Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Karmelo Etxenagusiaren gutun bi

Karmelo Etxenagusiaren gutun bi

Amatiño 2008/11/08 00:52
Berriketabako gizon ona, puritano samarra, zentzuduna, langile amorratua eta, zer gerta ere, beti laguntzeko gertu. Horrelakoa zen Karmelo Etxenagusia. Bizkaiko gotzain zela Iurretara joan izaten zen bere herriko abadeari ordezkotzak egitera. Arrate egunean Arraten bertan zela gaixotu eta hezurmuinetako “kokuak” eraman du ziztuan. Atzo arrastian agurtu genuen Begoñako Santutegian. Goian bego.

Karmelo Etxenagusiak eta biok hainbat gutun idatzi genion elkarri 1968ko udaberrian, martxotik uztailera bitartean hobeto esan. Ordurako argitara emana zuen Euskal Idazleen Lorategia Itz Lauz II (gipuzkeraz) delakoa eta nik hogeitaka ale saldu nizkion Eibarren, 40 peseta aleko. Lehenik banan-banan eskatuta eta azkenean, berriz, hogei ale batera, berak maiatzaren 14eko gutunean idatzi zidan moduan:

      Ogei bialdu badeutsudaz, ez dau orrek esan gura dan-danok zabaldu bear dozuzanik: kanpaña ori amaitutakoan gelditzen jartsuzanak,   neuk jasoko ditut barriro, ta kittu! Euki be ez daukadaz asko geiago, ta neure ikasleentzako be gorde bearko ditut, urrengo urterako. Ikusten dodanez, lan ederra darabizue esku artean Eibarren: ea Toribio’ ren (G.B.) utsunea zuetariko gazteen batzuk betetan dozuen…

Idazle giputzen antologia hau egin aurretik Etxenagusiak egina zuen idazle bizkaitarrena ere eta, hain zuzen, garai hartan ari zen biekin bat egin nahirik, 1969an argitara eman zuen Euskal Idazleen Lorategia ezaguna prestatzen alegia. Asmo horren berri eman zidan, urtebete lehenago, 1968ko uztailaren 11ko gutunean:

       Egunokaz, emen diardut neure Antolojia biok barriren barri sakon aztertu ta bat egiñik argitara emoteko prest jartzen. Ermua´ko batzarrean auxe eskatu eusten, eta HEGOSA sortu-barri dogun Editorialak argitaratuko ei leukee onango liburu bat… Arin baten, gauzen batzuk zuzendu, beste batzuk moztu, ta, jakiña, barri batzuk sartu be egin bearko ditut, batez be leenengo egindako Lorategian (bizkaierazkoan). Ba daukat uda guztirako lan ederra! Ta…  zertarako? Batzuetan poztu egiten gara, gure gauzak polito doiazala-ta; beste batzuetan, ostera, lanerako gogoa otzitu egiten jaku, erdalkeriak artzen duan indarra ikusita. Dana dala, guk geure aldetik aal doguntxua egin daigun, bai, ta besterik ez deuskue eskatuko.

       Beste barriketa barik, agur bero bat. Ba dakizu non dozun adiskide eta lagun zintzo bat.

      Karmelo Etxenagusia

 

Iurreta, 1932     Bilbo, 2008

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: