Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / e-gorblog

e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)

Baztanga Eroa 4

e-gor 2015/09/15 19:45
4. zenbakira iritsi da HamarHatzHandi-k egiten duen onlineko komiki fanzinea
Baztanga Eroa 4

Irudia: HamarHatzHandi

Duela hiru urte hasi zuen bere ibilbidea HamarHatzHandi-k egiten duen Baztanga eroa komiki fanzineak, eta jada bere 4. zenbakia heldu da, S izenekoa. Online dago ikusi edo deskargatu nahi baduzu.

On egin!

"Baleak ikusi ditut" Bartzelonako Komiki-Azokako sariketan izendatua

e-gor 2015/09/02 19:15
Astiberri Bilboko argitaletxeak zazpi izendapen eta sari bat lortu ditu
"Baleak ikusi ditut" Bartzelonako Komiki-Azokako sariketan izendatua

Irudia: Javier de Isusi

Espainian egiten diren komiki-azoken artean Bartzelonakoa da ezbairik gabe garrantzitsuena, eta esan daiteke Bilboko Astiberri dela bertako komiki-argitaletxeen artean onenetakoa. Izan ere, aurten ere izendapen ugari jaso ditu bertako sariketan, 7 hain zuzen ere.

Horietako bat urteko lanik onenarentzat, euskaraz ere atera zuten eta euskal gatazka lantzen duen Javier de Isusiren Baleak ikusi ditut lanarengatik. Lehenago Europa osoko komiki-azokarik garrantzitsuenean (Angulemakoan) ere jaso zuen lanik onenarentzako izendapena komiki honek.

Azkenean lan horrek ez zuen sari hori eraman, baina bai Astiberriren beste lan batek, Santiago García eta Javier Olivaresen Las meninasek hain zuzen.

Zorionak, Astiberri!

"Justin Hiriart"-en integrala, crowdfunding-ean

e-gor 2015/06/13 09:50
Euskal balea-arrantzaleei buruzko 80ko hamarkadako serie hau berrargitaratuko dute gaztelaniaz, crowdfunding bidez finantziazioa lortuz gero
"Justin Hiriart"-en integrala, crowdfunding-ean

Irudia: Francisco Fructuoso

Justin Hiriart joan den mendeko 80ko hamarkadako komiki-serie bat da, Gregorio Muro Harrieten gidoia eta Francisco Fructuosoren irudiak zituena, eta Justin Hiriart euskal balea-arrantzalearen abenturak kontatzen dituena. Euskaraz eta gaztelaniaz hiru album atera ziren, Erein eta Ttarttalo argitaletxeekin hurrenez hurren, baina Frantzian 5 album (Glénaten eskutik) eta dezenteko arrakasta izatera iritsi zen, albumetako bat Angulemako Komiki-Azokako (Europako komiki-azoka garrantzitsueneko, alegia) sarirako izendatuta ere egon zela. Nire txikitako komiki gogokoenetako bat zen.

Orain egileek berrargitaratu nahi dute formatu integralean gaztelaniaz, eta horretarako crowdfunding-a ireki dute Verkami plataforman, uztailaren erdialdera bitartean irekita egongo dena. Beraz, proiektua diruz laguntzeko aukera daukazu, album dedikatuaren truke.

P.S.: Elkarrizketa honetan Gregorio Murok berak dioenez, beharbada euskaraz ere argitara liteke!

"Nafarroako historia", berrargitaratuta

e-gor 2015/06/05 19:55
Cénlit-denonartean argitaletxeak berriz editatu du 80ko hamarkadako Rafael Ramosen komikia
"Nafarroako historia", berrargitaratuta

Irudia: Rafael Ramos

Cénlit-denonartean argitaletxeak Rafael Ramosek 80ko hamarkadan egindako komikiak berrargitaratzen darrai. 2013an F. Navarro Villosladaren eleberrian oinarritutako Amaia – Euskaldunak VIII. mendean izan bazen, orain Nafarroako historia atera du. Bere izenburuak dioen legez, Nafarroako historia kontatzen da bertan, Harri arotik hasita Gamazadaraino, XIX. mende amaieraraino alegia. Aukera paregabea Erresuma Zaharraren historia ezagutzeko!

