e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
"Harald eta Ignir-en altxorra" 2
Harriet etxeak 2019an argitaratu zuen Harald eta Ignir-en altxorra saileko lehenengo zenbakia. Matthieu eta Antoine Brivet anaiek egiten dituzte, hurrenez hurren, gidoia eta irudiak sail nordiko honetan. Eta orain datorkigu jarraipena. Bertan, Harald bikingo gazteak bere aita Dagmar erregeren bizitza salbatzen lagunduko dion Ignir itsasoko herensugearen harribitxia lapurtu dutenen atzetik jarraitzen du. Bitartean, bere ama Silkek zailtasunak ditu herrian botereari eusteko, azpijokoan ari baitzaio bere neba, igarlearen laguntzarekin.
Tintinen beste komiki bat berrargitaratu da euskaraz: Uharte beltza
Duela 3 urte hasi ziren Zephyrum eta Trilita argitaletxeak Tintinen albumak euskaraz berrargitaratzen. Castafioreren bitxiak, Ilargia helburu eta Ilargian oinezen ondoren, orain Uharte beltza istorioari tokatu zaio txanda, gure zorionerako. Inazio Mujika Iraolak egin du itzulpena.
Argitalpen hauek daukaten hizkuntza-politika bitxia da, nolabait esatearren. Euskaraz gain, Espainiako estatuko beste bospasei hizkuntzatan ateratzen dituzte beti, baina beti aldatuz doaz. Aurrekoak valentziera, aragoiera, aranera, castúoa edota mallorkeran argitaratu badituzte, hau asturieraz, cadaqueseraz, kantabrieraz, galegoz eta ladinoz ere atera da. Baina tira, euskara hautatutako hizkuntzen artean dago berriz ere, eta hala klasiko eder hau euskaraz gozatu ahal dugu!
Komiki aldarrikatzaile-dibulgatzaile-pedagogikoen uholde amaiezina
Irudia: Jordi Bayarri / Laurent Kling / Irati Aretxabaleta / Jenny Jordahl / Gerardo Cosenza / Alex Orbe
Hezkuntza eragileek helburu dibulgatzaile/pedagogikoekin edo GKEek euren mezua hedatzeko komikia baliatzea ez da gauza berria, baina azken aldian euskaraz ikusten ari garen mota horietako komikien kopurua zeharo izugarria da. Berriki eman dizuegu horrelako Sauré-ren lau eta beste elkarte batzuen beste lau komikiren berri. Bada, zenbaki honetan aurten edota iazko urtearen hondarrean kaleratutako beste seiren berri eman behar dizuegu:
- Einstein: jauzi kuantikoa (Ikaselkar, gidoia eta marrazkiak Jordi Bayarri, kolorea Dani Seijas), zientzialari ezagunaren bizitza eta ekarpenaren ingurukoa.
- 24 ordu Harri Aroan (Ttarttalo, gidoia Lan Cook eta marrazkiak Laurent Kling), Harri Aroaren ingurukoa.
- Gabriela leku berri batera joan da bizitzera (Elkarbanatuz, gidoia eta marrazkiak Irati Aretxabaleta, doan banatzen da), gazteak eta migrazioari buruz.
- Zer gertatzen da klimarekin? (Erein, gidoia Ole Mathismoen eta marrazkiak Jenny Jordahl), berotze-globalari buruzkoa.
- Bihurrikeriak Sabikan (Sauré, gidoia eta marrazkiak Gerardo Cosenza), Granadako erresumaz.
- Unamuno. Gizona eta arrazoia (Gallo de oro, gidoia Borja Crespo eta marrazkiak Alex Orbe), Bilboko idazle eta filosofoari buruzkoa.
"Aztarna faltsuak", Duhamel-en beste komiki bat euskaraz
Bruno Duhamelek azken urteotan ateratzen duen ia guztia euskaratzen ari da Harriet argitaletxea, eta gu zorteko gara horregatik, bikainak baitira. Itzulera, Inoiz ez, #kontaktuberria_, Abelen bidaia... eta orain Aztarna faltsuak hau, ohikoa duen gisan gaiz aldatuz.
