e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
"Itsasoan urak handi", HB eta Lo-li-ta munduan barna
Azken bizpahiru urteotan Xabiroi komiki-aldizkariaren orrietan atalka atera ondoren, Xabiroik, ohi duen moduan, album formatuan argitaratu du Haur besoetakoa sailaren hirugarren albuma ere. Itsasoan urak handi izeneko honetan, HB (Haur Besoetakoa) eta Lo-li-ta munduan zehar erbesteratuta dabiltza, haurrek agintzen duten euren erreinuak ez baititu betiko garai onenak bizi, eta haren kontrola berreskuratzeko bidean biziko dituzten abenturak kontatuko dizkigute Unai Iturriaga gidoilariak eta Alex San Vicente Sanvi marrazkigileak. Lortuko al dute?
"Ainhoa", "Black is beltza"-ren jarraipena, oraingoan Manexen alabarekin 80ko hamarkadaren amaieran
Black is Beltza komikia 2014an atera zen eta handik lau urtera hartan oinarritutako animaziozko filma. Bada, orain haren jarraipena, Black is Beltza 2 – Ainhoa, ia-ia batera atera da film eta komiki formatuan. Elkarrek atera duen komikiaren gidoian aurreko Fermin Muguruza eta Harkaitz Canori Isa Campo batu zaie, eta irudiak Susanna Martínek egin ditu. Oraingoan, lehenengoaren protagonista Manexen alaba Ainhoak biziko ditu hainbat abentura 80ko hamarkadaren amaieran Kuban, Euskal Herrian, Libanon, Afganistanen, Kurdistanen, Marseillan... orduko giro politiko eta soziala islatuz.
"Cube Arts 1", manga gehiago euskaraz!
Gogoratzen duzue duela gutxi nola esan genizuen lehenbizikoz argitaratu zela manga bat euskaraz (X-Venture – Gorputza krisian seriearen lehen bi zenbakiak, hain zuzen)? Bada, harekin nahikoa ez, eta Harriet argitaletxeak beste bat ere atera du! Kasu honetan, Japoniako manga da, hango hizkuntzatik zuzenean euskarara Iker Alvarezek itzulia, eta gaztelaniaz aterako ez dena. Tomomi Usuiren Cube Arts 1 honetan, Takuto gaztea Cube Arts bideo-jokoaren demoaren barruan sartzen da, Minecraft asko gogorarazten duen blokez osatutako mundu batean, eta abentura zirraragarri eta beldurgarriak biziko ditu bertan bere lagunekin eta han ezagutuko dituen beste pertsonaiekin. Berri oso ona argitalpen hau, eta, gainera, Harriet-ek laster manga gehiago aterako omen ditu. Segi horrela!
Harriet argitaletxeak Duhamel-en "Inoiz ez"-en jarraipena atera du
Pozgarria da Harriet argitaletxeak Bruno Duhamelen lanak euskarara ekartzen jarraitzea (seigarrena da hau), bere lanak istorio bitxiz, samurtasunez eta aldarrikapenez beteta baitaude. Inoiz ez 2 – E eguna honetan, Madeleine atso itsu burugogorra eta Normandiako itsaslabarretan behera erortzear dagoen bere etxearen kontakizunaren jarraipenean, istorioa are gehiago konplikatuko da: nazien bunkerrak, erorketak, isolamendua, alkategai ultraeskuinekoak...
Yezidien sarraskia, erresistentzia eta autonomiaren lekukotza, "No sleep till Shengal"-en
Zerocalcare komikigile italiarraren lanik ezagunena ziurrenik Kobane Calling izango da, Siriako gerraren erdian kurduek eraikitako Rojavako lurralde autonomora egindako bidaiaren kronika. Bada, orain No sleep till Shengal komikian 2021ean Irakeko iparraldean dagoen yezidien lurralde autonomora, Shengalera, egindako bidaia eta haiek jasandako triskantza eta erakusten duten erresistentzia kontatzen ditu. Jatorrizkoak italiarrez argia ikusi eta gutxira atera du euskaraz Farmazia Beltzak, beste hizkuntza asko baino lehenago. Berriz ere, ezinbesteko jakingarriak Zerocalcare-ren ohiko estilo pertsonal berezi eta umorezkoan.
