery, Lazkao Txiki, Kalabaza tripontzia...). Erakusketa honek egileek eurek gidatutako bisita izango du.

Horrez gain, haurrentzako animazio tailerrak ere izango dira Ernest Lluch Kultur Etxean eta Intxaurrondoko Larrotxene Kultur Etxean, Raquel Alzate eta Joxean Lopetegi egileei, Xabiroi aldizkariari eta 30X30 - Gure komikiaren tamaina (1976-2006) liburuari buruzko prentsaurrekoa emango da Victoria Eugeniako Club aretoan, Komikitik pantailara DVD saila sortuko da Alderdi Ederreko Udal Liburutegi Nagusian, eta Interzona komiki-aldizkari berria sortu eta aurkeztuko dute. Egitarau mardula benetan!

Iaz eta duela bi urte ere hitz egin genizuen hemen jardunaldioi buruz.

Hona hemen erakusketen egutegi, helbide eta ordutegiak:

Hideshi Hino

Okendo Kultur Etxea

  • Urriaren 27tik azaroaren 3ra: 10:00 - 14:00 eta 16:30 - 20:00
  • Azaroaren 5etik azaroaren 24ra: astelehenetik ostiralera 10:00 - 14:00 eta 16:00 - 20:30, larunbatetan 10:00 - 14:00 eta 16:30 - 20:00

Victoria Francés

Príncipe Zinemak

  • Urriaren 27tik azaroaren 24ra: 16:30 - 22:30

Vito 021 Galeria

  • Urriaren 27tik azaroaren 24ra: astelehenetik ostegunera 10:00 - 18:00, ostiraletan 10:00 - 15:00

Euskadi fantastikoa III: Raquel Alzate eta Jose Angel Lopetegi

Ernest Lluch Kultur Etxea

  • Urriaren 27tik azaroaren 3ra: 10:00 - 14:00 eta 16:30 - 20:00
  • Azaroaren 5etik 24ra: astelehenetik ostiralera 16:00 - 20:30, larunbatetan 17:00 - 21:00
  • Egileek gidatutako bisita: azaroaren 16an goizez eskoletako 10-16 urteko gaztetxoentzat, arratsaldeko 18:00etan besteentzat

Raquel Alzate eta Jose Angel Lopetegiren prentsaurrekoa

Victoria Eugeniako Club aretoa

  • Urriaren 27an 12:00etan

Xabiroi eta 30X30 prentsaurrekoa

Victoria Eugeniako Club aretoa

  • Urriaren 27an 12:30ean
e-gorblog

e-gorblog

Egunez, Igor Leturia Azkarate pertsona arrunta da. Errenterian bizi den arrasatearra, 8etatik 17etara Elhuyarren lan egiten du eta arratsaldeak neskalagunarekin eta bere bi umeekin pasatzen ditu.

Baina gaua iritsi eta umeak lotara joaten direnean, e-gor bihurtzen da, interneteko bere alter-egoa, ziberespazioko informatikaririk komikizaleena eta komikizalerik informatikariena! Bere superbotereekin (interneteko kable-konexioa, bloglines, informatika aldizkariak, gadget-ak, komiki-bilduma, Errenteriko liburutegiko komikien atala eta batez ere bere jakinmin aseezina) eta bere superlaguntzaileak ondoan dituela (Patxi Lurra, DabilenHarria...), euskaldunon teknofobiaren eta komikiei buruzko aurreiritzien aurka burrukatzen du etengabe! Hemen duzu bere bloga: e-gorblog!

Bai, hor goiko aurkezpena superheroi batena da (ezin aproposagoa honelako blog batentzat, ezta?). Superheroia banintz zein izango nintzatekeen jakiteko the Superhero Personality Test egin nuen eta hona emaitzak:

You are Spider-Man
You are intelligent, witty, a bit geeky and have great power and responsibility.

Spider-Man
80%
Superman
70%
Green Lantern
65%
Robin
65%
The Flash
60%
Supergirl
55%
Hulk
55%
Iron Man
45%
Wonder Woman
35%
Catwoman
25%
Batman
0%
Lizentzia

Creative Commons-en baimena
Blog honetako edukia, Igor Leturiak eta beste kolaboratzaile batzuek egiten dutena, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported baimen baten mende dago (irudiak salbu).

