"Ganorabako" komiki-lehiaketak baditu irabazleak
Otsailean eman genizuen Basauriko Kultur Etxeak antolatutako Ganorabako 2008 komiki-lehiaketaren berri. Lanak martxoa bitartean aurkez zitezkeen eta jada baditu irabazleak lehiaketak. Baina herrietako komiki-lehiaketetan ohikoa den liburuaren ordez (garestia dena eta, banaketa arazoak medio, herritik kanpo zabalkunderik apenas duena), bertara aurkeztutako lanak ezagutarazteko, iaz bezala, oso bide interesgarria erabili dute: interneten jarri dituzte guzti-guztiak.
Hauek dira sari edo aipamenen bat jaso duten 7 lanak:
- 1.go saria, 900 eurorekin hornitua: Daniel Parraren Cuento del muchacho de paja
- 2. saria, 450 eurorekin hornitua: Javi Kintanaren Cuento al sol
- 3. saria, 300 eurorekin hornitua: Domingo Pozanconen Piratas
- Epaimahaiaren aipamen berezia: Toni Carrillo eta Javier Navarroren La prisión eta Carlos Bribianen Sombrero de copa
- Euskarazko akzesita, 300 eurorekin hornitua: Amaia Ballesterosen Txigorgailu bihotza
- Basauriko egile onenaren saria, 300 eurorekin hornitua: Santi Alonsoren Memoria de madera
Horiez gain, iazko lan irabazleak ere ikus daitezke web gunean, eta gainera web gune guztia elebitan dago. Txalogarria. Eman ezazue bueltatxo bat bertatik, komikiok irakurtzea merezi du-eta.
Hala ere, beti egin behar kritikatxo edo hobetzeko proposamenen bat... Iaz bezala, nik komikiak web gunetik bertatik irakurtzeko aukera eman beharrean (edo aukera emateaz gain), CBZ edo CBR formatuan jaisteko aukera ere emango nuke, gero norberak bere ordenagailuan offline irakurtzeko aukera ere izateko. Formatu hau ZIP edo RAR bidez konprimitutako JPEG irudiak dira, eta ordenagailuan irakurtzeko, CDisplay programa erabil dezakezu Windows-en eta CBView , Comix edo CBRPager Linux-en.