Funtzionatu ala ez, that's the question
Milenium trilogia ospetsuaren bigarren filmean ez da ezer pasatzen edo, hobeto esan, gauza asko pasatzen da baina ganorazkorik, datorren astean gogoratzeko modukorik alegia, ezer ez. La chica que soñaba con una cerilla y un bidón de gasolina filma luze egiten da, titulua bera bezain luze, eta luzeegi egiten diren filmak… seinale txarra.
Pelikula amaitu baino hainbat minutu lehenago Lisbeth Salander-ek (Noomi Rapace) Mikael Blomkvist kazetariari eskaintzen dion irripar-izpi eskertsua edo izan ezik, filmak ez du ez errainurik, ez magiarik, ez bizipozik.
Hainbat errainu, magia dezente eta bizipoz ugari duena, berriz, Woody Allenen Si la cosa funciona da. Segurutik ez du Oscarrik irabaziko, ez Zazpigarren Artearen historiarik nabarmenduko, baina ordu t’erdi atseginez pasatzeko behintzat, nahiko eta larregi.
Boriz Yelnikoff (Larry David) Columbiako Unibertsitatearen irakasle jubilatua, intelektual harro eta narzisoa, bere burua goreneko jeniotzat duen harroputz eta elitista, eszeptikoa izan beharraren beharrez kontserbatzaile samarra baino ez da... Melody St. Ann Celestine (Evan Rachel Wood) ustekabean agertu arte.
Boriz Yelnikoff, eraz, moldez, hitz-jarioz eta jarreraz erabat Woody Allen bera gogorarazten duen pertsonaia, ez da erraz jakitekoa zergatik maisuak bere burua interpretatzeko ordezkoa aurkitu behar izan duen baina, edozein modutan, ezin esan ordezkoak maisuarenak egiten asmatu ez duenik.
Filmaren lehen ordu erdia mundiala da eta aurrera egin ahala maldan behera doan arren, sikeran barrena jo aurretik amaitzen daki, beti ere honako tesia defenditu ostean, hau da: maitasun-harremanak ustekabean suertatu ohi direla eta jarraitu baino ez dutela egiten “si la cosa funciona”. Egia ote?
Agure zaharra ni baino urte bi gazteagoa da. Arduratzekoa gero. Ni arduratzekoa, jakina!