Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Ezta larrua jotzeko ere

Ezta larrua jotzeko ere

Amatiño 2009/10/21 18:30
Azor yatea, frankismoaren ikurrik adierazgarrienetakoa, Burgosko lautadako motel baten atarian datza, lehorrik lehorrenean. Haren ugazabak luxuzko “pikaderotzat” erabiltzeko asmotan erosi zuen baina ideiak ez zuen batere arrakastarik izan. Francisco Franco eta Carmen Polo bikotearen lizar, intxaur, haritz eta sikomoro egiptoarrez jantzitako logelak (ez zuten elkarrekin lo egiten) ez dira nonbait inoren libidorik limurtzeko gauza izan.

Azor yatea Galiziako Bazan ontzioletan itsasoratu zen 1949an. Generalisimoak udaran erabili ohi zuen Kantaurian zehar, atunetan batez ere, noizik edo behin, Don Juan de Borbon tarteko, erregimenaren etorkizunari buruzko negoziotarako ere balio izan bazuen ere. Gogoan dut, mutikoa nintzela Acuarium aurrean ikusi izan nuela behin edo birritan.  47 metro zituen esloraz eta  ikaragarri galanta ematen zuen Donostiako ur txikietan.

Franco hil ostean pare bat aldiz baino ez omen zen erabili. Behin Juan Carlos erregek, erregerena egiteko, eta beste behin, auskalo zertarako, Felipe Gonzalez gobernu-presidenteak, sozialista errepublikazaleen lotsaz eta saminduraz, eta memoria handirik gabeko eskuinaren isekaz eta kritika arolaz. Nonbait damutu zen, ez baitzen harrezkero itzuli.  

Estatuak enkantean jarri zuen 1992an. Gutxienik ehun milioi pesetan (600.000 €) atera behar omen zuen baina, zer gerta ere, ez zen azkenean lau milioi t’erditik (27.000 €) pasatu. Erosleak itsas-pub bezala erabiltzeko asmotan hartu zuen arren, ez zuen sekula santan itsasoratzeko baimenik lortu. Azkenean, beste 12 milioi (72.000 €) jarri ostean,  hiru zatitan ebaki eta Cogollos herriko erretegi baten larrainean kokatu zuen, lurretan tinko asko sustraitua eta erdi ezkutuko maitasun-logelez inguratua.

Gaur egun bertan jarraitzen du ezin bestean, egunak joan eta egunak etorri, erabat herdoildua, ugerra dariola, alferrik galdua eta itxuragabetua, inor erakartzeko batere duintasunik gabe. Ez aldekorik, inor gutxi gelditzen delako, eta ez kontrakorik, inork gogoratu ere gogoratzen ez duelako.

P1000015 por ti. Istriborra

Babor por ti. Ababorra

Popa por ti. Txopa

jaime
jaime dio:
2009/10/22 18:13

Ez dut ongi gogoratzen baina, 1957-1958 izango litzateke Azor malapartatu hura Zarautz eta Getari artean ainguratua izan genuela aldi luze batez. Gauean fokoak uretarantz zuenduta, inguruko txibi eta arrain guztiak harrapatzen zituen, amuzki bizia biltzeko asmotan edo, Su Excelencia el Jefe del Estado-k arrantza zezan. Garai hartako soldata borobiltzeko txibitan zebiltzanek ez zuten zumezko saskiak betetzeko aukera handirik izan. Ez horixe!!

ramon
ramon dio:
2009/10/22 09:56

Gogoan dut, uste juat soldaduskan negoela Burgostar horrek hori erosi zuenean. Hori bigarren Azor dok, garai haietan beste itxura bat zuen txuri-txuria. Aurretik izan zuen beste bat Azor lehena egurrezkoa hau urdin kolorekoa, kubierta parean zubiaren atzekaldean sekulako gela/miradorra zuela, karerak ere txukunak egurrezkoak, kaskoa bere ere bai. Txikiagoa baina mariñelagoa. Izenak berak ere badu bere esan nahi karga

Amatiño
Amatiño dio:
2009/10/24 00:35

Hau da wikipediak dakarrena: "Franco había tenido ya un yate menor, llamado también Azor aunque apodado Azorín, construido con madera de roble en 1925 en Kiel (Alemania)". Eta beronen argazkia gaur bertan aurkitu dut Donostiako liburudenda batean, honako liburuan: "Franco en San Sebastian", Javier Sada. Txertoa, 2009

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: