Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Yes, they also can

Yes, they also can

Amatiño 2008/11/05 14:54
Galbraith ekonomilariak aspalditxo esan zuen nekez izan zitekeela aldaketarik Estatu Batuetan sekula botorik emateko ohiturarik ez zutenek parte hartzerik erabakitzen ez zuten artean. Arrazoi zuen nonbait. Izan ere, duela lau urte baino 20 milioi gehiago izan dira oraingo honetan botoa eman eta aldaketaren oinarriak jarri nahi izan dituzten estatubatuarrak.

John Kenneth Galbraith maisuaren tesia (La cultura de la satisfacción, 2000) ezin sinpleagoa zen. Estatu Batuetan ondo, harro eta pozarren bizi zen gizarteak baino ez omen zuen hauteskundeetan parte hartzen eta, horretara, parte hartzaileek sekula ez omen lukete parte hartzen ez zutenen aldeko politikagintzarik suspertuko. Bestalde, txarto, eskas eta narraz bizi zen gizarteak ez omen zuen sekula aldaketarik erakarriko, hauteskundeetan parte hartzerik erabakitzen ez zuen artean.

Auskalo egia ote, baina atzoko datuak adierazgarri samarrak dira. Orain dela lau urteko hauteskundeetan 135 milioi hiritar errejistratu ziren aldez aurretik eta euretarik 80 milioi (%57) botoa ematera hurbildu. Oraingoan, aldiz, 153 milioi errejistratu dira eta 100 milioik (%66) botoa eman. Hau da, 2004an baino 20 milioi hiritar gehiago izan dira botoa eman eta politikan partea hartzea erabaki dutenak. Alegia, botoa eman, parte hartu eta… aldatu.

Beste kontu bat da zerk eragin ote duen Estatu Batuetan azken laurogei urteotako partaidetzarik handiena. Segurutik erantzuna anitza da. Besteak beste, azken bolada honetako egoera ekonomiko txarra, Bushen girotik ihes egin nahia, Obamaren lidergoa, beltzen mobilizazioa, teknologia berrien eragina… Baina, zer gerta ere, hogei milioik erabaki dute beraiek ere ahal dutela, we can.  Eta, aldi berean, orain arte indarrean aritu den estatubatuar gizarte erdiak jakin ere jakin du, beste erdiak ere ahal duela. Alegia, haien ikuspegitik, we can baino gehiago eta larriago: they also can.  

 Barack Obama

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Amatiño

Luis Aranberri Mendizabal