Harpidetza
Erantzunen harpidetza
Artxiboa
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017 2018 2019 2020 2021 2022 2023 2024
Artikulu aipagarriak

MythTV sorta
2004/11

"Pololoak" sorta
2004/11-12 - 2006/10-12 - 2007/02-03

Monoblogoa
2005/01/11

"Persepolis", xalotasunaren sakontasuna
2005/01/25

Elgetako Blogs&Beers 2005: nire inpresioa eta moblogging kontuak
2005/04/18

Firefox eta bere plugin zoragarriak
2005/05/11

"El País"-en komiki bilduma
2005/05/15

Euskarazko bi blog berri (bai, beste bi, baina hauek bereziak dira!)
2005/05/25

"Watchmen" sorta
2005/09-11 - 2006/10 - 2007/10 - 2008/07

"La cárcel de papel"-eko "Mis tebeos favoritos" saila I: 1etik 20ra
2005/11/08

"Goienkaria"-n agertu naiz
2005/12/08

Komikiak eta euskal rock-a
2005/12/14

Ruben Arozena "Ruben" komikigilea hil da
2006/01/02

Zope-rako DTML Calendar Tag produktua, euskaraz
2006/02/01

"Joyas Literarias Juveniles" bilduma, osorik eMule-n
2006/08/05

Argazkigintza eta DRM-a
2006/10/09

Paul Auster eta Euskararen Herria
2006/10/29

Angoulême sorta
2007/01-02

Gaur duela 25 urte nire bizitza aldatu zen
2007/04/23

Hergé-ren defentsan
2007/05/22

Ubuntu-ren bertsio berria, hobekuntza askorekin
2007/07/02

OLPC sorta
2007/12 - 2008/01

Guillermo Zubiaga, Marvel-eko komikilari euskalduna
2008/02/05

Asus EEE PC, ordenagailu txiki eta merkeen hurrengo sorta
2008/03/11

Agur, Ipurbeltz, agur... :-(
2008/08/04

"Café Budapest", gizatasuna eta bizikidetzaren aldeko aldarria
2008/08/25

"Arturo Erregea" serie mitikoa, Euskal Encodings-en! (beste askorekin batera)
2008/09/17

"Gazteak", beste serie mitiko bat euskaraz eskuragai!
2008/10/14

Pottokiek 50 urte!
2008/10/22

Europan ere OLPC-ren XO ordenagailuak erosteko aukera!
2008/11/12

Microsoft-en web zerbitzuetako gehienak, euskaraz!
2008/12/04

"Heroes"-en 2. denboraldia: ETB kirtenkeria errepikatzera, eta Euskal Encodings konpontzera
2009/01/23

I. Euskal OLPC Party-a, apirilaren 23an Donostiako Doka kafe antzokian
2009/04/16

Elkarrizketa egin didate 7K-n
2009/06/03

Azpiriren Spectrum-entzako jokoen azalak liburu batean
2009/10/06

Asterix, heroi garaitua
2009/10/29

"Ihes ederra", euskarazko komikigintzaren heldutasunaren konfirmazioa
2009/11/13

Pololoak 3: The making of
2009/11/22

5 urte 5!
2009/12/15

Nobela grafikoa, komikien prestigiorako ala mespretxurako?
2009/12/20

"Pololoak 3 - Atxeritoko balada", trilogiaren amaiera borobila
2010/01/13

Sinclair ZX Spectrum bat oparitu didate!
2010/01/19

Zergatik ez dudan liburu elektronikorik erosiko (gauzak aldatzen ez diren artean)
2010/01/27

Errealitate areagotua: munduaren pertzepzioa aberasten
2010/02/09

e-gorblog, "Nick dut nik" telebista saioan
2010/05/20

Sarearen neutraltasunari erasoak: Interneten izaera arriskuan
2010/06/02

"Avatar, azken aire maisua" osoa eta "Heroiak"-en lehen bi denboraldiak, Euskal Encodings-en
2010/07/22

Sistema eragileen guda berria
2010/12/14

Anubis 3.0 albumarentzat 3D animazio ederra
2010/12/27

Telebistaren benetako iraultza hemen da, eta ez da LTDa
2011/01/10

"Asterix galiarra" eta "Urrezko igitaia" berrargitaratu ditu Salvatek
2011/01/13

Euskarazko komikigintza digitalizazioaren aurrean
2011/01/27

"Ihes ederra"ren gaztelaniazko eta katalanezko bertsioak eta "Alokairuan", kalean
2011/02/20

Star Wars jatorrizko trilogia, euskaraz
2011/03/21

Sare sozialetan preso
2011/04/06

Zer dudan Steve Jobsen, edo Appleren, aurka
2011/10/14

Gaur 100 urte Adèle Blanc-Sec-en abenturak hasi zirela
2011/11/04

Euskarazko 8 komiki berri
2011/12/02

Social networks killed the RSS star?
2012/06/10