Abertzaletasuna, programa politikoa
Zer da abertzaletasuna? Geure burua abertzaletzat dugunoi ere dezente kostatuko zaigu erantzunen bat laburbiltzea. Abertzaleok abertzale gara... abertzale garelako, geure burua abertzaletzat sentitzen dugulako. Hau ere arrazoitu beharra al dago ba? Izan ere, zergatik beste edozer denak ez du esplikaziotan aritu behar eta abertzale garenok, ostera, beti justifikaziotan jardun behar dugu?
Nik ez dakit zergatik naizen abertzale baina badakit zergatik nere abertzaletasunari kontuak eskatzen zaizkion eta Espainia, Frantzia edo Estatu Batuetako abertzaletasunari, aldiz, ez. Erantzuna erraza da: Estatuaren jabe diren abertzaletasunak (patriotismo constitucional, alegia) ez du etsaminarik gainditu behar eta Estatuaren babesik ez duen abertzaletasunak, ostera, eten barik jarraitu behar du azterketarik azterketa bizitza guztian zehar.
Gai honetan murgildu nahi duenarentzat kalean da Poder y Comunidad. Una sociología del nacionalismo (Pamiela Argitaletxea. Iruñea, 2004) liburua, Deustuko Unibertsitatean Soziologiaz Doktore den Ricardo de la Encina y Pérez Onraita irakasleak burutua. Nazionalismoaren hainbat teoria lantzen du eta Estaturik gabeko abertzaletasunen nondik norakoa azaldu.
Ricardo de la Encina irakaslearen ustez abertzaletasuna mugimendu sozial eta historikoa da, erabateko izaera politikoa duena. Haren iritziz, abertzaletasunari zentzu arrazional sakona dario, mugimendu hau bereziki ahalegintzen da-eta nolabaiteko antolamendu politikoren baten bila, nazioen kultura eta nortasun kolektiboa zein gizarte-kohesioa gorde ahal izateko.
Abertzaletasuna aberriaren izenean egindako aldarrikapen multzoa da, zenbait interes eta gatazka politiko bideratzeko taxuz eta zentzuz burututako hildoa, nazio-taldeek euren nortasunari eutsi diezaioten. Abertzaletasuna esistentziala da, nazioaren izatea gogotan duenez gero, baina baita arau emailea ere, helburuak lortzeko baldintzak aldarrikatzen dituen neurrian. Zentzu honetan, abertzaletasuna programa politikoa da.
Eta iraultzailea gainera.