Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / e-gorblog / Calvin eta Hobbes hobeto ezagutzeko aukera

Calvin eta Hobbes hobeto ezagutzeko aukera

Dabilenharria 2007/02/12 21:55
Calvin eta Hobbes hobeto ezagutzeko aukera

Irudia: Bill Watterson

Bill Watterson komikilariak 1985 eta 1995 artean marraztu zituen prentsan egunero argitaratzen ziren Calvin eta Hobbes pertsonaien komiki-banda; bertan 6 urte dituen Calvin umea eta bere trapuzko tigrea Hobbes dira protagonista nagusi. Trapuzko tigrea bizirik dago Calvinentzat, nahiz eta bere inguruko guztiek bikote honek egiten dituen guztiak Calvinen izaera arraroari egozten dioten.

Pertsonai hauek oso ezagunak dira komikizale gehienontzat, beraz nire iritzi pertsonalaz gain oinarrizko informazio bat eskaintzen saiatu naiz soilik, eta ahalegin handiena komiki hau hobeto ezagutzeko interneteko bi aukerei buruzko informazioa zehazten egin dut, artikuluaren amaieran. Objektibitatea alde batera utzita, Calvin eta Hobbes da nire komiki-banda kuttunetakoa: pertsonaiak, marrazkiak, umorea, gaiak... bete-betean harrapatu ninduten. Estatu espainiarrean jarraikortasunez argitaratzen hasi ziren unean ezagutu nuen komikia (90. hamarkadaren amaieran), eta bilduma bat ilusioz egiteko aukera eman zidan honek, hilabetero liburu dendara hurbiltzeko erritoa eta guzti. Inguruko lagun minen artean konpartitu genuen garai horretan Calvin-ekiko zaletasuna, eta oraindik ere komiki horretako erreferentziak gure harremanaren parte dira; giro honetan barneratu zuten batzuk komikiekiko errespetua eta zaletasun hau gehiago garatu zitzaigun denori.

Autorea

(elkarrizketa honetatik atera dut informazioa)

Calvin 2
Irudia: Bill Watterson

Bill Watterson 1958 urtean jaio zen eta 6 urtetik aurrera Ohioko Changrin Falls herrian bizi izan zen. Txikitatik izan da komikizalea, eta institutuan politikari buruzko zintak idatzi zituen. Zientzia Politikoetan graduatu zen.

Cincinnatiko egunkari batean hasi zen argitaratzen iritzi sailean, baina ez zuen hiriko giroa ondo ezagutzeko astirik izan, eta bertako politikari buruzko umorea egin beharra ez zen erraza izan beretzat. Editoreak ere bere lana nolakoa izan behar zen zehatz markatu nahi izan zion, eta presiopean, ez zuen bide propioa egin edo komikiarekin esperimentatzeko aukerarik izan. Hilabete gutxiren buruan kaleratu zuten.

Watterson politikan interesatua zegoen baina zalantza sortu zitzaion ea interes hori komikietan islatzeko gai ote zen ala ez. 80. hamarkadan komiki proiektu ezberdinak aurkeztu zizkien editoreei, baina ez zuen emaitza onik lortu.

Wattersonek 25 urte inguru zituenean, aldaketa bat eman zen: sortu zuen proiektu horietako batean bigarren mailako pertsonai batzuk interesgarriak izan zitezkeela esan zioten. Calvin pertsonai nagusiaren anai txikia zen eta Hobbes trapuzko tigrea. Komikilariarentzat ere hauek ziren pertsonai dibertigarrienak, baina ez zeukan oso garbi komiki-banda bat sortzeko balio zezaketenik. Frogak egiten hasi zen, eta emaitzarekin oso gustura sentitu zen: iritzi hori eman zionak ez zuen azkenean proiektu berri hau onartu, eta azkenean Universal Comics taldean onartu zuten.