Urte luzez jolas-parke batean mendebalde urruneko sheriff ezagun baten rola egin ondoren, kasik benetan hura dela pentsatzen du Frank-ek. Orain, lanetik egotzi ostean, mendebalde urrun hartarako bidai bati ekingo dio...
"Amaiur! Libera State", Amaiurko gazteluaren hartzeari buruzko Asiskoren komikia
Gaztelak 1512an Nafarroako Erresuma konkistatu ondoren, berau askatu eta berreskuratu zen, apurka-apurka berriz ere galtzen joateko eta 1522ko Amaiurko gazteluaren erorketaren ondoren Nafarroa Beherean soilik mantentzeko. Bada, berebiziko garrantzizko 10 urte horietako gertaerak eta, bereziki, Amaiurko gazteluaren hartzea kontatzen dira Amaiur! Libera State komikian.
Komikia Amaiur Gaztelu Elkarteak, Herrima eta Erroa argitaletxeek eta Gure Berriak komunikabideak atera dute elkarlanean gertakari esanguratsu eta ezagun hura izan zenetik 500 urte bete diren honetan. Egilea Asisko Urmeneta dugu, gure herriaren historia ederto ezagutzen duen eta komikiaren bidez ezagutarazteko lan handia egiten duen egilea (Gartxot, Aztihitza – Xahoren biografikoa, 1620 Nafarroa Beheregaina, Sugarren mende, Basolatik berri onik ez...). Komiki honek ere, zalantzarik gabe, ekarpen ezinbestekoa egiten du zeregin beharrezko horretan.
"Kriptodirua, batez ere, espekulaziorako erabiltzen da"
(Asko entzuten da azken aldian kriptodiruaren inguruan, baina irudipena dut orokorrean jendeak ez dakiela askorik horren inguruan. Argi pixka bat ematen saiatzeko, artikulua idatzi nuen Elhuyar aldizkariaren martxoko zenbakian kriptotxanponen eta NFTen inguruan. Eta gaiak pizten duen jakinminaren erakusgarri, artikulua irakurri ostean elkarrizketa bana egin zidaten Goiena telebistan eta talde bereko Puntua aldizkarian. Telebistako elkarrizketa, Larraitz Zeberiok egindakoa, online ikus daiteke. Baina Puntua paperean soilik argitaratzen denez, eta elkarrizketa –nire ustez– ongi atera zenez eta jende askorentzat interesekoak diren kontuak daudenez, blogean argitaratzeko baimena eskatu nien eta haiek eman. Beraz, hemen doa elkarrizketa, paperak ezinbestean jartzen dituen mugek behartutako mozketa gabeko bertsio osoan, Puntua aldizkarian ateratako PDFarekin batera –haien eskariz–. Testua zein irudiak Txomin Madinarenak dira.)
"Kriptodirua, batez ere, espekulaziorako erabiltzen da"
IGOR LETURIA - ELHUYARREKO INFORMATIKARIA ETA IKERTZAILEA
Ia hamabost urte dira kriptodirua sortu zutela, baina azken boladan ugaritu egin dira bitcoina bezalako kriptotxanponen inguruko informazio eta iragarkiak. Badakigu zer den eta zertarako erabili daitekeen kriptodirua? Onurak ala arriskuak ditu gehiago?
Testua eta argazkiak: Txomin Madina.
Elhuyar Fundazioko informatikaria eta ikertzailea da Igor Leturia (Arrasate, 1971) eta ia hogei urte daroa hizkuntza- eta hizketa-teknologien arloan lanean. Teknologiaren bueltako bestelako gaiei buruzko artikuluak ere argitaratzen ditu eta kritikoa da kriptodiruarekin.
Zer da zehazki kriptodirua?