"Gartxot" komikia bretoieraz

e-gor 2015/05/30 15:15
Asisko, Marko eta Jokinen komikia bretoierazko astekari batean ateratzen ari da
"Gartxot" komikia bretoieraz

Irudia: Marko / Jokin Larrea

XI-XII mendeetan bizi izan zen Gartxot Itzaltzuko bardoaren itzala ez da luzatzeaz gelditzen. Bere istorio eder bezain gogorra formatu ugaritan kontatu dute. XX. mende hasieran Arturo Kanpionek lehenengoz nobelaratu zuen, eta 80ko hamarkadan Benito Lertxundik disko oso bat eskaini zion. 2003an Asisko, Marko eta Jokin Larreak komikian kontatu zuten bere bizitza eta duela lau urte Asiskok eta Juanjo Elordik animazioko filmera egokitu zuten. Bada, orain Bretainiako Ya! astekaria aipatutako komikia bretoieraz argitaratzen hasi dira.

Biba Gartxot!

"Cartoon Time Blog", komikiei buruzko beste blog bat euskaraz!

e-gor 2015/05/20 23:00
Komikiaren eta ikus-narratibaren historia eta teoria lantzen ditu

Blog honetan utzitako erantzun baten bidez eman digu bere egileak blog honen berri: Cartoon Time Blog (cartoontimeblog.blogspot.com). Euskarazko beste blog bat komikiei buruz, bikain!

Orain arte argitaratutakoagatik ikusten denez, komikiaren eta ikus-narratibaren historia eta teoria lantzea da egilearen asmoa. Badu eduki finko bat non azaltzen dituen istorioen narratiba zer den, komikia, komiki-zinta eta komiki-liburua edo comic booka zer diren, ikus-narratibak zertan datzan eta komikiaren historia. Eta blogean argitaratzen joaten den artikuluetan hainbat komiki klasiko (The Fantastic Four, The Uncanny X-Men, Popeye, Dick Tracy, Mickey Mouse, Superman, Tarzan...) aztertu eta azaltzen ditu orrialde-diseinuaren ikuspegitik eta ondoren bineta bakoitza bana-banan azaldu eta itzuliz.

Egileak komikiaren teoria eta historiaren ezagutza akademiko ikaragarria erakusten du. Nahiko nuke nik hainbeste jakin, a ze inbidia! Benetako luxua halako blog bat euskaraz izatea. Ongi etorri, Cartoon Time Blog!

"3 zangotako komiki solasak" mahai-inguru sorta, larunbat honetatik hasita

e-gor 2015/05/14 22:00
Hiru izango dira mahai-inguruok, Komikigunean, Dani Fano moderatzaile dela
"3 zangotako komiki solasak" mahai-inguru sorta, larunbat honetatik hasita

Irudia: Dani Fano

Donostiako Komikiguneak hiru mahai-inguru antolatu komikien inguruan, 1 gaztelaniaz eta 2 euskaraz, 3 zangotako komiki solasak izenburupean. Denak larunbatetan izango dira, eguerdiko 12:00tan, eta Dani Fano izango dute moderatzaile.

Lehenengoa larunbat honetan izango da, maiatzak 16, Autores vascos en el mercado internacional izenburuarekin. Hizlariak Angel Unzueta, Gregorio Muro eta Iñaki G. Holgado izango dira.

Ekainaren 13an izango da bigarrena, Umore on, umore gaizto. Bineten azido satirikoa gaiarekin eta Antton Olariaga, Asisko Urmeneta eta Patxi Huarte ZaldiEroa hizlari direla. Mahai-inguruaz gain, urtebeteren buruan egingo den ZAPART komiki-jaialdiaren aurkezpen soziala egingo da. Horretarako, solasaldiaren aurretik kale animazioa egongo da, musikariak eta marrazkilariak zuzenean jotzen eta marrazten.

Azkenik, Emakumezko komikigileak. Zergatik hain gutxi? solasaldia urriaren 17an izango da, eta honetan hizlariak Yurre Ugarte, Irene Borda eta Ainara Azpiazu Axpi izango dira.

Ezin interesgarriagoak denak, ezta?

Firefox OS sistema eragiledun telefonoak euskarazko zuzentzailearekin datoz orain

e-gor 2015/05/10 20:30
Elhuyar I+Gn egin dugu lana

Ostiraletik, Firefox OS daukaten telefono mugikorretan euskarazko zuzentzailea dator sisteman integratuta!

