Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / e-gorblog

e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)

Xabiroi 30!

e-gor 2013/10/21 22:15
Dei Gaztelumendiren azala, "Kortsarioen Ostatua"ren amaiera eta gehiagorekin
Xabiroi 30!

Irudia: Dei Gaztelumendi

Ikastolen Elkartearen Xabiroi komiki-aldizkariaren 30. zenbakia atera da, 2013ko urrikoa, ondorengo edukiarekin:

  • Auzomorro umorezko orri bikoitza, Sanviren gidoi eta irudiekin
  • ZaldiEroaren Arranotxuren beste bi orri
  • KomikITAUN elkarrizketen orri bikoitza, Iñaki G. Holgado eta Harkaitz Canorekin, berriki atera duten Zebra efektua albumaren karira
  • Asiskoren Hor Konpost banda
  • Manu Ortegaren Haizea banda
  • Exprairen Pertza ustelaren gogoeta antzuak zinta
  • Kortsarioen ostatua sailaren azken 8 orriak, Dani Fanoren gidoia eta Guillermo Gonzalezen irudiekin
  • Egoitz Lasaren gidoia eta Loperen irudiak dituen Zonbiñe umorezko sailaren 3 orri

Eta gogoratu Xabiroi aldizkaria eta bertatik ateratako albumak (Saiak, Piztia Otzanak, TeleAtoi, Azken garaipena, Anubis 3.0 eta Zebra efektua) Euskal Herriko hainbat komikidendatan eskuratu daitezkeela: Bilboko Joker (Urkijo zumardia, 27), Donostiako Armagedon (Marzelino Soroa plaza, 2), Gasteizko Zuloa (Correria kalea, 21), Irungo Tinta Comics (Jose Egino kalea, 10) eta Iruñeko TBO (Merced kalea, 28).

Automatikoki eraikitako hiztegien ataria

e-gor 2013/10/18 23:20
Hiztegi elebidunak baliabide beharrezkoa dira hizkuntza batentzat. Baina horiek egitea garestia da, eta euskara bezalako baliabide urriko hizkuntza batek ez ditu nahi beste. Elhuyarreko Hizkuntza-Teknologien I+G sailean teknologia berri batekin ikertzen aritu gara azken urteotan, zubi-hizkuntza bat erabiliz hizkuntza-pare berrientzako hiztegiak automatikoki sortzeko. Eta ikerketa horren emaitzak jendearen eskura jartzeko, Hiztegi Automatikoen Ataria online paratu dugu, 5 hiztegi elebidun berrirekin.
Automatikoki eraikitako hiztegien ataria

Irudia: Elhuyar I+G

(Elhuyar aldizkariko 2013ko uztaileko zenbakian argitaratutako artikuluaren jatorrizko extended bertsioa)

Hizkuntza-baliabide oinarrizko bat baldin badago, hori hiztegiak dira. Eta hiztegien artean, elebidunak oso beharrezkoak dira kasu askotan: hizkuntzak ikastean, itzulpengintzan... Elhuyarreko Hizkuntza-Teknologien sailean ere hiztegi elebidunak ezinbestekoak ditugu hainbat arlotarako: itzulpen automatikorako, bilaketa eleanitzerako...

Alabaina, hiztegiak egitea garestia da. Hori dela eta, euskarazko hiztegi elebidunak ez dira guk nahi bezain ugariak, eta berdin gertatzen da baliabide urriko beste hizkuntza batzuekin ere. Normalean, kontaktuan dauden hizkuntzetarako hiztegiak egoten dira (tokian tokiko beste hizkuntza batzuk edo hurbilekoak), edo nazioarteko hizkuntza nagusietarakoak. Baina ez dira egiten beste hizkuntza txikietarakoak edo urruneko hizkuntza nagusietarakoak, eta horrek desabantailan jartzen ditu euskara bezalako hizkuntza txikiak bertako erdarekiko. Etorkinek hizkuntza ikasteko aukeretan, adibidez: ez da erraza euskara zuzenean norberaren hizkuntzatik abiatuta ikastea, beti gaztelania, ingelesa edo frantsesa zubi hartuta egin behar; beraz, aurrez beste horietako bat ikasi behar...

