Hemen zaude: Hasiera Blogak Amatiño Artxiboa 2004 Azaroa

Artxiboa Azaroa 2004

Europako foto espainola

Javier Madrazo Ezker Batua-Berdeak taldearen bateragile nagusiak dei egin zion atzo EAJri, alderdi jeltzaleak Europar Konstituzio Ituna onartu ez dezan eta ez dadin PSOE eta PPrekin batera argazki berean agertu. Inori zer egin behar duen erakutsi beharraren beharrez, Madrazok zera erakutsi digu: bere diafragma potijoa baino espainolagoa dela eta berak amesten duen argazkia Espainian hasten eta amaitzen dela.

Madrazok besterik uste izan arren, eztabaidan dagoena ez da argazki espainiarra, europarra baizik, eta bere eskariak gogorarazten digu Hegoaldeko euskal politikagintza zein espainola den eta, aldi berean, abertzaleoi ere zenbat kostatzen zaigun Bidasoaz handikako ikuspegiaz begiratzea.

Datorren ostegunean Aberri Batzarrak erabaki arte inork ez daki EAJk zer egingo duen baina aldez aurretik denok dakigu Iparraldeko EAJk ez duela ulertzen nola arraio bere burua europar amorratutzat joten duen alderdiak zalantza izpirik izan ote dezakeen. Antzeko zerbait adierazi du Manex Pagola Iparraldeko EAren lehendakariak, aitortu duenean bere alderdiak Hegoaldean hartutako erabakia “bihotzean ziztada” (une pointe au coeur) bezalakoa dela. Eta antzeko larrialdi berbera sentitzen du Iparraldeko Abertzale Batasunak ere, ez du-eta ulertzen Hegoaldeko Batasunaren ezezkoa.

Iparraldeko abertzaleek biziki miresten dute Hegoaldekoon borrokorako adorea, baina aldi berean uste dute Espainia besterik ez dugula buruan eta ez dagoela Europan erabiltzerik Madrila begira erabiltzen diren jokamolde berberak. Iparraldean beti uste izan dute ez dagoela Herri bezala Europara ETAren tarjetarekin joaterik eta orain uste dute ez dagoela Konstituzioa Itunaren kontrako tarjetarekin Europan agertzerik.

Iparraldean ondo ulertzen dute orain jokoan dagoena ez dela Paris edo Madril, Brusela baino. Eta, argazkia ateratzeko orduan, Iparraldeko abertzaleek galdetuko liokete Madrazori ea zergatik ez duen berak argazkirik atera nahi mugaz handiko Berdeekin.

amat 2004/11/28

Abertzaletasuna, programa politikoa

Zer da abertzaletasuna? Geure burua abertzaletzat dugunoi ere dezente kostatuko zaigu erantzunen bat laburbiltzea. Abertzaleok abertzale gara... abertzale garelako, geure burua abertzaletzat sentitzen dugulako. Hau ere arrazoitu beharra al dago ba? Izan ere, zergatik beste edozer denak ez du esplikaziotan aritu behar eta abertzale garenok, ostera, beti justifikaziotan jardun behar dugu?

Nik ez dakit zergatik naizen abertzale baina badakit zergatik nere abertzaletasunari kontuak eskatzen zaizkion eta Espainia, Frantzia edo Estatu Batuetako abertzaletasunari, aldiz, ez. Erantzuna erraza da: Estatuaren jabe diren abertzaletasunak (patriotismo constitucional, alegia) ez du etsaminarik gainditu behar eta Estatuaren babesik ez duen abertzaletasunak, ostera, eten barik jarraitu behar du azterketarik azterketa bizitza guztian zehar.

Gai honetan murgildu nahi duenarentzat kalean da “Poder y Comunidad. Una sociología del nacionalismo” (Pamiela Argitaletxea. Iruñea, 2004) liburua, Deustuko Unibertsitatean Soziologiaz Doktore den Ricardo de la Encina y Pérez Onraita irakasleak burutua. Nazionalismoaren hainbat teoria lantzen du eta Estaturik gabeko abertzaletasunen nondik norakoa azaldu.

Ricardo de la Encina irakaslearen ustez abertzaletasuna mugimendu sozial eta historikoa da, erabateko izaera politikoa duena. Haren iritziz, abertzaletasunari zentzu arrazional sakona dario, mugimendu hau bereziki ahalegintzen da-eta nolabaiteko antolamendu politikoren baten bila, nazioen kultura eta nortasun kolektiboa zein gizarte-kohesioa gorde ahal izateko.