Firefox OS smartphoneentzako sistema eragile bat da, Googleren Android edo Appleren iOSen gisakoa. Software librekoa da, web irekia, protokolo estandarrak eta bateragarritasuna bultzatzeko Mozilla Fundazioak sortua. Bertan exekutatu daitezkeen aplikazioak ez dira gailu horrentzat berariaz egindakoak, bertan HTML estandarra betetzen duten web aplikazioak soilik exekuta daitezke Firefox nabigatzailean. Hemen nahikoa (edo oso) ezezaguna den arren, garapen bidean dauden herrialdeetan telefono-konpainia askok saltzen dute, smartphone merkeak saldu ahal izateko modua baitute honen bidez.

Firefox OS software librea izaki, aukera dago berari ekarpenak egiteko: hobekuntzak, itzulpenak... Hala, duela hilabete batzuk software librea euskarara itzultzen aritzen den Librezale elkartekoek niregana jo zuten Julen Ruiz @Julenen bidez eskari batekin: Firefox OSrentzat euskarazko zuzentzailea egin nahian zebiltzan, eta horretarako testu-corpus batetik ateratako euskarazko hitz-formen maiztasunen zerrenda bat behar zen; Julenek bazekien ni corpusekin aritzen naizela lanean Elhuyar I+Gn (nire tesia web corpusen bilketaren ingurukoa izan zen), eta eskatu ziguten ea hitzen maiztasunen zerrenda bat pasatzerik bagenuen zuzentzailea egiteko. Elhuyar ere euskararen alde aritzen den fundazioa izaki, gure web corpus handiena horretarako erabiltzen uztea eta zuzentzailearen garapenean laguntzea erabaki zuen. Beraz, hitzen maiztasunak atera nituen gure 200 milioi hitzeko corpus batetik eta, Julenen laguntzarekin, Firefox OSren kodeari gehitu nion euskarazko zuzentzailea.

Baina zuzentzaile hori ez da orain arte sisteman integratu, hizkuntza askotarako zuzentzaileak gehitzen ari baitziren eta sistemaren tamaina asko handitzen ari zen. Erabaki zuten modua jartzea zuzentzaileak aukeratzen zirenean orduan jaitsi eta instalatzeko, eta hori inplementatzearen zain egon gara. Ostegunean egin zuten hori.

Ostiralean Firefox OS duen nire Mozilla Flame telefonoa eguneratu zitzaidan eta orain euskarazko zuzentzailea dauka. Kristoren ilusioa egin zidan!

Beharbada eta nik dakidala (zuzendu oker banago), lehenengo aldia izan daiteke smartphone batek euskarazko zuzentzailea integratuta daukala. Firefox OS atera eta sei hilabetera euskaratuta zegoen, Librezaleren eskutik, eta orain, bi urtera, euskarazko zuzentzailea dakar. Androiden, askoz zaharragoa izan arren, interfazea euskaraz orain arte gailu batzuetan soilik zegoen, eta zuzentzaileei dagokienez, badago Xuxen aplikazioa, Elhuyarrek egina, baina ez sisteman integratuta. Eta iOS, sistema zaharrena den arren, ez dago euskaraz, eta zuzentzailearekin berdin, Xuxen aplikazioa dago baina ez sisteman integratuta.

Software librearen abantailak. Borroka neketsuaren noizbehinkako garaipen txikitxoak. Ospatzera noa.

Xabiroi 35 atera da!

e-gor 2015/04/21 21:20
Ohi bezala, eduki interesgarri eta dibertigarriz betea
Xabiroi 35 atera da!

Irudia: Patxi Pelaez

Atzerapen apurtxo batekin bada ere, Ikastolen Elkartearen Xabiroi komiki-aldizkariaren beste zenbaki bat atera da. Eduki hau aurkituko dugu 35. zenbaki honetan:

On egin ba!