Zubi-hizkuntzak hiztegiak sortzeko

Zubi-hizkuntzarena desabantaila da hizkuntza bat ikasteko orduan, baina ideia hori baliatu daiteke hiztegi berriak erraz eta merke sortzeko. Izan ere, ia hizkuntza guztiek dute hiztegi elebidunen bat hizkuntza “handiren” batekin (normalean, ingelesa). Eta horrelako bi hiztegi baliatu ditzakegu, hizkuntza “handi” hori zubi moduan hartuta, bi hizkuntza-pare berriren arteko hiztegi bat eraikitzeko. Pibotajearen teknika deritzo horri, hizkuntza hori pibote moduan erabiltzean datzalako. Modu errazean azalduta, euskara-ingelesa hiztegi batean etxe => house jartzen badu eta ingelesa-alemana hiztegi batean house => haus, orduan etxe => haus dela ondorioztatzen dugu. Eta horrela eraiki dezakegu euskara-alemana hiztegi bat.

Elhuyarreko Hizkuntza-Teknologien I+G sailean teknika horrekin ikertzen aritu gara azken urteetan, euskara eta beste hizkuntza batzuen arteko hiztegi berriak sortzeko asmoz. Goiko adibidea ikusita, balirudike oso teknika erraza dela; baina adibide hori oso sinplea da, errealitatean hitz batek esanahi anitz izan ditzakeelako, eta horietako bakoitzak hainbat ordain. Horrek dakar hiztegien kateatze sinple batek baliokidetasun oker asko sortzea, irudiko adibidean ikusten den bezala.

HiztAut
Irudia: Elhuyar I+G

Beraz, kalitateko hiztegi bat sortzeko, nahitaezkoa da ekibalentzia oker horiek automatikoki detektatu eta ezabatzea, eta horretan datza teknika honen zailtasuna. Bi metodo erabiltzen dira horretarako. Lehenak bi hitzen artean zenbat bide dauden kontatzen ditu; zenbat eta bide gehiago, orduan eta probabilitate handiagoa baliokidetasuna zuzena izateko. Bigarrenak hizkuntza bietako corpusetan hitzek duten testuinguruen antzekotasuna neurtzen du; zenbat eta antz gehiago izan testuinguruek, orduan eta aukera handiagoa baliokideak izateko. Eta, jakina, testuinguruen antzekotasuna neurtzeko, hiztegi bat behar da, hizkuntza ezberdinetan baitaude; lehenengo metodoarekin lortutako ziurrak erabiltzen dira horretarako.

Garbiketarako teknika hauek aplikatuta ere, hizkuntza-teknologietako edozein metodo automatikorekin bezala, inoiz ez dira emaitza perfektuak lortzen, hau da; beti egongo da errore-tasaren bat. Lortzen den errore-tasa hori oso aldakorra da, hainbat faktoreren araberakoa baita (hizkuntzak, erabilitako hiztegiak, erabilitako corpusak...); baina neurketa batzuen arabera, emaitza zuzenen portzentajea %60-80 artekoa izan daiteke. Argi dagoenez, ez dira hiztegi perfektuak; baina ezer ez izatea baino hobe da.

Hiztegi automatikoen ataria

Aipatutako metodoak erabiliz, euskarazko bost hiztegi elebidun sortu ditugu, hiru kontinentetako (Afrika, Asia eta Europa) hizkuntza nagusietako 5 aukeratuta: euskara-arabiera, euskara-swahilia, euskara-txinera, euskara-hindia eta euskara-alemana. Guztietan ingelesa erabili da zubi-hizkuntza gisa. Euskara-ingelesa hiztegi gisa Elhuyarrena erabili dugu, eta ingelesa eta beste hizkuntzen artekoentzat sarean libre zeuden bost hiztegi hartu ditugu. Eraikitako hiztegiak ez dira oso handiak: oinarrizko hiztegiak dira, 8.000 eta 21.000 sarrera artekoak. Izan ere, sarean lortutako hiztegi horiek ere halakoak ziren. Hiztegi guztiak bi norabideetan dira.

