Datuak ez datoz arrazoiekin bat
Galbraith ekonomilaria izan zen Estatu Batuetako injustizia soziala nekez konpondu zitekeela esan zuena. Kennedy presidentearen aholkulari izandako honen ustez: Estatubatuarren %50 txarto bizi dira, sistematik kanpo daude eta ez dute hauteskundeetan ere parte hartzen. Eta ondo bizi diren beste %50ek, sistema barruan egon eta hauteskundeetan parte hartzeaz gainera, ez dute sekula parte hartzen ez dutenen aldeko interesik defendituko. Beraz, aldaketak boto emaileak gehitzetik etorri behar du. Hausnarketa honi logika dario baina gero, hauteskundeetan %60k parte hartzen duenean ere, emaitzak ez dira aldatzen, 1968an aldatu ez ziren bezala (Nixon, %62). Gallbraith jakitunak arrazoi izango du baina botoemaileek ez diote jaramonik egiten.
Aste honetan ere gauza asko entzun dugu Bushen garaipena europarron pentsamoldeetara egokitzeko. Besteak beste, jende ikasia eta prestatua Kerryren alde azaldu dela eta ezjakinak eta eskolabakoak, ostera, Bushen alde. Aldi berean eman dizkiguten datuen arabera jakin ahal izan dugu beltzen arteko %90k, asiarren %61k eta hispanoen %60k Kerryri eman diotele botoa. Baina inork ez digu argitu zergatik beltzak, asiarrak eta hispanoak diren ikasienak eta jakitunenak.
Esan ere esan digute demokratek galdu egin dutela euren programa “elitista” delako. Eta errepublikarrek irabazi egin dutela eurena beldurraren eta segurtasunaren botoa izan delako. Halere, datuek erakutsi digute emakumeen partaidetza (%54) gizonezkoena (%46) baino handiagoa izan dela eta Bushek lortutako botoak erdibana izan diren bitartean (50-50), Kerryk gehiago izan dituela emakumeen artean (%58) gizonezkoen (%42) artean baino. Beraz, emakumeak gizonezkoak baino elitistagoak eta ausartagoak dira eta gizonezkoak emakumezkoak baino beldurtiago.
Estatubatuarrek jakingo dute zergatik eman duten eman duten botoa, baina garbi dago europarrok ez dugula ulertu ere egiten. Eta ulertzen ez duenak hobe luke orojakilearenak ez egin.