Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño

Azkue, anbizio handiko fundazio

Amatiño 2009/11/05 22:14
Bilboko Euskaldunan sekula bertan elkarrekin bildubako jende-mota batu zen atzo: gaztea, euskalduna eta teknologia berrien erabiltzailea. Ez diot bakoitza bere aldetik Euskalduna jauregira inoiz joan ez direnik, ezta hirurak elkarrekin sektore arraroa osatzen dutenik ere. Ez, esaten dudan bakarra zera da, hiru horiek elkarrekin eta Euskaldunan… behar bada estreinako. Meritua inori leporatzekotan, Azkue Fundazioari.

Obamaren aparkalekuak

Amatiño 2009/11/04 23:35
Komunikabide guztiek aztertzen dihardute gaur Barack Obama presidente amerikarraren urtebeteko balantzea. Funtsean auzitan dagoena zera da: Etxe Zuriko aparkalekuan egoki ote dagoen, handiegi ote zaion ala agindutako aldaketak egiten behingoz asmatuko duen. Izan ere, Obamaren curriculum politikoa aparkalekuei atxikia egon izan da hasiera-hasieratik. Bai, behintzat, 2000 urtean Los Angelesen bildutako Demokraten Nazio Batzarrera joan eta… aparkalekuan sartzerik utzi ez ziotenetik. "You can't".

Athletic-en nahi eta ezinak

Amatiño 2009/11/03 13:44
Haritz Gallastegi kazetariak dioenez, Iraizozek eskuarekin nahi izaten ditu baloiak geratu, Llorentek buruarekin golak sartu eta Amorebietak hankarekin segan egin. Behar bada, horregatik ari da gure Athletic horren estu-mestu eta nora ezean. Eskuz, buruz eta hankaz jokatzen ikasten duen egunean hobetotxoago asmatuko al du!

Ur-kulturaren oinordekoak

Amatiño 2009/11/01 23:34
Ur-kontzientzia dugu baina ez, aldiz, argindar edo gasolina-kontzientziarik. Hobeak gara grifoa ixten argia amatatzen baino. Ur-ixuria ikusi egiten dugu eta hainbat trikimailu egiteko gertu gaude ura aurrezteko, ura urria izateaz gainera denon ondasuna delakoan. Aldi berean uste dugu, ordea, argindarrik ez dela sekula falta izango eta auto-depositoan sartzen dugun gasolina gurea baino ez dela.

Betiko lepotik kontuak

Amatiño 2009/10/30 23:56
Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuak alderdirik gehientsuenon onespenaz baietsiko dira eta zalantzarik ez albiste ona dena. Politikagintzan beti ere ona omen da aurrekontuak adostasun handiz onartzea eta alderdiak kinka larrietan elkarrekin konpontzen badira, hainbat hobe. Baina alderdi guztien gainetik eta politika guztien azpitik, lastima gero gobernu-aldaketa nabarmenak aurrekontu-aldaketarik nabarmendu ez izana. Behin aukera aproposa izan guztia hankaz gora jartzeko eta, hala ere, betiko lepotik kontuak.

Autoentzako euskal argindar-sarea abian

Amatiño 2009/10/29 23:12
Euskal Energiaren Erakundeak eta Repsolek elkarrekin sinatu dute, gaur, auto elektrikoen bateria-karga sarea Euskal Autonomia Erkidegoan ikertzeko, garatzeko eta indarrean jartzeko hitzarmena. Inork ez du honez gero uste berandu baino lehen autoak argindarrez ibiliko ez direnik. Baina, auto elektrikoak ibiliko badira, nonbait kargatu eta birkargatu beharko dira. Honek bi arlo landu beharra eskatzen du: azpiegitura eta teknologia berri-berria.

Egunkarien azken hatsa

Amatiño 2009/10/27 23:02
Egunez eguneko jaitsiera-datuen arabera, 2043ko udaberrian ahituko da prentsa idatzia Estatu Batuetan, orduan utziko dio-eta atzenengo irakurleak azken egunkaria erosteari. Noski, adibidea besterik ez da, fikzioa alegia, ezein egunkarik ez baitu iraungo azken irakurlea galdu arte, baina anekdotak argi asko azaltzen du maldan beherakoa zein larria den. Paperezko prentsarenak egin omen du.

Funtzionatu ala ez, that's the question

Amatiño 2009/10/25 22:20
“Los hombre que no amaban a las mujeres” gustura ikusi ondoren “La chica que soñaba con una cerilla y un bidón de gasolina” noiz etorriko zain egon bazara, denboraz zaude iritziz aldatzeko eta, trukearen truke, hobe zenuke beste filmen bat ikustera joan, “Si la cosa funciona” esate baterako, Eibarren bertan gainera, non eta Coliseoan. Funtzionatu egiten du. Ez da gutxi.

Hipatia, Alexandriako elipsia

Amatiño 2009/10/23 23:05
“Tú no cuestionas lo que crees. No puedes. Yo debo”. Esaldi honetan laburbiltzen da Hipatia filosofoa eta Orestes prefektuaren arteko jokabide ezberdina eta, besteak beste, Amenabar zuzendariak ‘Agora’ filmean aldarrikatzen duen intelektualaren zeregina. Egiaren perfekzioa ez baita biribila, elipsia baizik.

Ezta larrua jotzeko ere

Amatiño 2009/10/21 18:30
Azor yatea, frankismoaren ikurrik adierazgarrienetakoa, Burgosko lautadako motel baten atarian datza, lehorrik lehorrenean. Haren ugazabak luxuzko “pikaderotzat” erabiltzeko asmotan erosi zuen baina ideiak ez zuen batere arrakastarik izan. Francisco Franco eta Carmen Polo bikotearen lizar, intxaur, haritz eta sikomoro egiptoarrez jantzitako logelak (ez zuten elkarrekin lo egiten) ez dira nonbait inoren libidorik limurtzeko gauza izan.