Hiztegi horiek guztiak jendearen eskura jarri ditugu orain, online jarri dugun Hiztegi Automatikoen Atarian: http://hiztegiautomatikoak.elhuyar.org. Eta jendearen eskura jarri ditugula diogunean, esan nahi dugu ez direla soilik kontsultarako. Batetik, hiztegi guztiak ataritik bertatik osorik deskargatu daitezke (jatorrian erabili ditugun hiztegiak libreak zirenez, horietatik eratorri ditugunak ere libre jartzen ditugu guk). Bestetik, eta arestian esan dugunez hiztegiak ez direla guztiz perfektuak eta akatsak dituztela, webguneak parte hartzeko aukera ematen die erabiltzaileei, hiztegiok zuzendu eta hobetzeko, zuzenak eta okerrak direnak markatzeko sistemaren bidez.

Webgunean, hiztegietan hitzak bilatzeko eremua dago batetik. Bestetik, emaitzen eremuan, ordainak zuzenak edo okerrak iruditzen zaizkigun adieraz dezakegu; izan ere, emaitza bakoitzeko, hitzaren ordainaz gain, corpusetako erabilera errealak erakusten dira, bai adibide gisa balio dezaten, bai erabiltzaileari emaitza ongi edo txarto dagoen erabakitzen lagundu diezaioten. Eta, halaber, ordain ziurrak eta zalantzazkoak ezberdintzeko aukera ere ematen du. Deskargen atal bat ere badago, hiztegiak osorik XML formatuan jaitsi ahal izateko. Eta, azkenik, foro bat ere badu webguneak, erabiltzaileek hitz zehatzen zuzentasunari buruz eztabaidatu dezaten, elkarri kontsultak egin diezaieten eta abar. Webguneak interfazea 8 hizkuntzatan du, eta teklatu birtual bat eskaintzen du alfabeto latindarra erabiltzen ez duten hizkuntzetan bilaketak egiteko.

Egindako lana ez dugu bere horretan utzi nahi. Hiztegi gehiago sortu, eta horiek ere atarian sartzeko asmoa dugu. Baita kolaborazio-lana bozketaz haragokoa izan dadin aukera emateko ere: ordainak eta adibideak gehitu edo aldatzeko aukera emanez, esate baterako.

Hiztegi Automatikoen Atariarekin, lehenengo aldiz erlazionatu dugu euskara beste 5 hizkuntzekin. Urruneko hizkuntzak irudi lezakete, eta beharbada hala izango zen lehenago, baina globalizazioarekin eta Internetekin gero eta harreman handiagoa dute elkarrekin. Uste dugu baliabide garrantzitsua direla, eta are gehiago izango direla etorkizunean, denon artean hobetzen lagunduz gero.

Bibliografia

Euskarazko bi komiki berri

e-gor 2013/10/14 22:35
Harkaitz Cano eta Iñaki G. Holgadoren "Zebra efektua" (bihar aurkeztuko da Donostiako Gasca bildumaren egoitzan) eta Yann Dégruel-en "Saba eta landare magikoa"
Euskarazko bi komiki berri

Irudiak: Iñaki G. Holgado / Yann Dégruel

Oso noizean behin bada ere, tarteka euskarazko komiki bat edo beste argitaratzen jarraitzen da. Oraingoan bi lan berriren berri ematera gatozkizue.

Horietako bat azken pare bat urtetan Xabiroi aldizkarian agertzen joan den Zebra efektua da, orain album formatuan atera berri dutena. Harkaitz Canoren gidoia eta Iñaki G. Holgadoren irudiez osatutako komiki hau ederra da benetan, 8 orriko lagin honetan ikus dezakezuen bezala. Albumaren aurkezpena bihar, hilak 15, egingo da Donostian dagoen Gasca bildumaren egoitzan (Errege Katolikoak, 16), goizeko 11:00tan.

Bestalde, Ttarttalo argitaletxeak Yann Dégruelen Saba eta landare magikoa itzuli du euskarara. Haurrentzako komiki honetan kafearen aurkikuntzari buruzko kondaira bat kontatzen da.

Ongi etorriak, eta ea gehiago ere izaten ditugun Gabonak bitartean!

Komiki-solasaldiak Donostian, Intxaurrondoko Kultur Etxean

e-gor 2013/10/07 22:15
Bost komiki ezagun aztertuko dituzte gaztelaniaz, eta lau komikigilerekin solasaldiak egingo dira euskaraz

Kurtso honetan, bihartik hasita, hileko bigarren asteartero, 19:00tan, komiki-solasaldiak izango dira Donostiako Intxaurrondo Kultur Etxean.