Diru edo txanpon normalen atzean estatu bat edo herrialde bateko banku zentral bat egoten da, gehiago noiz atera erabakitzen duena eta txanponen transakzioen inguruko kontrola eramaten duena. Kriptodiruaren atzean, bakarrik algoritmoak eta metodo kriptografikoetan oinarritutako softwarea daude. Software hori da kriptotxanponen jaulkipena zenbatean behin eta noiz egingo diren kontrolatzen duena, baita horien meatzaritza ere. Adibide bat jartzearren, bitcoin kriptotxanponaren kasuan, softwarean bertan sartuta dago nola izango den bitcoinen jaulkipena: guztira 21 milioi bitcoin aterako dira, eta jaulkipen erritmoa aurrez dago erabakita, hau da, ez da izango uneko egoera ekonomikoen araberakoa. Lau urtean behin erdira jaitsiko da erritmo hori. Horrek esan nahi du lehenengo lau urteetan jaulki zirela erdia, hau da, 10 milioi eta erdi, hurrengo lau urteetan laurdena, hurrengo lauetan zortzirena... Beraz, gaur egun, bitcoinen % 90 inguru (18 milioi edo) aterata daude, eta falta diren 3 milioiak joango dira ateratzen erritmoa lau urtero jaisten etengabe.
Bitcoina kriptodiru mota bat da, baina gehiago daude, ezta?
Bitcoina lehen kriptotxanpona da, berarekin batera sortu zen kriptodiruaren kontzeptua eta horren oinarri teknologiko guztia, adibidez blockchain edo bloke-kateen teknologia. Satoshi Nakamoto izeneko norbait, edo izen hori erabiltzen duen kolektibo bat, izan zen sortzailea; inork ez daki zein dagoen atzean. Txosten bat argitaratu zuen esanez zer izango zen bitcoin, zertan egongo zen oinarrituta... eta softwarearen lehen inplementazioa egin eta martxan jarri zuen. Baina gaur egun kriptotxanpon mota asko dago.
Kriptodiruaren atzean nor dago? Nork jaulkitzen du?
Esan bezala, Satoshi Nakamoto izan zen softwarea sortzen eta makinetan instalatzen lehena, baina gero sortu diren txanponen kasuan (ethereum, dogecoin, litecoin...), bakoitzaren atzean beste enpresa eta interes batzuk daude. Interesa duen edonork sor dezake kriptotxanpon bat lehen esandako software hori aprobetxatuta, dagoenetan edo moldatuta. Diote estatuak ere ez ote diren kriptotxanponak sortzen hasiko diru arruntaren alternatiba edo osagai legez, nahiz eta hori kontraesankorra izan kriptodiruaren definizioarekin.
Nola lortzen da kriptodirua?
Bi modu daude. Batetik, beste edozein txanponen moduan lortzen da: nik dolarrak baditut eta zuk euroak, kopuru baten truke erosiko dizkizut. Kriptodiruaren kasuan, badaude horretarako bitartekariak. Baina bestetik, meatzaritza deitzen den kontzeptua dago. Esan bezala, bitcoin kopuru mugatua dago, eta urrearekin gertatzen den bezala, gero eta gehiago lortu, gero eta gutxiago geratzen da eskuragarri. Urrea meategietan meatzaritza eginda lortzen den legez, kriptotxanponekin ere horixe egiten da, meatzaritza. Baina kriptodirua ez denez zerbait fisikoa, softwareak berak definitzen du zein izango den meatzaritza modua: ariketa kriptografiko batzuk zehazten ditu, eta horiek ordenagailuen bidez ebazten dira, meatzaritza softwarea martxan jarrita. Ebatzi dituzula frogatuz gero lortuko dituzu kriptotxanponak; horretan datza meatzaritza. Mundu guztian zehar meatzaritza egiten dabiltzan ordenagailuen artean banatzen ditu jaulkiko diren kriptotxanpon berriak. Etxeko ordenagailu arrunt batekin lortzea oso zaila da, ordenagailu oso potenteak dituzten etxaldeak daude meatzaritza egiten.
