Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

Indarkeria gurean

Mikel Iturria 2020/10/11 12:10
Iritsi da berriro «Patria»ri buruz hitz egiteko garaia. Aurrekoan Aramburuk idatzitako liburuaren arrakasta izan zen aitzakia. Orain HBOk estreinatu berri duen seriea. Zeharka hitz egingo dut hemen. Ion Arretxeren testigantza eta Ander Iriartek torturari buruz egindako dokumentala aipagai.

La violencia en nuestra tierra, este apunte en castellano

Aste honetan ez dut egunkarietako artikulu gehiegi irakurri (periodikoetako papera gutxitu dut behin udako oporrak amaitu ondoren). Baina bai leitu nuela pasa den igandeko Noticiasen Jorge Nagoreren Patrias eta bere horretan sinatuko nuke bertan esaten dena.

Ez baitut liburua irakurri (hori bai, Iñaki Rekartek sinatutakoa bai irakurri nuela eta hau egia bada... zati bat konbalidatuta daukat) eta ez dut seriea ikusi. Adinean aurrera egin ahala, gero eta okerrago daramat norbaitek (iritzi publikoa edo publikatua bada, are gehiago) zer egin behar dudan esatea. Agian egunen batean irakurri eta ikusiko ditut biak, bata edo ezer ere ez, baina orain beste lehentasun batzuk ditut.

Halere, pasa den asteburuan gaia atera zen lagunen arteko hitz aspertuan. Gure lagun baten semeak (28 urte, oker ez banago) irakurrita zuen nobela. Gustatu zitzaiola esan zigun, baina astean zehar Tele5 kateak antolatutako mahai-inguruarekin zegoen ernegatuta. Bere esanetan, kapitulu bat emititu ondoren, mahaia muntatu zuten hainbat pertsonarekin. Denak alde batekoak zirelako haserretu zen, ez zegoela inolako orekarik.

Jorge Nagorek Non dago Mikel? dokumentala aipatzen du bere zutabean. Ni ere Mikel Zabaltzarekin gogoratu nintzen. Zehatzago esatearren, operazio berean, duela 35 urte, atxilotutako Ion Arretxeren «Intxaurrondo, la sombra del nogal» liburuarekin. Duela urtebete pasatxo irakurri nuen testigantza latz hura eta hemen idatzi nuen hari buruz Tortura: Ion Arretxeren kontakizuna.

Berriki Ander Iriartek abiatu du Krask soinua dokumentala finantzatzeko kanpaina Goteon. Igande goiz honetan egin dut nire ekarpena. Torturari buruzkoa da eta bideo labur honetan kontatzen digu zein den asmoa.

Biktima guztiek dute nire errespetua. Ez nuke inor iraindu nahi. Sufrimendua latza baita eta horrek ondorioak baititu.

Kontakizun asko behar ditugu eta, zorionez, gero eta gehiago kontatzen ari da.

Lagunaren semeak liburua irakurri eta hitz egitekotan geratu ginen.

Urria

Mikel Iturria 2020/10/03 18:01
Berdin du zenbat egun pasatzen dituzun oporretan. Beti da gutxi, urri.

Ostegunean iritsi nintzen Euskal Herrira Mediterraneoan hainbat egun pasa ondoren. Han honen moduko argazkiak ateratzen nituen.

«Hamen baleo, onozkio Gransolea ailata euan». pic.twitter.com/Xa0fRU7p08

— Mikel Iturria (@iturri) September 25, 2020

Hona iritsi eta akabo hango argia eta argitasuna. Euria, trenka, gordasola, bisera betaurrekoak ez lurrintzeko... zain etxean. Bide batez, optikan musukoak betaurrekoak ez lurruntzeko spray-a erosi dut. Ea zein den emaitza.

Itsasoari begira egon naiz hondartzatik, aldameneko pasealekutik edo terraza batetik.

Irakurri ditut hainbat liburu eta denak gustura. Ez dakit ni naizen edo aukeraketa ona egin ote dudan.

Pare bat lagunekin egin genuen bazkari bat La Vilan. Beniarbeig-era joan nintzen Manolo bisitatzera. Ustez bertan galdu nituen betaurrekoak, baina autoan agertu ziren handik 36 ordura.

Larritu egin ginen gure lagun bat covid-ak ospitaleratu zuela jakin genuenean, baina, bertan egun batzuk pasa ondoren, aste honetan bertan etxeratu da.

Las Provincias egunkarian irakurri nuen pasa den igandean 150 hoteletik soilik 10 daudela zabalik Benidormen. Lagunek esan zidaten joan zirela hango jatetxe batera eta ingurua huts-hutsik zegoela. Gaur egun esaten den bezala, ikuspegi distopiko horietako bat.