Calvin 3
Irudia: Bill Watterson

1985eko azaroaren 18an argitaratu ziren lehen aldiz Calvin eta Hobbes-en komiki-bandak, eta urtebetera 250 egunkaritan agertzen zen. Guztira 1800 egunkaritan agertu izan da (Diario Vasco-n eta Correo-n ikusi izan dut nik, baita El pequeño País-en) eta Estatu Batuetan Peanuts, Garfield eta Blondie komiki zinten atzetik 4. zabalduena izan da. Aipatu bezala egunkari askotan argitaratu zen, baina bere garrantzia ez da soilik kuantitatiboa: Estatu Batuetan komiki-zinten munduari aportazio handia egin zion komikitzat daukate Calvin eta Hobbes.

Pertsonaiak

Calvin eta Hobbes pertsonai nagusiez gain haurraren gurasoak, eskolako kide Susie eta Moo, Miss Worthmouth irakaslea, Rosalyn zaintzailea... daude, baina Calvinek berak (Wattersonek esango zukeen bezala) pertsonai berriak sortzen ditu, hala nola Spiff espazioko gizona, Stupendous-Man super heroia...

http://www.calvinyhobbes.com/ webgunean Wattersonek pertsonaiak definitzeko erabiltzen zituen hitzak daude irakurgai.

Gaiak

Gag delakoa eta pertsonaien arteko hizketaldiak komiki-zinten oinarria dira, baina era berean sakontasun handiko hausnarketak irakurri ditzakegu zintan: haurtzaroa, heziketa, natura, progresoa, haurren irudimena, giza-harremanak...

Eguneroko bandek umore eta hausnarketa puntu interesgarriak izaten dituzte, baina Wattersonek abentura luzeak ere kontatzen ditu, Calvin eta Hobbes-ek denboran atzera eta aurrera egiten dutenean adibidez, edo gabonetako oparien ingurukoak. Azkenik dinosaurioekin, elurrezko panpinekin, elurretako lerarekin... istorio barregarriak eraikitzen ditu.

Calvin eta Hobbes-en amaiera

1995eko abenduaren 31ean argitaratu zen azken banda. Alde batetik Wattersonek pertsonaiekin estankatuta ez gelditzeko ahalegina egin zuen beti, irudietan eta igandeko komiki zinta berezietan berrikuntza ugari sartuaz, eta pertsonai horrek dena eman zuela sentitu zuenean marrazteari utzi zion.

Calvin 4
Irudia: Bill Watterson

Baina erabaki hau hartzeko bestetik pisu asko izan zuten komikigintzaren mundu editorialarekin izan zituen ezadostasunak, eta honek ere eragina izan zuen komiki-zintaren desagertzean. Oso interesgarriak dira komikigintzari buruzko bere hausnarketak eta bere komikiekin merchandising delakoa (panpinak, kafe potoak, kamisetak...) ez egitea lortu zuen. Komikigileen eskubideen alde egin zuen, eta 10 urte horietan 9 hilabetetako 2 oporraldi hartu zituen.

Komiki pertsonaien (edo musika taldeen) iraunkortasunari buruzko eztabaida aspaldikoa da. Zenbait autoreren lana beraien heriotzarekin batera bukatu zen: Hergé eta Tintin, Schulz eta Charlie Brown... baina badira une batean gelditzea erabaki zuten beste batzuk ere, tartean Quino Mafaldarekin eta Waterson bera.

Gai honi buruz Iban Zalduak hausnarketa interesgarria egin zuen amaitzen asmatzea artikuluan.

Gaztelerazko argitarapenak estatu espainiarrean

"La Colla de la Pessigolla" argitaletxeak ezagutarazi zituen lehenik komiki hauek, baina Ediciones B taldeak argitaratu ditu Calvin eta Hobbes-en komiki guztiak.

Aldez aurretik esan beharra daukat nire ustez estatu espainiarrean modu traketsean argitaratu izan direla Calvin eta Hobbes-en komikiak. Onartu beharra daukat komiki honen bilduma hasi nuenean nahikoa nuela ale bakoitzarekin lortzen nuen plazerrarekin, baina ondoren argitaraketak orden kronologikorik gabe egiten ari zirela konturatu nintzenean, liburuaren formatua aldatu zutela ikustean... nahasmena eta amorrua sentitu nuen. Eta Wattersonek komikiaren duintasunaren alde egin zuen ahalegina kontuan izanda salagarria iruditzen zait Ediciones B taldeak egindakoa: nire ustez editorial horrek produktua merkaturatzeko Calvin-en banda "modernoak" argitaratu zituen lehenik, eta saltzen zirela ikustean jarraitu zuten aurrera, kronologia errespetatu gabe.

