"Iraultza eta bizi!", Burgosko prozesua komikian
Aurreko batean Asisko Urmenetaren komiki-oparotasuna komentatzen bagenuen, Adur Larrea ez zaio atzean gelditzen Asiskori komikiak argitaratzeari dagokionez: 2015etik ia urtean bat! Gehientsuenak, gainera, Euskal Herriko historiaren ingurukoak (gehienbat azken mendeko historia). Gabriel Aresti - BioGrafikoa, Arditutakoak, Maria Zugarramurdikoa eta sorginduak izan ziren emakumeak, Antzara eguna... Eta orain Iraultza eta bizi! atera du, Burgosko prozesuari buruzko komikia, Gara egunkariaren eskutik eta Mikel Antzaren gidoiarekin.
Komikia, baina, ez da epaiketaz soilik mintzo; heriotza-zigorrera kondenatutakoak ateratzeko egin ziren ahaleginak ere kontatzen dira (herri mailako mobilizazioak, nazioarteko presioa, kartzelatik ateratzeko saiakerak...). Komikiaren sorkuntza prozesuaren dokumentaziorako, egileek elkarrizketa ugari egin dituzte oraindik bizi diren epaitu, militante, abokatu eta abarrekin. Emaitza, 100 orriko komiki mardula, gibelean beste 40 bat orriko dosier bat gehitu zaiona, informazio osagarri gisara.
Larunbat eta igande honetan, hilak 28 eta 29, Gara egunkariarekin batera eskuratu ahal izango da kioskoetan, 22 € ordainduta. Harpidedunek 20 €-ren truke lortu ahal izango dute, etxean gastu gehigarririk gabe jasota.
Derrigor ezagutu beharreko gai hau jendeari helarazteko modu ezin hobea!