Ikusteko dago oraindik zer ekarriko duen honek guztiak, baina adituen esanak kontuan hartuz ez dirudi berehala amaituko denik. Ezta hurrik eman ere. Margarita Del Valek zioen aurreko igandeko Berrian «Pandemiaren urteak» izango direla hauek.

Kulturaren eremuan, Durangoko Plateruenak agur (edo gero arte) esan du eta gaur bertan zendu da Orquesta Mondragon-eko Popocho. Duela hiru urte, hain zuzen ere, hil zen Fidel Vicente teknikaria. Gugan beude guztiak!

Egingo al dugu aurrera? Aurrera egingo dugu.

Octubre, este apunte en castellano.

Victor Coyote bigarren mailako errepidetan barrena

Mikel Iturria 2020/09/26 09:00
Aurreko batean autoa gidatzen ari nintzen irrati emisora gehiegi topatzen ez ziren parajetan barrena. Halako batean “El ojo crítico" saioarekin egin nuen topo, gutxitan entzuten dudan irratsaioa. Esango nuke toki berean agertu zela nire dialean, duela urtebete pasatxo, zonalde honetan bertan.

Aurkezle aldaketa egon da. Lehen gizonezko batek aurkezten zuen eta orain Laura Barrachina kazetariak.

Sorpresa pozgarria izan zen entzutea Victor Coyote elkarrizketatzen ari zela Barrachina. Pista aspaldi galdu nion galiziarrari eta orduantxe jakin nuen bi nobedade dituela aurten: «Días de alarma» komikia eta «Comarcales» diskoa. Liburua alarma egoeran egunero Instagram sarean argitaratutako irudiek osatzen dute eta diskoa pandemia lehertu aurretik plazaratu zuen, baina soilik kontzertu bakarra emateko aukera izan omen du.

Kontzertu bakarra

«Gogorra zen, baina era berean pertsona asko hiltzen ari zen garai hartan. Gaur egun egoerak bere horretan jarraitzen du eta uste dut kontzertuak beste modu batean egin daitezkeela. Hau da, antzokietan antzezlanak taularatzen diren moduan. Publikoa sartu, eseri eta amaieran atera. Edo aire librean. Guk baten bat egin dugu horrela».

Terrazitak

«Terrazek makailoaren antza dute: ona dagoenean, ondo, baina ez dagoenean, ezinezkoa da hura irenstea. Terraza batzuk marabilla dira, baina izkin batean edo autoak dabiltzan kale batean daudenak amesgaizto dira niretzat. Gero diminutiboak erabiltzeko joera hori dago. Grazia egin izan dit beti: terrazita, afaritxoa... Norbaitek afaritxo batera gonbidatzen bazaitu, ondorengo sexua txarra izango da».

Artista izan aurretik langile autonomoa

«Bi ogerlekoren truke edozein joan zitekeenez Berlin edo Amsterdamera, jendeak ez zuen uste langilea zenik. Kardashian ziruditen. Ni langilea naiz lan egiten dudalako. Gero autonomoa naiz Ogasunari pagatu behar diodalako. Hirugarren mailan bada ere, artista naiz, norberak aitortzen badit hori. Artea ezin baita Joku Olinpikoetako 100 metroko lasterketa baten moduan neurtu. Nahiz eta adostasuna dagoen Velazquez, Shakespeare... onak direla esateko ordua.  Baina garaiak eta garaiak daude eta ez da beti berdin».

Reggaetoia

«Garai batean anatema zen Londres, Berlin edo Amsterdamera ez begiratzea. Neurri batean gaur ere gertatzen da. Adibidez reggaetoiarekin, nahiz eta aldatzen ari den. Garai batean kaka zaharra zela zioten, letra matxistak zituela, rockak izango ez balitu bezala. Urte batzuk barru idazle famatu batek goraipatu egingo du reggaetoia eta baimenduta geratuko da. Beti dago atzetik doan stablishment-eko jendea».

Txisteak

«Denak poztuko dituen txisteek ez dute korritzen. Niretzat asturiarren umorea da prototipoa. Asko gustatzen zaizkit asturiarrak, baina beraien umorea atseginegia da ene irudikoz. Alde kabroia behar du txisteak, bestela palmeroen zerbait dirudi. Gainera, norberak bere buruari barre egitea efektiboa iruditzen zait».

Elkarrizketa osoa entzungai El Ojo Crítico saioaren webgunean.

