Artxiboa Azaroa 2008
Konpetentziabako Konpetentzia Batzordea
Jakinekoa da Konpetentziaren Batzordea dela Europako Batasunaren kontrolatzailerik zorrotzenetakoa, Europako enpresen zein bezeroen eskubideak defenditzeko eta tokian tokiko Estatuek euren esparrupeko enpresei dirulaguntza berezirik eman ez diezaieten.
Euskal hiritarrok ondotxo asko entzun izan dugu harako Konpetentzia Batzordearen zorroztasunaz, euskal erakundeak sarri izan baitira salatuak, autonomia fiskalaren aitzakiaz euskal enpresei ezohiko dirulaguntzak emateagatik. Azken hogeitabost urteotako euskal fiskaltzaren historia handik eta hemendik jasotako salaketez josia dago.
Baina hona non, krisia dela eta, Europako Batasunaren zenbait Estatu hasi zaigun euren eremuko banketxeei dirua barra-barra ematen eta inork ez duen gero txintik ere esan. Batetik, petral jokatu duten bankuek dirutza publiko galanta jaso dute, zintzo asko portatu direnei beste horrenbeste eskaini ez zaien bitartean. Eta, bestetik, Estatu bakoitzak nahi izan duena egin du, Europako Batasunaren merkatu bateraturik inondik ere ez balego bezala. Aurrenengo erabakiaz, konpetentziaren ardatza hautsi da, enpresarik onenen lehiakortasuna zigortuz. Eta bigarren erabakiaz Europaren Batasunaren agintaritza kolokan jarri da, Konpetentzia Batzordeari erabat muzin eginez.
Izan ere, auskalo gero zer den nabarmenago: urtetan otsein huts izan diren gobernuek Konpetentzia Batzordeari orain egiten dioten jaramonik eza ala orain arteko Konpetentzia Batzorde ahalguztiduna isilik-misilik kaka-jaten mutu gelditzea.
Konpetentzia Batzordearen konpetentzia ere krisian nonbait.
Philip Lowe. Konpetentzia Batzordearen zuzendaria
Itxaropena ala hipokresia ote?
Espainiako Energia Batzordeak esan du argindarraren diru-zorra kitatzeko argiaren faktura ehunetik hogeita hamaika igo beharko dela. Gobernuak erantzun du, ostera, hori egitea astakeria hutsa litzatekeela. Behar bada, biek dute arrazoi. Segurutik astakeria litzateke, bai, argiaren tarifa horrenbeste igotzea, baina horrek ez du esangura gure zorra horrenbestekoa ez denik.
Argiaren fakturarekin pasatzen zaigu, uraren, zakarren edo kale-garbiketaren fakturekin gertatzen zaigunaren antzekoa: alegia, ez dugula kostatzen zaigun guztia ordaintzen. Hau da, egiazko kostuei ez ikusi egin eta gure ahalmenen gainetik bizi garela.
Auskalo zergatik ez dugun argia, ura, zakarrak edo kale-garbiketa kostatu bezainbat ordaintzen. Dena den, dirua barra-barra egon denean kostu-prezioa ordaintzeko gauza izan ez bagara, nekez ordainduko dugu, orain, krisialdian.
Ez dakit nik benetako gastuak ezkutatu behar hau zelan konponduko den baina, bitartean, ez dut nik uste argia, ura edo zakarrak behar baino gutxiago ordaintzea kontsumoa murrizteko edo pedagogia egiteko eskolarik onena denik.
Eta, ez ahaztu --argiaren fakturari dagokionez behintzat-- guk geuk geroko gerotan uzten dugun zorra, geure seme-alabei lagatzen diegun zuloa besterik ez dela. Zergatik ote? Gurea baino etorkizun aberatsagoa opa diegulako ala hipokrita samarrak garelako?
Goiz kronika. Euskadi Irratia, 2008ko azaroaren 18an.

Karmelo Etxenagusiaren gutun bi
Berriketabako gizon ona, puritano samarra, zentzuduna, langile amorratua eta, zer gerta ere, beti laguntzeko gertu. Horrelakoa zen Karmelo Etxenagusia. Bizkaiko gotzain zela Iurretara joan izaten zen bere herriko abadeari ordezkotzak egitera. Arrate egunean Arraten bertan zela gaixotu eta hezurmuinetako “kokuak” eraman du ziztuan. Atzo arrastian agurtu genuen Begoñako Santutegian. Goian bego.
