Emakumeen komikiari buruzko mintegia
Bilboko Anti- liburudendak emakumeen komikiari buruzko mintegia antolatu du. Azaroan hasita, asteazkenero 20:00etatik 22:00etara emakumeen komikigintzari buruz arituko dira Skolastikako Josune Muñozen eskutik. Hau da zabaldutako oharrean diotena:
"Mintegi honetan, Skolatikako Josune Muñozek emakumeek sortutako komikien historian zeharreko ibilbide historiko eta geografikoa eskainiko digu, eta baita emakumezkoen komikigintzaren analisirako proposamen bat ere, hiru ikuspuntutatik: ikuspegia, istorioa eta marrazkia.
Edozein kultur fenomenotan bezala, emakumeak komikien munduan egon dira horiek sortu zirenetik, baina ikuspegiak, gaiek, pertsonaiek eta trazuak are periferikoago bihurtu ditu eta ekarpen hau ikustezin egin.
Tailer honetan emakumeen komikiaren historia aztertuko da: XX. mendearen hasieratik hasita, Bigarren Mundu Gerraren ondoko booma, emakumeen askapenerako mugimenduak komikian izandako isla eta Satrapi fenomenotik pasatuta eta egungo errealitate interesgarrian amaituta. Azken honetan egungo munduko panoramaren errepasoa egingo da: Asia bere manga, shojo, anime, manhua eta abarrekin, Satrapiren eraginea Ekialde Ertainean eta emakumezkoen komikia Afrikan, Karibean, AEBetan, Hegoamerikan eta Europan".
Mintegi txit interesgarri hau Anti- liburudendan izango da, Bilboko Maiatzaren 2a kaleko 2.ean, asteazkenero 20:00etatik 22:00etara, azaroarekin hasi eta urtarrilaren amaieraraino. Prezioa hilean 30 eurokoa izango da, baina taldea handia izanez gero merketu daiteke. Izena emateko, Anti- liburudendako web gunean dituzue telefonoa, helbidea edo e-maila.