Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Betiko lepotik kontuak

Betiko lepotik kontuak

Amatiño 2009/10/30 23:56
Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuak alderdirik gehientsuenon onespenaz baietsiko dira eta zalantzarik ez albiste ona dena. Politikagintzan beti ere ona omen da aurrekontuak adostasun handiz onartzea eta alderdiak kinka larrietan elkarrekin konpontzen badira, hainbat hobe. Baina alderdi guztien gainetik eta politika guztien azpitik, lastima gero gobernu-aldaketa nabarmenak aurrekontu-aldaketarik nabarmendu ez izana. Behin aukera aproposa izan guztia hankaz gora jartzeko eta, hala ere, betiko lepotik kontuak.

Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak ez direla sekula aldatu esatea lartxo litzateke seguraski, baina hiru hamarkadaren bueltan oraindik ere lehen gobernuaren oinarrizko kontu-banaketak indarrean jarraitzen duenik nekez ukatuko du inork. Jakina gero diru-kopuruak aldatu direna, baina ez behintzat  hasierako sailkako kontu-egitura.

Mila bederatzirehun eta laurogeitik honako hogeita hamar inguru aurrekontuak Garaikoetxearen lehendakaritzapeko aurrenengoaren  oinordekoak dira. Geroztik, lau urtetik behin berritu izan diren gobernuen sailburuak nork bere larraina defenditzen ahalegindu dira eta urteak joan eta urteak etorri izan diren aldaketak ez dira inoiz kontzeptuzkoak izan. Oro har, eztabaida kuantitatiboa izan da, ez kualitatiboa. Nolabait esateko, aurrekontuak erabaki beharreko gobernu-bileretan, sailburu bakoitzaren zeregina inoiz gutxitan izan da bere ardurapeko programak mahaikideen aurrean defenditzea, zer gerta ere aurreko urteko diru-baliapideei eusten jarraitzea baino.

Seguru gero, urtez urte hainbat sailek (Hezkuntzak eta Osasunak, esaterako) izan duten etenbako hazkuntzek dezente aldatu dutela sailen arteko oreka baina, hau egia izanik, egia ere bada azken hogeita hamar urteotan ezein jaurlaritza ausartu dela bere aurreko errutina auzitan jartzen eta, horretara, guztiz eztabaidagarri dela barne-egitura aldatu gabeko aurrekonturik onena ere benetan onena ote den. Edo beste modu batez esanda: zelakoak izango ote lirateke aurrekontuak, lau urtetik behin edo, hutsetik hasi beharko balute?

Gutxien-gutxienik, lehiakorragoak. Baina ez dugu sekula jakingo.

                        

 Ajuria Enea, 1981. Guevara, Rubalkaba, Anasagasti, Ormazabal, Leizaola eta Garaikoetxea

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: