Obamaren aparkalekuak
Barack Obama, Chicagoko Zuzenbide Fakultateko irakasleak, Ameriketako Estatu Batuetako Ordezkarien Etxerako hauteskundeetan parte hartu zuen 2000 urtean, Illinoisko ordezkaritza lortu gurarik. Baina galdu egin zuen, ez zuen batere ordezkaritzarik irabazi. Eta urte bereko demokraten konbentziora joan zenean ez zioten gizajoari autoa uzteko lekurik ere utzi, politika ez baita sekula galtzaileen erruki. You can' t. Maybe next time.
Lau urte geroago, berriz, 2004an, Obamak Bostongo Fleet Center-en bidutako Demokraten Batzar Nazionalean aparkatzeko lekutxoa izan zuen, hasierako hitzaldia berak eman zezan aukera eskaini baitzioten. Demokratek John Kerry hautagaitzat aukeratu zuten konbentzio hartan bildu ginenok batere jaramonik ere egin ez genion arren gazte beltz telonero hari, hitzaldi-banaketa egin zuenak sudurzilo politiko on samarren jabe zela erakutsi zuen nonbait. Don't worry, be quiet. Your parking is coming.
Lau urte geroago, Barack Obamak ez zuen Denver-eko Demokraten Batzar Nazionalean aparkatzeko zailtasunik izan, lehendakaritarako hautagai zenez gero aurrenengo marra gorde zioten-eta, Pepsi Center-en ate ondo-ondoan. Tente eta lerden atera zen autotik, eskuin eskuaz jaka-botoia lotzen zuen bitartean. 2004ko Bostongo Konbentzioan egondako makinatxo bat Denver-en bildu zen arren 2008an, inork ez zuen gogoratu nahi izan lau urte lehenago gutxietsitako telonero beltzaran berbera zenik. Memoria selektiboa da eta zer esanik ez politikan. You are (now) the best. We can... you can with us
Gaur egun Obamak ez bide du aparkatzeko arazo nabarmenik. Auskalo txoferrik duelako ote den ala Etxe Zuriko aparkalekuan beti ere bazter txukunen bat uzten diotelako. Auzitan dagoen kontua da, ordea, hiru urte barru aparkaleku bila hasi beharko ote duen ala ez. Gainerako guztiak bigarren mailako ipuinak omen. Sorry. Where is the nearest parking? We could... without you.