“KRIPTODIRUAREN INGURUKO TEKNOLOGIAK ENERGIA ASKO KONTSUMITZEN DU”
Zer erosi ahal dut kriptotxanpon bat lortzen badut?
Hasieran, ohiko muga fisikoak gainditu eta erosketak mundu digitalean egiteko aukera emango zuen txanpon bat lortu gura zen. Orduan hainbat zerbitzu ordaintzen ziren kriptodiruaz, baina gaur egun oso gutxi erabiltzen da benetako salerosketarako. Gaur egun batez ere espekulaziorako erabiltzen da, eta horren eraginez bere balioak dituen gorabehera handiengatik ez da erabiltzen salerosketa arruntetan. Inork ez du txanpon batekin zerbait erosiko hurrengo egunean askoz gehiago balioko duela jakinda, gorde egingo du; eta alderantziz, txanpona jaisten ari bada edo jaitsiko dela aurreikusten bada edo horren arrisku bat badago, orduan dendek ez dute onartuko horretan ordaintzea, hurrengo egunean askoz gutxiago balio dezakeelako.
Hori bai, kriptodiruak anonimotasuna gordetzen duenez, bai erabiltzen omen da legez kanpoko salerosketetarako: drogak, armak, pertsonen trafikoa, diruaren zuriketa… Dark Web-eko operazioetan erabiltzen omen dira.
Zu zeu kritikoa zara kriptodiruarekin. Zergatik?
Egiten zaion erabilerarekin naiz batez ere kritikoa. Zalantzak ditudan arren, etorkizunean eta egoera jakin batean kontzeptu interesgarria izan daiteke. Baina egun, esan bezala, espekulaziorako erabiltzen da kriptodirua, epe motzeko salerosketak egiten dituzten inbertitzaileak-eta erakarriz. Burtsako akzioekin edo etxebizitzekin gertatzen den bezala, interesa dagoen artean gauza baten prezioak gora egiten du, eta orduan batzuk erosten dituzte soilik epe motzean garestiago saltzeko asmoarekin, eta horretaz bizi ere egiten dira batzuk. Eta hori gertatu da kriptotxanponekin: etorkizuna omen direla-eta, interesa sortu zen horiek eskuratzeko, hasieran agian interes logiko edo zilegia zena, baina balioa gora eta gora doan neurrian, gero eta gehiago sartzen dira inbertitzaile eta espekulatzaileak. Urteak dira hasierako kriptotxanponak igo eta igo ari direla, eta ezegonkortasun hori da ekonomia errealean erabiltzea oztopatzen duena. Orain, dagoeneko aberatsa dena gero eta gehiago aberasteko tresna dira.
Kriptotxanponen inguruko teknologiak energia kontsumo handia du, gainera. Kriptotxanponen softwareak funtzionatzen dute blockchain izeneko teknologiarekin, fidagarritasuna eta manipulaezintasuna ematen diona. Baina hori lortzeko softwarea eta datu-basea deszentralizatuta daude, hau da, makina askotan instalatuta, eta kriptografia asko erabiltzen da. Datu-base bat ordenagailu bakarrean beharrean hainbatetan errepikatuta egoteak kontsumo handia dakar, baita softwareak egin behar dituen kalkulu kriptografikoak egiteak, eta meatzaritza egiteko martxan dauden makina guztiek ere. Egungo testuinguruan, larrialdi klimatiko baten, energia asko xahutzen da: esaten da azpiegitura horrek guztiak Europako tamaina ertaineko herrialde batek adina kontsumitzen duela. Tristea da espekulaziorako eta aberatsak gehiago aberasteko planetari horrelako kaltea egitea.
