Pottokiek 50 urte!
El coleccionista de tebeos blogari esker jakin dut pottokiek, izaki txiki urdin maitagarri horiek, urrezko ezteiak ospatzen dituztela bihar. 1958ko urriaren 23an hasi zuen Pierre Cullifford Peyok Johan et Pirlouit serieko La flûte à six trous abentura Spirou aldizkarian, eta hor agertu ziren lehenbiziko aldiz pottokiak bigarren mailako pertsonaia gisa. Baina nonbait jendeari gustatu, eta serie propioa eduki zuten laster. Eta gainontzekoa historia da: albumak, arrakasta, filmak, merchandising-a... Gaur egun, adin guztietako jendeak ezagutzen ditu pottokiak!
Niri dagokidanez, Johan eta Pirlouit beti gehiago gustatu izan arren, oso maite ditut pottokiak. Lehenbiziko 10 albumak-edo jenialak dira, nahiz eta ondorengoetan asko jaisten den kalitatea... Hemen ETB1en euskaraz ikusi ahal izan genuen pottokien animazio seriea, baina onartu behar da ez dela komikiak bezain ona...
Aurtengo urte guztian zehar hainbat ekintza egiten ari dira urteurren hau ospatzeko. Eta biharko egunean Unicef-en aldeko enkantea egingo dute pottokien hainbat estatua handirekin. Estatua hauek pertsonaia famatuek edo pertsonaia famatuen omenez egindakoak dira, adibidez Uderzok Asterixez mozorrotutako pottokia egin du. Baina deigarriena egin zait Joane Somarriba dela aukeratutako pertsonaietako bat! Bere pottokiak maillot horia eta urrezko domina daramatza, eta Helmuga-Meta jartzen duen pankarta dauka atzean!
Zorionak pottokiak, eta zorte on enkantearekin!