Antonio Altarribak gidatuko ditu gaztelaniaz izango diren bost saioak, bost lan ezagunen analisia eta mahai-ingurua hain zuzen ere:

Euskarazkoak Iosu Mitxelenak gidatuko ditu, eta lau euskal komikigilerekin solasaldiak izango dira:

Egitarau interesgarria benetan. Han ikusiko dugu elkar!

Hainbat komiki-lehiaketa martxan

e-gor 2013/10/02 08:45
Galtzakomik, Komikiak ere euskaraz! eta Hermes lehiaketak

Hainbat komiki-lehiaketaren berri ematera gatoz orain. Ibarrako Galtzaundi Euskara Taldeak antolatzen duen Galtzakomik lehiaketaren VI. edizioa azaroaren 25era arte dago irekita, Sauré argitaletxeak antolatzen duen Komikiak ere euskaraz! lehiaketa urriaren 18a arte eta Barakaldoko Udalak eta Saurék antolatzen duten Teknologia berrien gaineko umore grafikoari buruzko nazioarteko “Hermes” bi urtez behingo lehiaketa urriaren 20a arte. Lehen bietan lanek euskaraz egon behar dute eta hirugarrenean euskaraz edo gaztelaniaz, eta denak daude sariz ongi hornituta. Animatu!

Donostiako Guardetxean komiki tailerra, astean behin, hiruhilabeteko honetan

e-gor 2013/09/24 21:15
Ainara Azpiazu "Axpi"ren eskutik
Donostiako Guardetxean komiki tailerra, astean behin, hiruhilabeteko honetan

Irudia: Ainara Azpiazu "Axpi"

Donostiako Guardetxean komiki-tailerra antolatu dute, Ainara Azpiazu Axpik emana (iazko Galtzakomik lehiaketaren irabazleak).

Ikastaroa hiruhilabeteko honetan zehar izango da, asteartetan, 18:30etatik 20:00etara, eta 75 euroko kostua izango du. Informazio gehiago, tailerraren orrian. Animatu!

Beste sari bat "Azken garaipena"rentzat!

e-gor 2013/09/18 19:55
Haur eta Gazte Liburuetarako Espainiako Erakundeak bi urtean behin aukeratzen dituen liburu nabarmenduen arteko bat da
Beste sari bat "Azken garaipena"rentzat!

Irudia: Julen Ribas

OEPLIk, Haur eta Gazte Liburuetarako Espainiako Erakundeak, IBBY ren Ohorezko Zerrendarako aukeratu du Iban Zaldua eta Julen Ribasen Azken Garaipena, Xabiroik eta Ikastolen Elkarteak argitaratutakoa. Zerrenda honetarako Espainiako estatu osoko bederatzi lan aukeratzen dira bi urtean behin, eta Azken garaipena da zerrendako komiki bakarra! Zerrenda horretako liburuak Bolonia eta Frankfurteko liburu azoketan erakusten dira, nazioarteko zabalkunde handiagoa izaten dute eta, beraz, beste hizkuntza eta herrialdeetan argitaratzeko aukera gehiago izaten dute. Zorionak berriz ere, Julen eta Iban! Eta ez ahal da azken garaipena izango! ;-)

Xabiroi komiki-aldizkariaren 29. zenbakia

e-gor 2013/07/30 09:15
Ohiko serieez gain, kolaborazio berriak: Alai Zubimendi eta Eider Rodriguez eta Jon Juarez. Eta Grzegorz Rosinski, Thorgal-en marrazkigilea, elkarrizketatu dugu!
Xabiroi komiki-aldizkariaren 29. zenbakia

Irudia: Juan Luis Landa

Xabiroi komiki-aldizkaria, Ikastolen Elkarteak argitaratzen duena, berriz ere kalean da. 29. zenbakia ekainean atera zen, eta eduki hau aurkituko duzue barruan:

  • Manu Ortegaren Haizea banda
  • Exprairen Pertza ustelaren gogoeta antzuak zinta
  • KomikITAUN elkarrizketen orri bikoitzean, Angulemako aurtengo komiki-azokan Grzegorz Rosinski handiari, Thorgalen marrazkigileari, egin nion elkarrizketa, Dani Fanoren argazki eta ilustrazioekin
  • ZaldiEroaren Arranotxuren beste bi orri
  • Kortsarioen ostatua sailaren beste 8 orri, Dani Fanoren gidoia eta Guillermo Gonzalezen irudiekin
  • Egoitz Lasaren gidoia eta Loperen irudiak dituen Zonbiñe umorezko sail berriaren 3 orri