Karmelo Etxenagusiak eta biok hainbat gutun idatzi genion elkarri 1968ko udaberrian, martxotik uztailera bitartean hobeto esan. Ordurako argitara emana zuen Euskal Idazleen Lorategia Itz Lauz II (gipuzkeraz) delakoa eta nik hogeitaka ale saldu nizkion Eibarren, 40 peseta aleko. Lehenik banan-banan eskatuta eta azkenean, berriz, hogei ale batera, berak maiatzaren 14eko gutunean idatzi zidan moduan:
Ogei bialdu badeutsudaz, ez dau orrek esan gura dan-danok zabaldu bear dozuzanik: kanpaña ori amaitutakoan gelditzen jartsuzanak, neuk jasoko ditut barriro, ta kittu! Euki be ez daukadaz asko geiago, ta neure ikasleentzako be gorde bearko ditut, urrengo urterako. Ikusten dodanez, lan ederra darabizue esku artean Eibarren: ea Toribio’ ren (G.B.) utsunea zuetariko gazteen batzuk betetan dozuen…
Idazle giputzen antologia hau egin aurretik Etxenagusiak egina zuen idazle bizkaitarrena ere eta, hain zuzen, garai hartan ari zen biekin bat egin nahirik, 1969an argitara eman zuen Euskal Idazleen Lorategia ezaguna prestatzen alegia. Asmo horren berri eman zidan, urtebete lehenago, 1968ko uztailaren 11ko gutunean:
Egunokaz, emen diardut neure Antolojia biok barriren barri sakon aztertu ta bat egiñik argitara emoteko prest jartzen. Ermua´ko batzarrean auxe eskatu eusten, eta HEGOSA sortu-barri dogun Editorialak argitaratuko ei leukee onango liburu bat… Arin baten, gauzen batzuk zuzendu, beste batzuk moztu, ta, jakiña, barri batzuk sartu be egin bearko ditut, batez be leenengo egindako Lorategian (bizkaierazkoan). Ba daukat uda guztirako lan ederra! Ta… zertarako? Batzuetan poztu egiten gara, gure gauzak polito doiazala-ta; beste batzuetan, ostera, lanerako gogoa otzitu egiten jaku, erdalkeriak artzen duan indarra ikusita. Dana dala, guk geure aldetik aal doguntxua egin daigun, bai, ta besterik ez deuskue eskatuko.
Beste barriketa barik, agur bero bat. Ba dakizu non dozun adiskide eta lagun zintzo bat.
Karmelo Etxenagusia
Iurreta, 1932
Bilbo, 2008
Mundu-jaurlaritza
Krisiak ezer frogatu badu zera da: mundu-merkatua bat dela eta erabakiak hartzeko gobernuak, aldiz, barrena hogeitaka. Lekutan da, oraindik, hirurogeigarren hamarkadako zientzia-fikzioak kirikatzen zigun mundu-gobernua.
Europako Batasunaren sortze-arrazoia ez zen ekonomia izan, ekonomiari erantzun bateratua emateko borondate politikoa baino. Bigarren Mundu Gerra armagintzarako lehengaiez (ikatza eta altzairua) jabetu nahi zituztenen arteko norgehiagoka izan zen eta, gerra osteko bake-estrategia finkatzeko, Robert Schumanek ikatza eta altzairua elkarrekin kudeatzeko gertu leudekeen gobernuen batasuna proposatu zuen 1950an, ordurarte elkarri erasoka jardundako Frantzia eta Alemania tarteko.
Orduan bezala, orain ere, finantzen eta energia-iturrien kudeaketari buruzko eztabaida dago munduko gatazken barne-muinetan. Guztiaz aho batez arduratuko den mundu-jaurlaritzarik izango al da noizbait? Seguru gero baietz, nahiz eta hurrengo berrogeita hamar urtean guk ikusi ez. Baina halere, ezertan hasteko, zein da egungo Schuman?
