Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / e-gorblog

e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)

Valnor-eko Kriss-en heriotza

Iban Zaldua 2005/06/24 23:55
Valnor-eko Kriss-en heriotza

Irudia: Rosinski

Une tristeak dira komikizaleontzat eta, batik bat, abenturazko komiki klasikoak maite ditugunontzat: Thorgal saileko azkeneko alean Valnor-eko Kriss hil dute Van Hamme-k eta Rosinski-k. Aaricia-k dioen bezala, albumaren amaieran, "Barka ditzatela zure krimenak Nifhel-eko jainkoek, Valnor-eko Kriss".

Thorgal da egungo komiki europarreko sailik zaharrenetako bat: 1979an jarri zen abian eta hogeita zortzi album argitaratu dira jadanik. Gidoilaria oso ezaguna da, Jan Van Hamme herbeheretarra (XIII, Largo Winch, Blake and Mortimer-en azken etapako gidoi batzuk...; horretaz gain, best-seller egilea da: Largo Winch, komikia bihurtu aurretik, nobela-saila izan zen...); Grzegorz Rosinskik, poloniarra jatorriz, lan asko ilustratu ditu, baina Van Hamme izan du bidaia-lagunik ohikoena (harena zen Chninkel-aren botere handia-ren gidoia, Jesukristoren istorioaren berrirakurketa kurioso bat). Thorgal saila da, edonola ere, tandemaren emaitzarik entzutetsuena.

Fantasia heroikoaren azpigeneroan koka daiteke Thorgal; Conan sailaren itzalean, uler gaitezen, nahiz eta niri, kalitatearen aldetik, Thorgal dezente gainetik dagoela iruditu (ez da horren zaila...). Ekintza Mendebaldeko Erromatar Inperioaren erorketa ondoko une ez bereziki zehatz batean gertatzen da, ziurrenik VIII. mendearen ingurumarietan, baina datazioak ez du gehiegi inporta, xehetasun historikoak ez dituztelako bereziki zaintzen egileek (ohikoa den zerbait, generoan: gogoratu Trueno Kapitaina-ren globoa eta haren bidaiak, are Amerikaraino ere...). Heroia Thorgal da, umetan bikingoek adoptatutako gizon bitxi bat, arkulari trebea, baina bakezalea eta (batez ere) zintzoa: hein handi batean, Thorgalek, bere emazteak (Aaricia, printzesa bikingo bat) eta beren seme-alabek (Jolan eta Otseme) biolentziatik ihes egiteko ahaleginen kontaketa da sailaren ardatza (ahalegin horiek, jakina, ezdeusak dira azken batean, eta horretan oinarritzen dira familiaren ibilaldiak).

Abenturetako batzuk "garaikoak" dira, ezpata-eta-guda soilekoak nolabait esateko, baina ez dira elementu fantastikoak falta, denbora-bidaiek planteatzen dituzten paradoxak etab. Thorgalen bereizgarrietako bat fantasia heroikoa eta zientzia-fikzioaren arteko nahasketa baita: Thorgal espaziotik iritsitako ontzi batean etorri baitzen Lurrera ("Izarren semea"); espedizio hartako partaideak hiltzen joan dira, eta Thorgal izango da bizirik jarraituko duen bakarra. Bide batez, estralurtar jatorrikoa izanik, botere estrainio batzuk ditu protagonistak (honetan Superman gogorarazten du), eta bere seme-alabek garatuko dituzte, baitere; horrek joko handia ematen du sailak aurrera egiten duen heinean.

Valnor-eko Kriss (edo, sabineraz esateko, Valnor'tar Kriss) zenbait albumetan agertzen den "gaiztoa" dugu. Mertzenarioa, aberastasun-gosea (eta aberastasunak lortzearren edonor traizionatzeko prest dagoena), Thorgal bezala arkulari eta gerlari trebea eta, batez ere, abenturazale amorratua, Thorgalen ifrentzua da, baina Thorgal erakartzen duen ifrentzua noski: Aaricia gatzgabe samarrak ezkon-bizitza ordezkatzen duen bitartean, abentura, askatasuna eta (prezioren bat ordaindu behar) moralgabetasuna haragitzen dira Krissengan. Izan ere, Thorgalek memoria galtzen duen une luze batean, bere senarra dela konbentzituko du Krissek, eta harekin batera piraten erresuma bat gobernatuko du (Gotorleku ikusezina, Desterratuen zeinua, Ogotairen koroa eta Erraldoiak albumek osatzen duten tetralogiatxoan)... baina ez dakigu zein puntutaraino den Thorgal (in)kontziente gertatzen ari zaionaz. Edonola ere, argi dagoena da Krissek, zitala eta gupidagabea izan arren, Thorgal maite duela, "are gorrotoraino ere", emakumeak behin batean aitortuko dion bezala. Hain da goapoa eta lerdena Thorgal...

Valnor-eko Krissen presentzia, etengabekoa ez bada ere, errekurrentea da sailean zehar (bere lehenengo agerraldia 9. albumekoa da, Arkulariak delakoan), eta, niretzat, pertsonaiarik interesgarriena bihurtu zen aspaldi. Saileko album asko oso onak iruditzen bazaizkit ere (Mendietako jauna adibidez, izugarria da), bereziki gomendagarria begitantzen zait Qa herrialdea, Tanatloc-en begiak, Jainko galduaren hiria eta Lurraren eta argiaren artean albumek osatutako azpisaila, zeinetan Krissek oso partehartze nabarmena baitu.