“Abertzaletasuna aberriaren izenean egindako aldarrikapen multzoa da, zenbait interes eta gatazka politiko bideratzeko taxuz eta zentzuz burututako hildoa, nazio-taldeek euren nortasunari eutsi diezaioten”. Abertzaletasuna “esistentziala” da, nazioaren izatea gogotan duenez gero, baina baita “arau emailea” ere, helburuak lortzeko baldintzak aldarrikatzen dituen neurrian. Zentzu honetan, “abertzaletasuna programa politikoa da”.

Eta “iraultzailea” gainera.

amat 2004/11/24

Arafat eta komunikazioa

Euskal irakasle taldea Israelen egon ginen 1980an, hebraieraren berreskurapena ezagutu eta hango esperientzia Euskadin ezarri nahirik. Garai hartan Israel adibide genuen. Besteak beste, hango helduen alfabetatzea eredutzat genuen, juduen eskoletan arabiera ikasten zen (eta alderantziz) eta telebistako filmeen (ingelesez) azpidatziak hebraieraz eta arabieraz ziren, TVEk inoiz egin ez duena alegia.

Orduan euskaldunik gehienak israeldarren alde geunden arren, gaur egun zaila da Israelen defentsa egingo duenik aurkitzea. Ez dinot nik ez dagoenik, agiri-agirian Israel defenditzen inor gutxi ausartzen dela baino. Azken urteotan Israelek komunikazioaren gerra galdu du Europan, Palestinak Estatu Batuetan galdu duen bezala.

Ez dut Sharon defendituko, ezta bere Estatu-terrorismoa ukatuko ere. Hala ere, ez dut sekula ulertu zelan arraio, Aznarren denborarik gogorrenetan ere, Espainiako egunkari eskuindarrek heroitzat jo dituzten terrorista palestinarrak.

Historia luzea da eta Europa gauza izan zen urtetako terroristarik bilatuenari 1994an Bake Nobel Saria emateko. Baina horrek ez dio palestinarren aldarriari bularik ematen, Isaac Rabin eta Shimon Peres juduek jaso zuten Nobel Sari berberak Israelen kausa behin betiko bedeinkatu ez zuen bezala. Izan ere, hirutarik inori ez zioten gaur ezelango bake-saririk emango.

Arafaten komunikazioak har asko izan ditu. Gutxi informatutako harrak, baina harrak. Erretiratu nahi ez zuen jauntxoaren harra, Intifadari sekula erabat utzi ez izanarena, demokrazia urriarena, korrupzioarena, kontu publikoak eta pribatuak ez bereiztearena eta bakerako baino gerrarako prestuago egon izan den buruzagiaren harra. Laburbilduz, bere herria galeraz galera eta galzoriz galzori gidatzen baino jakin izan ez duen mesiasen harra.

Soluzio baino arazo omen zen Arafatik ez da gehiago izango. Israelek eta Palestinak jakingo al dute bidea elkarrekin egiten. Baina gure bidea egiteko gai ez garenok ez gatzaizkie gero zer egin behar duten erakusten hasiko.

amat 2004/11/14

Datuak ez datoz arrazoiekin bat

Galbraith ekonomilaria izan zen Estatu Batuetako injustizia soziala nekez konpondu zitekeela esan zuena. Kennedy presidentearen aholkulari izandako honen ustez: Estatubatuarren %50 txarto bizi dira, sistematik kanpo daude eta ez dute hauteskundeetan ere parte hartzen. Eta ondo bizi diren beste %50ek, sistema barruan egon eta hauteskundeetan parte hartzeaz gainera, ez dute sekula parte hartzen ez dutenen aldeko interesik defendituko. Beraz, aldaketak boto emaileak gehitzetik etorri behar du. Hausnarketa honi logika dario baina gero, hauteskundeetan %60k parte hartzen duenean ere, emaitzak ez dira aldatzen, 1968an aldatu ez ziren bezala (Nixon, %62). Gallbraith jakitunak arrazoi izango du baina botoemaileek ez diote jaramonik egiten.