Hausnarketarako gai sakona da komikien merkaturatzea: estatu espainiarrean Wattersonen hasierako komikiak argitaratu izan balituzte agian ez zukeen erosle kopuru berdina izango, eta agian gazteleraz ez genuke bilduma osoa izateko aukerarik izango... Ez naiz inuxentea, eta komikia bizirik egoteko, komikigileak hortaz bizi ahal izateko... merkatarien beharra dagoela badakit, baina gauzak beste modu batera egin daitezkeela ziur nago. Ez naiz komikiaren komertzializazioan aditu, agian "copyright" eta diru kontuak egongo dira tartean, edo Estatu Batuetako jabeek ezarri dituzte arau horiek (liburuen formatu ezberdina handik dator), baina txapuza bat egin zutela argi dago nire ustez. Noski, ez dut komiki-banda sakralizatu nahi, testuinguru orokor horretatik kanpo Calvin eta Hobbes-ekin gozatzea ere badago, baina aukeran komiki hau hasieratik irakurtzeko aukera hobetsi dut eta orden kronologikoan irakurtzeko informazio praktikoa emango dut soilik.

Calvin 5
Irudia: Bill Watterson

Argitalpenetara itzuliz, lehenik liburuxka txikietan plazaratu zituzten komikiak, Fans izeneko bilduman, eta esan bezala ez zuten kronologia errespetatu: Bat zenbakia duen aleak 96ko komiki-bandak biltzen ditu, eta 5-8 zenbakien artekoek 93koak... 13-16 zenbakidun aleek Calvin eta Hobbes-en azken bandak biltzen dituzte, hau da, pertsonaiaren amaiera, eta txapuza borobiltzeko "egunen batean itzuliko naiz" izenburu lotsagarria jarri zioten ale horri... ondoren 17. alea beste urte bateko bandekin osatu zuten. Beraz, Fans edizioan komikiaren sorrera ezagutu nahi dutenek 25. alea eskuratu beharko dute.

Calvin 6
Irudia: Bill Watterson

Bilduman argitaratu zituztenean ere 7. zenbakia du 1985eko lehen bandak biltzen dituen alea. La guia del comic webguneko Calvin y Hobbes atalean azaltzen da informazio guztia.

(Ez dut astunegia izan nahi argitalpenen gai honekin: norbaitek zintak bere hurrenkera kronologikoan antolatu edo erosi nahi baditu informazio guztia biltzen duen testua bidali diezaioket)

Komiki-banda internet bidez ezagutzeko aukera

Gaur egun komiki honen sorrera eta ibilbidea ezagutzeko bi aukera daude internet sarean:

  • http://www.transmogrifier.org webgunean familiari buruzko argazkiak zintzilikatu ditu Ben Gilbert-ek, baita bere zein emaztearen lantokien webguneetara heltzeko estekak kokatu, baina guretzat garrantzizkoena Calvin eta Hobbes-en banda guztiak biltzen dituen datu-basea eta bilatzailea dira.
  • http://www.gocomics.com webguneak Estatu Batuetako comic strip ugari biltzen ditu bere baitan, eta egunero-egunero doan e-mailez hauetako banda bat jasotzeko aukera ematen du. Calvin eta Hobbes-en kasuan une honetan 85eko abenduko bandak jasotzeko aukera dago, komikia sortu eta hilabetera.

Ingeles hizkuntza ezagutzen dutenek edo Calvinen gaztelera zein frantsesezko itzulpenak dituztenek komiki-banda honen garapena egunez egun ezagutzeko aukera izango dute. Hemen Olariaga, Tasio, Oroz edo Zaldi Eroarekin egin dezakeguna komikigintzaren komiki garrantzizkoenarekin egin dezakegu.