Soinu banda gisa entzun «Soy un trabajador, soy un autónomo, soy un artista» kanta.

P.S. Apunte hau telefonoaren teklatua erabiliz idatzia izan da.

Coyote y sus alarmas comarcales, este apunte en castellano.

Bihotza airean

Mikel Iturria 2020/09/22 22:45
Asteleheneko Faktorian, Euskadi Irratiko goizeko magazinean, erreportaje bat egin zuten COVID-19 gaitzak Osakidetzako Zaintza Intentsiboetako Unitateetan (izan) duen eragina ezagutzera emateko.

Alde batetik, Gurutzetako Ospitaleko ZIUko burua, Fermin Labaien, eta Gaixotasun Infekziosoetako plantako arduraduna, Josune Goikoetxea.

Bestetik, Donostia Ospitaleko ZIUn martxoa eta apirila bitartean 21 egun pasa zituen gaixoa, Jesus Mari Gabilondo, 70 urteko zarauztarra.

Ondo dago Gabilondo orain, bere hitzetan %90a errekuperatuta. Entzumen, ahots eta memoria arazo batzuk baditu ere.

Malkoak eutsi ezinik sumatuko duzu berarekin batera ospitalean egondako 43 urteko Pakoren izena aipatzen denean. Denbora pasa bada ere, oraindik etxetik atera ezinik dabil Pako: enbolia, iktusa... arazo mordoxka.

Gurutzetako buruak dio oraintxe bertan ZIUn 23 urteko mutil bat dela larrienen artean gazteena. Zaharrenak 60 urte pasatxo.

Gasteizen gaixo batek sei hilabete egin ditu jada ospitaleratuta.

Labaien medikuak dio beti alde positiboa erakusten dutela prentsaren aurrean agertzen direnean, baina era berean zehazten du jendeak jakin beharko lukeela zer den senide bat horrelako egoera batean egotea.

Hitz horiek, baita Gabilondo berak esandako antzeko beste batzuk ere, eraman naute 1990eko otsailera. 21 urte ditut eta Zuzenbide karrerako 4. kurtsoko azterketak egiten ari naiz. Aitak 57 urte ditu eta gaixo dago. Ustez gripeaz jota dago, baina burua altxatu ezinik daramatza hainbat egun. Bidasoako Ospitaletik Donostikora eramango dute oso egoera larrian. Han zuzenean ZIUn sartu. Neumonia atipikoa.

12-13 bat egun pasa zituen zainketa gelan, horietako asko intubatuta. Oso gogoan dut ze gogorra izan zen, kristalaren beste aldean, lehen aldiz aita tuboz eta makinaz inguratuta ikusi genuenean.

Zorionez onik atera zen, nahiz eta aste batzuk pasa ospitalean.

Covid-19 gaitza garatzen denean ez da neumonia soil bat, hori baino askoz gehiago da. Gehienek sintomarik gabe edo oso modu arinean pasako dugu, baina badugu ere oso gaizki pasatzeko aukeraren bat.

Bihotza airean ibili beharrean joka dezagun zentzuz.

Hona hemen saioa entzuteko aukera. Merezi du eta.

Con el corazón en vilo, este apunte en castellano.

Blogak deskubritzen

Mikel Iturria 2020/09/15 23:20
«Blogak dira, euskarri digitalen artean, irakurrienak eta seguruenak informazioa paratzeko. Zeinahi euskarri digitali buruz halakorik esaterik baldin badago, bederen. Sare sozialetan paratzen dena errazago galtzen da. Euskargazkiren eduki guztiak, aldiz, hor daude txukun-txukun bilduta 2006az gero»

Bronte liburu dendaren itxiera tamalgarria dela eta, Ylenia Benitori eginiko elkarrizketa paperean berrirakurri nahi nuen lasai-lasai eta hara non agertu zitzaidan Ekaitz Santazilia blogariari eginiko beste bat.

Goian azpimarratu dudan zati horrek eraman ninduen irakurtzera. «Blogaren onurak» zuen izenburu.

2006ko azaroan sortu zuen Euskargazki bloga eta, beraz, laster egingo ditu 14 urte.

Akuiluen artean bi irakasle aipagai: Ricardo Gomez (Filoblogia) eta Henrike Knorr. Azken honen esaldi bat gogoratzen du: «Irakurri eta bidaiatu». Hori baita, besteak beste, blogaren betekizunetako bat.

Euskargazki bloga hainbat modutan dago definitua Miel Anjel Elustondo kazetariarekin izandako solasean: euskararen edota euskal literaturaren historiaren lekuko, turismo filologikoa egiteko gonbidapena...

