Xabinaitor, "Nabarra" aldizkariko azken alean
Patxinaitor -ek ez du atsedenik hartzen azken aldian... Duela gutxi Osatuz aldizkarian agertu bazen Xabinaitor gure heroi gogokoena, orain Nabarra aldizkarian dator bere beste abentura bat, Esklusiba mundiala! Xabinaitorren azken mugimenduei buruzko berri eta irudi fresko-freskoak! izenburuarekin (esteka harpidedunek soilik ikus dezakete hurrengo hilabetea bitartean).
Aldizkariaren azaleko irudia ere horri eskeinia dago. 5 orri dira, beti bezain barregarriak, Pololoak saileko bigarren albumaren amaieraren ostean eta oraindik ateratzear den hirugarrenaren hasiera baino lehen kokatuta legokeen pasadizo bat kontatzen dutenak, Supererromeixe. Xabinaitorrek Kariñeri bere urtebetetzerako opari berezi bat egin nahi dio, eta horretarako Balerdiko Zuriñe jainkosarengana joko du, eskatzeko... Baina hobe duzue zuek irakurri eta disfrutatzea! Horretarako, Nabarrako harpidedun ez bazarete, egin zaitezte, komikien munduak presentzia handia izaten baitu ale baten bai eta hurrengoan ere bai.
(Eskerrik asko Gurutze Mendizabal eta Patxi Lurra abisuagatik!)
Pasa den ostiralean bertan, Bilbon Patxi Gallegok hartu zuen parte Bertsotramarraskya izeneko ikuskizunean. Xabi Payak trama idatzi, eta Oihane Bartra, Onintza Enbeita, Fredi Paya eta Etxaun Lekuek bertsoak bota bitartean, berak bertsoetan esaten zena, marraztu egiten zuen. Ikaragarria izan zen, itzela. Ez dakit errepikatuko duten, baina.