Gizakia ala makina? (Turing-en testaz eta adimen artifizialaz)

e-gor 2015/04/15 21:00
"Reading-eko Unibertsitatetik / dator notizia / makina bat izan dela / gizakitzat hartua". Iazko ekainean, komunikabide ugaritan agertu zen berria: ordenagailu-programa batek, lehenbizikoz, Turing-en testa gainditu zuen. Beraz, horrek zer esan nahi du, makina adimendunak gure artean ditugula jada? Badirudi ez dela hainbesteraino, baina, gutxienez, parada eman du adimen artifizialaz, gizakiak eta makinak bereizteko testez eta abarrez filosofatzeko.
(Elhuyar aldizkariko 2014ko iraileko zenbakian argitaratutako artikuluaren jatorrizko extended bertsioa

Blade Runner filmean, Deckard agentearen lana zen matxinatutako "erreplikante" batzuk (bioingeniaritzaz egindako langile sintetikoak) detektatzea eta "jubilatzea"; horiek detektatzeko, Voight-Kampff fikziozko testa erabiltzen zuten. Battlestar Galactica seriearen 2004ko remakean, odol-test bat eta erradioaktibitatea erabiltzen zuten Cylon (CYbernetic LifefOrm Node) humanoide gaiztoak detektatzeko.

Test horiek konplexuak dira oso; izan ere, kokatuta dauden etorkizuneko fikzioetan, robotek, gizakien itxura eta osaera izateaz gain, gizakiek adinako adimena dute, eta makinak gizakietatik bereiztea benetan zaila da. Egungo errealitateko makinak edo softwareak, baina, ez dira hain sofistikatuak, eta, makina bat adimenduntzat har daitekeen edo ez ebazteko, 1950ean Alan Turing-ek sortu zuen eta bere izena daraman test sinpleagoa da ezagunena eta erabiliena.

Alan Turing eta bere testa

Publiko zabalarentzat ezezaguna izan arren, Alan Mathison Turing matematikari britainiarra XX. mendeko pertsonaia garrantzitsua da. II. Mundu Gerran, alemanen Enigma enkriptazio-sistema haustea lortu zuen, alemanen itsasontzi eta urpekontziekiko komunikazio guztiak aliatuentzat agerian utziz, eta honek eragin handia izan zuen gerraren azken emaitzan. Baina matematikariaren ekarpenik garrantzitsuena izan zen informatikaren lehen urratsak ematea: 1936an sortu zuen makina unibertsalaren ideia (gerora Turing-en makina unibertsala izena hartu zuena), beste edozein makinaren deskribapen kodetua emanik makina hori simulatzeko eta sarrerako informazio baten gainean ekintzak egiteko gai izango zena, makinaren deskripzioa eta sarrerako datuak euskarri berean egonik. Ikusten denez, hau gaur egungo ordenagailuen kontzeptua da. Gerraren ondoren bere ideia hori ordenagailu digital elektroniko batean gauzatzeko ACE proiektuan aritu zen, nahiz eta ez zuen arrakastarik izan eta beste batzuk aurreratu zitzaizkion. Baina hala ere, informatikaren aitatzat hartua da. 1952an homosexuala izateagatik kondenatu zuten, eta kartzela ekiditeagatik hormona bidezko kastrazio kimikoa onartu zuen. Horrek sortutako arazoek eraginda, bi urte geroago sagar pozoitu bat janda bere buruaz beste egin zuen, artean 42 urte ere ez zuela. Appleren logotipoa (sagar hozkatu koloreaniztuna) bere omenetan dela esan ohi da.

Aipatu dugunez, matematikariaren beste ekarpen garrantzitsu bat Turingen testa da. 1950ean, ordenagailuek etorkizunean egin ahal izango zutenaz hausnartzen ari zela, adimen artifizialaren gaiari heldu zion, eta planteatu zuen ea makinak adimendunak izatera irits ote zitezkeen. Ea makinek pentsatu ahal izango zuten galdetu zion bere buruari, baina, pentsatzea zer den ezin denez erraz definitu, problema modu zehatzagoan planteatu zuen: ea makinak gizakien gisara jokatzeko gai izango ziren. Beraz, makina batek pentsa zezakeela hartuko zen, baldin eta gizaki batek, makinarekin elkarrizketan jardunda, gizakitik bereizi ezin bazuen. Turingek diseinatutako test hori, kritikatua eta eztabaidatua bada ere, gaur egun arte metodorik onartuena izan da makinak eta gizakiak bereizteko, edo software bat adimenduntzat hartzeko.