Gogoan izan Xabiroi aldizkaria eta bertatik ateratako albumak (Saiak, Piztia Otzanak, TeleAtoi, Azken garaipena eta Anubis 3.0) Euskal Herriko hainbat komikidendatan eskuratu daitezkeela: Bilboko Joker (Urkijo zumardia, 27), Donostiako Armagedon (Marzelino Soroa plaza, 2), Gasteizko Zuloa (Correria kalea, 21) eta Iruñeko TBO (Merced kalea, 28).

A, eta Rosinskiren elkarrizketaren bertsio osoa laster izango duzue blog honetan. Egon adi!

"Baztanga eroa" fanzinearen 3. zenbakia

e-gor 2013/07/26 21:50
Online irakur daiteke fanzine honen zenbaki berria
"Baztanga eroa" fanzinearen 3. zenbakia

Irudia: Hamar Hatz Handi

Baztanga eroa euskarazko komiki fanzine txikiaren 3. zenbakia, Bai, bai, zuek egin barre..., atera du Hamar Hatz Handik. Aurreko biak bezala, 16 orri berri hauek ere online ikusi edo deskargatu daitezke eta hainbat liburu-denda, kafetegi edo tabernatan eskuratu daitezke (webgunean ikus dezakezue non).

Ongi etorria!

Interneteko komunikazioen segurtasuna III: Anonimotasuna

e-gor 2013/07/22 16:55
Interneteko komunikazioen segurtasunari buruzko artikulu-sorta honen barruan, aztertu dugu nola bermatu daitezkeen konfidentzialtasuna (mezu pribatu bat hirugarrenek ez atzematea) eta autentifikazioa (gure solaskidea berak dioena dela egiaztatzea). Oraingoan, Interneten anonimotasuna ziurtatzeko bideak landuko ditugu, eta, ikusiko dugunez, aurreko bietan bezala, gako publiko bidezko kriptografia dago honen oinarrian ere.
Interneteko komunikazioen segurtasuna III: Anonimotasuna

Irudia: Tor project

(Elhuyar aldizkariko 2013ko ekaineko zenbakian argitaratutako artikuluaren jatorrizko extended bertsioa)

Interneten anonimotasunez aritzeko metodoez entzutean, jende askoren lehen erreakzioa mesfidantza da. Modu anonimoan aritu nahi denean zer edo zer okerra egiteko izango dela pentsatu ohi dugu: legez kanpoko zerbaitetan jardun, edo komunikabideren bateko komentarioetan troleatu, eta horrelakoak.

Baina badaude anonimotasuna bermatu beharra dagoen kasuak guztiz zilegi direnak. Herritarron pribatutasun-eskubidea dago, adibidez: bizitzako beste edozein arlotan bezala sarean ere nahi duguna egin ahal izatea inongo gobernuk, zerbitzu-hornitzailek edo bilatzailek zertan ari garen jakin gabe. Baita sareko zentsura aplikatzen duten herrialdeetan nabigatzeko eskubidea bermatzea ere. Edo kazetarien informatzaileen anonimotasun eta segurtasuna ahalbidetzea, Wikileaks-en kasuan bezala. Eta beste horrelako asko.

Gai horretan ez bagaude oso jantziak, ziurrenik ziberkafe batera jotzea izan liteke bururatuko litzaigukeen lehenengo gauza, baina horren desabantailak ugariak eta nabariak dira: lekukoek identifikatu ahal izatea, hurbiltasun geografikoaren beharra, maiz aldatu beharra askotan egin behar bada...

Beste modu begi bistako bat proxy edo bideratzaile anonimoak erabiltzea da. Zerbitzu batzuk dira, ikusi nahi dugun web-orriaren helbidea bertan sartuz gero eskaera berek egin eta orria guri bueltatzen digutenak. Horiek ere ez dira oso egokiak: zerbitzu horien hornitzaileek badakite nor aritu den; sarritan ordainpekoak edo publizitate gogaikarria dutenak izaten dira; nabigatzeko soilik balio dute, eta ez, esaterako, posta bidaltzeko...