Horregatik mindu nau pixka bat gidoilariaren erabakiak. Hogeita zortzigarren albuma, Valnor-eko Kriss izenburukoa (nola ez), frantsesez pasa den udazkenean (Éditions Le Lombard) eta gaztelaniaz (Norma) oraintsu argitaratu dena, ona da, baina ez garai batekoak bezain distiratsua. Izan ere, nire uste apalean gainbeheran sartuta zegoen saila, gutxienez hogeita laugarren aletik (Aracnea), eta Valnor-eko Kriss hau, Oasis-en azkeneko diskoari gertatzen zaion bezala, ez da agian antzinako mailara heltzen, baina eusten dio behintzat. Eta hori, hein handi batean, Krissen pertsonaiari zor dio. Badago errazkerian erortzen den eszenaren bat (bainuetxe erromatarrarena kasu), baina, bestela, albumak bizkor egiten du aurrera, badu erritmoa, eta Krissi amaiera duina ematen dio ("Hurbil zaitezte, koldar aldra hori! Valnor-eko Kriss nauzue, eta gaur legenda bihurtuko naiz! Kar, kar, kar!"); zilarrezko meategietan Krissek janzten duen modelazo pseudo-sado-masoa, bestalde, mundiala da. Eta, amaierarako, karta ezkutu bat erakusten du, etorkizunera begira: orain arte ezezaguna zitzaigun Thorgalen sasiko seme bat, Aniel mutua, Jolan eta Otseme "legezkoen" anaia-ordea. Zeinak, ziurrenik, besteek bezala, botere sekreturen bat izango baitu, bera ere Thorgalen ondorengoa den heinean. Interesgarria dirudi, behintzat, etorkizuna...

Edonola ere, agur eta ohore, Valnor-eko Kriss!

Fitxa

Izenburua: Kriss de Valnor (Thorgal 28)

Gidoia: Jean Van Hamme

Irudiak: Grzegorz Rosinski

Argitaletxea: Norma

Urtea: 2005

ISBN: 84-9814-229-6

Ikastolen Elkarteak komiki-aldizkaria atera du

e-gor 2005/06/17 23:45
"Xabiroi" izena du eta oso itxura ona du
Ikastolen Elkarteak komiki-aldizkaria atera du

Irudia: Ikastolen Elkartea

Ikastolen Elkartea-k komiki-aldizkari bat atera du, Xabiroi, bere ikasleen artean banatzeko oraingoz. Egile ezagun eta garrantzitsuek sinatzen dituzte bertako lanak. Ale bat nire eskuetara iritsi da eta itxura ona dauka. (Ez, ez naiz ikastolako ikaslea, 3 urteko semeari eman diote, berak ez dut uste oraingoz asko aprobetxatuko duenik, baina nik ziur baietz!)

Azken aldian puri-purian dagoen gaia da haur eta gazteen irakurzaletasun eza, eta berau nola sustatu. Baina erantzuna begien aurrean izan dugu beti. Azken urteetan komikia genero txikitzat hartu eta ez bultzatzen, baizik eta gaitzesten, hasi izana izan da irakurzaletasunaren galeraren arrazoietako bat nire ustez (nahiz eta ez bakarra, noski).

Behintzat Ikastolen Elkartea konturatu da horretaz eta konponbidean jarri du arazoa komiki-aldizkari bat atera eta doan banatuz bere ikasleen artean. Horrela atera du "Xabiroi" aldizkaria, komikiz osatuta egongo dena eta 33.500 aleko tirada izango duena.

Lehenengo alea iritsi zait eta asko gustatu zait. Oso anitza izango dela dirudi: gazteenei nahiz helduxeagoei gustatzeko modukoa, komiki batzuk umorezkoak, beste batzuk abenturazkoak, beste batzuk helduentzakoak...

Izen ezagunek nahiz berriagoek egingo dituzte bertako lanak. Ezagunak aipatzearren, Asisko eta Markok umorea landuko dute; Harkaitz Canok helduentzako moduko genero beltzeko istorio baten gidoia egingo du; Juan Luis Landa eta Joxean Muñozek euren El ciclo de Irati istorio ederraren jarraipena egingo dute, abentura, historia eta mitologia nahasten dituen istorioan; eta Raquel Alzate barakaldoarrak (aurtengo Bartzelonako Komiki Jaialdian egile berriari ematen zaion saria irabazi berri du, Patxi Lurrak blog honetan kontatu zigun bezala ) istorio surrealista eta poetiko bat egin du lehen ale honetan.

Lehen ale hau aurkezpenekoa da. Hurrengoetan, umorezko tira edo istorio laburrez eta beste atal finkoez gain, istorio luzeak izango direnen 8na orri egongo dira (El ciclo de Iratiren jarraipena izango den Saiak, Harkaitz Cano eta Iñaki Holgadoren Piztia otzanak eta Dani Fanoren TeleATOI: harbi aluzinogenoak espazioko abenturak). Sei aleren ondoren, istorio luze hauen bildumak argitaratzeko asmoa dute.

Aurkitzan diodan eragozpen bakarra bere maiztasuna da: hiru hilean behin aterako da, gutxitxo nire gusturako (eta irakurzaletasuna benetan bultzatzeko ere bai, nire ustez).