Komiki bat ezagutzen dugunean zaila da batzuetan bere kontestu kronologikoan ikustea, argitaratzaileek erabakitzen baitute zein formatu eman eta noiz egin. Aipatu ditudan bi aukera hauekin gure esku dago gure burua 1985ean kokatzea, eta egunez egun komikiaren garapena ezagutzea.

Niri behintzat aukera paregabea iruditzen zait hau, pertsonaiaren sorrera ezagutzeko parada ematen baitigu: autoreak hasieran zituen ideiak eta pertsonaiarentzat sortu zuen ingurunea erakutsiko digute (gurasoak, eskola, ikaskideak...), lehen hilabeteetan irakurleentzat (eta lan egiten zuen egunkarientzat) banda erakargarri egiteko zein "estrategia" erabili zuen ikus dezakegu...

Beraz, 10 urtez iraun zuen pertsonai baten garapena bizitzeko aukera handia daukagu: Wattersonek marrazketan izan zuen bilakaera ikusiko dugu, igandetako banda bereziaren diseinua hobetu eta esperimentatzeko izan zuen nahia, gai sozialei buruz hausnarketak eragiteko duen abilezia, eta hainbeste iraun zuen komiki-banda batek maila mantentzeko egin behar dituen ahaleginak baloratzen ikas dezakegu.

E-mailez jasotzeko aukera

http://www.gocomics.com plataforma komertziala den arren, baditu doako hainbat zerbitzu, tartean zure e-mailean egunero argitaratzen diren komiki-zintak jasotzeko aukera. E-mail helbide bakoitzeko komiki-banda bakarra jaso daiteke doan, baina ordaindu ezkero beste eskaintza asko eskaintzen dituzte.

Ez dut ondo ezagutzen Estatu Batuetako komiki-banden mundua, baina niri ezagun egiten zaizkidanen artean Andy Capp, Doonesbury, Dick Tracy, Garfield, Pink Panther, Too much cofee man, Ziggy... daude (ziur hemen aipatu ez ditudan komiki interesgarriagoak badaudela).

Gehienak ingelesez daude, baina batzuk ertamerika eta hegoameriketako gazteleraz eskuratu daitezke ere (tartean Calvin eta Hobbes, baina 87ko data duten bandak dira).

Nola egin daitekeen

http://www.gocomics.com/calvinandhobbes/ klikatu behar da (gazteleraz jaso nahi dutenek http://www.gocomics.com/espanol/calvinandhobbesespanol/) lehenengo. Bi kasuetan, bandaren azpikaldean dagoen "FREE - Get Calvin and Hobbes by E-mail" kutxan e-maila idatzi eta nahiko errez betetzen da informazioa.

Harpidetza egin ondoren eguneko banda jasoko dugu. Ale zaharragoak ezagutzeko egutegi bat badu ere, baina 15 eguneko epe muga batez.

Dena den, aipatu beharra dago Gocomics-ek ez duela bere garaian argitaratutako data eta hurrenkera originala beti errespetatzen, adi egon beharra dago...

Calvin eta Hobbes datu-basea

Calvin 7
Irudia: Bill Watterson

Beste aukera interesgarri bat http://www.transmogrifier.org da. Ben Gilbert-ek beste internauten laguntzaz banda bakoitzeko testuak datu base batetan sartu zituen, eta orain bilatzailean hitz bat idatziz bilatzaileak hitz hori ageri den komiki guztiak erakusten dizkigu, eta baita argitaratze data originala ere. "Susie" idazten badugu adibidez neska hori aipatzen den zinta guztiak agertuko zaizkigu. Espero dut bilatzailea hobetzea, oso ona izango litzateke "hitz-gako" batzuk ere erabiltzeko aukera balego: adibidez "television" jartzen badugu hitz hori idatzita dagoen zinta agertuko da, baina posible da bandako gai nagusia telebista izatea eta bunbuiloetan ez agertzea.

Eta bukatzeko...

