Ur-kulturaren oinordekoak
Amaitu berri den urrian frogatu ahal izan dut urtean zehar barrena 500 euro aurreratu nitzakeela gasolinatan nere gidatze-tankera aldatuko banu. Batez beste euro bat ehun kilometroko. Horretarako patxadaz eta presa barik gidatu besterik ez nuke izango. Hori bai, ez behin, egunero baino, eta urte guztian zehar gainera. Aspergarri samarra behar bada. Merezi al du?
Merezi duen ala ez bakoitzak esango du baina, hasteko, jakin ditzagun euro hori aurrezteko bete beharreko bi baldintzak: 1.- Trafiko-seinaleek adierazi baino %10 astiroago joan, %10 bizkorrago joan beharrean. 2.- Semaforoa berde jartzen denean aurrekoa urduri jarri beharrean, atzekoa jarri. Gezurra dirudien arren, estrategia geldoa eta estrategia azkarraren arteko aldea %15eko kontsumo-aurrezpena da eta orduko bost minutuko atzerapena baino ez.
Euskal Herrian betidanik izan dugun oinarrizko energia bakarra ura da. Haize-errotak jarri arte, gainerako guztiak kanpotik ekarri behar izaten genituen. Hala ere –edo, behar bada, horregatik hain zuzen— euskal gizartea ur faltaren beldurrago da, argindarrik edo gasolinarik ezarena baino. Ur-kulturaren oinordekoak gara, nonbait, eta ezer gutxi jabetzen gara beste edozein energiaren nondik norakoaz.
Milaka urteko esperientziaz dakigu zer den lehortea. Badakigu zer den euririk eza eta guztiok ikusi ahal izan dugu noiz edo noiz urtegi agorturen bat. Haize-errota bareek ez digute, ostera, ezer erakusten, argindarra ez da begi-bistan sumatzen eta 45 urte baino gazteagoek ez dituzte sekula, gasolina faltan, eskandinabiar aberatsak bizikletan ikusi, 1973ko petrolio-krisialdian gertatu zen bezala.
Ur-kontzientzia dugu baina ez, aldiz, argindar edo gasolina-kontzientziarik. Hobeak gara grifoa ixten argia amatatzen baino. Ur-ixuria ikusi egiten dugu eta hainbat trikimailu egiteko gertu gaude ura aurrezteko, ura urria izateaz gainera denon ondasuna delakoan. Aldi berean uste dugu, ordea, argindarrik ez dela sekula falta izango eta auto-depositoan sartzen dugun gasolina gurea baino ez dela.