Webean gaur egun hain erabiliak diren CAPTCHA testak (komentarioetan edo erregistroetan spama ekiditeko gaizki idatzitako letra horiek) Turingen testaren alderantzizko aldaeratzat hartzen dira, non ebaluatzailea makina bat baita eta ez gizaki bat. Eta, hain zuzen ere, CAPTCHA siglek Completely Automated Public Turing test to tell Computers and Humans Apart esan nahi dute ("harrapatu zaitut!" itzuliko genukeen zerbait adierazteaz gain). Spam softwarea gero eta hobea denez, CAPTCHAk ere gero eta konplikatuagoak izaten dira. Nik neuk hainbestetan huts egiten dut, non ia ziur bainago robota naizela... ;-)

Eugene Goostman, lehen makina adimenduna?

Aurtengo ekainean, makina batek lehenbizikoz Turingen testa gainditu zuelako albistea haizatu zuten Reading-eko Unibertsitatekoek, eta ia komunikabide guztietan agertu zen. Eugene Goostman izeneko softwareak testa gainditu omen zuen, unibertsitate hark Turingen heriotzaren 60. urteurrenaren harira antolatutako lehiaketan.

Beraz, testaren definizioaren arabera, makina adimentsutzat har al daiteke? Zientzia-fikziozko adibideei berriz helduz, Skynet, HAL 9000 edota Matrix modukoen sorreraren atarian al gaude? Tira, oraingoz ez, eta nahiko urruti omen gaude horretatik. Reading-eko Unibertsitatea eta, batez ere, lehiaketaren antolatzaile Kevin Warwick asko kritikatu dituzte horrelako iragarpen handinahia egiteagatik.

Izan ere, Turingen testa, berak definitu zuen gisara, oso irekia da, ideia besterik ez da; baina inplementatzeko modu asko izan ditzake. Lehiaketa modu batera antolatu dute, eta ezarritako parametroen arabera gainditu du testa Eugene Goostmanek. Epaimahaikideen % 33ri sinetsarazi zien gizakia zela, eta antolatzaileek testa gainditutzat eman zuten % 30eko atalasea gainditu zuelako. Atalase hori Turingen esaldi batean oinarritzen da, bere testa definitzean aurresan baitzuen 50 urtetan galdetzaile estandar batek % 70 baino probabilitate txikiagoa izango zuela makina bat gizaki batetik bereizteko, elkarrizketa batean. Warwick eta haren taldeari leporatzen diote asko interpretatzea dela esaldi hartatik interpretatzea Turnigek atalasea % 30ean jarri zuela.

(Bitxikeria gisa: esaten da 2001: A space odyssey filmaren data Turingen profezia horretatik hartuta egon daitekeela, berari egindako omenaldi gisa, Arthur C. Clarke egileak liburuan berariaz aipatzen baitu Turingen 1950eko artikulua. Eta zalantzarik ez dago HAL 9000-k Turingen testa gainditzen duela! ;-).

Bestalde, izatez, ez da testa gainditzen den lehen aldia. Beste garai batzuetan eta beste lehiaketa batzuetan, beste software batzuek ere lortu dute epaileak engainatzea, portzentaje handiagoan, gainera (ia % 60ra arte ere). Readingeko lehiaketa horren antolatzaileek ez dituzte baliozkotzat hartzen software horiek, eta berena bai, eta, horretarako arrazoiak ematen dituzten arren (epaile-kopurua, galderen mugarik eza...), gehiegizko lizentzia hartzea da.

Eugene Goostmani egozten zaio abantailaz jokatzea. Izan ere, bere burua aurkeztean, esaten zuen 13 urteko haur ukrainarra zela eta ingelesa bigarren hizkuntza zuela. Esan izan da hori zela-eta epaileek akatsak edo ezjakintasunak errazago barkatuko zizkiotela.

Eta, azkenik, Turingen testaren baliagarritasunaz ere asko hitz egin da, zaharkitua ez ote dagoen argudiatuz. Izan ere, asmatu zen garaian, ez genekien ezer ordenagailuei eta horiek egin zezaketenari buruz (existitu ere ez ziren egiten!). Eta, gaur egun, badakigu ataza jakinetan oso emaitza onak izan ditzaketela, benetako adimenik izan gabe. Konputazio-ahalmen handia, datu asko eta algoritmo sinple samarrekin emaitza oso ikusgarriak lor daitezke, Deep Bluek xakean eta Watsonek galderak erantzutean lortutakoak bezalakoak. Gauza bera esan daiteke elkarrizketa baten imitazioaren atazari buruz, ataza hori ongi egiteak ez du esan nahi makina adimendun bat lortu denik.

