Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Athletic-en nahi eta ezinak

Athletic-en nahi eta ezinak

Amatiño 2009/11/03 13:44
Haritz Gallastegi kazetariak dioenez, Iraizozek eskuarekin nahi izaten ditu baloiak geratu, Llorentek buruarekin golak sartu eta Amorebietak hankarekin segan egin. Behar bada, horregatik ari da gure Athletic horren estu-mestu eta nora ezean. Eskuz, buruz eta hankaz jokatzen ikasten duen egunean hobetotxoago asmatuko al du!

Aukera izan dudan bakoitzean esan izan dut Euskadi Irratia dela, batere zalantzarik gabe, euskal komunikabiderik homologagarrienetakoa, Euskal Telebistak ez duen normaltasuna bai baitu eta Berriak ez dituen maila eta aniztasuna. Euskadi Irratiaren baitan, berriz, ezein sail eta saio gutxietsi gabe, aipagarri gero kirolak eta Hiru Erregeen Mahaia. Duela hogeita hamar urte amesten genuen euskal normalizazioaren adibideetako bat da Euskadi Irratiaren kirol-informazioa: ona, zuzena, bizkorra, sinesgarria, erakargarria, entretenigarria, serioa eta umoretsua aldi berean. Bejon daiela.

Baina, betiko baina, bada astero-astero urduri jartzen nauen zerbait. Zer izango eta Haritz Gallastegi elgetarraren hainbat gipuzkeria eta, batez ere, laguntzarekin eta laguntzaz bereiztu ezina. Barkagarri edo litzaioke Zubietako ñoñostiarren bati baina ez, ostera, Lezamatik kronikak egiten dituen Elgetako semeari.

Haritz Gallastegiren ustez, Iraizozek eskuarekin geratzen ditu baloiak, Llorentek buruarekin sartzen ditu golak eta arbitroak txistuarekin mozten du jokoa, eskuaz, buruaz eta txistuaz egin beharrean. Eta inork ez dio, antza, ezer esaten.

Honez gero, eta hitzaren profesionalen artean, argi samar egon behar luke gauza bat dela buruz jotzea, beste bat norberaren buruaz ikutzea eta beste hirugarren bat inoren buruarekin topo egitea. Haritz Gallastegik ez du ezer asmatu beharrik, segurutik bere etxean txiki-txikitandik entzun izan duena errepikatu baino ez. Eta kitto.

 Haritz Gallastegi

Euskalki guztietan berdin

Gipuzkoan badira zenbait sasijakintsu (idazle, kazetari edo itzultzaile) bereizketa hori bizkaieraz baino ez dela uste dutenak. Baina ñabardura hori euskalki guztietan egin izan da, gutxienik azken bostehun urteotan, XVI. mendeko Zuberoako errefrauetatik hasita: Etxeko sua, etxeko hautsaz estal edo batari harriaz, besteari ogiaz (Bertrand de Sauguis, 1597). 

Beste horrenbeste hurrengo mendean Axular nafarrak (bere arantzeez eta karloez min egin) eta Joannes Etxeberri lapurtarrak (bokantza samurraz eta espiritu kartsuaz berotu). Ildo beretik XVIII. mendean Juan Mateo Zabala bizkaitarrak (beti bizi bear ikaraz, ez gogoz, ta bai bake txarraz) eta Agustin Kardaberaz gipuzkoarrak (iltze gogorraz gurutzean josi); baita Gregorio Arrue giputzak XIX. mendean ere (eskuaz txalo jo; loreak malkoaz busti eta doai guziaz apaindu.

Jakina da gaur egun bizkaitarrak direna forma hauek ondoen gordetzen dituztenak, baina egia ere bada bizkaitarrek tranpatxoren bat egin ohi dutela, berbetan itxurak bete arren, ez dira-eta beti ondo jabetzen lagun barriagaz joan eta erreminta barriaz jotzearen arteko diferentziaz. Beti barriaz esan eta... hor konpon marianton.