“UNE HONETAN, BEHINTZAT, EZ DA BATERE IDEIA ONA KRIPTODIRUAN INBERTITZEA”
Gazteengan izaten duen eraginak ere kezkatzen zaitu.
Gazteen artean bakarrik ez, orokorrean gizartean ari da hartzen indarra kriptodirua. Interneten, sare sozialetan-eta, iragarkiak azaltzen dira; telebistan ere bai; hirietan kriptotxanponak salerosteko denda fisikoak ari dira agertzen... Ia hamabost urte bete badira kriptodirua sortu zenetik, zergatik eman du azkenaldien teknologiazaleen eta espekulatzaileen ingurutik gizarterako saltoa? Bada, nik uste dut dela lortutako kriptodiru hori guztia kapitalizatzeko interesagatik. Orain denbora bat erositako kriptotxanponek hamar edo ehun aldiz biderkatu dute euren balioa, baina gero salerosketa arruntetarako ezin badira erabili, balioa altu dagoenean komeni zaie diru arruntean bihurtzea. Nola lortzen da hori? Jende berria sartuta sisteman, kriptotxanponak euroengatik erosiko dien jendea. Gizarte osoa hartu dute jomuga: euren aurrezkiak dituzten familiak, esaterako, eta baita gazteak ere. Youtuber-ekin, streamer-ekin gazteengana heltzen dira, diru erraz eta azkarraren ideia salduz. Telebistako publizitatea erregulatuta dago, baina orain arte Internetekoa ez, eta horretaz baliatzen dira estalitako publizitatea egiteko. Bestalde, sareko izar horietako asko aberatsak dira eta dirua izango dute kriptotxanponetan inbertituta, beraz interesa dute horretan jendeak interesa mantentzeko eta altu daudela saltzeko. Hor dago tranpa.
Baina oso arrisku handiko inbertsioak dira, batez ere orain. Jada hasia da beherakada. Urtetan igo eta igo ibili ostean, iazko apirilean, esaterako, 60.000 euro balio zituen bitcoinak eta uztailean balioa erdira jaitsi zen: horrek esan gura du apirilean bitcoin bat erosi zuenak, pare bat hilabetean erdia galdu zuela. Gero berriz igo zen, baina orain berriz ere erdira jaitsi da. Denbora askoan gora joan da, bai, baina ezer ez doa gora etengabe. Irabazteko aukera handiak daudenean, arriskuak ere handiak izaten dira. Inbertitzaile profesionala bazara, dirua eta denbora sobera duena, ez dakit; baina familia edo gazte batentzat, adibidez, oso arriskutsua da.
Erabilera onuragarririk ikusten al diozu kriptodiruari?
Ez dakit, beharbada ideia gisa, mundu osorako txanpon baten ideia, mundu osoan balio bera izango duena, interesgarria izan daiteke, baina horrek ere izango luke orain aurreikusten ez dugun ondorio okerrik (bitcoinenak ere ideia ona zirudien, baina jendearen berekoikeriak zertan bihurtu duen ikusi dugu). Are, horrelako ideia bat kriptotxanponen kontzeptuaren aurkakoa litzateke agian, estatuen interbentziorik gabe funtzionatzea baitute oinarri. Orduan, nola bermatu egonkortasuna eguneroko ekonomiarako baliagarri izan dadin, edo nola bermatu banaketa egokia?
Oinarri teknologikoa bederen interesgarria da? Kriptodiruaren ezaugarri gisa aipatzen dira anonimotasuna eta manipulaezintasuna, adibidez.
Anonimotasuna eta konfidentzialtasuna interesgarriak izan daitezke, baina horrek ere badu bere ifrentzua: gaur egun gertatzen da justu horregatik kriptodirua legez kanpoko jardueretarako erabiltzea. Finean, kriptodiruaren oinarri teknologikoan dauden anonimotasuna eta interbentziorik eza, liberalismoaren gailurra dira, horrelakoek espekulazioan eta burbuiletan amaitzen dute, hauekin bezala.