Hari horri tiraka, berriz ere, Turingen hasierako hausnarketa filosofikora helduko ginateke: adimena zer den, nola frogatu zerbait adimenduna den, eta abar. Adimen artifizialaren gaineko eztabaida filosofikora, azken finean. Eta hor eskola ezberdinak daude. Adimen konputazionalaren teoriaren arabera, adibidez, giza burmuina informazioa prozesatzeko sistema bat da, eta pentsatzea, konputazio-mota bat. Horien ustez, makinak edo softwarea adimenduntzat har daitezke, edo izatera iritsiko dira. Aldiz, beste batzuen arabera, giza kontzientzia ez-algoritmikoa da, eta inoiz ezin izango da modelatu Turingen makinaren motako ordenagailu baten bidez.

Ezin da jakin etorkizunean makina benetan adimendunak egiteko gai izango garen edo ez. Oraindik, hala iragarri bazaigu ere, ez da une hori iritsi, eta ziurrenik oraindik asko falta da iristeko. Baina Eugene Goostman bada pausotxo txiki bat bide horretan, beste urrats bat. Egunero lortzen dira aurrerapen txikiak gizakiaren bereizgarria den adimenarekin soilik egin daitezkeen ataza askotan. Horrela jarraituz gero, filosofikoki ez dakit adimentzat hartu ahal izango den lortuko duguna; baina adimena imitatzen badu giza adimenetik bereiztezin egiteraino, beharbada gauza bera izango da efektu praktikoetarako, Turingek zioen moduan...

e-gorblog

Egunez, Igor Leturia Azkarate pertsona arrunta da. Errenterian bizi den arrasatearra, 8etatik 17etara Elhuyarren lan egiten du eta arratsaldeak neskalagunarekin eta bere bi umeekin pasatzen ditu.

Baina gaua iritsi eta umeak lotara joaten direnean, e-gor bihurtzen da, interneteko bere alter-egoa, ziberespazioko informatikaririk komikizaleena eta komikizalerik informatikariena! Bere superbotereekin (interneteko kable-konexioa, bloglines, informatika aldizkariak, gadget-ak, komiki-bilduma, Errenteriko liburutegiko komikien atala eta batez ere bere jakinmin aseezina) eta bere superlaguntzaileak ondoan dituela (Patxi Lurra, DabilenHarria...), euskaldunon teknofobiaren eta komikiei buruzko aurreiritzien aurka burrukatzen du etengabe! Hemen duzu bere bloga: e-gorblog!

Bai, hor goiko aurkezpena superheroi batena da (ezin aproposagoa honelako blog batentzat, ezta?). Superheroia banintz zein izango nintzatekeen jakiteko the Superhero Personality Test egin nuen eta hona emaitzak:

You are Spider-Man
You are intelligent, witty, a bit geeky and have great power and responsibility.

Spider-Man
80%
Superman
70%
Green Lantern
65%
Robin
65%
The Flash
60%
Supergirl
55%
Hulk
55%
Iron Man
45%
Wonder Woman
35%
Catwoman
25%
Batman
0%
Lizentzia

Creative Commons-en baimena
Blog honetako edukia, Igor Leturiak eta beste kolaboratzaile batzuek egiten dutena, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported baimen baten mende dago (irudiak salbu).