Estepan Plazaola
Estepan Plazaola dio:
2009/11/06 18:39

Oso oker ez banago Euskaltzaindiak ez du gai honetaz erabaki irmorik hartu. Hala ere, Euskal Gramatika Lehen Urratsak-I liburuan jardun zuen honetaz. Eta honako hau zioen -REKINez ziharduela (288. or.): "Gainera, kasu hau modu, kausa edo instrumentaltasuna adierazteko erabil daiteke, adibidez: - Makila honekin jo dut. - Soka ebaki zuen labana batekin.

Hauek euskarazko esaldi jatorrak badira ere, gaur egun, aspaldian instrumental kasua erdi galdua duten tokietan, eta instrumentala berriro bultzatu nahian, batzuk soziatiboarekin erabilera hauek baztertuko lituzkete. Hau dela eta, komeniko litzateke hobeki ezagutzea bai instrumentalaren erabilpenak, bai soziatiboarenak."

Aurrerago, 290. orrialdean, -Z instrumentalaz diharduela hau dio:

"Hasteko, esan behar da toki askotan instrumentala oso guti erabiltzen dela, gaur egungo hizkera ezikasian behinik behin. Hala eta guztiz, alfabetatze prozesuari esker alderantzizko joera nabarmentzen da azken garai honetan, kasu honetaz gero eta ugariago baliatzea, alegia. Ezin esan, ordea, euskara modernoan instrumentala defenditzen dutenek beti asmatzen dutenik erabilera zuzena, oraindik instrumentala bizi-bizirik mantentzen duten hizkera aztertzeak erakusten duenez. Bizkaieraz, gainera, nahasketa fonetikoaren bidez, jatorrizko soziatiboa (singularrean -a(g)az = arekin) instrumentaltzat (singularrean -az) jotzen badute batzuek, era honetan -z kasua ere gehiago ugarituz. Instrumental eta soziatibo kasuen bereizketa jatorra zaindu beharko genuke euskara batuan, bata bestearen ordainetan nolanahi jarri gabe:"

Bergara Aldeko Hiztegia, Elexpururen hiztegi ederrean bilaketa azkar bat egin dut eta nabarmen gehiago dira -KIN JO formakoak -Z JO formakoak baino. Hona hemen bertatik jasotako hainbat adibide:

  • Lelengo arrebatuan eskuan zeukan bringiakin jo juan buruan. Klem. - Artza artua jotekuai. Aura e, esixakin eindda, anken gaiñian, eta bueltan esixakin. Artua bota ara, bi banastakaa ero, da gero an mazuakin jo eitte zan. - Idaurrakin jota babak aletu, ta gero lastua ganauei emoten jau. - Beixak buztanakin jo nau. - Bai epaikixa! Or zuluan sartu ta ebateko; ipini, beste batekin jo, ta... epaikixa. Eus. - Mai ertza buruakin jo ta ebagixa ein neban. - Espaloi ertza buruakin jo zeban. - Ezkerrakin kiñu eiñ da eskumiakin jote jok. - An gero mazetekin jo, jo ta jo, ta ardillian moruan iruteko ipini biezan. Jjp - Kontuz, sakonegi ez jo atxurrakin, tubuak dare ta. - ostíko, ostikúa. (c). izena. Hanka. Ostikuakin jo najuan txakurra./ Ostikuakin bota neban florerua. ZEREKIN kasuan entzun ohi da ia bakarrik. - pando. Ganaduak pausoa ematerakoan orpoa aurreratzea, perratzaile baten arabera. Batzuk botatze zeben kaskua muturra aurretik dabela, beste batzuk orpua botatze zebenian, topino zan ori, topino aurrera; ta atziakin jote zebenian geure bezelaxe, personen moruan, pando, Topino ta pando, topino olan muturretik pausua itte zabanian, eta bestia e orpuakin jote zebenian. Roman Uriarte. Kontu bitxia da. Ez diogu beste inori entzun. - 5. tirátu, tirétu. (d). aditza. Errementaritzan, tresna bati ahoa atera. Galtzairuzko llanta bat pegatze akon aixkoriai, tta a gero a tiratu mallukiakin jota, ta gero tenplau. Inaz. - Artalastuak, atxurrez jo ta errekara botatzen giñuzen. - bégiz jo. (c). esapidea. BEGíXA JO, BEGIXA BOTA. Echar el ojo. Aspaldittik zeukan begiz jota mutil aura./ Begixa jota zeukan paraje ari urrengo uso-paserako./ Ik paiño lenago bota najotsan begixa etxe orri. Adinekoek badirudi begixa jo darabiltela gehiago, gazteek begixa bota, eta ikasi xamarrek begiz jo. - 2. buruz. (a). Con la cabeza. Baloia buruz jo dau.