Ikastolen Elkarteko webgunean jarri duten prentsa oharrean deklarazio hau egiten dute: "Oro har, komiki gutxi argitaratzen da, gazteentzat gutxiago, eta euskal komiki-egileek euskaraz sortua are gutxiago. Zulo hori betetzen laguntzeko asmoz sortu du Xabiroi Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak, kalitate handiko gidoiak eta irudiak dituzten komikiak euskaraz sortzeko, eta nerabeek eskura duten literatura grafikoa indartu eta anizteko. (...) Eduki guztiak euskaraz garatuko dira, eta komikietan erabiltzen den berezko hizkuntza euskaraz sortzeko ahaleginean aurrera pausoa eman nahi da. (...) Xabiroi hazteko bokazioarekin jaio den publikazioa da, orrialde gehiago edukitzen duen heinean, euskal komiki-egileen sorkuntza aberatsari ate gehiago zabalduko dizkiogu, dudarik gabe." Asmo bikainak! Ongi etorri Xabiroi!

Bartzelonako 23. Komiki Jaialdia

Patxi Lurra 2005/06/15 22:20
Bilboko Astiberri argitaletxea sarituta
Bartzelonako 23. Komiki Jaialdia

Irudia: Manel Fontdevila

Ekainak 9tik 12ra antolatu dabe Bartzelonako Nazioarteko Komiki Jaialdiaren 23. edizinoa. Astiberri argitaletxe bilbotarrak hainbat sari irabazi ditu.

Ekainak 9tik 12ra antolatu dabe Bartzelonan Nazioarteko Komiki Jaialdiaren 23. edizinoa. Aurtongoa lekuz aldatu behar izan dabe, Estació de França-tik Montjuïc aldera, igaz bildutako jendetza dala eta (90.000 pertsona inguru).

Egunkarian irakurri ahal izan dodanez, mahai-inguruak be prestatu dabe hainbat gairi buruz, besteak beste: komikiaren arte minoritario izaera, europarrak versus estatubatuarrak edo emakumezko irakurleen presentzia.

Sariei jagokienez, Astiberri argitaletxe bilbotarrak 25 kandidaturetatik 11 eroan ditu Bartzelonara. Azkenean, Raquel Alzate barakaldotarrak irabazi dau egile barriaren saria, Cruz del Sur liburuagaz. Bestela, publikoaren sarien artean Astiberrik pare bat eskuratu dau.

Hauexek izan dira saridun guztiak:

  • 2004an Estatu espainiarrean argitaratutako lan atzerritarrik onena: Jimmy Corrigan, el chico más listo del mundo - Chris Ware (Planeta deAgostini argitaletxea).
  • 2004ko egile barririk onena: Raquel Alzate - Cruz del Sur (Astiberri argitaletxea).
  • 2004ko gidoirik onena: La mansión de los Pampín - Miguelanxo Prado (Norma argitaletxea).
  • 2004ko lanik onena: La mansión de los Pampín - Miguelanxo Prado (Norma argitaletxea).
  • Komikiaren aldizkaririk onena: Mister K (El Jueves argitaletxea).
  • Fanzinerik onena: BD Banda.
  • Sari Nagusia: Carlos Giménez
  • Publikoaren sariak:
  1. Lan atzerritarrik onena: Blankets - Craig Thompson (Astiberri).
  2. Fanzinerik onena: Malavida.
  3. Komikiaren aldizkaririk onena: Trama (Astiberri).
  4. Egile barririk onena: Kenny Ruiz.
  5. Gidoirik onena: Barcelona - Kenny Ruiz (Dolmen)
  6. Lanik onena: Barcelona - Kenny Ruiz (Dolmen)

Sarietatik kanpo, besteak beste, Javier Isusiren La pipa de Marcos (Astiberri) lan bikaina gelditu da (dana dan, ezinezkoa zan ezer lortzea, izendatuta be ez egoalako). Neuk irakurtzeko aukera izan dot, eta komiki guztiz gomendagarria deritzot. Chiapas aldean hainbat istorio kokatzen ditu Isusik, lan erdi autobiografiko honetan. Ironia finaz baina takto handiaz kritikatzen dau Mexikoko eskualde erakargarri hartara joandako zenbait lagunen jarrera: morboa, azalkeria, prestakuntza falta... Liburuaren azken partean, marrazki barik, testu eder-ederra irakur daiteke zapatismoari eta oro har kultura txikiei buruzkoa.

Meme musikala iritsi zait

e-gor 2005/06/14 00:18
...baina ni ez naiz horrelakoen zalea

Gari teknosexualak pasatu zidan meme musikalaren lekukoa. Memeak dira blogariek gai berdin baten inguruan norberaren esperientzia kontatu eta testigoa beste blogari batzueri pasatzean osatzen diren post kateak. Azkenaldian norberaren musika-gustuen inguruko memea dabil euskal blogosferan gora eta behera. Ni ez naiz horrelakoen zalea, baina Gariri diodan estimuak ere ez dit uzten hain erraz errefusatzen... Zer egin beraz? Arrazoi hauengatik ez zaizkit memeak gustatzen:

  • Memeak paperezko eta posta elektroniko bidezko gutun-kateen parekoak dira blogetan, eta haiek ere ez zaizkit batere gustatzen; lehenengoak papera alferrik botatzea dira eta bigarrenek, memeek bezala, interneteko banda-zabalera gastatzen dute.
  • Horrelakoak lagunei bidaltzean hauek konpromisoan jartzen ditut, eta hori ez dut gogoko. Agian ez dute gogorik egiteko, edo ez dute denborarik, edo...
  • Askotan blog baten horrelakoak idaztea ez dator bat blogaren ideia edo helburuarekin. Hau da, non kokatuko dut horrelako post bat informatikari, komikiei eta bestelako gogoetei buruzko blog baten?
  • Euskal blogosferaren kasuan, laster asko geldituko gara lekukoa nori pasatu ezinik. Egin kontuak: lehenak bosti pasatzen die lekukoa, horietako bakoitzak beste bosti pasata hogeita bost egiten dute, hurrengo txandan jada ehun eta hogeita bost...