Aste honetan ere gauza asko entzun dugu Bushen garaipena europarron pentsamoldeetara egokitzeko. Besteak beste, jende ikasia eta prestatua Kerryren alde azaldu dela eta ezjakinak eta eskolabakoak, ostera, Bushen alde. Aldi berean eman dizkiguten datuen arabera jakin ahal izan dugu beltzen arteko %90k, asiarren %61k eta hispanoen %60k Kerryri eman diotele botoa. Baina inork ez digu argitu zergatik beltzak, asiarrak eta hispanoak diren ikasienak eta jakitunenak.

Esan ere esan digute demokratek galdu egin dutela euren programa “elitista” delako. Eta errepublikarrek irabazi egin dutela eurena beldurraren eta segurtasunaren botoa izan delako. Halere, datuek erakutsi digute emakumeen partaidetza (%54) gizonezkoena (%46) baino handiagoa izan dela eta Bushek lortutako botoak erdibana izan diren bitartean (50-50), Kerryk gehiago izan dituela emakumeen artean (%58) gizonezkoen (%42) artean baino. Beraz, emakumeak gizonezkoak baino elitistagoak eta ausartagoak dira eta gizonezkoak emakumezkoak baino beldurtiago.

Estatubatuarrek jakingo dute zergatik eman duten eman duten botoa, baina garbi dago europarrok ez dugula ulertu ere egiten. Eta ulertzen ez duenak hobe luke orojakilearenak ez egin.

amat 2004/11/07

Alzheimerrak jotako amari

Bertsotan ekina nauzu, ene bihotzeko ama
nostalgiaz ni noatzu, oraingo honetan zugana,
aspalditxoan dozunez, erabat burua joana
nor zaran zeuk jakiteko, sekulako alper-lana.
Ezer gitxi ulertu-ta, larregi jatzu esana
Alzheimerrak jota dozu, buru-muinetako zana
gurpil zoroan zu zabilz, guztiz galduta laztana
auskalo nun geratu dan, sasoi batean zinana.

Soseguz ahiztuta dozu, txikitandik ikasia
barriz haurra dirudizu, errepikatzen hasia
aurrerantzean tamalez, ez da ernaltzen hazia
saiatuagatik ere, burua da nahasia.
Amatatzen ari jatzu, ideien mundu bizia,
luzaro lore izanda, orain ostera sasia
nora ezera begira, zagoz jarriarazia
honako egoerarik, ez dozu zeuk merezia.

Umetan izan zintugun, benetako lagunmina
zuk zeuk eragin zeunskuzen, kezka eta jakinmina
irakurzaletasuna, eta literatur-grina
euskaldun jokamoldeak, kemen eta ahalegina.
Orain aldiz sortzen dozu, guregan negar-zotina
hainbat atsekabe eta, senitarteko samina
zertxobait egin gurarik, nagusi jakin ezina
bizitza emongo geunke, barriz lehengoa bazina.

Aitak dihardu artean, urtez urte aguretzen
beti itxaropenetan, gauzak konpondu daitezen
komenigarri ez dana, ez ikusi da errezen
baina nahiz besterik uste, gaisoa ez da hobetzen.
Hasieran erdi txantxan, askorik kezkatu ez zen,
ondoren noizbait hasi zan, hondamendiaz jabetzen,
egun batean ahiztutzen, bestean aldiz umetzen,
dei egin zeuskun azkenik, alkar aritu geintezen.

Gurpil-aulkiz daroiazuz, edozenbat urte triste
zer gerta ere geldirik, jaieguna eta aste
zeure burua zaintzeko, ez zara batere aske
beti inoren mendean, etxekoen buruhauste.
Gogotan zer ote dozun, ezin gero inork uste
zure ideia xumeak, asmatu gura nituzke
zentzun barik dana da-ta, funtsean nahaste-borraste
Alzheimerra larria da, ia heriotza beste.

Ez da inundik samurra, Alzheimerra zer dan esan
ez dakianak ez daki, gaitz honi zelan antzeman,
egunez ezin lasaitu, gauez ezin barriz etzan
nork asmatuko ete leuke, emoten dozun beste lan.
Jateko laguntza behar, adurra jarioz edan
bakardaderik ez dozu, nahiz-ta komunean izan
hobeto zeure buruak, gomutan ere ez bailezan
horixe nahiko genuke, zuk sufritu ez zenezan.