Makina bat jaiotetxe, hilobi eta bestelako toki esanguratsu daude bertan jasoak.

Elustondok gogoratzen du bakoitza bere zoroak bizi duela. Gehitzen du bakoitzaren zoroak inorenak ere badirela maiz. Hori izan daiteke Ekaitz Santaziliaren meritua.

Urte askotarako, Ekaitz.

Descubriendo blogs, este apunte en castellano

Paperik ezean liburua

Mikel Iturria 2020/09/06 08:20
Gezurra eta itxurakeria nagusi den munduan, noizean behin lore bat sortzen da eta hura zaindu beharra dago. Ibrahima Balde anaia nagusia («Koto») Alhassane anaia txikiaren bila («Miñan»).

Con libro, pero sin papeles, este texto en castellano

2023ko abenduaren 23ko eguneratzea: Ibrahimaren paperak.

Berandu nator liburu honi buruz hitz egitera, baino ez beranduegi.

Urte amaieran idatzi zuen, adibidez, Joxe Aranzabal farozainak bere blogean: Miñan.

Uste nuen Ander Izagirreren zutabe batean izan nuela mutil honen berri, baina ez, beste bati buruzkoa da buruan gordetako artikulua. Merezi duenez, hementxe ipini dut txioa eta DVn agerturiko testuaren irudia.

Qué bonito y qué duro esto de @anderiza en el @diariovasco: “En su lugar” pic.twitter.com/H1v68YmX06

— Pau Blasi (@PauBlasi) August 16, 2018

2019ko urrian aurkeztu zuten mano-mano bi egileek liburua Donostiako Pandora tabernan. Beraiekin batera Susa argitaletxeko editorea, Leire Lopez Ziluaga.

Leire Lopez Ziluaga, Amets Arzallus Antia eta Ibrahima Balde #Miñan liburua aurkezten Donostiako Pandora tabernan. https://t.co/I0hJCkJ0yi pic.twitter.com/6nAZSBmIc9

— Susa literatura (@armiarma) November 1, 2019

Izan ere, Ibrahima Baldek ahoz esandakoa idatziz jaso baitu Amets Arzallus Antiak. Bien arteko lingua franca frantsesa izan da. Ibrahimaren marrazkiak ere badaude Miñan-en.

Bertsolari eta kazetari lapurtarrak Irungo Harrera Sarearekin kolaboratzen du eta halako batean Ibrahima ezagutu zuen, 2018aren udazkenean edo. Kimika sortu zela dio oraindik indarrean duten harreman berezia esplikatzeko.

Abuztu amaiera arraro honetan hartu nuen esku artean liburua, jakinik ez zela edozer gauza. Hala ere, espektatibak gainditu ditu irakurketak. Meritua du ahozkoak, baina baita kontalariaren unibertsoa 150 orrialde horietan idatziz bildu duenak ere.

Nola buka dezake etxetik, Gineatik, Afrikatik, irten nahi ez duen mutil batek Irunen? Alhassane anaia txikiaren bila abiatu zelako. Gure protagonista baino bi urte gazteagoa, Libiatik hots egin zuen etxera, negarrez. Amak kontatu zion, Ibrahima une hartan etxetik kanpo ari baitzen kamioilari ofizioa ikasten. Aitarik ez eta anaia zaharrenak hartu zuen haren bila joateko ardura.

Trabesian hainbat herrialde pasa zituen Ibrahimak (Aljeria eta Libia, bereziki zailak), desertua (zer esanik ez!), mafiak eta itsasoa. Esku bat bota zion jendea ere bai. Behin baino gehiagotan egon zen heriotzatik gertu, baina nabari da ez dela puztutako kontakizuna.

Ander Izagirre aipatu dut lehen. Diarion idatzi zuen Ibrahimari buruz 2019aren amaieran.

Pocos columnistas mejores que @anderiza. Hoy sobre "Miñan", el libro a cuatro manos escrito entre su protagonista Ibrahima, un migrante de Mali que atravesó el desierto y las fronteras de la UE para buscar a su hermano, y Amets Arzallus. pic.twitter.com/xxcu4OsAO4

— · Hibai Arbide Aza · (@Hibai_) December 13, 2019

Baita El País-en ere 2020ko apirilean.

Qué honor poder publicar en cast y cat la historia de Ibrahima Baldé, este libro es y va a ser un referente importantísimo. MIÑÁN es inolvidable.