Baina jakin badakit Gariri ere ez zaizkiola gustatzen eta hala ere pasatu dit lekukoa. Berak dioen bezala, beste blog batzuetan horrelakoak egiten badira, gurean zergatik ez? Eta berari diodan estimu eta admirazioak galerazi egiten didate ezetz esatea...

Beraz, erabaki salomonikoa hartu behar izan dut:

  • Blogaren estetikarekin guztiz ez hausteko, artikulu bat idaztea gogoeten atalean memeak zergatik ez zaizkidan gustatzen azalduz
  • Garik pasatutako lekukoari erantzutea
  • Nik lekukoa beste inori ez pasatzea (bestela ere zaila izango nuke, erantzuten berandutu naizenarekin uste dut ezagutzen ditudan blogari guztiek erantzun dutela jada...)

Hona hemen memeari nire erantzunak:

Lekukoa nork pasatu didan:

Gari Araolazak ekainaren 8an

Nire ordenagailuan dauzkadan musika artxiboen tamaina:

Guztira 11,25 GB, 3534 kantu MP3 formatuan. Eta oraindik CDen erdia baino gehiago ditut pasatu gabe...

Erosi dudan azkeneko diska:

Discoplay-n egin nuen eskaera, eta hiru disko erosi nituen:

Orain entzuten ari naizen kantua:

Sir Carol Reed-ek zuzendutako eta Orson Welles, Joseph Cotten eta Alida Valli-k antzeztutako The Third Man filma ederraren soinu-banda aparta, Anton Karas eta bere zitara ahaztezinarekin eta filmako elkarrizketa gogoangarri batzuekin

Sarritan entzuten ditudan edo niretzat esanahi berezia duten 5 kantu:

  • The Clash da niretzat inoizko talderik onena. Beraien kantarik gustukoena aukeratzea ez da erraza, hainbeste daude... I Fought The Law, Guns On The Roof, London Calling, Jail Guitar Doors...
  • Dire Straits ere nire nerabezaroko talderik maiteenetakoa zen, eta da oraindik. Hauek ere abesti eder asko dituzten arren, enblematikoena aukeratuko dut, Sultans Of Swing.
  • Hertzainak-en zenbat kontzertutan egon ote nintzen! Salda badago aukeratuko dut.
  • Antton Valverderen Amonaren hileta
  • Bob Dylan-en Like A Rolling Stone

Eta finalista utzi ditut Jacques Brel-en Ne Me Quitte Pas, Ruper Ordorika-ren Berandu Dabiltza, Midnight Oil-en Forgotten Years, Paul Simon-en You Can Call Me Al, The Police-ren Every Breath You Take, Niko Etxarten Eperra, The Ramones, U2, R.E.M., Bob Marley, Mike Oldfield, Vangelis, Itoiz...

Zein 5 pertsonari pasatzen diedan testigua:

Inori ez.

Artikulu baten erantzunetara harpidetzeko aukera e-gorblogen

e-gor 2005/06/12 23:46
Zerbitzu berritzailea euskal blogosferan!

Gogoan al duzue, Bloglines edo RSS irakurgailurik ez zegoenean (edo ezagutzen ez genituenean), nola ibili behar izaten genuen gure gustoko blogetan egunero sartzen, ea ezer berririk zegoen ikusteko? Ia prehistoria iruditzen zaigu... Baina oraindik ere horrela ibili behar izaten dugu blog bateko artikulu interesgarriren baten erantzunak jarraitu nahi baditugu, guk zerbait erantzun dugunean adibidez! Ba hemendik aurrera blog honetan artikulu baten erantzunetara harpidetzeko aukera izango duzue, lehen aldiz euskal blogosferan!

Asmo hau aspaldi banuen ere, Eibar.org-i XML jarioen trafikoa (berez handia dena) ez gehitzearren ez nuen egin. Orain RSS-a FeedBurner zerbitzura pasatuta, hori egin dezaket.

Orain blogean zerbait idazten dudan bakoitzean, lan pixka bat gehiago egin beharko dut, artikuluaren feed-a FeedBurner-en alta eman behar baitut, baina merezi duela uste dut. Denbora pixka baten utziko dut artikulu baten harpidetza aukera hori, baina gero, artikulu batek jada erantzunik ez duela denboratxo bat pasatu denean, kendu egingo dut, infinituki luzatzea ez baitu zentzurik eta ez baitut FeedBurner-eko nire kontuko feed kopurua gehiegi handitzerik nahi badaezpada ere.

Beno, mezu hau izango da euskal blogosferan lehena (nik dakidala behintzat) bere erantzunetara harpidetzen uzten duena. Ea beste blog batzuk ere bide bera hartzen duten!

EGUNERATZEA: nirea ez da izango lehen blog euskalduna artikulu baten erantzunetara harpidetzeko aukera ematen duena. Ikusi dut blogthing-ek behintzat aukera hori ematen duela, eta hor daude ostatatuta hainbat euskal blog, Patxi Gaztelumendirena kasu. Barkatu handiustea.