Calvin eta Hobbes-en 1995ko azken komiki-banda hitz hauekin amaitzen da: "It's a magical world, let's go exploring!!!". Calvin eta Hobbes marraztuta ikusiko ez baditugu ere, hitz horiekin pertsonai hauen abenturek jarraipena izan dezaketela pentsa dezakegu: bestetik, nire uste apalean esaldi horrekin komikigintzatik haratago bizitza ere badagoela diosku Wattersonek... Baina komikiaren amaiera bereziak pisu handia duen arren, Calvin eta Hobbes-en 3000 komiki-banda baino gehiagoetaz gozatzeko aukera daukagula ahazterik ez dago.

e-gor
e-gor dio:
2007/02/13 00:20

Niri ere asko gustatu izan zaizkit beti Calvin eta Hobbes. Gurasoen Diario Vasco-etatik irakurtzen nuen gauza bakarra zen, ez daudenetik ez dago ezer merezi duenik... Aipatzen dituzun liburuetatik bi ditut, neskalagunak oparituak: Fans bildumako 21.a, ¿Así que, esto es el futuro? izenburukoa, eta beste bildumako 5.a, El gran Calvin y Hobbes ilustrado izenburukoa. Orain zuk emandako helbide horietan apuntatuko naiz, zalantzarik gabe! Eskerrik asko Iñaki!

La cárcel de papel blogean, gazteleraz dagoen komikiei buruzko blog onenean alegia, bere editore Álvaro Pons-ek bere komikirik gogokoenen artean zortzigarren jartzen zuen .

Oso onak dira, adibidez, elurrezko panpinen inguruko bandak. Banda sorta horren aukeraketa eder bat duzue helbide honetan .

Eta ondoko beste helbide honetan, Calvin eta Hobbes hain derrepentean bukatzearen arrazoia duzue. On egin! ;-)

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
e-gorblog

e-gorblog

Egunez, Igor Leturia Azkarate pertsona arrunta da. Errenterian bizi den arrasatearra, 8etatik 17etara Elhuyarren lan egiten du eta arratsaldeak neskalagunarekin eta bere bi umeekin pasatzen ditu.

Baina gaua iritsi eta umeak lotara joaten direnean, e-gor bihurtzen da, interneteko bere alter-egoa, ziberespazioko informatikaririk komikizaleena eta komikizalerik informatikariena! Bere superbotereekin (interneteko kable-konexioa, bloglines, informatika aldizkariak, gadget-ak, komiki-bilduma, Errenteriko liburutegiko komikien atala eta batez ere bere jakinmin aseezina) eta bere superlaguntzaileak ondoan dituela (Patxi Lurra, DabilenHarria...), euskaldunon teknofobiaren eta komikiei buruzko aurreiritzien aurka burrukatzen du etengabe! Hemen duzu bere bloga: e-gorblog!

Bai, hor goiko aurkezpena superheroi batena da (ezin aproposagoa honelako blog batentzat, ezta?). Superheroia banintz zein izango nintzatekeen jakiteko the Superhero Personality Test egin nuen eta hona emaitzak:

You are Spider-Man
You are intelligent, witty, a bit geeky and have great power and responsibility.

Spider-Man
80%
Superman
70%
Green Lantern
65%
Robin
65%
The Flash
60%
Supergirl
55%
Hulk
55%
Iron Man
45%
Wonder Woman
35%
Catwoman
25%
Batman
0%
Lizentzia

Creative Commons-en baimena
Blog honetako edukia, Igor Leturiak eta beste kolaboratzaile batzuek egiten dutena, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported baimen baten mende dago (irudiak salbu).

Harpidetza
Erantzunen harpidetza
Artxiboa
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017 2018 2019 2020 2021 2022 2023 2024
Artikulu aipagarriak