"Ura leporaino", konfinamenduaren eguneroko bat komikian
2020ko martxoaren 14an, COVID-19agatik etxean itxi behar izan ginenean, bakoitzak bere modura egin genion aurre bizimodu berriari. Usue Egia durangarrak konfinamenduaren egunerokoa egiteari heldu zion, baina komikian. Usuek egunez egun egindakoen eta bere barne-gorabeheren berri ematen digu, plano erreal eta alegiazkoak tartekatuz, oso modu pertsonal eta hunkigarrian, Denonartean argitaletxeak ateratako Ura leporaino komikian.
Garazi Albizua eta Olga Carmona Peralen "Iruleak" atera du Txalapartak
Gizakion patua harilkatzen duten Greziako Moira jainkosa apetatsuak (Kloto, Lakesis eta Atropos) aspertuta daude, eta apustu egin dute, ea nork lortu mamu baten bisitaren bidez eragitea Mar iruindar gaztearen bizitzan. Hala, Dickens-en Eguberri kantaren gisara, mamu bana bidaliko diote: Margaret Fuller, Margarita Nafarroakoa eta Inés Joyes y Blake. Txalapartaren eskutik datorkigu Garazi Albizuaren gidoia eta Olga Carmona Peralren irudiekin osatutako eta ahalduntzea gai duen Iruleak komiki polit hau.
"Non gogoa...", mendizaletasun istorioak komikitan, Denonartean etxearen eskutik
80ko hamarkadan zenbait istorio labur argitaratu zituzten Javier Mina gidoilariak eta Pedro Oses marrazkigileak HABEko Mik komiki-aldizkarian, protagonista eta gai ezberdinekin baina denak mendizaletasunaren ingurukoak: Reinhold Messner, Everesten lehen euskal igoera, Iñaki Aldaia, Cervino, Eiger... Denonartean argitaletxeak istorio horiek (9 guztira) Non gogoa... komikian batu ditu.
Genero fantastikoa eta animalia antropomorfoak euskarara ekartzeari ere heldu dio Harriet argitaletxeak "Lehoi ogroa" sailarekin
Animali antropomorfoen mundu fantastiko batean, Kgosi animalia haragijaleak hiltzen dituen deabru batean transformatzen den lehoia da. Gogoratzen ez duen bere iragan misteriotsuaren bilaketa bidean, bat egingo dute berarekin Wilt antxumeak, Othila sagu gerlariak eta Hind azeriak. Taldeak abenturaz, intrigaz eta odolez betetako abenturak biziko ditu, Harriet argitaletxeak euskarara ekartzen hasitako eta egile Bruno Bessadiren irudi zinez politez hornitutako Lehoi ogroa sailean. Lehen zenbakia den Lehoi barbaroa honek gehiagorako gogoz uzten du irakurlea.
Adur Larrearen komiki berria: "Lurbinttoko ohoinak"
Euskal Herriaren historia lantzen duten komikiak izan genituen aipagai aurreko batean, eta horri dagokionez lan aipagarrienetakoa egiten ari dena (Asiskorekin batera) Adur Larrea da, bereak baitira horietako asko: Gabriel Aresti BioGrafikoa, Maria Zugarramurdikoa eta sorginduak izan ziren emakumeak, Antzara Eguna, Iraultza eta bizi! Burgosko auzia... Bada, orain, Euskal Kultur Erakundeak eta Elkar Fundazioak sortutako EKE-Elkar literatura bekaren bidez, Lurbinttoko ohoinak komikia egin du. Frantzia eta Espainiaren arteko Konbentzioaren Gerran milaka lapurtarrek beren etxea utzi dute (batzuk gerran aritzeko, beste batzuk gerratik ihesi hegoaldera pasatu direlako, eta beste asko herri “traidoreetakoak” izateagatik landetaratuak izan direlako), eta itzultzean –Euskal Herriaren eskubide historikoak zanpatuta aurkitzeaz gain– euren lur eta ondasunak okupatuta edo erreta daudela ikusi dute. Hala, batzuk lapur talde bat osatu dute, izenburuko ohoinak hain zuzen, erauste, ebasketa eta deportazioen arduradunez mendekatzeko. Jakin beharreko historia, bikain landutako eta marraztutako istorioan. Komikiaren iruzkin bikaina egin du (ohi bezala) Mikel Begoñak Komikeri blogean.