Ayer salió este artículo en @elpaissemanal - https://t.co/2JfW5c9Tps pic.twitter.com/yy1LGoe1s4

— Blackie Books (@BlackieBooks) April 13, 2020

Gaztelaniara itzuli du Anderrek liburua eta 2021ean kaleratuko du Blackie Books argitaletxeak. Oker ez banago, katalanez, ingelesez, frantsesez, alemanez eta italieraz ere aterako da datozen hilabeteetan.

Egile eskubide horietatik datozen sosak Ibrahimaren senideentzat dira: ama eta bi ahizpa (Fatumata Binta eta Rouguiatou).

Martxoan argitaratutako DAPAren bideo batekin ere egin dut topo sarean. Neguan Ametsek trena hartu eta Madrilera, Vallecasera, eginiko bisita jasotzen da bertan. 20 minutu pasatxo dira eta baduzue Ibrahima ikusi eta entzuteko aukera, kamioi mekanikari ikasketak egiten ari baitzen orduan Madrilen.

Bideo honek badu duela aste batzuk idatzitako komentario bat hona ekarri nahi dudana gaur. Raul Patatin Patatan-ek sinatua da: «No entiendo nada de euskera, pero este chico es mi compañero de trabajo, y decir que siempre está dispuesto a todo y que como persona es de lo mejor que hay ibrai eres un máquina».

Lerro hauek idatzi ondoren gaurko Berrian Maddi Ane Txoperena Iribarren kazetariak biei eginiko elkarrizketa irakurri dut: Mugimendu bat zuri-beltzean. Madrilen da oraindik eta ez du paperik. Aldiz, poltsan beti darama gertu Ametsekin batera eginiko liburua, nahiz eta ez duen inoiz zabaltzen.

Liburu gordina eta samurra da aldi berean eta berdintsu amaitu nahi dut hemen. Atzo, irailak 5, bete zen Iñigo Muguruzaren lehen hil urteurrena. Bizitza triste eta ederra.

Pasaporteak eta ilusio faltsuak

Mikel Iturria 2020/08/30 18:20
Stefan Zweig idazlearen «Atzoko mundua» liburutik bi pasadizo.

Pasaportea

1938ko martxoan Hitler-ek Austria bereganatu zuenean (Anschluss) herrigabe edo apatrida egoeran geratu zen Stefan Zweig idazlea.

«Atzoko mundua» («El mundo de ayer» gaztelaniaz) autobiografian dio zein ondo ulertu zituen orduan hamar urte lehenago Dmitri Merezhkovski idazle errusiarraren hitzak, honek bere liburuak Errusian debekatuta zeudela aitortu zionean. Garai hartan austriarrak, kontsolamendu gisa, lasai hartzeko gomendatu omen zion, mundu mailako hedapena baitzuten haren lanek.

Aberri gabe geratzeak ekarri zuen koska bat behera egitea herritar gisa eta aberrigabe agiriak eskatu behar izatea Londresen.

Bide batez, Zweigek dio pasaportearena Lehen Mundu Gerraren zehar-kaltea izan zela. Lehendik berak hainbat bidaia egin baitzituen munduan barrena (Europa, India, Amerika...) inolako paperik gabe. Poliziak ez zizun ezer galdetzen eta zuk ere ez zenuen ezer eskatzen.

Haren hitzetan, Lehen Mundu Gerrak ekarri zuen bidaiaria kriminal gisa tratatzea: argazkiak, belarriak ikusteko moduan moztu behar ilea, hatz-markak, klase guztietako ziurtagiriak...

Ilusio faltsua

1938ko irailean ustez negoziatzera joan ziren Munichera Chamberlain britainiarra eta Daladier frantsesa. Municheko ituna izan zen emaitza.

Bitxia izan da irakurtzea Hitlerrek eta Mussolinik bilkura egitea onartu zutenean, Londresko parlamentuko diputatuak saltoka eta txaloka ospatu zutela, euforia kontrolaezinean.

Zweigek dio erabat ulergarria izan zela erreakzioa alderdi humanotik, baina izugarrizko akatsa ikuspuntu politikotik. Argi eta garbi geratu baitzitzaion Hitlerri britainiarrek ez zutela gerra nahi eta Chamberlain bake bila baino, bakea erregutzera eseriko zela mahaian.

Halere, Peace for our time akordioa prentsak zein iritzi publikoak garaipentzat hartu zuten Londresen.

Baina Hitlerrek akordioa hankartetik pasa zuen 48 ordutan.

Itxaropenaren argiak berehala itzali ziren, baina bi eguneko sentsazio hori ahaztezina izan zela dio Zweigek.

Badator txertoa, txertoa badator irakurtzen edo entzuten dugunean gogoan hartzeko gertaera. Badaezpada.