MythTV sorta
2004/11

"Pololoak" sorta
2004/11-12 - 2006/10-12 - 2007/02-03

Monoblogoa
2005/01/11

"Persepolis", xalotasunaren sakontasuna
2005/01/25

Elgetako Blogs&Beers 2005: nire inpresioa eta moblogging kontuak
2005/04/18

Firefox eta bere plugin zoragarriak
2005/05/11

"El País"-en komiki bilduma
2005/05/15

Euskarazko bi blog berri (bai, beste bi, baina hauek bereziak dira!)
2005/05/25

"Watchmen" sorta
2005/09-11 - 2006/10 - 2007/10 - 2008/07

"La cárcel de papel"-eko "Mis tebeos favoritos" saila I: 1etik 20ra
2005/11/08

"Goienkaria"-n agertu naiz
2005/12/08

Komikiak eta euskal rock-a
2005/12/14

Ruben Arozena "Ruben" komikigilea hil da
2006/01/02

Zope-rako DTML Calendar Tag produktua, euskaraz
2006/02/01

"Joyas Literarias Juveniles" bilduma, osorik eMule-n
2006/08/05

Argazkigintza eta DRM-a
2006/10/09

Paul Auster eta Euskararen Herria
2006/10/29

Angoulême sorta
2007/01-02

Gaur duela 25 urte nire bizitza aldatu zen
2007/04/23

Hergé-ren defentsan
2007/05/22

Ubuntu-ren bertsio berria, hobekuntza askorekin
2007/07/02

OLPC sorta
2007/12 - 2008/01

Guillermo Zubiaga, Marvel-eko komikilari euskalduna
2008/02/05

Asus EEE PC, ordenagailu txiki eta merkeen hurrengo sorta
2008/03/11

Agur, Ipurbeltz, agur... :-(
2008/08/04

"Café Budapest", gizatasuna eta bizikidetzaren aldeko aldarria
2008/08/25

"Arturo Erregea" serie mitikoa, Euskal Encodings-en! (beste askorekin batera)
2008/09/17

"Gazteak", beste serie mitiko bat euskaraz eskuragai!
2008/10/14

Pottokiek 50 urte!
2008/10/22

Europan ere OLPC-ren XO ordenagailuak erosteko aukera!
2008/11/12

Microsoft-en web zerbitzuetako gehienak, euskaraz!
2008/12/04

"Heroes"-en 2. denboraldia: ETB kirtenkeria errepikatzera, eta Euskal Encodings konpontzera
2009/01/23

I. Euskal OLPC Party-a, apirilaren 23an Donostiako Doka kafe antzokian
2009/04/16

Elkarrizketa egin didate 7K-n
2009/06/03

Azpiriren Spectrum-entzako jokoen azalak liburu batean
2009/10/06

Asterix, heroi garaitua
2009/10/29

"Ihes ederra", euskarazko komikigintzaren heldutasunaren konfirmazioa
2009/11/13

Pololoak 3: The making of
2009/11/22

5 urte 5!
2009/12/15

Nobela grafikoa, komikien prestigiorako ala mespretxurako?
2009/12/20

"Pololoak 3 - Atxeritoko balada", trilogiaren amaiera borobila
2010/01/13

Sinclair ZX Spectrum bat oparitu didate!
2010/01/19

Zergatik ez dudan liburu elektronikorik erosiko (gauzak aldatzen ez diren artean)
2010/01/27

Errealitate areagotua: munduaren pertzepzioa aberasten
2010/02/09

e-gorblog, "Nick dut nik" telebista saioan
2010/05/20

Sarearen neutraltasunari erasoak: Interneten izaera arriskuan
2010/06/02

"Avatar, azken aire maisua" osoa eta "Heroiak"-en lehen bi denboraldiak, Euskal Encodings-en
2010/07/22

Sistema eragileen guda berria
2010/12/14

Anubis 3.0 albumarentzat 3D animazio ederra
2010/12/27

Telebistaren benetako iraultza hemen da, eta ez da LTDa
2011/01/10

"Asterix galiarra" eta "Urrezko igitaia" berrargitaratu ditu Salvatek
2011/01/13

Euskarazko komikigintza digitalizazioaren aurrean
2011/01/27

"Ihes ederra"ren gaztelaniazko eta katalanezko bertsioak eta "Alokairuan", kalean
2011/02/20

Star Wars jatorrizko trilogia, euskaraz
2011/03/21

Sare sozialetan preso
2011/04/06

Zer dudan Steve Jobsen, edo Appleren, aurka
2011/10/14

Gaur 100 urte Adèle Blanc-Sec-en abenturak hasi zirela
2011/11/04

Euskarazko 8 komiki berri
2011/12/02

Social networks killed the RSS star?
2012/06/10