Baliabide edo informatika-ezagutza handiak dituztenek (inteligentzia-zerbitzuek edo gaizkileek) erabil dezaketen bide bat da malwareren baten bidez jende arruntaren ordenagailuen kontrola hartzea eta, jabeak ohartu gabe, eskaerak edo mezuak haien bidez bideratzea, arrastorik utzi gabe. Gainera, hau horrelako hainbat ordenagailutatik jauzi eginez ere egin daiteke, horrela atzeraka aztarnei jarraitzea are zailagotzeko. Baina modu hau ez dago edonoren esku, eta ez da legezkoa, jakina.

Tor, anonimotasuna bermatzeko software eta sare libreak

Gaur egun, Interneten anonimotasunez aritzeko modurik seguruena eta edonoren eskura dagoena Tor erabiltzea da. Tor siglek The Onion Router esan nahi dute, hau da, tipula bideratzailea. Izen bitxia, baina bere izateko arrazoia duena, geroago ikusiko dugun bezala.

Tor software libre bat eta sare ireki bat da, aukera ematen diguna gure sareko komunikazioak (nabigazioa, posta elektronikoa eta abar) boluntarioen sare bateko hainbat ordenagailutan jauzi eginez bideratzeko. Mezuak hainbat ordenagailutatik pasatzeak zaildu egiten du atzerakako aztarnatzea, baina Tor-ek, gainera, lortzen du bideko ordenagailu edo nodo horietako batek ere ez ezagutzea mezua bera eta mezuaren jatorria eta helburua; nodo bakoitzak aurreko nodoa eta ondokoa zein diren soilik ezagutzen du, ez daki bera bide horretako zenbatgarren nodoa den, eta ezin du mezua irakurri. Nola lortzen da hori? Berriz ere, gako publiko bidezko kriptografiaz.

Sortako aurreko artikuluetan esan bezala, gako publiko bidezko kriptografian mezu bat kodetu edo zifratzen da jasotzaileak edonoren esku jarri duen bere gako publikoaren bidez, baina ezin da mezua bueltan deszifratu gako horren bidez, jasotzaileak soilik dakien gako pribatu baten bidez baizik; hala, jasotzaileak soilik irakurri ahal izango du mezua.

Tipula-zifraketa

Tor2
Irudia: Tor project

Tor erabiltzen dugunean mezu bat bidaltzeko, software horrek egiten duen lehen gauza da Tor sarea osatzen duten ordenagailuetatik hainbat ausaz hartuta bide bat aukeratu. Ondoren, bide horretako azken nodoaren gako publikoa erabilita zifratzen ditu mezua eta mezuaren azken helburua. Gero, jada zifratuta dagoen mezu hori guztia eta bideko azken nodoaren helbidea zifratzen ditu, bideko azken aurreko nodoaren gako publikoa erabilita. Eta horrela egiten du atzeraka bideko nodo bakoitzarekin: nodoaren gako publikoaren bidez zifratzen dira aurrez zifratuta dagoen mezu guztia eta hurrengo nodoaren helbidea.

Dena prest duenean, bideko lehenengo nodoari bidaltzen dio mezua; han dagoen Tor softwareak bere gako pribatuaren bidez deszifratzen du mezua, hurrengo nodoaren helbidea lortzen du hala, eta geratzen den mezua hari bidaltzen dio; hurrengoak gauza bera egiten du, deszifratu, hurrengo helbidea lortu eta mezua hari pasatu; eta horrela amaieraraino. Ikusten denez, bideko nodoek ez dakite aurrekoa eta ondokoa zein diren baino, beste ezer ezin dute jakin, guztia berek ez dituzten gakoen bidez zifratuta baitoa. Eta hartzaileak edo mezua bidean atzeman duen edozeinek jakin nahiko balu zein den jatorria, gako publiko bidezko kriptografiaren hainbat geruza deszifratu beharko lituzke; eta, esan genuen bezala ezinezkoa bada gaur egungo bitartekoekin kriptografia mota hori haustea, pentsa horrelako hainbat geruza. Mezua jatorrian atzemango balute ere, bidaltzailea ezagutuko dute, baina ezin dituztenez geruzak deszifratu, helburua edo mezua ezin dituzte ezagutu.