XML feed-aren helbidearen aldaketa e-gorblogen

e-gor 2005/06/08 23:51
Feedburner zerbitzuan ostatatuko da aurrerantzean

Gaurtik, blog honetako XML jarioa ez da orain arteko helbidean (http://www.eibar.org/blogak/e-gorblog/feed.xml) egongo. FeedBurner zerbitzura pasatu dut, eta http://feeds.feedburner.com/e-gorblog helbidean egongo da hemendik aurrera. Beraz, Bloglines edo beste RSS irakurgailuren baten bidez harpidetza duzuenok, aldatu ezazue helbidea, helbide zaharrean artikulu hau izango baita agertuko den azkena, eta denbora bat barru kendu egingo dut helbide zaharreko feed-a.

Aldaketa hau egiteko arrazoiak hainbat dira:

  • XML jarioek gero eta trafiko handiagoa eta zerbitzarientzako karga handiagoa suposatzen dute. Horregatik sortu dira FeedBurner moduko zerbitzuak, eta zergatik ez erabili, horrela Eibar.org-en karga gutxitzen badut?
  • FeedBurner-ek zerbitzu gehigarriak eskaintzen ditu: estatistikak ematen dizkizu (harpidedun kopurua, zirkulazioa...), nabigatzailei web orri formatuan zerbitzatzen die orria, irakurgailu guztietan ongi irakurriko dela bermatzen du beharrezko bada formatu aldaketa eginez...
  • Blog honetan eskaini nahi dudan zerbitzu berri batek (artikulu bateko erantzunetara harpidetzeko aukera) asko gehituko luke Eibar.org-eko XML jarioen trafikoa, horregatik hobe da hauek kanpoan jartzen baditut.

Aipatutako azken zerbitzu hori, artikulu bateko komentarioetara harpidetzeko aukera alegia, laster jarriko dut martxan. Adi egon berriei, beraz, baina helbide berrian!

Euskarazko bi blog berri (bai, beste bi, baina hauek bereziak dira!)

e-gor 2005/05/25 16:30
Eztei-bidaia baten kronika eta fraide baten bloga

Euskal blogosferan, zorionez, jada ez da notizia blog berriak martxan jartzea. Hala ere, uste dut bi blog hauen sorrera anunziatzeko modukoa dela, esparru berriak ukitzen baitituzte. Lehena ezkontza-bidaia baten kronika da (blog hau martxan jarri bakarrik ez, jada utzita ere badago, bidaia amaitu baitute), eta bestea fraide baten bloga. Ari da poliki-poliki euskal blogosfera alor guztietara zabaltzen...

Ezkondu behar zuten lagun batzuekin, Iñaki eta Maiderrekin, egon ginen ezkontza-eguna baino pixka bat lehenxeago. Eztei-bidaia Turkiako Kurdistanera egitekoak ziren. Esan ziguten idatziko zigutela e-postaz handik, ahal bazuten, senide eta ezagun guztiei idaztea ez baita erraza ziberkafean egoten zaren denboran. Orduan nire neskalagunak proposatu zien blog baten idaztea kronika, eta ahaide eta lagunei blogaren helbidea emateko, eta beraiek animatu. Turkistan izena aukeratu zuten blogarentzat (euren senide batek Turkia eta Kurdistan hitzak nahastuz nahigabe asmatutakoa). Ireki nien bloga blogger-en eta erakutsi nien posteatzen eta flickr-era argazkiak igotzen. Probatuko zutela ea nola zihoan gauza, ongi ez bazihoan beti zeukaten bide hori uztea eta posta elektroniko tradizionalera itzultzea...

Ba kristoren arrakasta izan du blogak. Kronika polita idatzi dute, ez dute izan arazorik interneterako konexiodun toki-publikoak aurkitzen (herrialde pobreetan, horrelako gehiago daude ia hemen baino, etxeetan jende gutxiagok baitu ordenagailua, guk Tailandian duela urte batzuk konprobatu ahal izan genuenez). Euren lagun eta senitartekoak hor egon gara egunero blogean sartzen, gauza berriak irakurtzeko irrikitan! Eta beraiekin komunikatzeko ere tresna egokia izan da, blogean bertan erantzunak idatzita. Erantzun asko egon dira, eta horietan kuxkuxeatzen ere saltsa sortzen zen. Gizartearen gehiengo handi-handi batek hitza entzun bai baina blogak zer diren ere ez dakienean, lagun hauen familietan jende helduak ere izan du blogekin kontaktua, idatzi ere egiten zuten. Amona harrituta zegoen hango argazkiak ikus zitzakeelako. Ezkontideek ere oso esperientzia polit eta arrakastatsua izan dela esaten dute (eta horregatik eman didate baimena orain horren berri emateko).

Iñaki eta Maider beraien laguna den fraide batek ezkondu zituen, Koldok. Fraide honek ere jarraitu ditu beraien abenturak blogaren bidez eta ideia gustatu, nonbait. Artean besteak bidaian zirela, berak ere blog bat irekitzea erabaki zuen, eta baita egin ere. Horrela sortu zen Fray Koldo bloga. Hau oraindik berria da, zein bide egiten duen ikusi behar.

Euskal blogosfera, zabal hadi lau haizetara!