Kriptotxanponen oinarrian dagoen blockchain edo bloke-kateen teknologia bai izan daiteke interesgarria. Fidagarritasuna eman eta manipulaezintasuna bermatzen duen datu-base deszentralizatuaren ideia interesgarria izan daiteke gauza askotarako. Baina gorago aipatutako energia kontsumo handiaren eta ingurumenari egiten dion kaltearen arazoa ere hor dago...
Orain arte kriptodirua zer zen ez zekienak, kezkatu behar du? Berandu ari da heltzen etorkizunera?
Ez, alderantziz esango nuke. Azkenaldian toki guztietan kriptodiruaren inguruan berba egiten entzuteagatik erostekotan dagoenak, arrisku handia hartuko du. Oso gorabeheratsuak dira kriptotxanponak eta asko galtzeko aukerak handiak dira. Espekulatzaileen eta dirua inbertitzeaz bizi den jende horren kontuak dira; guretzat, jende xehearentzat, erabilera errealik ez du eta interesik izatekotan, egonkortzen denean (egonkortzen bada) izango du. Baina une honetan, behintzat, ez da batere ideia ona kriptodiruan inbertitzea.
“IKUSIKO DA MUGIKORREK GURE BIZITZA ALDATU DUTEN MODUAN ALDATUKO DUEN METABERTSOAK, EDO MODA LABUR BAT IZANGO DEN”
Kriptodiruari buruz asko hitz egin da aspaldion eta hor dago baita ere metabertsoa: mundu birtual bat, non enpresak eta erabiltzaileak dirua inbertitzen eta presentzia handitzen ari diren. 1999ko Matrix pelikulak planteatutakoak gero eta gertuago daude?
Ez dakit Matrix den, edo Ready Player One pelikula, zeinak hiru dimentsiotako betaurrekoak jarriz esperientzia inmertsiboak planteatzen dituen; mundu fisikoan partez mundu digitalean bizitzeko aukera. Neurri batean, gero eta gehiago gaude murgilduta mundu erreala ez den beste baten: gaztetxoak, eta helduak ere, egunerokoan, tabernetan, etxean... beti mugikorreko pantailara begira ikusten ditugu, sare sozialetan sartuta. Ez da bere horretan mundu birtual bat, baina bai beste ziber-errealitate bat. Metabertsoa ere gauza antzerakoa izango omen da, baina hiru dimentsiotan eta kriptodirua nonahi. Lortuko ote duten gu denak horretan sartzea? Tira, mugikorrei eta sare sozialei pegatuta egotea lortu badute... Argi dago enpresa teknologiko handiek, bereziki orain arte Facebook bezala ezagutu dugun Metak, interes handiak dituztela horretarako, inbertsio handiak egin dituztelako bai hardwarean eta baita softwarean. Ez dakit arrakasta izango duen. Bere garaian ere egin zen antzerako saiakera bat Second Life izenekoarekin. Ez zen 3D betaurreko eta horrelakoekin, baina hura ere hiru dimentsiotako mundu birtual bat zen, jendea han egoten zen, enpresek hitzaldiak egiten zituzten han, publizitatea ere jartzen zuten... Etorkizuna izango zela ematen zuen, eta gero desagertu egin zen. Ikusiko da mugikorrek gure bizitza aldatu duten moduan aldatuko duen metabertsoak, edo moda labur bat izango den.
Gizartea, orokorrean, informatika eta teknologia kontuetan alfabetatua ikusten duzu?
Ez; joeren, moden eta albokoak egiten duenaren arabera jokatzen dugu eta ez dugu benetan hausnartzen egiten digun ekarpenaren edo etorkizunean izan ditzakeen kalteen inguruan. Bete-betean sartzen gara eta kalteez konturatu orduko beranduegi izaten da sarri. Gero eta jende gehiagori entzuten diot denbora gehiegi pasatzen duela bateko edo besteko sare sozialetan, eta batzuek uzten duten arren, beste batzuek dagoeneko etsita daudela esaten dute. Badago zer hausnartua, baina ez da erraza buelta ematen, denok gaudelako gurpilean sartuta.