Egunak eta orduak, erabat isil-isila
itxita jatzu betiko, berbearen maratila
inguruan bada ere, sarri bisitari pila
zeharo galdua dozu, galderantzunen gurpila.
Burubelarri gaituzu, zure mezuaren bila
ezin gero eskuratu, alkarrenganako zila
ilunean jarduteko, behar dan argimutila
heriotza heldu arte, ni nerau izan nadila

Amesgaiztoa dalarik, hainbat momentutan doain
nere kezka handia zein dan, kontatuko deutsut orain
bardin jazoko ete jatan, beldurrikaraz nago zain
halere ez neuke gura, izuari emon amain.
Medikuak esan arren, nere osasunaren gain
memoriaz nagoala, ez lar arduratzeko lain
badaezpada nahi neuke, izan zure seme bikain
nik ere ondorengoak, izan daidazan erizain.

amat 2004/11/02

Euskal kazetaritza, loratu den lanbidea

Eskualduna zeritzan lehen euskal astekariaren mendeurrena zela eta, euskal kazetaritza zertan zen labur nezan eskatu zidan Euskaltzaindiak 1987 urtean, Baionan. Baita nik hiru orrialde inguruko zertzelada eskaini ere, eta esaldi ponpoxo honekin amaitu: “Euskal kazetaritza idatzia ehun urtetan erabat loratu ez den lanbidea da. Baina ez dago, horregatik, etsipen-izkila jo beharrik, ehun urtetan loratu ez denak berrehunetan loratzerik izango baitu, seguraski. Euskal Unibertsitateak kostata plazaratutako lehen euskal kazetari-andana berriak horrelakorik ikusteko jaioak izango al dira¡”. Ba bai, jaio dira eta ari dira, ondo aritu ere. Ehun urte baino lehenago, gainera.

Euskal kazetaritza dezente asko aldatu da azken urteotan eta onerako aldatu, jakina, batere zalantzarik gabe. Izan ere, nekez alda zezakeen txarrerako, ia-ia ez izatetik izatera pasatu baita hogeita hamar urteren buruan. .

ARGIA (Zeruko) astekari hau 1976an aldatu zen moldez (egunkari gisatik aldizkari neurri honetara edo) zein edukiz (kultura esparrutik informazio orokorrera), eta baimena lortzeko legeak eskatzen zituen hiru kazetariren bermea ziurtatzeko, Mariano Ferrerek, Gorka Reizabalek eta Pilar Iparragirrek eskaini behar izan zituzten euren izenak. Izan ere, ez zen orduan batere kontu erraza kazetari lizentziatu euskalduna aurkitzea. Xabier Aranburuk bildutako (Euskera XXII, 1977) datuen arabera, garai hartan Euskal Herriko egunkarietan lanean ari ziren 178 kazetarietatik zazpik (%3,9) baino ez zekiten euskaraz. Hizketan jakin, noski, ez idazten. Nik 1970eko hamarkadaren hasieran normaltasunez idazten eta bere lanbidearen jabe ezagutu nuen kazetari tituludun bakarra Miren Jone Azurtza izan zen. Nahiz eta sinesgaitz iruditu, 1960eko hamarkadan hasiak ginen gazteontzat kazetari eta frankista hitzak sinonimo samarrak ziren.

Euskara komunikaziotik kanpo

Ez zen gero orduan giro. Urte hartan lortu zuen Euskaltzaindiak espainiar erakundeen ofizialtasuna eta erabaki haren berri emateko euskal akademiak Durangon eskaini zuen prentsaurrean ez zen batere hitzik euskaraz egin. Amaieran, eskua lotsaz jaso eta, erdipurdika, euskaraz galdetzerik ba ote zegoen itaundu nuen... Orain gezurra dirudien arren, hainbat kazetarik marmarka jardun zuten eta inor zirikatzen ez hasteko eskatu.

Urtebete geroago, 1977an, erreportari ospetsu samarra izan zen Fernando Múgica kazetari nafarrak zera zuen Euskal Herriko Unibertsitatean, euskal komunikabideei buruz propio antolatutako ikastaroan: “El euskera no es lengua de comunicación”. Eta lasai asko geratu zen, ez baitzuen alferrik bere burua komunikazioaren ‘guru’ handi-handitzat.

Euskal kazetaritzaren normalkuntzarekiko nere iritzia betidanik izan da nahiko “merkatuzkoa”. Gogoan dut, 1975 urte inguruan Udako Euskal Unibertsitatetik deitu nindutela, kazetaritza-mundura egokitzeko euskarak omen zituen hizkuntza, estilo eta molde aldetikako eskasiak zertan ote ziren azal nitzan. Nere ustez, euskal kazetaritzak zituen eskasiarik handienak lege, egitura, merkatu, enpresa eta ekonomia arlokoak baino ez zirela aurreratu nien eta ez zidaten gehiago deitu. Dena den, bi urte geroago etorri ziren –Deia eta Egin egunkariekin batera-- nolabaiteko lehen egitura, enpresa, merkatu eta ekonomia berriak eta, egia esan, ez ziren arazoak konpondu.