Gaizka Barandiaran euskal dantzen ikertzailearen ondarea

e-gor 2005/05/18 22:55
Igandean omendutako jesuita amaren osaba da

Igandean Gipuzkoako Foru Aldundiak, Euskal Dantzarien Biltzarrak eta Euskal Herriko Txistularien Elkarteak omendutako Gaizka Barandiaran jesuita amaren osaba da. Azken urteetan bere liburuak (berak idatzitakoak nahiz ez), paperak eta beste gauzak hainbat jenderen artean banatzen ibili da, tartean ni nagoelarik.

Adin nagusiko izatera iristean jakin nuen etxean beti Tio Salbador (bai, Mondragoeko euskaran "tio" erabiltzen dugu osaba esateko) bezala ezagutzen genuen osaba jesuita euskal folklore eta etnografiaren ikertzaile garrantzitsua zela, literatur-idazle ere izateaz gain. Eta denborarekin bere jakinduria gehiago ezagutu dut: zekizkien hizkuntza guztiak, egindako lanak...

Badira urte batzuk bere liburutegi pertsonala osatzen duten liburu, aldizkari, eskuizkribu eta abarrak hainbat jenderen artean banatzen ari dela. Pentsatzen dut egiten duela liburuok norbaitentzat baliagarri izan daitezen, edo bere lanarekin beste batzuk jarraitu ahal dezaten, edo bere lanak dantza taldeetan aplika daitezen. Duela hamabost bat urte, nik hemezortzi nituenean, Arrasateko dantza talde baten parte hartzen hasi nintzen dantzari gisa, eta osabak jakin zuenean, Arrasatera egun batzuk familiarekin pasatzera etortzen zen bakoitzean liburu eta paper batzuk ekartzen zizkidan. Guztira izango dut balda oso bat, tartean bere lanen orijinalak eta eskuizkribuak (eskuz idatziak nahiz makinaz).

Nik gustura hartu dizkiot beti lanok, liburu eta paper asko ditut eta ez dekoraziorako soilik. Ilias-ena, Homeroren Ilíada Gaizkak euskaratua, irakurri nuen, eta dantzari buruzko bere beste libururen bat edo bi ere bai (ez ditut komikiak soilik irakurtzen, literaturaren klasikoak eta saiakerak ere irakurtzen ditut, ez pentsa!). Alabaina, ez naiz ni izango bere lanarekin jarraituko duena (ikusten duzue zein motako gauzetara dedikatzen naizen) ezta dantza taldeetan bere ikerketak aplikatuko dituena (dantza taldea utzi nuen). Horregatik, jakin Gaizkaren lanean interesa duenari gustura utziko dizkiodala nik ditudan bere gauzak.

"El País"-en komiki bilduma

e-gor 2005/05/15 23:03
Hurrengo igandetik aurrera

Hurrengo igandean hasita, El País egunkariak komiki-bilduma bat emango du. Lehenengo komikia maiatzaren 22an emango dute dohainik egunkaria erostean, eta hurrengo 34ak ostegun eta ostiraletan izango dira egunkaria erosteaz gain 2,50 euro ordainduta. Bilduma oso ona da, kalitate handiko komikiak ditu. Komikizaleontzat gure bilduman ez ditugun obra on asko merke lortzeko aukera ematen digu. Ez zaretenontzat, komikien mundu zoragarri hau ezagutzeko aukera paregabea.

Espainiako egunkari horri dirua emateko kontzientzia-arazoak dituzuenok, jakin prezio horretan ez diezuela dirurik ematen, ziur beraiek galtzen ateratzen direla! Eta kiosko askotan egunkaria erostea ere ez dizuete eskatzen...

Hau da bilduma eta komiki bakoitzaren data:

  1. Astérix - Astérix el Galo (Goscinny eta Uderzo): maiatzaren 22an, igandea, doan
  2. Mafalda (Quino): maiatzaren 26an, osteguna
  3. Mortadelo y Filemón - El sulfato atómico (F. Ibañez);maiatzaren 27an, ostirala
  4. Corto Maltés - Fábula de Venecia I (Hugo Pratt): ekainaren 2an, osteguna
  5. Corto Maltés - Fábula de Venecia II (Hugo Pratt): ekainaren 3an, ostirala
  6. Charlie Brown (Charles M. Schulz): ekainaren 9an, osteguna
  7. Blake y Mortimer - La marca amarilla (E. P. Jacobs): ekainaren 10ean, ostirala
  8. Blueberry - El hombre que valía $500,000 (Charlier y Giraud): ekainaren 16an, osteguna
  9. Blueberry - Balada por un ataúd (Charlier y Giraud): ekainaren 17an, ostirala
  10. El Capitán Trueno - Aventura en Groenlandia (Victor Mora): ekainaren 23an, osteguna
  11. El Príncipe Valiente I (Harold Foster):: ekainaren 24an, ostirala
  12. Max Fridman - Rapsodia Húngara I (Vittorio Giardino): ekainaren 30ean, osteguna
  13. Max Fridman - Rapsodia Húngara II (Vittorio Giardino): uztailaren 1ean, ostirala
  14. Mortadelo y Filemón - Contra el gang del chicharrón (F. Ibañez): uztailaren 7an, osteguna
  15. El Hombre Enmascarado - El país del hombre enmascarado (Ray Moore): uztailaren 8an, ostirala
  16. The Spirit - El origen de Spirit (Will Eisner): uztailaren 14an, osteguna
  17. Blake y Mortimer - El caso del collar (E. P. Jacobs): uztailaren 15ean, ostirala
  18. Persépolis I (Marjane Satrapi): uztailaren 21ean, osteguna
  19. Persépolis II (Marjane Satrapi): uztailaren 22an, ostirala
  20. Flash Gordon I (Alex Raymond): uztailaren 28an, osteguna
  21. Hellboy - El cadáver (Mike Mignola): uztailaren 29an, ostirala
  22. Astérix - Asterix y Cleopatra (Goscinny y Uderzo): abuztuaren 4an, osteguna
  23. El Zorro (Joe Shuster): abuztuaren 5ean, ostirala
  24. El garaje hermético I (Moebius): abuztuaren 11n, osteguna
  25. El garaje hermético II (Moebius): abuztuaren 12an, ostirala
  26. The Spirit - Guerra de bandas (Will Eisner): abuztuaren 18an, osteguna
  27. Rip Kirby (Alex Raymond): abuztuaren 19an, ostirala
  28. El Príncipe Valiente II (Harold Foster): abuztuaren 25ean, osteguna
  29. Roco Vargas - La estrella lejana (Daniel Torres): abuztuaren 26an, osteguna
  30. Flash Gordon II (Alex Raymond): irailaren 1ean, osteguna
  31. Niebla en el puente de Tolbiac (Jacques Tardi): irailaren 2an, ostirala
  32. Mandrake (Lee Falk): irailaren 8an, osteguna
  33. Hellboy - Los lobos de San Augusto (Mike Mignola): irailaren 9an, ostirala
  34. Paracuellos - La carta (Carlos Giménez): irailaren 15ean, osteguna
  35. Garfield (Jim Davis): irailaren 16an, ostirala