Argia, 2008ko azaroaren 9an.

Yes, they also can
Galbraith ekonomilariak aspalditxo esan zuen nekez izan zitekeela aldaketarik Estatu Batuetan sekula botorik emateko ohiturarik ez zutenek parte hartzerik erabakitzen ez zuten artean. Arrazoi zuen nonbait. Izan ere, duela lau urte baino 20 milioi gehiago izan dira oraingo honetan botoa eman eta aldaketaren oinarriak jarri nahi izan dituzten estatubatuarrak.
John Kenneth Galbraith maisuaren tesia (La cultura de la satisfacción, 2000) ezin sinpleagoa zen. Estatu Batuetan ondo, harro eta pozarren bizi zen gizarteak baino ez omen zuen hauteskundeetan parte hartzen eta, horretara, parte hartzaileek sekula ez omen lukete parte hartzen ez zutenen aldeko politikagintzarik suspertuko. Bestalde, txarto, eskas eta narraz bizi zen gizarteak ez omen zuen sekula aldaketarik erakarriko, hauteskundeetan parte hartzerik erabakitzen ez zuen artean.
Auskalo egia ote, baina atzoko datuak adierazgarri samarrak dira. Orain dela lau urteko hauteskundeetan 135 milioi hiritar errejistratu ziren aldez aurretik eta euretarik 80 milioi (%57) botoa ematera hurbildu. Oraingoan, aldiz, 153 milioi errejistratu dira eta 100 milioik (%66) botoa eman. Hau da, 2004an baino 20 milioi hiritar gehiago izan dira botoa eman eta politikan partea hartzea erabaki dutenak. Alegia, botoa eman, parte hartu eta… aldatu.
Beste kontu bat da zerk eragin ote duen Estatu Batuetan azken laurogei urteotako partaidetzarik handiena. Segurutik erantzuna anitza da. Besteak beste, azken bolada honetako egoera ekonomiko txarra, Bushen girotik ihes egin nahia, Obamaren lidergoa, beltzen mobilizazioa, teknologia berrien eragina… Baina, zer gerta ere, hogei milioik erabaki dute beraiek ere ahal dutela, we can. Eta, aldi berean, orain arte indarrean aritu den estatubatuar gizarte erdiak jakin ere jakin du, beste erdiak ere ahal duela. Alegia, haien ikuspegitik, we can baino gehiago eta larriago: they also can.
Kalean gasolina erre
Albiste ekonomiko bi gurutzatu nahi dut gaurkoan. Batetik, Eusko Alderdi Jeltzaleak Madrilen lortutako ikerkuntza eta garapen-transferentzia eta, bestetik, Ingurumen Sailak Petronorren findegiaren egitasmoari emandako argi berdea.
Lehenak, 30 urtean aldarrikatu izan dugun transferentziak, 82 milioi euro erakarriko dizkigu urtero. 82 milioi euro ez dira gero artalak. Baina, inor gutxik aipatzen duen Petronorren inbertsioa, berriz, 800 miliokoa da. Hamar aldiz gehiago alegia. Sekula Euskadin izan den inbertsio industrialik handiena.
Inbertsio honek oraingo 6.200 lanpostuak segurtatuko ditu, beste 1.400 berri sortu eta, eraikuntzak irauten duen hiru urteetan, beste 1.500 langile behar izango ditu. Horrez gainera, urtero, Petronorrek 500 milioi eurotik gora ordaintzen dizkio zergatan euskal ogasunari. Hau da, hainbeste kostata lortutako ikerkuntza-transferentziak baino sei-zazpi bider gehiago.
Zenbaitek esango du hau guztia ekonomizista samarra dela, ingurugiroa ere zaindu behar dela. Horixe bai zaindu behar dela, horretarako baititugu Euskadin zein Europako Batasunean munduko araurik zorrotzenak.
Halere, ingurumenaz arduratzerakoan gogoan izan, entzule, fíndegietan, zuk eskatzen duzun gasolina egin besterik ez dela egiten. Ez dakit konturatu zaren adiskide baina, gasolina erosi eta kalean erretzen duena… zeu zara.
Goiz kronika, Euskadi Irratia, 2008ko azaroaren 4an.