Nik neuk, Arrasateko gehienen antzera, "buruaz jo" esango neuke baina, Amatiño ondo konturatu den moduan eta Euskaltzaindiak adierazten duen moduan, hortik ez dago ondorioztatzerik hori instrumentala (buruaz) edo soziatiboa (buruagaz = buruarekin) den. Ez ditut aztertu baina pentsatzen dut www.ahotsak.com-eko hainbat adibideri antzera gertatuko zaiela.

Besterik ez, ondo izan.

Asier
Asier dio:
2009/11/06 10:11

Ez dago sinistu biharrik. Nahikua dakazue Elgetan eta inguruan egindako grabaziñuak entzun. Etxeko lanak "eskuz" eitten dira, eta ez eskuakin. Ez nahastau "eskuz" eta "eskuaz".

Hementxe Elgetako adibide bat: Miren Arantzeta elgetarrak "eskuz" idazten dau, behintzat, ez "eskuakin":
Eskolako kontuak

Pasarte horretako bideoa ezin da oingiok ikusi, baina bai inguruko herrixetako hainbat eta hainbat adibide

:

haritz
haritz dio:
2009/11/03 22:51

Kaixo, Amatiño: Haritz Gallastegi naiz. Lehenengo eta behin eskerrak eman gura dotzut Euskadi Irratiko futbol emankizunak entzutearren. Bigarrenez, eskerrak berriro be txarto esandakuak zuzentzearren. Zuzenketarik ezean ez dot sekula ikasiko. Baina gauza bat argi daukat. Elgetarron artian hamarretik bederatzik nere moduan egiten dabela berba egingo neuke apustu -gure ama barne-. Ondo segi.

Estepan Plazaola
Estepan Plazaola dio:
2009/11/06 23:46

Aurreko erantzunean esan ez badut ere, esan nahi nuke bat natorrela Amatiñoren idatziak dakarren sakoneko mezu honekin: hitzaren profesionalek (kazetari, irakasle...) ardura berezia jarri beharko lukete euren lan-tresna nagusia (hizkuntza) zorrozteko, gure belarrien gozagarri izan daitezen.

Baina pentsatzen dut ez duela adibiderik egokiena aukeratu.

Elgetakua
Elgetakua dio:
2009/11/04 20:26

Arrazoi guztia emoten dotzat Haritzei. Neu be Elgetakua naiz eta nik be, sekula ez dot jo eskuaz edo pentzau buruaz eta halakoik. Beti eskuakin, buruakin...

Amatiño
Amatiño dio:
2009/11/04 12:40

Ez dotsat nik elgetarrari Elgetako barri erakutsiko baina, esanak esan, ez da gero samurra sinistia Elgetako frontoian pelotan "eskuarekin" egiten dozuenik eta zure amak "bihotzarekin" maite zaituanik. Hurrengo partidorarte.

Adibidea
Adibidea dio:
2009/11/19 02:04

Daitekeena gero adibiderik onena ez izatea. Baina daitekeena ere zu oro har gramatikaz aritzea eta ni, ostera, batuaz horrela delakoan Athleticen partidoak entzuten dituen bizkaitarraz.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: