"Kobane calling", euskaraz!
2018an Farmazia Beltza etxeak Michele Rech Zerocalcare komikigile italiar ezagunaren Hondamuinean lana atera zuen eta 2019an haren jarraipena, Hondamuinean - Sei hilabete geroago. Biak, gainera, jatorrizko italierazko bertsioa atera eta gutxira, eta beste hizkuntza boteretsuago askotan baino lehenago. Luxua! Oraingoan beharbada egilearen lanik ezagun eta goretsienetakoa dena dakarkigu, Kobane Calling, beste lanek bezala hau ere Koldo Izagirrek euskaratuta. 2016koa da komiki hau, orain eduki gehigarriarekin berrargitaratu dutena, eta berrargitaratze horrekin batera ekarri dute euskarara.
Kobane callingek kurduen zapalkuntza eta askapenerako borroka dakarkigu egileak Siriako gerra puri-purian zenean Rojavara (Siriako Kurdistango lurralde autonomoa) egindako bidaia baten bidez, ISISek Kobane hiria inguratuta zuenean. Kontu gogor baina ezagutu beharreko hauek berarengan ohikoa den umore puntuarekin kontatzen ditu Zerocalcarek, lan jakingarri bezain entretenigarria eginez. Berrargitaratze honetan bi istorio berri daude, Zurrunbuila eta Garhaziak, istorioa eguneratzen dutenak. Gaztelaniaz bazenuen ere, arrazoi nahikoa berriz erosteko!