Informatikaria zaren heinean, zuretzat zein izan beharko litzateke informatikaren eginbeharra?
Duela urte asko, ni informatikan sartu nintzenean, gauza berri samarra zen eta orduan hasi zen hedatzen. Aukera asko eskaintzen zituen gauza bat bezala ikusten nuen, jendearen bizitza errazteko eta laguntzeko tresna moduan. Gaur egun ere ikusten diot potentzial hori, eta uste dut gauza askotan lagundu egin duela, baina gauza txar asko ere ekarri ditu. Eta berez ez da teknologiaren beraren errua, baizik eta jendearen diru-gosearena: enpresak sartzen direnean eta dirua egiteko aukera dutenean, berdin die egiten dioten erabilera jendearen kalterako edo onerako den. Mila gauzarekin ikusi dugu hori, Internetekin adibidez: hezkuntzarako, komunikaziorako, informatuta egoteko tresna itzela da; baina gaur egun desinformatzeko, jendea elkarren aurka jartzeko... erabiltzen da.
Zu zeu, zer ari zara ikertzen une honetan?
Elhuyarreko hizkuntza- eta hizketa- teknologien arloan egiten dut lan: hizketaren ezagutza eta sorkuntza, itzulpen automatikoa... Horretan aurrerapen handiak egin dira, benetan erabilgarri eta praktiko izateraino, eta jendearentzat baliagarriak eta euskararentzat onuragarriak diren tresnak sortzen ari gara, eta egunero ari gara aurrerapen berriak egiten. Une oso interesgarrian gaude. Eta teknologia honek kalte edo arriskuren batzuk izan ditzake agian, baina batez ere, onura asko ditu irisgarritasunari eta hizkuntza gutxituei begira.
"Ahlam, bizitza batekin amestuz" komikia atera du UNRWA Euskadik
Palestinar errefuxiatuei laguntzeko NBEren UNRWA agentziaren euskal adarrak, UNRWA Euskadik alegia, Libanon errefuxiatu gisa bizi diren zenbait emakume palestinarren bizitza errealetan oinarritutako istorioak kontatzen dituen komikia argitaratu zuen iazko abenduan. Ahlam, bizitza batekin amestuz du izenburua Sussana Martínen gidoia eta Cristina Buenoren irudiak dituen komiki honek.
Komikia CC-BY-NC-ND lizentziapean argitaratu da, zenbait ale doan banatu dira paperean eta ustez deskargagarri ere badago. Baina esan behar da ez dagoela batere erraz eskuratzeko... Komikiaren hainbat aurkezpen egin badira ere, UNRWA Euskadiren webgunean ezin da inon aurkitu deskargatzeko (izatez, komikiaren aipamenik ere ez dago inon!)... Paperezkoa liburutegian mailegatu behar, baldin badute... Gaia oso da jakin beharrekoa, ezagutarazteko komikia baliatzea bide bikaina, komikia ederra da, baina pena da zabalkundean horrela huts egitea, ezagutarazteko misioan guztiz huts egiten du.
Eguneraketa: Iñigo Ibarra @mendilarrek komikia nola lortzen den UNRWA Euskadikoei galdetu ondoren, deskargatzeko esteka bidali diote: https://unrwa.es/wp-content/uploads/2021/12/Comic-Ahlam-Sonar-con-una-vida-Euskera.pdf. Hala ere, arraroa da esteka ez izatea UNRWA Euskadikoa UNRWA Espainiakoa baizik, eta gainera hor esteka soilik dago, ez dago bestelako artikulu edo aipamen edo estekarik webgune osoan edo UNRWA Euskadikoan...