Euskal kazetaritzaren urtea: 1976

Euskaldunok 1976a izendatu genuen “Euskal Kazetaritzaren Urtea”. Hartan ari ginen denok aho batez onartu izan genuen aldaketa politikoak eta euskal komunikabideak soka bereko aldarrikapenak zirena. Nik dakidanez, 1975an eratu zen, Eibarren eta Lankide Aurrezkiaren (Luis Iriondo) dirulaguntzaz, sekula eratu den Lehen Euskal Komunikabideen Astea. Ondoren, 1976ko martxoaren 27an eratu zuten zorioneko 24 orduak euskaraz irratsaioa Bilbo, Donostia, Iruñea eta Loiola Herri-irratiek, Jose Ramon Belokiren eskutik, eta egun hartan bertan aztertu zen Euskaltzaindiaren baitan euskal komunikabideen beharra. Urte hartantxe eraldatu zen, taxuz eta zentzuz, ZERUKO ARGIA astekaria.

Mikel Atxagak Euskaltzaindiaren batzarrean azaldu zuen txostenari jaramonik egingo badiogu: “Itxurazko euskal aldizkariak egiteko hainbat irakurle eta kazetari sorturik da dagoeneko. Astekarien orduak jo digu. Erdarazkoen inbiririk gabeko astekariak egiteko garaia iritsi zaigu. Eta bide batez euskal egunkari bat egiteko urratsa eman behar dugu poliki-poliki”.

Baina, garai hartan, euskal egunkaria urrutik zegoen oraindik. Batzar berean Joan Mari Torrealdaik zera esan zuen: “Goiz da egunkari batentzako. Zoritxarrez goiz. Bernardo Arrizabalaga kazetariak ANAITASUNAn idatzi duenez: Euskal egunkari batek euskal telebistaren eta irratiaren atzetik etorri beharko luke, mass media handi hauen bidez euskara hedatu eta gero”.

EITBren iraultza

Sei urte geroago sortu zen denok amesten genuen irratitelebista eta panorama erabat aldatu zen euskal kazetaritza munduan. EiTBk bakarrik eragin zituen 1983an, euskal komunikazio-esparruak Detxepareren denboretatik 1976ra bitartean metatu zituen baino lanpostu gehiago. EiTBk eman zizkion euskarari sektore aurreko lanbide-onespena eta jendaurreko ospe eta sona.

Geroztik etorri ziren etorri beharrekoak, Bernardo Arrizabalagak iragarri zuen zorioneko egunkaria tarteko. Ondotik, herri-astekariak, herri-telebistak eta, oraintsuago, internetak eta teknologia digitalak ekarri dizkigun aukerabideak. Laburbilduz, nolabaiteko normalizazioren bat, inondik ere nahikoa ez dena baina bostehun mila lagunen komunitatearentzat ia-ia miresgarri dena. Orain dela 30 urte euskara komunikazio-sektoretik kanpo zegoen. Gaur egun, ostera, nola edo hala baina, barruan dago. Orain Fernando Múgicak ezin izango luke esan euskara ez dela komunikazio-hizkuntza.

Telebistan, irratian, egunkaritzan zein astekaritzan gaur egun egiten den kazetaritza duina baino gehiago da, dezente ona, homologagarria. Arazorik ez da falta, noski, baina 1976an bezala, eragozpenik larrienak ez dira inondik ere estilo eta moldeenak, merkatuarenak baino, merkatu txikerrarenak, soziologia urriarenak alegia. Eta, jakina, merkatu handi eta irekietan gainerako aukerek eskaintzen duten lehia-maila bortitza.

Baina, ez al zen ba hori nahi genuena?

amat 2004/11/01

Amatiño

Luis Aranberri Mendizabal

Azken erantzunak
Ez duzu ezer ulertu Amatiño, 2012/05/20
enpresaririk eza Joxemi, 2012/05/19
Edade kontua ez Tre., 2012/05/18
tilin oier g, 2012/04/30
Arabako euskara Jaime, 2012/04/27