Artxiboa
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017 2018 2019 2020 2021 2022 2023 2024 2025
Artikulu aipagarriak

MythTV sorta
2004/11

"Pololoak" sorta
2004/11-12 - 2006/10-12 - 2007/02-03

Monoblogoa
2005/01/11

"Persepolis", xalotasunaren sakontasuna
2005/01/25

Elgetako Blogs&Beers 2005: nire inpresioa eta moblogging kontuak
2005/04/18

Firefox eta bere plugin zoragarriak
2005/05/11

"El País"-en komiki bilduma
2005/05/15

Euskarazko bi blog berri (bai, beste bi, baina hauek bereziak dira!)
2005/05/25

"Watchmen" sorta
2005/09-11 - 2006/10 - 2007/10 - 2008/07

"La cárcel de papel"-eko "Mis tebeos favoritos" saila I: 1etik 20ra
2005/11/08

"Goienkaria"-n agertu naiz
2005/12/08

Komikiak eta euskal rock-a
2005/12/14

Ruben Arozena "Ruben" komikigilea hil da
2006/01/02

Zope-rako DTML Calendar Tag produktua, euskaraz
2006/02/01

"Joyas Literarias Juveniles" bilduma, osorik eMule-n
2006/08/05

Argazkigintza eta DRM-a
2006/10/09

Paul Auster eta Euskararen Herria
2006/10/29

Angoulême sorta
2007/01-02

Gaur duela 25 urte nire bizitza aldatu zen
2007/04/23

Hergé-ren defentsan
2007/05/22

Ubuntu-ren bertsio berria, hobekuntza askorekin
2007/07/02

OLPC sorta
2007/12 - 2008/01

Guillermo Zubiaga, Marvel-eko komikilari euskalduna
2008/02/05

Asus EEE PC, ordenagailu txiki eta merkeen hurrengo sorta
2008/03/11

Agur, Ipurbeltz, agur... :-(
2008/08/04

"Café Budapest", gizatasuna eta bizikidetzaren aldeko aldarria
2008/08/25

"Arturo Erregea" serie mitikoa, Euskal Encodings-en! (beste askorekin batera)
2008/09/17

"Gazteak", beste serie mitiko bat euskaraz eskuragai!
2008/10/14

Pottokiek 50 urte!
2008/10/22

Europan ere OLPC-ren XO ordenagailuak erosteko aukera!
2008/11/12

Microsoft-en web zerbitzuetako gehienak, euskaraz!
2008/12/04

"Heroes"-en 2. denboraldia: ETB kirtenkeria errepikatzera, eta Euskal Encodings konpontzera
2009/01/23

I. Euskal OLPC Party-a, apirilaren 23an Donostiako Doka kafe antzokian
2009/04/16

Elkarrizketa egin didate 7K-n
2009/06/03

Azpiriren Spectrum-entzako jokoen azalak liburu batean
2009/10/06

Asterix, heroi garaitua
2009/10/29

"Ihes ederra", euskarazko komikigintzaren heldutasunaren konfirmazioa
2009/11/13

Pololoak 3: The making of
2009/11/22

5 urte 5!
2009/12/15

Nobela grafikoa, komikien prestigiorako ala mespretxurako?
2009/12/20

"Pololoak 3 - Atxeritoko balada", trilogiaren amaiera borobila
2010/01/13

Sinclair ZX Spectrum bat oparitu didate!
2010/01/19

Zergatik ez dudan liburu elektronikorik erosiko (gauzak aldatzen ez diren artean)
2010/01/27

Errealitate areagotua: munduaren pertzepzioa aberasten
2010/02/09

e-gorblog, "Nick dut nik" telebista saioan
2010/05/20

Sarearen neutraltasunari erasoak: Interneten izaera arriskuan
2010/06/02

"Avatar, azken aire maisua" osoa eta "Heroiak"-en lehen bi denboraldiak, Euskal Encodings-en
2010/07/22

Sistema eragileen guda berria
2010/12/14

Anubis 3.0 albumarentzat 3D animazio ederra
2010/12/27

Telebistaren benetako iraultza hemen da, eta ez da LTDa
2011/01/10

"Asterix galiarra" eta "Urrezko igitaia" berrargitaratu ditu Salvatek
2011/01/13

Euskarazko komikigintza digitalizazioaren aurrean
2011/01/27

"Ihes ederra"ren gaztelaniazko eta katalanezko bertsioak eta "Alokairuan", kalean
2011/02/20

Star Wars jatorrizko trilogia, euskaraz
2011/03/21

Sare sozialetan preso
2011/04/06

Zer dudan Steve Jobsen, edo Appleren, aurka
2011/10/14

Gaur 100 urte Adèle Blanc-Sec-en abenturak hasi zirela
2011/11/04

Euskarazko 8 komiki berri
2011/12/02

Social networks killed the RSS star?
2012/06/10