Asterixen album berria, euskaraz ere bai
Goscinny eta Uderzok 1959an sortutako Asterix pertsonaiaren abenturak Uderzo marrazkigileak bakarrean jarraitu zituen 1977an Goscinny hil ondoren, hari 2013an Jean-Yves Ferri gidoigileak eta Didier Conrad marrazkilariak hartu zioten lekukoa, eta geroztik bost album atera ditu bikote honek. Azkena iazko urtearen amaieran argitaratu zen, Asterix eta grifoa, eta hasieratik bertatik euskaraz ere egon da. Pozgarria da pertsonaia mitiko honen istorioak, berriak zein zaharrak, apurka-apurka euskaraz ere ateratzen ari direla ikustea.
Biga 3 - Errekreazioak, klik eta ekin!
Astiberri Bilboko argitaletxeak haurrentzako komikien bere Txikiberri bildumarekin jarraitzen du, eta oraingoan lehenago hasitako sail baten jarraipenarekin datorkigu. Biga 3 – Errekreazioak, klik eta ekin! da Biga saileko hirugarren istorioa, Biga 1 - Benetan identifikatu gabeko animaliaren eta Biga 2 – Super laguna!ren ondoren. Zein animalia den argi ez dagoen Bigaren eskolako abentura barregarriekin jarraitzen dute Romain Pujol eta Vincent Caut egileek zenbaki honetan ere.
Sauréren 2021eko beste komikiak
Mende honen lehen hamarkadan euskarazko komiki gehien kaleratzen zuen etxea Sauré arabar argitaletxea izan zen, dena bi ediziotan ateratzen baitzuen, gaztelaniaz eta euskaraz. Gehienak hezkuntzara begirakoak ziren, artea, historia, zientzia... gaitzat zituztenak, baina fikzioa ere egiten zuen. Ondoren soilik digitalean argitaratzera pasatu zen, eta gero desagertu egin zen, urte luzez ezer argitaratu gabe egonik. Eta azken urteetan berriz ere hasi da paperean komikiak edota ipuinak argitaratzen. Komiki horietako zenbait berriak dira, baina beste asko lehenago digitalean soilik ateratako komikien berrargitaratzeak. Hori izan zen azaroan berri eman genuen Francisco de Goya, Henri Rousseau eta Van Gogh: mihisetik komikiraren kasua, eta hori da orain dakarzkizuegun 2021eko beste lau komiki hauetako gehienen kasua (baina ez guztiena).
Bizitzaren benetako funtsaren gidoia Jorge González de Mataucorena da eta irudiak Fernando Ferreirorenak, eta komikian izen bereko istorioaz gain 2012an digitalean ateratako Argitaratzaile baten istorioak 1: Matxinsalto argitaratzailea ere badago, Jansainen gidoia eta Esteban Hernández Calvoren irudiak dituena.
Zaporeen abentura liburuan aurrez euskarri digitalean ateratako Trattoria saileko bi zenbakiak (Giancarlok ez du etsiko! eta Ni hao, Txina!) daude, Lipocito gidoilari eta Sara Calzada marrazkilari dituztenak, eta Newtondarrak saileko 2. zenbakia (Newton eta frutaren bahiketa), Edorta Corpás gidoilari eta Victor Araque marrazkigile dituena. Eta Newton eta etorkizunerako bidaia: klonak vs robotak liburuan Newtondarrak sail horretako 3. eta 4. zenbakiak daude (Newton eta berdinen jatorria eta Newton 24. mendean eta koska), egile berberenak. Bitxia da zergatik ez dituzten Newtondarrak saileko hiruak liburu bakarrean atera, bat beste sail batekoekin atera beharrean, baina tira...
Azkenik, Lurraren semea Manuel gaztetxoa protagonista duen Txanoa bildumako aurrez digitalean soilik irtendako hiru albumez osatuta dago: Zeharkaldi urdina, Tumbesera itzuli eta Uretara!. Denek, aurrekoek bezala, Txani Rodríguez dute gidoilari eta Nacho Fernández marrazkigile.