Marrazkirri 2007 erakusketa
Hemen dugu berriz ate joka, eta 18. aldiz jada, Marrazkirri komiki- eta irudi- erakusketa. Izurako Haize Berri Kultur Etxean izango da berriz ere, otsailaren 23an hasi (ostiral honetan, beraz) eta martxoaren 24ra bitartean. Gainera, inaugurazio-afaria izanen da ostiral honetako iluntzean, Jon Maia eta Igor Elortza bertsolariekin, marrazkigileekin, musikariekin eta antzerkilariekin.
Aurtengo erakusketarako aukeratutako gaia Emil Cioran idazle errumaniarraren "Gizona, lurraren minbizia" adierazpena da. Hainbat komikilari eta marrazkigilek gai horren inguruan egindako irudiak paratuko dituzte erakusketan. Partaideen behin-betiko zerrenda hau da: Irène Borda, David Duloste, Marko Armspach, Asisko Urmeneta, Piarres Erdozaintzi, Jon Mansisidor, Mattin, Martintxo, Janber Iribarne, Alain Pessans, Adur Larrea, Xabi Lopépé, Aitor, Mikel Duvert, Pette Etxebarria, Eneko Iriart-Arkotxa, Zoé Bray, Iñaki Berrokoirigoin, Arantxa Idieder, Marko Embid, Cas, Dani Fano eta Pette Etxeberria. Eta gainera, hainbat ikastetxetako ikasleek ere hartzen dute parte.
Inaugurazio-afariari dagokionez, kristoren giroa egoten omen da. Aurtengoan Mike, Buffalon sortu eta Italian bizi den marrazkilaria gonbidatu dute, Peio Gutierrezek Knossosseko ondarea komikia aurkeztuko du, Igor Elortza eta Jon Maiaren bertsoei Asisko eta Markok marrazkiz erantzungo diete eta alderantziz, Beñat Bidegain eta Jean Mari Irigoinek antzerkitxoak eskainiko dituzte, Mañolo Ezpeletek akordeoiaz joko du... Markok eta Asiskok ezin hobeto hitz egiten zuten afariaz Anguleman egon ginenean, ezin galduzko zita dela diote. Izena eman dezakezu haizeberri abildua wanadoo.fr helbidera idatzita edo 00 33 5 59 37 85 79 telefonora deituta. Badakizu, beraz!
(Eskerrik asko Maixan Merkapideri emandako informazio eta laguntzagatik!)