e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
Ronald Reagan AEBko presidente ohiari buruzko komikia Harriet etxearen eskutik
Gaurkoan dakarkizuegun komiki honetan kontatzen denez, argi dago ez dela atzo goizekoa Ameriketako Estatu Batuetan presidente ergelak izatearena. Hollywood-eko western-en aktore izandako Ronald Reagan 1980ko hamarkadan izan zen presidente, eta bere garaian gertatu ziren Gerra Hotzaren amaiera, misil nuklearrei buruzko hitzarmena, Altzairuzko Oihalaren erorketa... Alabaina, Harriet argitaletxearen Gerra Hotza irabazi zuen ergela komikian ikusiko dugunez, ez zen preseski berari esker izan. Izan ere, Reagan komunikatzaile eta txiste-kontalari ona zen, baina alfer samarra. Pentsa, Gorbatxov-ek negoziazio guztiak bere aholkulariekin egin zituen berarekin beharrean... Horren guztiaren eta gehiagoren berri emango zaigu Le Naour eta Le Bihan egileen komiki honetan.
XX. mende hasierako Bilbon kokatutako detektibe-abenturak "Medium" komikian: industria, meatzeak, Pasionaria...
Xabier eta Martin Etxeberria anaiek idatzi dute eta Iñaki Holgadok marraztu Elkar argitaletxeak atera duen Medium, XX. mende hasierako Bilbon kokatutako detektibe istorioa, Sherlock Holmes-en abenturak gogoratzen dizkiguna eta haur eta gaztetxoei zuzendua. Sara Hazparne gazteak espiritista plantak eginez jendea engainatzen du, bere lagun Martinek ematen dion informazioa baliatuta. Baina halako batean bezero duen alargun aberats bat hil egiten dute eta Sara da susmagarria, eta kartzelara ez joateko kasua ikertu beharko du, Martin eta Dolores lagunak ondoan dituela. Industria, meatzeak, Dolores Ibarruri Pasionaria eta garaiko Bilboko beste zenbait gai errealek ere lekua dute bertan, entretenimendua eta historia bikain uztartuz.
"Kateriñe", Gerra Zibileko eguneroko batean oinarritutako komikia
Espainiako Gerra Zibilean, frankisten bonbardaketetatik ihesi ibili behar izan zen, beste jende asko bezala, Kateriñe Letamendia tolosarra. Hark, baina, eguneroko batean jasota utzi zituen jasandako lazkeriak. Bada, orain haren iloba Maitena Illarramendik komiki-gidoia idatzi du eguneroko hartan oinarrituta. Eta Iñigo Sarasolak marrazkiak jarrita, Erein argitaletxeak kaleratu du Kateriñe komikia. Emakumeek gerretan pairatzen duten sufrimenduaren beste erakusle bat, eta euskaldunon zapalkuntzaren historiaren puzzlea osatzeko beste pieza bat.
Euskarazko manga bildumen jarraipenak dakarzkigu Kabe etxeak
Azken urteotan, Kabe zigiluaren pean hainbat manga bilduma argitaratzen ari da Harriet argitaletxea, eta irailean hiru liburuki berri argitara eman ditu: Mizu Sahararen Buztan eta guzti sailaren bigarren zenbakia, buztan txiki bat duen eta institutuko ikasle den Utsumiren eta sekretua jakin eta babesten duen bere ikaskide Nachiren istorioarekin jarraitzen duena; Yuya Kanzakiren Change the world sailaren hirugarrena, berak nola jakin gabe benetan serieko hiltzaile den polizia batekin gorputza elkartrukatu duen Yuichi Satoren abenturekin; eta Rootport-en gidoia eta Tomomi Usui-ren irudiak dituen Otaku bat jainko lanetan sailaren hirugarrena, non Susumuk, lo etenetik esnatu eta gizateria hastapenetan dagoela ikusita, zibilizazioari aurrera egiten lagundu nahi dion bere manga gogokoenaren jarraipena ezagutzeko. Aurreko guztiak bezala, hauek ere Iker Alvarezek itzuli ditu euskarara, japonieratik zuzenean. Gazte mangazaleentzako beste opari bat!
"Itsasoa", Erroak sailaren 3. komikia
Amaya Echevarriaren gidoia eta Tiago Battestiren irudiak dituzten Erroak komiki sailean, Alaia gaztetxoak eta Elorri bere izebak hainbat abentura bizi dituzte naturako eta euskal mitologiako pertsonaiekin. Lan hauek argitaratzeko sortutako zigilu propioaren bidez, lehen zenbakia, Ilargiaren orrazia, 2020an atera zen, eta bigarrena, Gizotso, 2023an. Bada, aurten hirugarrena atera dute, Itsasoa. Bertan, izenburuko izena duen sirenak kaosa ekarriko du mundura, bere kantuaren bidez zabaldutako madarikazioarekin. Orduan, Alaiak Akerbeltz azti gaiztoaren esku utzi beharko du bere patua, eta denboran atzera eginez, 1784ko Baionara bidaiatuko du —azken baleontzi handien garaira—, handik Quebecera... Iragana eta oraina zeharkatuko ditu, naturaren larrialdiari eta sirenaren madarikazioari aurre egiteko.