Bildumari eta komiki bakoitzari buruzko informazio gehiago "El País"-ek horretarako jarri duen orrian .

Euskarazko komiki bat libre jarri du interneten bere egileak, lehenbizikoz

e-gor 2005/05/13 22:35
Fructuoso eta Harrieten "Justin Hiriart" saileko lehena, "Itsas gorritan"
Euskarazko komiki bat libre jarri du interneten bere egileak, lehenbizikoz

Irudia: Fructuoso

Tebeosblog-en bidez jakin dut Francisco Fructuoso murtziarrak bere obrak interneten eskuragarri jartzea erabaki duela. Hasteko, berak eta Gregorio Muro "Harriet"-ek egindako Justin Hiriart saileko lehena, Itsas gorritan izenburukoa, ipini du jaisteko moduan.

80ko hamarkadan Fructuoso eta Harriet-ek euskal bale-arrantzaren inguruan egindako bost kapitulutako komiki-sorta ederra da Justin Hiriart. Hemen euskaraz Ereinek argitaratu zituen (ez dakit bostak atera zituen, baina). Euskaraz gain, gaztelaniaz, frantsesez, portugesez eta danieraz ere argitaratu zen.

Ni aspaldi nenbilen kolekzioa osatu nahian baina bigarrena (Izotzetako tranpa) eta hirugarrena (Sekretua) bakarrik lortu ditut. Orain hori posible izango dut, formato elektronikoan bada ere.

Lehen aldia da euskarazko komiki batekin hau egiten dena, nik dakidala behintzat. Txalotzekoak dira horrelako ekimenak. Internet eta digitalizazioari esker argitaletxe eta ekoiztetxeen interes eta erabaki ekonomikoetatik ihes egiteko aukera dugu. Jada deskatalogatuta dauden komiki edo bestelako lanak interneten jartzea, legala den edo ez argi ez badago ere, zilegi behintzat bada, etxe batek berrargitaratu nahi ez duen zerbait lortzeak ez baitio etxe horri kalterik egiten. Baina hobe egileak berak libre jartzen duenean, Fructuosok edo BBC-k egiten duen bezala. Kulturaren hedapenari lagundu besterik ez dio egiten horrek, eta gurea bezalako kultura txiki bati mesede itzela.

Pega txiki bat bakarrik, ordenagailuan ikusteko NeoBook liburu digital formatuan jarri du interneten, audio eta guzti. Nik neuk nahiago nuke jatorrizko komikia bere horretan jarri izan balu, CBZ edo CBR formatuan, CDisplay (Windows) edo CBView (Linux) programekin ikusi edo inprimatu ahal izateko. Jarri naiz kontaktuan Fructuosorekin, ea kasurik egiten didan...

e-gorblog

Egunez, Igor Leturia Azkarate pertsona arrunta da. Errenterian bizi den arrasatearra, 8etatik 17etara Elhuyarren lan egiten du eta arratsaldeak neskalagunarekin eta bere bi umeekin pasatzen ditu.

Baina gaua iritsi eta umeak lotara joaten direnean, e-gor bihurtzen da, interneteko bere alter-egoa, ziberespazioko informatikaririk komikizaleena eta komikizalerik informatikariena! Bere superbotereekin (interneteko kable-konexioa, bloglines, informatika aldizkariak, gadget-ak, komiki-bilduma, Errenteriko liburutegiko komikien atala eta batez ere bere jakinmin aseezina) eta bere superlaguntzaileak ondoan dituela (Patxi Lurra, DabilenHarria...), euskaldunon teknofobiaren eta komikiei buruzko aurreiritzien aurka burrukatzen du etengabe! Hemen duzu bere bloga: e-gorblog!

Bai, hor goiko aurkezpena superheroi batena da (ezin aproposagoa honelako blog batentzat, ezta?). Superheroia banintz zein izango nintzatekeen jakiteko the Superhero Personality Test egin nuen eta hona emaitzak:

You are Spider-Man
You are intelligent, witty, a bit geeky and have great power and responsibility.

