Hipatia, Alexandriako elipsia
Alexandria, IV. eta V. mendeen arteko zubigintzan. Erromatar Inperioaren sakabanatzearekin batera Antzinaroaren mundu klasikoa maldan behera doa eta ondorengo Erdi Aroak erakarriko duen gau iluna etorri dator. Hainbat mendetan osatutako Inperioaren mugak haustear daude eta edozenbat egitura txikerretan zatitzear. Erromatarrek luzaro ezarritako bakeak han-hemenkako gatazkatan lehertu behar du eta populismoak grekoerromatarren eskola ahaztaraziko. Barrena bizpahiru mende iraun zuen aldaketa hau pare bat hamarkadatan biltzen du Amenabarren gidoiak eta bi ikur nagusitan oinarritu: Alexandriako serapeumaren hondamena eta Hipatia (355 - 415) irakaslearen –sekula historian izan den lehen emakume matematiko eta astronomoaren— nondik norakoa.
Oinarrizko pertsonaiak eta gertakariak historiari zor zaizkion arren, seguraski ezer ez zen zehatz gertatu Amenabarrek kontatu bezala. Baina zehaztasunik eza egia izanik, egia ere bada nekez adierazi zitekeela honen argi eta garbi orduan jazo ziren jokaera, ikuspegi eta gizatalde kontrajarrien berri. Behar bada filmak lar topiko eta arketipo ditu baina inor ez da behintzat zine-aretotik atera ahal izango ulertu ez duenik esaten. Egiaren perfekzioa ez baita biribila, elipsia baizik.
Agora Hipatia emakume zientzilariaren omenez egindako filma da. Berori izan ezik, hipokresiak jotako hain garai zail, konplexu, iskanbilatsu eta krudelean inor ez da gero onik ateratzen. Ez paganoak, baina ezta kristauak eta juduak ere. Ez Hipatiaren beraren aita, ez anaiak, ezta Davo otseina ere. Batzuon jauntxokeria eta ardurarik ezaren eta besteon fanatismo eta dogmatismoaren artean, Hipatia baino ez da Alexandrian zutik dirauen itsasargi bakarra.
Filmaren erdia Rachel Weisz (Hipatia) da. Etenik gabeko ikerkuntzaren onetan lan, ikasi eta irakatsi besterik egiten ez duen emakume aitzindaria. Eta, hain zuzen ere, jakinguran jarritako pasio horri dario nolabaiteko morbo erakargarria. Emakumeen artean, argitasunaren eta tolerantziaren eredu delako, eta gizonezkoen artean, berriz, bere buruaren jabe den emakume lortezina are erakargarriagoa delako... nahiz eta edertasun horri eusteko filmako Hipatia benetakoa baino hogeitaka urte gazteago agertu.
Baina, bi orduko zinea zine baino ez da eta egiazko historia nahiago duenak hobe du Maria Dzielska poloniarraren datu-bilketa irakurri.
Esaldia ez dio Orestesi esaten, Sinesiori baino. Sinesio, bere ikasle ohia eta kristaua eta geroago apezpikua, erabiltzen du Amenabarrek kristautasunaren, eta oro har erlijio eta ideologia fundamentalisten itsukeria nabarmentzeko. Izan ere, Hipatiak onartu egin baitzuen bere eskolan jakinda kristaua zela. Kristauek Alejandriako liburutegia erre baino lehen.