"Agence Barbare" sailaren beste ale bat kalean
Iazko urtearen ondarretan ikusi zuen argia Marko Armspach euskal komikigile ezagunaren irudiak eta Olier-en gidoia dituen Agence barbare komiki-sailaren laugarren aleak, "Barbares à gourdes" izenekoak. Umorezko eta fantasiazko komiki-sail hau Frantzian argitaratu du Bamboo Édition etxeak azken urteetan, urtean ale bat. Artikulu honetan komiki-sail honen iruzkina irakur dezakezu.
Marko Armspach ezaguna da euskal komikigintzaren munduan. Napartheid eta Argia aldizkarietan marraztu izan ditu komikiak, eta Pedro Mari eta Gartxot albumak ere atera ditu (azken hau Asisko Urmenetarekin batera). Azken urteetan Agence barbare sailean eta Xabiroi aldizkarian dihardu, bietan Olier gidoigilearekin elkarlanean.
Nik duela gutxi izan dut Agence barbare sailaren berri Donostiako II. Komiki-Jardunaldiei esker, baina lau urte dira berau egiten diharduela. Barbares à gourdes aurretik Les rues d’Astaris, Les gants de Zohorass eta Drak party atera dituzte Bamboo Éditions argitaletxearekin.
Komikia genero fantastikokoa da, baina umorezko ukituekin, gaiagatik asma daitekeenez. Izan ere, istorioa fantasiazko mundu baten kokatuta dago, non nanoak, dragoiak, magoak, jainkoak eta alegiazko beste hainbat izaki bizi diren, The Lord of the Rings-en antzera, baina honetan denak nahastuta. Eta istorioaren protagonistak mundu horretako hiriburuko polizia-etxekoak dira... Argi dago egoera barregarri ugari sortuko direla horrelako istorio batetik, ez? Poliziek euren lankide batzuen hilketa misteriotsu batzuk argitu beharko dituzte, baina euren ikerketek konplot handiago baten arrastoan jarriko dituzte...
Gidoia orijinala da, nahiz eta jende bitxidun mundu bateko polizia-istorioa izateak Alan Moore-en Top 10 gogorarazten duen apur bat (hango hartan superheroien mundu bat zen). Barre eragiten digu gainera, eta entretenigarria ere bada (lehen bi aleetan entretenigarriagoa, dena esan behar bada). Irudiak, berriz, Markok ohituak gaituenetakoak dira, karikaturazkoak baina oso ongi eginak eta xehetasunez beteak.
Abentura eta umorezko komiki majoa, beraz. Lastima frantsesez soilik egotea!
A, eta azken jakingarri bat: Markok eta beste hainbat lagunek (Olier eta Asisko, besteak beste) kameoak egiten dituzte komikian!
Fitxa |
---|
Izenburua: Barbares à gourdes Gidoia: Olier Irudiak: Marko Armspach Argitaletxea: Bamboo Édition Urtea: 2006 ISBN: 2-35078-112-7 |