Spider-Man
80%
Superman
70%
Green Lantern
65%
Robin
65%
The Flash
60%
Supergirl
55%
Hulk
55%
Iron Man
45%
Wonder Woman
35%
Catwoman
25%
Batman
0%
Lizentzia

Creative Commons-en baimena
Blog honetako edukia, Igor Leturiak eta beste kolaboratzaile batzuek egiten dutena, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported baimen baten mende dago (irudiak salbu).

Artxiboa
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017 2018 2019 2020 2021 2022 2023 2024
Artikulu aipagarriak

MythTV sorta
2004/11

"Pololoak" sorta
2004/11-12 - 2006/10-12 - 2007/02-03

Monoblogoa
2005/01/11

"Persepolis", xalotasunaren sakontasuna
2005/01/25

Elgetako Blogs&Beers 2005: nire inpresioa eta moblogging kontuak
2005/04/18

Firefox eta bere plugin zoragarriak
2005/05/11

"El País"-en komiki bilduma
2005/05/15

Euskarazko bi blog berri (bai, beste bi, baina hauek bereziak dira!)
2005/05/25

"Watchmen" sorta
2005/09-11 - 2006/10 - 2007/10 - 2008/07

"La cárcel de papel"-eko "Mis tebeos favoritos" saila I: 1etik 20ra
2005/11/08

"Goienkaria"-n agertu naiz
2005/12/08

Komikiak eta euskal rock-a
2005/12/14

Ruben Arozena "Ruben" komikigilea hil da
2006/01/02

Zope-rako DTML Calendar Tag produktua, euskaraz
2006/02/01

"Joyas Literarias Juveniles" bilduma, osorik eMule-n
2006/08/05

Argazkigintza eta DRM-a
2006/10/09

Paul Auster eta Euskararen Herria
2006/10/29

Angoulême sorta
2007/01-02

Gaur duela 25 urte nire bizitza aldatu zen
2007/04/23

Hergé-ren defentsan
2007/05/22

Ubuntu-ren bertsio berria, hobekuntza askorekin
2007/07/02

OLPC sorta
2007/12 - 2008/01

Guillermo Zubiaga, Marvel-eko komikilari euskalduna
2008/02/05

Asus EEE PC, ordenagailu txiki eta merkeen hurrengo sorta
2008/03/11

Agur, Ipurbeltz, agur... :-(
2008/08/04

"Café Budapest", gizatasuna eta bizikidetzaren aldeko aldarria
2008/08/25

"Arturo Erregea" serie mitikoa, Euskal Encodings-en! (beste askorekin batera)
2008/09/17

"Gazteak", beste serie mitiko bat euskaraz eskuragai!
2008/10/14

Pottokiek 50 urte!
2008/10/22

Europan ere OLPC-ren XO ordenagailuak erosteko aukera!
2008/11/12

Microsoft-en web zerbitzuetako gehienak, euskaraz!
2008/12/04

"Heroes"-en 2. denboraldia: ETB kirtenkeria errepikatzera, eta Euskal Encodings konpontzera
2009/01/23

I. Euskal OLPC Party-a, apirilaren 23an Donostiako Doka kafe antzokian
2009/04/16

Elkarrizketa egin didate 7K-n
2009/06/03

Azpiriren Spectrum-entzako jokoen azalak liburu batean
2009/10/06

Asterix, heroi garaitua
2009/10/29

"Ihes ederra", euskarazko komikigintzaren heldutasunaren konfirmazioa
2009/11/13

Pololoak 3: The making of
2009/11/22

5 urte 5!
2009/12/15

Nobela grafikoa, komikien prestigiorako ala mespretxurako?
2009/12/20

"Pololoak 3 - Atxeritoko balada", trilogiaren amaiera borobila
2010/01/13

Sinclair ZX Spectrum bat oparitu didate!
2010/01/19

Zergatik ez dudan liburu elektronikorik erosiko (gauzak aldatzen ez diren artean)
2010/01/27

Errealitate areagotua: munduaren pertzepzioa aberasten
2010/02/09

e-gorblog, "Nick dut nik" telebista saioan
2010/05/20

Sarearen neutraltasunari erasoak: Interneten izaera arriskuan
2010/06/02

"Avatar, azken aire maisua" osoa eta "Heroiak"-en lehen bi denboraldiak, Euskal Encodings-en
2010/07/22

Sistema eragileen guda berria
2010/12/14

Anubis 3.0 albumarentzat 3D animazio ederra
2010/12/27

Telebistaren benetako iraultza hemen da, eta ez da LTDa
2011/01/10

"Asterix galiarra" eta "Urrezko igitaia" berrargitaratu ditu Salvatek
2011/01/13

Euskarazko komikigintza digitalizazioaren aurrean
2011/01/27

"Ihes ederra"ren gaztelaniazko eta katalanezko bertsioak eta "Alokairuan", kalean
2011/02/20

Star Wars jatorrizko trilogia, euskaraz
2011/03/21

Sare sozialetan preso
2011/04/06

Zer dudan Steve Jobsen, edo Appleren, aurka
2011/10/14

Gaur 100 urte Adèle Blanc-Sec-en abenturak hasi zirela
2011/11/04

Euskarazko 8 komiki berri
2011/12/02

Social networks killed the RSS star?
2012/06/10