Edo agian ez dago ilusio faltsurik?

Pasaportes e ilusiones falsas, este apunte en castellano

Lizardiren elefanteak

Mikel Iturria 2020/08/23 19:56
«Lizardiren baratza» irratsaioan Imanol Epelde. «Cuando los elefantes sueñan con la música» programan Caetano Veloso.

Pare bat orduko buelta egin dut gaur goizean. Antiguatik igo naiz Igeldora Igaratik gora,  ezkerretara jo Igeldoko kanpinera eta handik behera.

Bi saio eder izan ditut bidaide:

1.- Lehen ordua Jose Luis Padronek aurkezten duen «Lizardiren Baratza» entzunez joan naiz. Hain zuzen ere Imanol Epelderen Etxepare Rap egitasmoari eskainitakoa.

2.- Abuztuaren 7an 78 urte bete zituen Caetano Veloso musikariak eta hari eskaini zion egun hartako saioa Carlos Galilea esatariak Espainiako Radio 3 irratian («Cuando los elefantes sueñan con la música»).

Bi saioak ezin badituzue entzun, hona hemen bi pilula: Kattalin Minerren aburuz, «euskal emakume idazleen ereserkia» den «Bizenta Mogel» kanta (behean itsatsi dudana) eta Caetanoren «Terra» (Galileak jarri duen lehen abestia da).

 

Gaurko bidean ez zegoen elefanterik (espero denak borboi zaharrak ez akabatu izanak), baina bai behiak. Askotan egiten dut koadrila honekin topo.

Los elefantes de Lizardi, este apunte en castellano

Felix Zubia: «Talde moduan pentsatu behar dugu, koronabirusa gizartearentzat oso arriskutsua izan baitaiteke»

Mikel Iturria 2020/08/18 10:30
Euskadi Irratiko ohiko kolaboratzaile da Donostia Ospitaleko Felix Zubia medikua. Tipo zentzuduna, argia eta dibulgatzaile aparta, baita lasaia ere. Ez nuen asteburuan entzun, baina sarean mugitu zen atzo saioaren zati bat. Serio eta haserre agertu zen medikua eta hona ekarri nahiko nituzke haren hitzak. COVID-19a muntaia dela diotenen kontra lau arrazoi.

Felix Zubiaren zati hori bideo formatuan jarri dut, azpitituluak jarri dizkiot eta Youtubera igo dut zabaltzen errezagoa izan dadin, benetan merezi duela uste dudalako.https://t.co/0UY6XMBEIs

— Aiora (@probatxoa) August 17, 2020

Asteburuan ikusi nuen mugitzen ari zela kontua eta Aioraren txio horri esker ikusi dut bost minutuko zatia.

Osasun Etxea programako ohiko aurkezlea Arantza Arza da, baina merezitako oporrak izango ditu Arzak, asteburuan Eneritz Gorrotxategirekin aritu baitzen Felix berbetan.

Eneritz Gorrotxategi: Felix badakigu Internet herritar askorentzat informazio iturri dela, badakigu sare horretan denetariko informazioa topa daitekeela. Tartean, entzule batek ere guri helarazi zigun bideo bat. Nolabait esatearren koronabirusaren kontu hau asmakuntza bat dela diote zenbait iturrik edo batzuen interesen arabera antolatutako amarru moduko bat dela. Zuk, ordea, erietxeko egoera bertatik bertara ezagutzen duzunez, zer diozu zabaltzen ari diren teoria hauen aurrean?

Felix Zubia: Guztiz gezurrezkoak direla, eta ikusirik askotan zabaltzen ari direnak osasun profesionalak direla, zientzia-gizonak edo -emakumeak, etikaren aurkakoa iruditzen zait. Oso larria iruditzen zait horrelako informazioa banatzea. Eta zabaltzen ari diren 4 mezuren kontra egin nahiko nuke, ikaragarria iruditzen baitzait. Jendeak neurriak ez hartzea ekar dezake eta honek heriotza ekar dezake kasu askotan edo oso-oso gaizki pasatzea. Eta lau gauza hauek ukatu nahiko nituzke.

Gaixotasun arina dela

Esaten dute gaixotasun arina dela eta honek ez duela honelako neurririk eskatzen.

Egia da koronabirusa kasuen %95ean arina dela. Hori bagenekien lehen ere. Kasurik gehienak sintomarik gabe edo sintoma oso arinekin pasatzen dira. Baina % 5a okertzen da eta ospitalean bukatzen du eta heriotza % 1aren ingurukoa da.