Tor3
Irudia: Wikipedia

Beraz, hortik datorkio tipula bideratzaile izena metodo honi: mezuak, tipulak bezala, bata bestearen gaineko hainbat zifraketa-geruza dauzka eta bidean geruza horiek deszifratuz edo kenduz doaz.

Mezu baten edukia, helburua edo jatorria zein den jakiteko modu bakarra infiltratzea izan daiteke (ordenagailu satorrak sartzea Tor sarean) edo nodoen kontrola lortzea. Baina Tor sarean ordenagailu asko daude, eta bide luze samarrak egiten dira; beraz, bideko nodo guztiak satorrak edo kontrolatuak izatea ezinezkoa da praktikan.

Bestalde, Tor konfiguratu dezakegu bideko azken nodoa herrialde jakin batekoa izan dadin; horrela gaindi daiteke webgune batzuek herrialde batzuekiko duten zentsura (maiz herrialdeko gobernuak bere herrikideei inposatua), edo onlineko eduki kultural edo audiobisual batzuei ezartzen zaizkien ustiaketa-leiho geografikoak.

Tor softwarea hainbat pakete ezberdinez osatuta dago: ordenagailu bat Tor sareko nodo bihurtzeko softwarea, Tor bidez nabigatzeko nabigatzaile bat, posta Tor erabiliz bidaltzeko programa...

Egun, Tor da anonimotasun-bermerik handiena lortzen duen tresna, eta edonoren esku dago. Eta egia da legez kanpoko kontuetan aritzeko ere erabil daitekeela. Horregatik (edo, agian, horren aitzakian), herrialde batzuek Tor-en erabilera debekatu egin nahi dute (Japoniak, adibidez). Lortuko balute, beste erabilera zilegi eta beharrezko asko ezinezko bihurtuko lirateke. Eta ez dira debekatzen autoak edo armak, bankuak lapurtzeko erabiltzen direlako...

e-gorblog

e-gorblog

Egunez, Igor Leturia Azkarate pertsona arrunta da. Errenterian bizi den arrasatearra, 8etatik 17etara Elhuyarren lan egiten du eta arratsaldeak neskalagunarekin eta bere bi umeekin pasatzen ditu.

Baina gaua iritsi eta umeak lotara joaten direnean, e-gor bihurtzen da, interneteko bere alter-egoa, ziberespazioko informatikaririk komikizaleena eta komikizalerik informatikariena! Bere superbotereekin (interneteko kable-konexioa, bloglines, informatika aldizkariak, gadget-ak, komiki-bilduma, Errenteriko liburutegiko komikien atala eta batez ere bere jakinmin aseezina) eta bere superlaguntzaileak ondoan dituela (Patxi Lurra, DabilenHarria...), euskaldunon teknofobiaren eta komikiei buruzko aurreiritzien aurka burrukatzen du etengabe! Hemen duzu bere bloga: e-gorblog!

Bai, hor goiko aurkezpena superheroi batena da (ezin aproposagoa honelako blog batentzat, ezta?). Superheroia banintz zein izango nintzatekeen jakiteko the Superhero Personality Test egin nuen eta hona emaitzak:

You are Spider-Man
You are intelligent, witty, a bit geeky and have great power and responsibility.

Spider-Man
80%
Superman
70%
Green Lantern
65%
Robin
65%
The Flash
60%
Supergirl
55%
Hulk
55%
Iron Man
45%
Wonder Woman
35%
Catwoman
25%
Batman
0%
Lizentzia

Creative Commons-en baimena
Blog honetako edukia, Igor Leturiak eta beste kolaboratzaile batzuek egiten dutena, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported baimen baten mende dago (irudiak salbu).