Harriet argitaletxearen eskutik, Markoren lan berria euskaraz: "Flanchin anaien abentura ikaragarrizkoa"
Ezaguna da Mark Armspach Marko marrazkigile euskaldunak mendiarekiko eta, bereziki, Pirinioekiko duen zaletasuna eta maitasuna. Philippe Charlot gidoigile biarnotarrak ere partekatzen ditu horiek. Eta bion artean Flanchin anaien abentura ikaragarrizkoa komikia ondu dute, Harriet argitaletxearen eskutik euskaraz gozatzeko aukera dugula.
XIX. mende amaieran Pirinioetan kokatutako istorioan, topaketa batzuen lekuko izango gara: batetik, hartz bat, haren hezitzaileak hil dituen indiarra eta aita ankerrarengandik ihes egindako bi anaia gazteak; bestetik, haien atzetik dabiltzan soldadu-taldea eta aita; eta zer gertatuko da bi taldeek ere topo egitean?
Baina horiez gain, lan honetako protagonista nagusietakoa Pirinioak dira. Izan ere, Markoren ohiko marrazki bizien artean Auñamendi, Midi d’Ossau eta beste mendi batzuen irudi ederrak ere ikusiko ditugu, akuarela elegantez koloreztatuta. Komiki polita benetan, inondik begiratuta ere.
...eta haurrentzako komiki-sailen zenbaki berriak: Ahizpak, Biga eta Superninja Kururo!
Aurrekoan aipatu genuen Lily eta Dudu-munstroa ez da izan aurtengo hasieran atera den haurrentzako euskarazko komiki bakarra, ezta gutxiagorik ere! Martxoan bertan beste hiru atera ziren:
- ETB3n eta Makusin animazio seriea duen Christophe Cazenove eta William-en Ahizpak sailaren zortzigarren komikia atera zuen Hachette etxeak, Maita nazazu gehiago!
- Astiberrik Romain Pujol eta Vincent Cauten Biga sailaren zortzigarrena argitaratu zuen, Aldaketak datoz!
- Bang! ediciones / Mamut comics argitaletxeak Marko Torresen Superninja Kururo saila ren bigarrena kaleratu zuen, Sarraski izugarria.
Zalantzarik gabe, badute haurrek komikiaz euskaraz gozatzeko aukerarik!
Harriet-en haurrentzako komiki berria: "Lily eta Dudu-munstroa"
Frantziako komikigintzan oso ohikoa den orri erdiko umorezko gag laburren tradizioari jarraiki ondu dute haurrei zuzendutako komiki hau Mic eta Val-ek, neskatila bat eta bere munstro txintxoa protagonista dituena. Lily eta Dudu-munstroaren gidoia Mic eta Val bi egileen artean egin dute, Mic-ek egin ditu marrazkiak eta Val-enak dira tinta eta koloreak. Eta Miel Anjel Elustondok euskaratuta argitaratu zuen otsailean gurean Harriet argitaletxeak, haur euskaldun guztien gozamenerako.
"Saltsa nostra", errezeta-libu... ez, errezeta-komikia!
Sukaldari ezaguna eta saritua da Sergio Ortiz de Zarate, eta gastronomiaren inguruko hainbat proiekturen arima Iker Bildosola. Bien artean sortu zuten Saltsa Nostra egitasmoa, komikigintza ardatz hartuta tokian tokiko ekoizpena, kultura eta elikadura osasungarri eta jasangarria aldarrikatzen duena. Eta horren lehen emaitza da Sergio Ortiz de Zarateren errezeta-liburuakomikia - Done Joanesen erraietan. Pedro Rivero eta Fernando Alonsorekin batera egin dute gidoia, eta marrazkiak Fernando San Vicenterenak dira. Komiki serio eta pedagogikotik urruti, hemen sua, labanak, konspirazioak, akzioa, espioitza, dueluak... daude, thriller gastronomiko ganberroan. Tarisko argitaletxea sortu dute Saltsa Nostra egitasmoko komikiak ateratzeko, eta honen barruan beste 12 ateratzeko asmoa dute, beraz adi!
"Mutila izatea", maskulinitate eredu ezberdinak egon daitezkeela erakusteko
Aiora Jakak itzuli du Ttarttalo argitaletxeak atera duen Mutila izatea: maskulinitatea haize kontra komikia, Karim Ouaffi gidoigile eta Mikankey marrazkilari dituena. Bertan, Masato, Igor, Feti, Antton eta Ametsek Aitor klasekidearen heriotza nola kudeatzen duten ikusiko dugu. Horrela, mutil izateko modu ezberdinak azaleraziko zaizkigu, maskulinitate toxikoaz harago. Genero-estereotipoak, pribilegio maskulinoak, emozioak adieraztea, homosexualitatea, fisiko gihartsuak, indarkeria, jazarpena, pornografia, feminismoa... eta beste gai askoren inguruan hitz egin eta hausnartzeko bide ematen duen komikia. Interesgarria zinez, eta ez soilik mutil nerabeentzat...