Beraz, banaka hartuta arriskua ez da hain altua, baina hain kutsakorra izaki, populazio handi batean oso arriskutsua bihurtu liteke. Kasu larriak portzentualki gutxi izan arren, kopuruz asko direlako eta heriotza sorten dutelako.

Eta hau ez dit niri inork kontatu beharrik, edo hau ez da irakurri behar den zerbait, nik neuk ikusi dudalako.

Adibide moduan, gure lankide batek bi gurasoak galdu zituen, heriotzak guk bizi izan genituen, hemen gure zainketa unitatean 60 pazientetik gora izan genituen. Eta hau ukatzea astakeria handi bat da, baina oso arriskutsua da.

Sintomarik gabekoek ez dutela kutsatzen

Bigarren gezurra da sintomarik gabeek ez dutela kutsatzen. Hau da, sintomarik gabeko pertsonak ez direla gaixoak eta libre utzi behar direla, isolamendua bete beharrik ez dagoela eta ez direla arriskutsuak.

Beno, ba hau ikerketa askotan frogatu da ez dela hala. Benetan sintomarik gabeko pertsona hauek direla gaitza zabaltzen dutenak eta gero kasu larri horiek agertzen zaizkigula dagozkion portzentajeetan.

Eta hau nik neuk ikusitakoa da bi eretara:

  • Ikusi genituen kasuak iristen hona eta ondoren etxean behaketa eginda sintomarik gabeko horiek atzematen. Hau da, etxean konturatu ez, gaitza izan eta gero guraso bat hona oso larri iristen. Hori nik ikusia da, hori ez dit inork kontatu.
  • Eta era berean ikusi genituen gure bi lankide kutsatzen. Besterik gabe, istripu bat izanda: sintomarik gabeko pertsona baten bidez eta ospitalean bukatu zuten.

Beraz, sintomarik gabeko pertsonak arriskutsuak dira, atzeman egin behar dira eta hauen behaketan dago lan handi bat.

Eta horregatik neurri unibertsalak behar ditugu, zeren sintomarik gabeko pertsona guztiak atzematea ezinezkoa denez, babes neurriak denontzat eta jokabidezkoak izan behar dute.

PCR testek ez dutela balio

Hirugarren baieztapen faltsua da PCR testek ez duela balio. Hau da, positibo batek ez duela adierazten ezer dugunik.

PCR testek adierazten dute birusa dugula gure eztarrian. Lehen aipatu bezala, egia da hauetako batzuk sintoma gabe edo oso sintoma arinekin pasako dutela, egia da gaitza ez dutela garatuko, baina PCR test positibo batek koronabirusa duela adierazten digu % 95etik gora, % 97 inguruan dago. Beraz, PCR test batek ia beti esan nahi du koronabirusa dugula eta ia beti adierazten du kutsakorrak garela.

Beraz, testak egin beharra dago, atzeman beharra dago, behaketa lanak behar ditugu eta jendea isolatu beharra dugu gaitza gehiago hedatu ez dadin.

Aipatu dugun bezala, talde moduan pentsatu behar dugu: banakako moduan beharbada ez da hain arriskutsua, baina gizarte moduan (eta ezagutu genuen) oso arriskutsua izan daiteke. Ospitaleak gainezka jar daitezke, heriotzak sor ditzake (milaka heriotza izan genituen martxoa eta apirilean). Ez dadila berriz errepikatu, faborez.

Isolamendu neurriek ez dutela zentzurik

Azkenik, isolamendu neurriek ez dutela zentzurik diotenek, ba derrigorrezkoa zaigu gaixotasuna hedatu ez dadin, ikusi baitugu azken aste hauetan zer gertatzen ari den, lehen ospitaleratzeak hasi zaizkigu, kasu larriak hasi zaizkigu, eta nik neuk pertsonalki ikusi ditut aste honetan gazteak ospitaleratzen.

Beraz, nahikoa da, nahikoa da gezurrezko informazioa ematearekin, eta profesional horiek etika eta kontzientzia pixka bat eskatu nahiko nieke.

Filosofoa bere bakardadean

Mikel Iturria 2020/08/17 21:30
Pedro Cuartangoren «Elogio de la quietud» testu bilduma irakurri dut azken aste hauetan. Sokoako faro zaharrean bizi den Nicolas Grimaldi filosofoaren berri izan dut hura irakurriz.
Filosofoa bere bakardadean

Kreditua: Fanette Hourt

La soledad del filósofo, este apunte en castellano.

Uztail amaieran Tobacco Days berrira eginiko bisitan erosi nuen. Ezagutzen nuen autorea, baina liburuari buruz galdetuta, Inesek esan zidan Diego Machimbarrenaren gomendioa zela.

