Europako foto espainola
Javier Madrazo Ezker Batua-Berdeak taldearen bateragile nagusiak dei egin zion atzo EAJri, alderdi jeltzaleak Europar Konstituzio Ituna onartu ez dezan eta ez dadin PSOE eta PPrekin batera argazki berean agertu. Inori zer egin behar duen erakutsi beharraren beharrez, Madrazok zera erakutsi digu: bere diafragma potijoa baino espainolagoa dela eta berak amesten duen argazkia Espainian hasten eta amaitzen dela.
Madrazok besterik uste izan arren, eztabaidan dagoena ez da argazki espainiarra, europarra baizik, eta bere eskariak gogorarazten digu Hegoaldeko euskal politikagintza zein espainola den eta, aldi berean, abertzaleoi ere zenbat kostatzen zaigun Bidasoaz handikako ikuspegiaz begiratzea.
Datorren ostegunean Aberri Batzarrak erabaki arte inork ez daki EAJk zer egingo duen baina aldez aurretik denok dakigu Iparraldeko EAJk ez duela ulertzen nola arraio bere burua europar amorratutzat joten duen alderdiak zalantza izpirik izan ote dezakeen. Antzeko zerbait adierazi du Manex Pagola Iparraldeko EAren lehendakariak, aitortu duenean bere alderdiak Hegoaldean hartutako erabakia bihotzean ziztada (une pointe au coeur) bezalakoa dela. Eta antzeko larrialdi berbera sentitzen du Iparraldeko Abertzale Batasunak ere, ez du-eta ulertzen Hegoaldeko Batasunaren ezezkoa.
Iparraldeko abertzaleek biziki miresten dute Hegoaldekoon borrokorako adorea, baina aldi berean uste dute Espainia besterik ez dugula buruan eta ez dagoela Europan erabiltzerik Madrila begira erabiltzen diren jokamolde berberak. Iparraldean beti uste izan dute ez dagoela Herri bezala Europara ETAren tarjetarekin joaterik eta orain uste dute ez dagoela Konstituzioa Itunaren kontrako tarjetarekin Europan agertzerik.
Iparraldean ondo ulertzen dute orain jokoan dagoena ez dela Paris edo Madril, Brusela baino. Eta, argazkia ateratzeko orduan, Iparraldeko abertzaleek galdetuko liokete Madrazori ea zergatik ez duen berak argazkirik atera nahi mugaz handiko Berdeekin.