Harpidetza
Erantzunen harpidetza
Artxiboa
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017 2018 2019 2020 2021 2022 2023 2024
Artikulu aipagarriak

MythTV sorta
2004/11

"Pololoak" sorta
2004/11-12 - 2006/10-12 - 2007/02-03

Monoblogoa
2005/01/11

"Persepolis", xalotasunaren sakontasuna
2005/01/25

Elgetako Blogs&Beers 2005: nire inpresioa eta moblogging kontuak
2005/04/18

Firefox eta bere plugin zoragarriak
2005/05/11

"El País"-en komiki bilduma
2005/05/15

Euskarazko bi blog berri (bai, beste bi, baina hauek bereziak dira!)
2005/05/25

"Watchmen" sorta
2005/09-11 - 2006/10 - 2007/10 - 2008/07

"La cárcel de papel"-eko "Mis tebeos favoritos" saila I: 1etik 20ra
2005/11/08

"Goienkaria"-n agertu naiz
2005/12/08

Komikiak eta euskal rock-a
2005/12/14

Ruben Arozena "Ruben" komikigilea hil da
2006/01/02

Zope-rako DTML Calendar Tag produktua, euskaraz
2006/02/01

"Joyas Literarias Juveniles" bilduma, osorik eMule-n
2006/08/05

Argazkigintza eta DRM-a
2006/10/09

Paul Auster eta Euskararen Herria
2006/10/29

Angoulême sorta
2007/01-02

Gaur duela 25 urte nire bizitza aldatu zen
2007/04/23

Hergé-ren defentsan
2007/05/22

Ubuntu-ren bertsio berria, hobekuntza askorekin
2007/07/02

OLPC sorta
2007/12 - 2008/01

Guillermo Zubiaga, Marvel-eko komikilari euskalduna
2008/02/05

Asus EEE PC, ordenagailu txiki eta merkeen hurrengo sorta
2008/03/11

Agur, Ipurbeltz, agur... :-(
2008/08/04

"Café Budapest", gizatasuna eta bizikidetzaren aldeko aldarria
2008/08/25

"Arturo Erregea" serie mitikoa, Euskal Encodings-en! (beste askorekin batera)
2008/09/17

"Gazteak", beste serie mitiko bat euskaraz eskuragai!
2008/10/14

Pottokiek 50 urte!
2008/10/22

Europan ere OLPC-ren XO ordenagailuak erosteko aukera!
2008/11/12

Microsoft-en web zerbitzuetako gehienak, euskaraz!
2008/12/04

"Heroes"-en 2. denboraldia: ETB kirtenkeria errepikatzera, eta Euskal Encodings konpontzera
2009/01/23

I. Euskal OLPC Party-a, apirilaren 23an Donostiako Doka kafe antzokian
2009/04/16

Elkarrizketa egin didate 7K-n
2009/06/03

Azpiriren Spectrum-entzako jokoen azalak liburu batean
2009/10/06

Asterix, heroi garaitua
2009/10/29

"Ihes ederra", euskarazko komikigintzaren heldutasunaren konfirmazioa
2009/11/13

Pololoak 3: The making of
2009/11/22

5 urte 5!
2009/12/15

Nobela grafikoa, komikien prestigiorako ala mespretxurako?
2009/12/20

"Pololoak 3 - Atxeritoko balada", trilogiaren amaiera borobila
2010/01/13

Sinclair ZX Spectrum bat oparitu didate!
2010/01/19

Zergatik ez dudan liburu elektronikorik erosiko (gauzak aldatzen ez diren artean)
2010/01/27

Errealitate areagotua: munduaren pertzepzioa aberasten
2010/02/09

e-gorblog, "Nick dut nik" telebista saioan
2010/05/20

Sarearen neutraltasunari erasoak: Interneten izaera arriskuan
2010/06/02

"Avatar, azken aire maisua" osoa eta "Heroiak"-en lehen bi denboraldiak, Euskal Encodings-en
2010/07/22

Sistema eragileen guda berria
2010/12/14

Anubis 3.0 albumarentzat 3D animazio ederra
2010/12/27

Telebistaren benetako iraultza hemen da, eta ez da LTDa
2011/01/10

"Asterix galiarra" eta "Urrezko igitaia" berrargitaratu ditu Salvatek
2011/01/13

Euskarazko komikigintza digitalizazioaren aurrean
2011/01/27

"Ihes ederra"ren gaztelaniazko eta katalanezko bertsioak eta "Alokairuan", kalean
2011/02/20

Star Wars jatorrizko trilogia, euskaraz
2011/03/21

Sare sozialetan preso
2011/04/06

Zer dudan Steve Jobsen, edo Appleren, aurka
2011/10/14

Gaur 100 urte Adèle Blanc-Sec-en abenturak hasi zirela
2011/11/04

Euskarazko 8 komiki berri
2011/12/02

Social networks killed the RSS star?
2012/06/10