Pedro Cuartango 1955an Mirandan jaiotako kazetaria da. Bere ibilbide profesionalaren potoloena El Mundon egin zuen eta bertako zuzendari izatera iritsi zen urtebetez: 2016ko maiatzetik 2017ko maiatzera. Hau da, David Jiménez burrunbatsuaren ondoren (El Director idatzi zuena bertako esperientzia azalduz) eta egun karguan dagoen Francisco Rosell isilaren aurretik (hain ezezaguna ezen oraindik ez baitu orrialderik gaztelaniazko Wikipedian). 2017ko urritik zutabegile lanetan ari da ABC periodikoan.

Bere kezka filosofikoak, irakurketak, zinema, musikari buruz idazten du Cuartangok, besteak beste. Herriminaz begiratzen dio Mirandari, trenak gogoan, eta ez ditu ahazten Pariseko gazte garai erabakiorrak. Aita ere asko ageri da testuetan (harreman gorabeheratsua izan zutela dio), baita aitona ere.

Elogio de la quietud liburuko testu bakoitza datarik gabe dago jasoa. Círculo de Tiza argitaletxeko norbaiti irakurri nion sarean erabaki hori egilearena izan zela, denboraz kanpo kokatu nahi baitzituen egileak bere hausnarketak.

Guztietatik bat geratu zait bereziki iltzatuta, «Sobre la imposibilidad de vivir el presente» (175. orrialdea) izeneko zutabea, hain zuzen. Goian aipatutako Nicolas Grimaldi filosofoari eginiko elkarrizketa bat du oinarri.

1933an jaio zen Grimaldi Parisen. Apenas ezagutu zuen ama (gaixo zegoen eta laster hil baitzen) eta aitarekin ere komeriak izan zituen (korsikarra jaiotzez, Postako langilea zen eta sindikalgintzara erabat emana). Denbora asko pasa omen zuen amaren gurasoekin, aiton-amona euskaldunekin, eta garai haietatik datozkio bi maitasun hauek: Donibane Lohitzuneko ingurua eta bakardadea.

Parisko Sorbona unibertsitateko Filosofia Modernoaren Historia eta Metafisika katedradun emeritoa, 1968an Sokoan dagoen faro zaharra erosi, berritu eta bertan bizi da aspalditik, bakar-bakarrik.

Esan bezala, Cuartangoren zutabeak elkarrizketa bat du oinarri; hain zuzen ere, Libération-eko hau: Nicolas Grimaldi, le phare qui éclaire l’humain. Ikusi dezakezunez sarean bilatu eta lortu dut datatzea, 2011koa da.

Cuartangoren testua irakurrita, hasiera batean pentsatu nuen pikutara bidali zuela Grimaldik katedra eta farozain bihurtu zela Sokoan.

Elkarrizketa irakurrita, baita Wikipedian duen profilean edo 2012an Sud-Ouest egunkariak eginiko beste honetan ere («La paix, le silence et une certaine grandeur»), ikusiko duzue ez zela nik irudikatu bezala.

Euskonews-en ere ageri da Juan Aguirre Sorondok 2016an eginiko elkarrizketa. Azken honetan, bideo eta guzti.

 

Beraz, gure filosofoa ez dago isolatua. Ikasle izandakoen bisitak jasotzen ditu, irakurri, pintatu eta idatzi ere egiten du. Hogeita hamarretik gora liburu ditu argitaratuak frantsesez.

Gaztelaniaz argitaratutako horietako baten kritika topatu dut Iñaki Urdanibiaren blogean: Nicolas Grimaldi por los acantilados del sentido. 2015eko azaroan Parisen fundamentalistek eginiko atentatuak ditu abiapuntu haien nortasunaz-edo idazteko: Los nuevos sonámbulos. Tesi nagusia da erlijioa aitzakia dela, fanatismoa lehendik zetorrela.

Círculo de Tiza-k Gino Paoliren soinu banda jarri dio liburuari. Hain zuzen ere hauxe.

Hura entzunez idatzi ditut lerroak.

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Mila esker, Amatiño. Pasa den mendeko 80ko ... Mikel Iturria, 2024/12/18 22:16
Kontrakorik pentsatzea populismo hutsa da. “Hobe ... Amatiño, 2024/12/15 15:09
Mila esker, Beñat. Gaur goizean saiatuko naiz ... Mikel Iturria, 2024/11/29 00:24
Iturri jauna, laburpen ederra. Asko poztu nintzen ... Beñat Irasuegi Ibarra, 2024/11/28 23:14
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Stat counter